GAUR8 - mila leiho zabalik
HERRI GOGOETA

Nolako hilerria irudikatzen du Antzuolako herriak 30 urte barru?

Heriotza bizitzaren parte da, itzuri egin ezina. Hilerriak herritik aparte daude kokatuak, han nonbait, nolabait. Antzuolan herri mailako ariketa ausarta egin dute eta etorkizuneko hilerria marraztera eseri dira. Udalak, Herri Eskolak eta EHUko Parte hartuz Ikerketa Taldeak eutsi diote Nere Erkiaga tanatologoak jarritako erronkari.

Este navegador no soporta el elemento video.


Ariketa berezia egin dute Antzuolan, ezohikoa. 2023ko urtarriletik 2024ko apirilera, gogoeta prozesu parte-hartzailea jarri dute martxan. Horraino, normal. Gogoetak mahai gainean jarritako galderak egiten du berezi prozesua: zer-nolako hilerria nahiko zenuke 30 urte barru? Antzuolako herritarren ahotsa jaso du ariketak, eskolako haurretatik hasi eta eliza inguruan ibiltzen diren emakume helduetaraino. Tartean, nerabeak eta herriko hamaika eragile. Finean, herri oso bat eseri da borobilean eta hilerriari eta heriotzari buruz hausnartu, hitz egin eta partekatu du.

Antzuolako prozesua Hil Arte Bizi egitasmoko Nere Erkiaga tanatologoak piztu du. Herritarrek eta komunitateek heriotzaren gaia «naturaltasunez» bizitzea da egitasmoaren erronka. Eta asmo horrekin hurbildu zen Erkiaga Antzuolara, beste herri askotara gerturatu den bezala. Lur emankorra topatu zuen bertan, parte hartzeko ohitura eta gogoa izan ohi duen herri bat. Eta horrela gerturatu zen Antzuolako Udalera eta Herri Eskolara. «Gogoeta parte-hartzailearen motorra izan dira», nabarmendu du Erkiagak. EHUko Parte Hartuz Ikerketa Taldea izan da mahaiaren beste hanka.

«Guk ez genion inoiz buelta erdia eman ez heriotzaren gaiari ez hilerriari. Proiektu honi esker gaiaz hausnartzeko aukera izan dugu. Heriotzarena eta hilerriarena denon gaia da. Eta Udalari badagokigu gai horretan sakontzea. Hilerria hil ondorengo lekua bada, Udalaren egitekoa da hori egoki eta denon eskura ipintzea. Antzuolan kanposantua esaten diogu hilerriari, horrek daukan esanahiarekin. Finean, gizartea ikaragarri aldatu da eta hilerriak denok eroso egongo garen tokia izan behar du. Gogoeta honek aukera ematen digu pausoz pauso joan eta denon moduko hilerri bat egiteko etorkizunean, bai hildakoentzat bai bizirik geratzen direnentzat leku egoki bat», azaldu du Olatz Lezetak, Antzuolako alkateak.

Berez une honetan Antzuolako Udalak ez dauka proiekturik edo premiarik hilerriaren inguruan, epe motzean ez dauka aurreikusita esku hartzerik bertan. «Librean egindako gogoeta bat izan da, ez dago proiektu edo aurrekontu bati lotuta, eta hori aberatsa da oso», iritzi dio Erkiagak. Era berean, Udalak gogoeta parte-hartzailea onartu izana «ausardia ariketa bat» izan dela nabarmendu du. Hilerria herriaren parte eta Udalaren azpiegitura izanda ere, heriotzaren gaia erdigunean jarri eta adin guztietako herritarrak horretara batzea badelako ausarta.

