GAUR8 - mila leiho zabalik
[KOADERNOA]

Deskontua, luzamendua, merkealdia eta pagotxa


La reforma que permitirá descontar los años de cárcel cumplidos en Francia». «Maniobra legal». Azken aldi honetan irakurri eta entzun ditudan esaldi bi, beste hamaika gezur, mistifikazio eta purrustada artean. Amarrua, izatekotan, amarrua desegingo duena litzateke. Kartzelan emandako urteak bigarren aldiz ez betetzeko erreforma. Eta deskontatu, nola deskontatzen dira kartzela urteak bete ondoren? Bete baino lehen beharko luke deskontuak, nik uste.

Egingo nuke substantibo hori futbol munduko mordoilotik hartu dutela. Futbol partiduetako luzapenari «descuento» esaten diote gaztelaniaz, deskontua, eta ez dute esan nahi partidua luzeagoa izan arren sarrerak merkeagoak direla.

Nonahi irakurri dut «reducción de penas» sintagma ere, eta aste honetan bertan, «murrizketarik ez da izango» entzun diot Beñat Uribe-Etxeberria Sareko ordezkariari NAIZ Irratiko elkarrizketa batean. Ez dela zigorrik etengo dio, baina zigorra ez dela luzatuko. Hain zuzen ere, luzapena etengo dute, Parot legea delakoa bertan behera utzi zutenean bezala.

Luzatu egin zieten presoei zigorra, beharbada luzaketak, abdominalak eta bestelako ariketak egiteko denbora gehiago izan zezaten, eta luzapena etetea erabaki ondoren, luzamendutan jarraitu du eskuin espainiarrak. «Luzamendutan ibiltzea, egitekoak geroko uztea». Beste estatu batean betetako zigorren gaineko zuzentaraua 2008an zabaldu zuen Europako Batasunak, Gobernu espainolak 2014ra arte ez zion jaramonik egin, eta urte hartan euskal presoei ez aplikatzeko amarrua egin zuen xedapen gehigarri -eta lotsagarri- baten bidez. Hamar urte geroago, eskuinaren luzamendu gehiago gorabehera, zuzentaraua indarrean jarriko dutela dirudi.

Arestian aipatutako elkarrizketan Sareko ordezkariak zioenez, zigorren batura bertan behera uztea urrats «baikorra baina berandu datorrena» dela uste du sare herritarrak. Baiki, oso berandu irisi da hainbat lagunentzat, zigorra luzatu dieten guztientzat, hain zuzen. Eskuinari, edonola ere, goizegi iruditu zitzaion, nonbait. Kongresuan erreforma onartu ondoren Senatuaren betoa ezartzeko asmoa bazuten (alferrik, agidanez), zergatik atzeratu zuten batzarra? Berriro ere luzamendutan.

«Luzamendutan ibiltzeak zenbat kalte egiten duen» eman zuen aditzera Axularrek “Gero” liburuko lehenbiziko partean. Espainiako gobernuen kasuan, baina, luzamendutan ibiltzeak ez die kalterik egin, kaltea besterena izan da, hainbat kartzela urteren kaltea.

Luzamendutan ibiltzeak ez die kalterik eragin eta luzapena eteteak ondorio larriak ekarriko omen ditu: «La rebaja de penas a condenados por terrorismo, algunos de los cuales podrían salir de prisión cuando entre en vigor». Erreformak zigorren merkealdia ekarri du, nonbait, eta euskal preso batzuk kartzelatik irten ahal izango dira. Hori da pagotxa, kartzelara sartu eta hogeitaka urteren ostean, kalera! Beste batzuk sartu ere egin ez izanagatik ez dute inoiz arazorik izan, eta hauek bizitza erdia morroilope eman ostean ateratzea, eskandalagarria, berriketa mediatikoaren arabera. Zer dela-eta azalpenaren ordez gezurra? •