19 OCT. 2024 Ez dezagun sumintzeko gaitasuna galdu Koldo SAGASTI Egunotan urtebete bete da Israelek “behin betiko konponbidea” abian jarri zuenetik Palestinako populazioaren kontra. Mundu mailako erakunde entzutetsuenek, Nazioarteko Justizia Epaitegiak kasu, genozidiotzat hartu dute kanpaina militarra; eta zenbait harago ere joan dira, besteak beste, Mark Pelmutter, Nazioarteko Zirujauen Elkargoko presidenteordea. Mediku estatubatuar juduak hiru hamarkadako eskarmentua dauka munduan izan diren larrialdi humanitario lazgarrienetan, eta azken hilabeteotan Gazako zerrendan izan da lanean. «Misio horietan guztietan ikusi dudana aintzat hartuta ere, Gazako errealitate itzelak ez du parekorik. Triskantza hutsa da. Historiara gizateriaren kapitulu okerrenetako baten modura pasako den triskantza», aitortu du sendagileak elkarrizketa batean. Infernu horretatik ihesian, iazko azaroan bost familiatako 26 errefuxiatu gazatar iritsi ziren Gasteizera, horietatik 10 adin txikikoak. Espainiako Gobernuak ekarri zituen, estatuan zehar sakabanatutako beste 119rekin batera, larrialdiko harrerarako programa baten barruan. Geroztik bizitoki prekario batetik bestera ibili dira, noraezean, etxebizitza egonkor batera edota bizibide duin batera iristeko aukerarik gabe. Orduan, ekarri zituztenean, mingarria zitzaigun Gazako sarraskia, oraindik estreinatu berria geneukan sumintzeko gaitasuna, eta gisa horretako karitate-keinuek itxura ona ematen zuten albistegietako kontrazalean. Baina 50.000 hildako geroago iritsi gara palestinarren holokaustoa normalizatzera, eta normaltasun horren itzalean duela urtebete ustezko borondate onez ekarritako bost familia horiek arazo bilakatu dira. Gauzak horrela, Espainiako administrazioak bukaera emango dio larrialdi programari, errefuxiatu palestinarren afera 76 urtetik gora luzatu den bezala, Gasteizko 26en egoerak ere korda luzea ekarriko duelakoan, eta familiak etxegabetzeko arrisku bizian utzi ditu, kale gorrian. Horrelaxe jokatu du Nazioarteko Komunitateak azken zazpi hamarkadatan palestinarrekin: gatazkaren erroari -alegia, kolonialismo israeldarrari- aurre egin beharrean, utzikeriaren utzikeriaz anormaltasun historiko hori enkistatzen utziz, urtez urte, sumintzeko gaitasuna galtzen dugun arte. •