{ DATORRENA }

«Demokrazia» politizatzeko beharra

Azken asteotan Eusko Ikaskuntzaren “Elkartzen gaituena” Kongresuaren eta Arantzazulaben “Demokraziaren Berrikuntza” jardunaldien jarraipena egin dut. Hitzaldi eta eztabaida batzuk baino ez ditut entzun, baina argazkitxo bat egin eta gogoeta batzuk pizteko nahikoa izan dira. Lagin mugatu horretan oinarrituta, hona hemen pare bat iruzkin.

Hasteko, kontzeptualki kontsentsu orokor bat dagoela sumatu dut: parte hartzea bultzatu behar da, herritarrak entzun, aniztasuna bultzatu, administrazio publikoa berritu, goitik-behera beharrean behetik-gora aritu, jasangarritasuna bermatu, zentzu komunitarioa indartu, erantzukizuna partekatu, kohesioan sakondu… nik entzundako hitzartzeetan printzipio horiek zehar-lerroa izan direla esango nuke. Horri lotuta, denak josten dituen kontzeptu bat urgaineratu da: demokrazia. Eta kezka bat, bakoitzak bere ñabardurekin azaldu duena: mehatxupean dago, krisian...

Hor badago datu esanguratsu bat: hamarkadatako borrokari esker, “garaiz kanpokoak” eta “zentzugabeak” omen ziren aldarrietako batzuk garaiko zentzu komuna bilakatu dira. Internazional Erreakzionarioak Europan eta munduan duen oihartzuna kontuan izanik, balioan jartzekoa da hori. Esparru ezberdinetan elkarlanean aritzeko orube interesgarria eskaintzen du.

Alabaina, zabaltze horretan badago arrisku bat: demokrazia eta aipatutako kontzeptuak kooptatu, despolitizatu eta edukiz hustekoa. Jarrera moral bat, prozedura multzo bat edota “XX. mendea” atzean utzi eta “XXI. menderako” aurrerabide gisa ezaugarritzen dira batzuetan. Ia beti “polarizazio”, “populismo” eta gatazken aurka. Zentzu horretan, oso adierazgarria iruditu zait botere hitza ia aitatu ez izana.

Demokraziak (demos/herria + kratos/boterea), definizioz, ezin dio boterearen auziari iskin egin. Eta aipatutako kontzeptuek ere ez: herritarrek parte hartzea eta horiek entzutea funtsezkoa da, baina nork du parte hartzeko denbora eta entzunarazteko autoritatea? Eta non parte hartuko da? Ernaiko kideei jarritako isunek adierazten dutenez, badirudi kalea ez dela horretarako lekua. Aburtok iradoki bezala, espaloian? Herri Ekimen Legegileek ere ez dirudite balekoak direnik. Eta nortzuk dira marko horietan parte hartuko dutenak? Herritarrak bere bakardadean? Kuriosoki, sindikatuak eta bestelako eragile sozialak apenas aipatu dira. Egiari zor, patronala (barka, CEOak) ere ez, baina horiek ez dute beharrik, aipatu eta hautatu gabe edozein legebiltzarkidek baino botere legegile handiagoa baitute. Eta zer erabakiko da? AHTa egingo den edo AHTaren hormen kolorea?

Bestalde, aniztasuna aitortzea garrantzitsua da, baina hor zein identitate da berdina eta zein ez-berdina? Bestela esanda, “norma-litate demokratikoan” zeintzuk dira normalak eta zeintzuk anormalak? Egun identitateak likidoak baitira, bai, baina bereziki likidatuak izan direnak, besteak desfile, selekzio eta lege bidez irmoki solidifikatzen dira. Eta, noski, administrazio publikoa berregituratu eta harrera pertsonalago zein malguagoa eskaini behar da. Baina horretarako ikasleen ratioak jaitsi eta osasun-langileak egonkortu beharko dira, ezta? Eta zerga-politika ausartagoak egin, eta abar.

Azken finean, demokrazian sakontzeko bizitzako esparru eta kontzeptu oro politizatu eta demokratizatu behar da. Demokrazia ez baita defendatu behar den “gauza” edo erakunde multzo bat, baizik eta prozesu bat: demokratizaziorantz edo demokraziaren pribatizaziorantz joko dugu? Boterea herritarren artean zabaldu eta berdinduko dugu edo gutxiengo pribilegiatu baten esku kontzentratuko dugu? Hor dago gatazka. Eta, egon bedi… demokraziaren izenean. •