Antzuolako Herri Eskola bidaide oso garrantzitsua izan da. Lehenagotik heriotzaren pedagogia txertatuta zuten eskolan eta hori lagungarri izan da horrelako prozesu batean parte hartzera animatzeko. Bertako irakaslea da Josune Jimenez. «Duela bi urte etorri zen Nere [Erkiaga] eskolara, bere proiektua proposatzera. Hemendik 30 urtera zer-nolako hilerria nahiko genukeen. Gure eskolan heriotza oso presente daukagu. Guk bizitzarekin lan egiten dugu eta, heriotza bizitzaren parte izanik, ezin dugu apartean utzi. Egunerokotasunean saiatzen gara heriotzari bere tokia ematen modu naturalean, suertatzen diren gertaeren inguruan. Eskolara ikasleek kaleko kontuak ekartzen dituzte, herrikoak. Eta garrantzitsua da eskolak gai horiei eustea, herri izaerari, komunitateari, eusteko. Eskola herri komunitatearen motorra dela uste dugu», hasi du azalpena. Hartara, herriko gogoeta parte-hartzailean sartzeko zalantzarik ez dute izan.

«Une horretan lau urteko gelan jaiotzaren gaia lantzen ari ziren eta ama batzuk gonbidatu zituzten jaiotzaren gaia lantzeko. Ama horietako batek aipatu zien irakasleei haur bat hil zitzaiela jaio aurretik eta beren etxean oso presente zegoela gai hori. Eta beren haurrak beharra zeukala hori eskolan partekatzeko. Ama etorri zen gelara eta beren esperientzia partekatu zuten. Oso une ederra izan zen, gainontzeko haurrek beren esperientzia ekarri zuten; bati txakurra hil zitzaiola, besteak birramama galdu zuela, besteak amaren lagun bat... oso une emozionala eta polita izan zen. Eta oso garrantzitsua izan zen haurrentzat konturatzea ez zitzaiela beraiei bakarrik gertatu, heriotza presente zegoela bere lagunen bizitzetan ere. Hartara, talde egokia iruditu zitzaigun hilerriaren gaia lantzeko. Irteera bat egin genuen herriko hilerrira eta eskolara bueltan esperientzia landu genuen. Eta galderari erantzuten saiatu ginen; zuek zer-nolako hilerria nahi duzue?», azaldu du Jimenezek.

Bistan denez, adin eta alor ugariko herritarrek parte hartu dute gogoeta prozesuan, eta emaitza ederra izan da, bidea bezainbeste. Erkiagaren hitzetan, «heriotzaren gaia tabu bat da eta hori gainditzeko lagungarri gertatu da prozesua. Frogatu dugu hitz egin daitekeela heriotzaren inguruan giro lasaian eta ez beti doluan edo dramatismoan».

Prozesuan jasotakoak

Ahots ugaritara egindako parte hartze prozesua izan da Antzuolakoa. Nabarmendutako ideiekin osatu du marrazkia Nere Erkiagak.

«Hilerrien funtzioa izan da prozesuan agertu den elementuetako bat. Berez gorpuzkiak eta errautsak bideratzeko lekuak dira. Praktikoa da hilerria. Baina prozesu guztian zehar behin eta berriz agertu da hilerriaren funtzio sinbolikoa. Eskolan bertan agertu zen funtzio hori haurrekin: maite ditugun pertsonak omentzeko eta oroitzeko lekua. Hildakoentzako tokia da, baina batez ere bizirik geratzen direnentzako tokia da, eta herriko zatia. Maitasun izugarria dago hilerrian, sinesmenak egon edo ez egon».

Antzuolako Herri Eskolako lau urteko haurrek bihotz handi bat jarri zuten ikasgelako atean eta beren hildakoen argazkiak kokatu zituzten bertan. «Etorkizuneko hilerria irudikatzeko orduan, lau urteko haurrek eskaera egin dute: atean bihotz handi bat izan dezala».

Antzuolako hilerria, parean, urrutira, herria duela. Heriotzari eta hilerriei bizkar emanda bizi da egun jendartea. (Nere ERKIAGA)

Antzuolako Gaztelekuko 12-13 urteko gazteek ere parte hartu dute prozesuan. «Haiekin elkarrizketan, zaintzaren kontzeptua jarri zuten mahai gainean; hilerria zaintzeko norbait, hobiak zainduak egon daitezen. Zaintza praktikoari buruz ari ziren». Eta bitxia bada ere, elizaren inguruan lanean aritzen diren emakumeek ere kezka bera agertu zuten; nork zainduko ditu hilerriak etorkizunean?

