GAUR8 - mila leiho zabalik

Onddoen mundura gerturatzeko aukera eskainiko du GAUR8ren webguneak

Perretxiko biltzaile huts izateari utzi eta onddoen inguruko ezagutza bultzatzeko helburuarekin, ikus-entzunezko bost atal prestatu ditugu datozen asteetarako. Joxepo Teres Izkierdo Aranzadiko adituaren laguntzarekin, onddoen erreinua hobeto ulertzen saiatuko gara.

Joxepo Teres Izkierdo, Iturraranen egindako elkarrizketan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Udazkena perretxiko garaia izaten da Euskal Herrian, eta gurean horrenbesteko arrakasta duen zaletasun hori baliatuz, GAUR8k onddoen mundua hobeto ezagutzeko aukera eskainiko du datozen asteetan gure webgunean argitaratuko diren ikus-entzunezkoen bidez. Bost ataleko saila izango da, eta helburua argia: perretxiko biltzaile huts izateari utzi eta onddoen erreinuaren ezagutza bultzatzea, ezagutza horren bidez natura gehiago baloratu eta errespetatzeko.

Bidaia honetan lagunduko digun aditua Joxepo Teres Izkierdo izango da, Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolan hainbat urtetan zientzietako irakasle eta zuzendari izandakoa. 1986an bazkidetu zen Aranzadi Zientzia Elkartean eta azken hamarkada hauetan hainbat lan eta ikerketa egin ditu mikologia arloan. Arkamurka Natura Elkarteko kidea ere bada.

Esan bezala, Joxeporen azalpenak bost ataletan banatu ditugu. Aurrenekoan onddoak zer diren ikasiko dugu, eta askotan nahasgarria egiten den “onddo” eta “perretxiko” kontzeptuen arteko desberdintasuna. Bigarren bideoan urte garaiari erreparatuko diogu, udazkena perretxiko garaia zergatik izaten den ikasteko. Hirugarren ikus-entzunezkoan onddoek naturako beste elementuekin duten harreman berezia hobeto ulertzen saiatuko gara, bereziki zuhaitzekin. Laugarren atalean gizakiok onddoekin dugun harremana landuko dugu, sarritan begirunerik gabekoa izaten dena. Eta bosgarren eta azken bideoan Aranzadi Zientzia Elkarteko mikologia sailean egiten duten lana azalduko digu Joxepo Teresek.

Erreinu Propioa

Datozen asteetan ziur behin baino gehiagotan entzungo ditugula onddo kontuak, mendira “onddo biltzera” joan diren pertsonen gorabeherak, baina era berean askotan aipatzen dira gizakiok gorputzean eduki ditzakegun onddoak edota baratzeko landarea gaixotu dutenak. Horrenbestez, ba al dakigu zehazki zer den onddo bat? Agian komeni da azalpenak oinarri horretatik hastea.

«Onddoena bizidunen dibertsitatearen barruan dagoen erreinua da, nortasun propioa duena», argitu du Joxepok. «Garai batean landareen munduan kokatzen zituzten, garai hartako zientzialariek ez zituztelako bizidunak sailkatzeko gaur egun ditugun ezagutza eta baliabideak. Modu ulerterraz batean esateko, antza gehiago dute gurekin, gizakiokin, landareekin baino. Zergatik? Ba gizakiok bezalaxe onddoak ez direlako gai behar dituzten elikagaiak sortzeko, baina landareak bai, landareak gai dira elikagai hori ekoizteko. Onddoek egitura oso sinplea dute, baina hala ere mota desberdin asko daude, forma desberdinetakoak, leku oso desberdinetan bizi direnak, bai lurzoruan, bai zuhaitzetan, bai arroketan...».

Hiztegiak sortzen duen nahasmenaren beste adibide bat da onddoak eta perretxikoak nahastearena. Egunotan jendeari hortzak zorroztuko zaizkio ingurukoren batek onddoak bildu dituela entzundakoan, seguruenik onddo zuriez (Boletus edulis) edota onddo beltzez ariko da (Boletus aereus), baina bildutako horiek perretxikoak dira, onddoen fruituak.

