12 OCT. 2024 Gorbeian barna oreinen bila Irailaren hasieratik urriaren lehendabiziko egunetara arte oreinen orroaldia izaten da, arrek ugaltzeko emeak bilatzen dituzten garaia. Txundigarria da egiten duten eztarriko soinua, beste arren gainetik nagusitasuna eskuratu eta ahalik eta eme gehien haurdun utzi ahal izateko. Batzuetan beraien artean ere borrokatzen dute. Gorbeiako Arabako partean garai honetan gertatzen dena ezagutzeko bisitak antolatzen dituzte Parke Naturalak eta Foru Aldundiak. Zaila da horietako batean toki bat lortzea, eta horregatik, esperientzia berezia da, oreinen eta Gorbeian bizi diren animalien munduan bete-betean sartzeko aukera paregabea, alegia. Este navegador no soporta el elemento video. Alaia Sierra Urtero egiten duten bezala, Arabako Foru Aldundiak eta Gorbeiako Parke Naturalak udazkenaren hasieran oreinen orroaldia ezagutzeko bisitak antolatu dituzte aurten ere. Ia pribilegioa da bisitaren batean parte hartzea, zozketa bidez banatzen direlako tokiak, talde oso txikietan igotzen dira eta. GAUR8k tokia lortu zuen eta aurtengo azken bisitetako batean izan zen. Zer ikustera doan ez dakiena lasai egon daiteke, Andoni eta Josu gidek igo baino lehen argi azaltzen dute eta. Labur adierazita, orroaldia oreinen ugalketa-aroa da eta orroa arrak egiten duen eztarriko soinua da, besteen gainetik boterea erakusteko. Batzuetan, beste arrekin borrokatzen du tokiaren buru izateko. Manurga eta Zarate artean errepidearen albo batean dagoen aparkaleku batetik abiatzen dira bisitak. 18 pertsona inguru zain zeuden arratsaldeko 17.00 aldera, mendiko arropa jantzita eta, kasu gehienetan behintzat, oinetako aproposekin. Gidek zerrenda pasatu, ura, jateko zerbait eta linterna eta prismatikoak generamatzala -bestela, beraiek bazituzten- ziurtatu eta ohartarazpen txiki bat egin zuten: hamaika kilometro baino gehiagoko ibilbidea da, hainbat metroko maldarekin. «Ez da paseo laua», esan zuten zeruak euriarekin mehatxatzen zuen bitartean. Zuhaitz artean metro batzuk ibili ondoren, lehenengo geldialdi bat egin genuen, orroaldiaren nondik norakoak ondo ulertu eta zalantzak argitzeko. Azaldu zutenez, orein arrak eta emeak banatuta bizi dira urte osoan zehar, garai honetan izan ezik. Arrak hiru urterekin heltzen dira ugalkortasunera, eta emeak bi urterekin. (Aitor KARASATORRE / FOKU) Orroaldiarekin, batik bat, gainontzeko arrak uxatzea eta «ahalik eta eme gehien» lortzea da helburua. Intentsitatearen eta soinuaren frekuentziaren arabera erabakitzen dute nor den boteretsuagoa, eta noren aurka lehiatu dezaketen erabakitzen dute. Batzuetan borroka egiten dute. Emeek ere soinuaren eta itxuraren arabera erabakitzen dute ze animali duten nahiago kumeen aita izateko. Hiru astean behin egun batez izaten dira ugalkorrak, eta haurdun geratzen direnean, berriz ere arrengandik banatzen dira. Bizimodu lasaiagoa dutenez, arrak baino ia hamar urte gehiago bizi dira, 20 urtetik gertu. Arrak, aldiz, «oso kaltetuta eta ahulduta» ateratzen dira orroaldiaren hilabete horretatik. Tanta batzuk erortzen hasi direla, ibilbidearekin jarraitu dugu. Batzuek asko dakite orroaldiaz eta behin baino gehiagotan etorri dira ikustera, beste batzuk ziurgabetasunez ari dira Gorbeiako mendi-hegalean gora igotzen. Toledo eta Cazorlakoak 500 orein inguru bizi dira gaur egun Araba eta Bizkai artean dagoen mendi honetan, gehienak Araban. Askoren harridurarako, jatorriz ez dira bertakoak. Bigarren geldialditxo batean azaldu zuten hau parke naturaleko gidek. 