«Euskal Herrian emakumeak izan dira hildakoak zaindu dituztenak. Bizidunak eta hildakoak, biak. Emakumeek zaindu behar izan dute etxea, bizidunena, eta hilerria, hildakoena. Gaur egungo elizako andreak, esperientziaz eta jakituriaz beteta daudenak, zaintzaren inguruan kezkatuta daude. Zaintza praktikoak eta sinbolikoak kezkatzen ditu. Hilerriak hutsak geratzen ari dira eta bisitan ere ez da inor joaten».

Kezkak kezka, etorkizuneko hilerria irudikatzerakoan ideia garrantzitsua agertu da prozesuan: izaera publikoa, herritar guztientzat lekua. «Askok pentsatzen dute hilerria Elizarena dela, baina ez, herriarena da. Hortik, itxura neutroa beharko du etorkizuneko hilerriak. Eta izaera neutro hori naturak emango diola esan dute gehienek. Adostasun zabala izan da horretan; hilerria izan dadila naturagune bat, parke bat, baina hilerria dela ezkutatu gabe».

Berdintasuna eta aniztasuna zainduta. Tasun hori ere beharrezko ikusi diote antzuolarrek etorkizuneko hilerriari. «Hildakoen arteko elementu bereizgarririk gabe eta pertsonek heriotza ulertzeko dituzten modu guztiak errespetatuta». Hilerria herri lurra da. Herritar guztientzat behar du tokia, bakoitzaren sinboloak eta agur esateko moduak errespetatuta. Horretarako bide eman beharko luke etorkizuneko hilerriak.

Diafanoa izan dadila, ezkutuko lekurik gabekoa; koloretsua eta argitsua izan dadila; egoteko toki desberdinak izan ditzala -esertzeko, paseatzeko, jateko, iturri batekin...-; orain baino irisgarriagoa izan dadila eta, atea izan behar badu, oraingo esaldirik gabekoa izan dadila. Horiexek, prozesuan jasotako beste proposamen zenbait.

«Jasangarritasuna da agertu den beste elementu bat, hiru mailatan; ekonomikoa, ekologikoa eta zaintzaren aldekoa», esan du Erkiagak. Hilerrian berdintasuna izan dadila ezaugarri, pobreen eta aberatsen arteko bereizketarik gabe. Era berean, hilerriaren mantenu ekonomikoa jasangarria izan dadila, bai Udalarentzat bai herritarrentzat. Jasangarritasun ekologikoari dagokionez, izan dadila naturarekiko errespetuzkoa. Eta, hirugarrenik, zaintzaren aldetik jasangarria.

«Zaintza praktikoa dago alde batetik, hilobia zaintzea. Gaur egun hilobi asko abandonatuta daude, familiako kideak hil egin direlako edota inork ez duelako ardura hori hartzen. Prozesuan agertu den proposamena da hilerriaren zaintza orokorraren barruan hobi guztien zaintza ere ziurta dadila. Horrela berdintasuna mantenduko da. Diseinuak berak erraztu dezala zaintza hori».

Etorkizuneko hilerria irudikatzerakoan, zenbait zerbitzuren beharra nabarmendu da. Lurperatzea edo errautsak gordetzea, adibidez. «Bakarka izan daiteke, baina aukera egon dadila taldean egiteko ere -familiak, bikoteak, lagunak...-, eta anonimotasunean egiteko aukera ere agertu da», jaso du Erkiagak.

Errautsak zabaltzeko lekua eta heriotza perinatalerako gunea ere agertu dira zerbitzuen zerrendan. Baita agurrak egiteko lekua eta baliabideak ere. «Antzuolan eskolako patioa eskaintzen da agurretarako. Baina agian egokia litzateke toki beroago bat egotea».