«Bereizi beharko lirateke onddoak eta perretxikoak, ez baitira gauza bera. Askotan onddo beltza edo onddo zuria aipatzen ditugu, eta herritarren artean nahasmen bat sortzen da. Onddoak beti daude hor, lur azpian, mizelio deitzen duguna da onddoa. Zelulaz osatutako hari moduko batzuk dira, oso sinpleak, eta horiek, baldintza egokiak ematen baldin badira, fruitua ematen dute. Guk ikusten duguna onddoen fruitua da, perretxikoa», dio Joxepok.

Eta merezi du onddoen erreinua deskubritzea, normalean sukaldaritzan aipatu ohi diren espezie dozena horretatik harago, dibertsitatea «ikaragarria» delako. Zientzialaria izaki, idatziz pasatu dizkigu zenbaki zehatzak. Aranzadi mikologia departamentuko datu basean 44.665 erregistro dituzte guztira, eta Aran-Fungi herbarioan 28.233 lagin dituzte jasota. Euskal Herriko onddoei dagokienez, erregistro kopurua 7.646koa da eta herbarioan 5.321 dituzte jasota.

Zergatik udazkenean?

Baina onddoak horrenbeste leku desberdinetan baldin badaude, eta urte guztian, zergatik izaten da udazkena perretxiko edo fruitu gehien irteten den garaia? «Faktore eragile gehien pilatzen direlako», erantzun digu Aranzadiko adituak.

«Normalean euri gehiago egiten du, horrek ekartzen du lurzoruan hezetasuna handiagoa izatea, tenperaturak ere oraindik epel samarrak izaten dira, zuhaitzen zikloa ere egokia izaten da hostoa galdu aurreko une horretan... Horrek denak egiten du lurrean dauden onddo horiek aktibatzea», azaldu du Joxepok lehenik eta behin.

Iturraran inguruetan itzuli bat egitea nahikoa da hainbat liken eta perretxiko deskubritzeko. (Gorka RUBIO / FOKU)

Baina naturan ohikoa denez, salbuespenak ere badirela gogoratu du. «Udaberria ere ez da garai txarra fruitua irteteko, baina egia da kopurua askoz txikiagoa izaten dela. Neguan, izotzak hasten direnean, askoz zailagoa da, nahiz eta badiren baldintza horietara egokitu direnak. Baten bat, gainera, mikofagoek asko estimatzen dute, ‘marzuelo’ delakoa adibidez [martxoko ezkoa, Hygrophorus marzuolus]. Horren atzetik ibiltzen dira».

Argi dagoena da onddoak «oso bizidun sentikorrak» direla «kanpoko eragileekiko», eta horregatik, inguruneko baldintzetan egon litekeen edozein aldaketak eragina izango du onddoen garapenean, aldaketa klimatikoak esaterako: «Euri gutxiago egiten badu, edo euria egiteko modua aldatzen bada. Bat-batean euri asko egiten du orain eta lehen agian euria egun gehiagotan egiten zuen, zirimiria, hezetasuna mantenduz. Izan dezake bere eragina, baina ikusgai geratzen da».

Oraindik ikertzeko asko

Ikerketa asko egin dituzte Aranzadin, urte pila bat daramatzate lanean -1965ean egin zituzten lehen urratsak-, baina, hala ere, oraindik asko geratzen da egiteko. Joxepok azaldu digunez, oraindik espezie berriak aurkitzen dituzte. Eta oso deigarriak dira onddoek naturako beste elementuekin dituzten harreman bereziak ere, zuhaitzekin, esaterako.

«Azken urteotan ikerketa asko egin dira eta ikusi da onddoen eta zuhaitzen arteko harremanak sekulako garrantzia duela bientzat. Adibidez, perretxikorik izango ez balitz, baso horiek pobretzen eta gaixotzen joango lirateke, erabat ahultzen. Ikusi da landare ia guztiek dutela harremana onddoren batekin. Normalean gehiago zuhaitzekin, egia da», aipatu du Aranzadiko adituak.

«Badaude pinuaren azpian onddo batzuk eta pagadietan beste batzuk? Egia da espezializazio hori badagoela, onddo batzuk landare edo baso mota konkretu batekin harremantzen direnak. Esate baterako, ‘robelloiak’ edo ‘esnegorriak’ (Lactarius deliciosus) pinudietan ateratzen dira, eta ez hostozabal deitzen ditugunetan, pago edo harizti azpietan. Badira beste batzuk edozein zuhaitzekin harremantzen direnak. Guk ‘mikorizatu’ kontzeptua erabiltzen dugu, eta hortik biak ateratzen dira irabazten. Naturako lege oso interesgarria da eta ikasteko balio beharko liguke».

