19 OCT. 2024 { ASTEARI ZEHARKA BEGIRA } Apologia demokratikoa «Green Capital»-en Maddi Txintxurreta Gaur astebete, berde olibaz jantzi zen Gasteizko Plaza Berria, trikornioz, trebe moztutako bizarrez, bandera espainiarrez, armez, susmagarriki ondo lisatutako uniformeez eta kondekorazio distiratsuz betetako paparrez. Guardia Zibilaren 180 urteko historian, lehenengoz, Sansomendin duten kuarteletik kanpo ospatu zuten Hispanitatearen eguna berunezko soldaduek eta hiriaren erdigunean egin zuten urteroko performance beliko-maskulinoa. Maider Etxeberria alkateak gonbidatu zituen dantzaldi robotikoa espazio publikoan egitera eta, arretatsu eta atsegin handiz, zabaldu zuen plazara mahai-zapi berde lizundua, nostalgiko zaharrek eta nostalgian trebatzen ari diren gazteek bertan bazka har zezaten. Hala, kuarteletik atera eta ongi-etorri handiki eta ahalkegabea jaso zuten uniformedunek Vitoria-Gasteizen, benetako «Green Capital»-en. Marisol Garmendiak, Gobernu espainiarrak EAEn duen ordezkariak, egin zituen anfitrioi lanak. Bera mahai-buru, gabonetan familia osoa elkartzea lortu duenaren poz eta atseginez, desfilea erdialdean egitea «normaltasun demokratikoa»-ren seinale dela baieztatu zuen. Hala, Gasteiz police-friendly dela erakusteko saiakeran, normaltasun demokratikoz kantatu zituzten gabon kantak -«Viva España Viva el Rey, viva el orden y la Ley»-; guardia zibilak, non eta Euskal Herrian, ahaldunduta ikusteak kitzikatzen zituen ikusleak negarrari ezin eutsita zeuden bitartean. Aldiz, plazatik metro gutxira, Artium museoan, «arnasari eusten» ari ziren hainbat pertsona. Horietako batzuek gogoratu zuten nola ia itotzeraino kendu zien arnasa Guardia Zibilak poltsarekin edo bainuontziaren bidez, adibidez. «Arnasari eutsi beharko diogu, eta saiatu eragin ziguten mina eta beldurra arintzen», adierazi zuen Amaia Urizarrek. Berak, Memoria Osoa elkarteak urriaren 12an antolatu zuen ekitaldian zeuden beste pertsona askok bezala, guardia zibilen torturak jasan zituen; horregatik, haientzat, «green» da torturaren marka -nahiz eta konpetentzia baduen-, PSE-PSOEko ordezkarien babesletzarekin Plaza Berrian saldu zen berbera. «Bidean, galdetzen ari nintzaion neure buruari ea egongo den gela bat behar bezain zabala, Guardia Zibilak lur honetan, bere historian zehar, egindako indarkeriak eragindako giza ondorio guztiak hartzeko modukoa», agertu zuen ekitaldian Axun Lasak. Bada, Kriminologiaren Euskal Institutuak (IVAC) egiaztatu zuen 1960-2015 epean 1.068 tortura kasu jazo zirela Nafarroan; beraz, Artium-en egin baino, gutxienez Plaza Berrira eraman beharko luke Memoria Osoak 2025eko ekitaldia, min guztiak kabitu daitezen. GALek 1983an bahitu, torturatu eta hil zuen Joxean Lasaren arrebak, torturak sufritutakoa bera ere, nabarmendu zuen urte asko daramatzatela ezberdinen artean elkarbizitza demokratikorako esparru integral bat eraikitzeko lanean, eta esan zuen ordezkari publikoek ez lieketela «gorazarre» egin beharko torturatzaileei. Baina, antza, haiek erabakitzen dute zeintzuk diren apologia demokratikoak eta zeintzuk ez. • «Memoria Osoa elkarteak urriaren 12an antolatu zuen ekitaldian zeuden askorentzat, ‘green’ da torturaren marka, PSE-PSOEren babesletzarekin Plaza Berrian saldu zen berbera»