Korrontearen aurka
Korrontearen aurka igeri egitea nekagarria da. Oso nekagarria. Alferrikakoa ere izan liteke, igeri ongi eta gartsu eginda ere, korronteak kontrako norabidean eraman zaitzakeelako. Eta arriskutsua, indarrik gabe geratuz gero erabat korrontearen mende geratuko baita igerilari saiatu eta trebeena ere.
Horrelaxe sentitzen gara hainbat eta hainbat guraso, pantailen aurkako borrokan. Mendian sasiak desagerrarazi nahian dabilen kalekumea bezala. Itsasgorari hondarrezko mendiak eginez eutsi nahian. Zeren hau jada ez da hezkuntza, ez da kudeaketa. Hau borroka da.
Haurrak ipuin bat erosi du, erosi diote. Irakurtzeko, gure garaian ipuinak irakurtzeko erosten zirelako. Baina, hara! Ipuinak QR kodeak ditu, mugikorrean eduki gehiagoz “gozatu” ahal izateko. Azkar joan da haurra gurasoengana, pozez zoratzen, mugikorra eskatzera.
Pandemiako itxialdiaren garaia datorkit burura. Zenbat gomendio, zenbat aukera... zenbat ikus-entzunezko: ipuinak, abestiak, jokoak, ikuskizunak, bertsoak. Dena klik batean, pantailaren bidez.
Amaitu zen pandemia, eta amaitu zen itxialdia, baina pantailek lehen bezainbeste aukera eskaintzen jarraitzen dute, edo gehiago. Berdin du zein den zure zaletasuna, berdin du zein den zure hobbya, nahi beste Youtubeko kanal, sare sozialetako kontu edo foro aurkituko dituzu zure jakin-mina asetzeko.
Familiak antolatzen ari dira. Normala da. Irailaren amaieran eman zuten ezagutzera 2019an Gipuzkoan jaio zen Altxa Burua ekimena Bizkaira eta Arabara zabaldu dela. Nafarroa ere bidean omen da. 6.000 familia inguru oraingoz. Helburuen artean, nire ustez gakoa den bat: «Helduak eta seme-alabak erabilera egokian trebatzea». Bai, helduak ere bai.
Gaztetxo talde bat kalean bakoitza bere mugikorrari begira ikusteak sortzen digun bihotzeko minaren tamainakoak baitira sortzen dizkigun kontraesanak. Gure Whatsapp talde graziosoak, gure zortzi lanorduak ordenagailu baten aurrean, galdu ezin ditugun sareetako bideo biralak, Netflixeko telesailak...
Korrontearen aurka. Lan zailak. •