Baina onddoen ikerketa askoz harago doa, eta Joxepok pare bat hari interesgarri jarri ditu mahai gainean, nahi duenak sakontzen jarraitzeko. «Gaur egungo ikerketek erakutsi dute onddoek beste ‘sentimendu’ batzuk ere badituztela. Esaten da, adibidez, ‘estresatu’ egiten direla. Sute baten aurrean fruitu piloa ematen dute, arrisku hori nolabait antzematen dutelako. Eta harreman horretan egin duten beste aurrerapen ikaragarria likenena da. Likenak onddoak dira, nahiz eta lehen ez zen horrela pentsatzen. Zehazki onddoen eta algen sinbiosia dira. Bakoitzak besteari zerbait ematen dio bizi ahal izateko».

Gizakiaren eragina

Harreman horietan guztietan onddoentzat arriskutsuena gizakiarekin dutena da, bai behintzat espezie jakin batzuentzat, urte sasoi honetan milaka pertsonen jomugan jartzen direlako.

«Bilketa masibo bat egiteak, leku konkretu batean, etengabe, bertako baso edo ekosistemaren zapalketa etengabeak, bere ondorioak ekarri behar ditu, horren zalantzarik ez dago. Espezie bat desagertzeraino nik ez nuke esango, baina kalte egingo dio beti», ziurtatu du Joxepok.

Horregatik, ardura eskatzen die alde guztiei. «Noski, badaude bilketa egiteko modu edo kode batzuk. Bilketa masibo horiek egitea astakeria dela iruditzen zait. Mendira joan, gozatu, otar bat erdi beteta eramaten baduzu... ba nahikoa da. Baina edozer gauza ikusten da: zakuak beteta, ehun kilo entzun izan den bezala... Sekulako ‘kalentura’ dago gai horrekin, batez ere urte sasoi honetan. Uste dut kode etiko bat egon behar litzatekeela».

Joxepo, kamerari Iturraranen aurkitutako perretxiko baten ezaugarriak erakusten. (Gorka RUBIO / FOKU)

Gainera, jokabide desegokiak arriskutsuak izan daitezke gizakientzat ere. «Duela gutxi Irunen beste intoxikazio kasu bat izan da, norbaitek Amanita phaloides batzuk jan zituelako. Aranzadik paper garrantzitsua jokatzen du prozesu horretan, automatikoki harremanetan jartzen garelako larrialdi zerbitzuekin, detektatzeko zer espezie mota jan duen pertsona horrek. Eta aipatutako ‘kalentura’ horren barruan jendeak edozein modutan jasotzen ditu perretxikoak. Ondo kontrolatu gabe, labana erabili gabe, txapela bakarrik moztuta nahiz eta horrela ezin den jakin pozoitsuak diren edo ez... Liburu guztietan aipatzen direnak dira eta hori herritar guztiek bete beharko lukete», eskatu du.

Aranzadiren lana

Hain zuzen ere, horrelako jokabide okerrak zuzentzeko balio dezake Aranzadiko mikologia sailak azken hamarkada hauetan egin duen lan mardulak. «Aranzadiko departamentu zaharrenetako bat da. Urte osoan egiten dugu lan eta astelehenero biltzen gara, nahiz eta mendian aste guztian ibiltzen garen ikerketak egiten eta abar. Boluntarioak gara gehienok eta batez ere Gipuzkoan mugitzen gara, baina Nafarroan ere bai», aurreratu du Joxepo Teresek.

«Dagoen dibertsitatea aztertzen dugu eta lagin batzuk jasotzen ditugu. Horiek gure departamentura eramaten ditugu eta bertan sailkatu. Gure web orrian prozesatzen dugu, edozein herritarrentzat irekita dago. Bertan liburu digital bat daukagu egina informazio askorekin», gaineratu du.

Eta ikerketa desberdinez gain, zerbitzu praktikoak ere eskaintzen dituztela gogoratu du: «Astelehenero aholkularitza zerbitzu bat ere egiten dugu. Perretxikozaleak otarrarekin joaten dira gure egoitzara eta lagundu egiten diegu zalantzak argitzen».