1957an ekarri zituzten lehendabiziko oreinak, Euskal Herrian espezie hau desagertutzat eman eta gero. Toledoko mendietatik ekarritako hamalau hauek ondo egokitu zirenez, beste batzuk ekarri zituzten Cazorlatik, Andaluziatik, 1980ko hamarkadaren hasieran. Biziraungo ote zuten zalantza handia zegoen, «oso orein hegotarrak» zirelako eta beraien jatorriko klima oso bestelakoa zelako, baina «orain ditugun oreinek erakutsi dute hori aurrera atera zela», azaldu zuten. Oreinak asko mugitzen dira, baina ez dira toki askotan finkatzen. Gorbeiako gehienak Araban daude, batzuk parketik kanpo ere aurkitu diren arren. Ehiza baimenduta dago, baina urtero udaberrian erori eta udan berriz hazten zaizkien adarrak hartzea debekatuta dago, mendia aurkitzen den bezala utzi behar delako eta animali hauek eroritako adarren elikagaiak karraskatu eta miazkatzen dituztelako. (Aitor KARASATORRE / FOKU) Bisita gidatu hauetarako toki bat lortzea ez da erraza, baina bakoitza bere kontura ere joan daiteke. Baldintza batzuk daude horretarako: parke naturalekoei abisatu behar zaie pertsona-kopurua esanez, garai honetan mendian jende asko ez sartzea zaintzen dutelako eta baimendutako bideetatik ibili behar delako, animalien berezko tokia ahalik eta gehien errespetatzeko. Gorbeiako gurutzetik ordubetera dagoen begiralekura iristeko gutxi falta denean, ezinezkoa da paisaiari ez erreparatzea. Lainoa eta euria gorabehera, ikusgarria da hiri eta herrietako mugimendutik gertu dagoen bakea, eta urriko arratsalde honetako bisitarien artean iritzi hori partekatzen da. Zorte kontua Ibilbidearen amaierara iritsita, ur-trago batzuk hartu, prismatikoak atera, eta, ilunabarra iritsi bitartean, oreinen zain geratu behar garela esan dute gidek. Telefono mugikorrei soinua kendu eta ahapeka hitz egitearen garrantzia nabarmentzen dute, animaliengandik ezkutuan egin beharreko zerbait da-eta, beraien egunerokoan sartzen ari baikara. Naturaren alderdi guztietan bezala, honetan ere ezin da ezer aurreikusi, eta oreinak ez dira nahi den guztietan agertzen, zorte kontua da. Isiltasunean itxaroteak lasaitzeko balio izan zuen, baina ez orroak entzuteko edo prismatikoekin animaliak ikusteko. Orroaldiaren hilabetearen azken egunetako bat zen, eta zaila zen zerbait ikusi ahal izatea. Gaua hasi berria zela, jaisteko unea iritsi zen. Linterna eskuan, ordubete baino gehiagoko itzultzeko bidea izan zen, euriak utzitako lokatzetan irrist ez egiteko esfortzu gehigarriarekin. Oreinak ez, baina apo asko gurutzatu ziren bidean, baita basurde bat ere. Ikusteko baino, usaintzeko aukera izan zen, basurdeek erregaliz usaina uzten dutelako pasatzen diren tokietan, azaldu zuten gidek. (Aitor KARASATORRE / FOKU) Jaitsiera luzea izan zen. Igotako ia 500 metroko desnibela jaisteak erraza zirudien, baina nekea nabaria zen parte-hartzaileen artean. Batzuentzat ez zen lehenengo aldia izan, baina hori ez zen aitzakia izan berriz ez errepikatzeko. Hala ere, horrelakoak berriz egiteko ez da urtebete itxaron behar, garaiaren arabera ekintza desberdinak antolatzen direlako Gorbeian, anfibioak ikusteko bisitak, esate baterako. Zarateko aparkalekura bueltan, etsipena baino, datorren udazkenean esperientzia errepikatzeko gogoa nabari zen taldean. Urteko azken bisita honetan utzitako prismatikoak eta linternak jasotzen ari zela, Andoni gidak hausnarketa bat egin zuen arratsaldea ixteko: «Gaur egun dena berehala eskuratzera ohituta gaude, baina natura ez da horrelakoa. Pazientzia izan behar dugu». Bizimodu lasaiagoa dutenez, arrak baino ia hamar urte gehiago bizi dira orein emeak, 20 urtetik gertu kasu batzuetan. Arrak, aldiz, «oso kaltetuta eta ahulduta» ateratzen dira orroaldiaren hilabete horretatik Gidarik gabe orroaldia ikusteko parke naturalekoei abisatu behar zaie pertsona-kopurua esanez, garai honetan mendian jende asko ez sartzea zaintzen dutelako eta baimendutako bideetatik ibili behar delako 1957an ekarri zituzten lehendabiziko oreinak Gorbeiara, Euskal Herrian espezie hau desagertutzat eman eta gero. Ondo egokitu zirenez, 1980ko hamarkadaren hasieran beste batzuk ekarri zituzten Gorbeiako hegala estaltzen duen lainoa eta euria gorabehera, ikusgarria da hiri eta herrietako mugimendutik gertu dagoen bakea, eta urriko arratsalde honetako bisitarien artean iritzi hori partekatzen da