Sinesmen guztientzat tokia

Hilerriak izan beharko lukeen giroa ere aztertu da parte hartze prozesuan, hilerri biziaren eta barnatasuna zainduko duenaren arteko erdibide bat proposatuz. «Bertan egiten diren agurretan edozein musika eta bestelako elementuak izan daitezkeela ikusten den arren, orokorrean hilerrian lasaitasuna eta isiltasuna zaintzea egoki ikusten da. Finean, beti egongo da norbait doluan inguru horretan. Bizia izateak ez du zertan esan nahi zaratatsua izan behar denik. Haurrentzat erosoa izan daiteke, baina lasai egoteko toki bat bezala, ez jolasleku zaratatsu bat».

Aniztasunaren ñabardurak zaintzen dituen berdintasuna beharko du etorkizuneko hilerriak. Hori agertu da herritarren kezketan behin eta berriz. Hilerrian tokia izan beharko dute sinesmen guztiek, baita sinesmenik ez dutenek ere.

Antzuolako parte hartze prozesuan jasotako zenbait une. Adin guztietako herritarrek hartu dute parte gogoeta kolektiboan. (Nere ERKIAGA)

«Hego Euskal Herrian erlijio katolikoa izan da nagusi eta hilerriak elizaren barruan zeuden lehen. Bertan ezin ziren lurperatu kristauak ez ziren guztiak, ezta kristau ‘txarrak’ zirenak ere. XVIII. mendean izurrite ikaragarriak izan ziren eta horien kontrako arauak sortu zituzten. Udalei eskatu zieten hilerriak herritik kanpo ateratzeko. Udalek egin zituzten hilerriak, Elizatik aparte, herritik aparte. Baina herriak eginak izan arren, Eliza katolikoaren luzapen bat ziren hilerriak, eta horrela funtzionatu izan dute. Hortik kanpo geratu izan dira hainbat herritar. Azken hamarkadatan herri batzuetan gauzak aldatzen joan dira; batzuetan bi hilerri egin dituzte, bat zibila eta bestea katolikoa; beste batzuetan estetika katolikoa dauka, baina denak sartzen dira... galdera da, nola kudeatuko dugu hori? Prozesu honetan garbi geratu da etorkizuneko hilerriak herritar denentzat tokia beharko duela».

Sinesmenen arabera, aniztasuna gero eta zabalagoa da, beraz. Batetik, heriotzaren ondoren ezer ez dagoela sinesten dutenak daude, eta asko dira. «Hauek ez daukate elkarte bat Hego Euskal Herrian. Britainiarrek, adibidez, ateoen elkarte bat daukate eta sekulako ahalegina egiten dute dena neutraltasunera ekartzeko. Hemen ez dago halakorik, baina ezertan sinesten ez duten herritar ugari daude. Eta gero badira erlijioan sinesten dutenak; katolikoak, musulmanak, juduak... Eta badira espiritualak ere, erlijiorik ez duten arren, hileta-errituak dituztenak», jaso du gogoeta prozesuak.

Antzuolarrek marraztu duten etorkizuneko hilerrian, ez da ikusten banatutako gunerik, hemen batzuk eta han besteak. «Lurra denentzat berdina da. Erlijio bakoitzaren errituak kontuan hartuta, aniztasunari ahalik eta toki gehien egitea izango da gakoa». Hala ere, kasu batzuetan sinesmen batzuetako ohiturek eta tokian tokiko arauek talka egingo dute eta erdibideko irtenbideak topatu beharko dira. «Adibidez, musulmanek gorpuak betiko lurperatuta izateko duten hileta-ohituraren kasuan, hori ez da posible hemen. Epeak ahalik eta gehien luzatu beharko dira eta bestelako aukerak topatu», jaso du prozesuak.

Informazio gardena

Etorkizuneko hilerriari begira, egungo panoramak dituen zuloak ere bistan geratu dira. Adibidez, «prozedurak eta tramitazioak errazak izatea eta erraz ulertzeko moduan idatzita jartzea», «informazio guztia bateratuta egotea» eta «informazio hori eskuragarri izatea, erraz aurkitzeko moduan». Puntu garrantzitsutzat jo ditu Antzuolako herriak gogoeta ariketa egin duenean. Aurrera begira, etxeko-lanak eginda dauzka Antzuolak.

 

PUBLIKOTASUNA, GARDENTASUNA ETA ARRETA

Etorkizuneko hilerria marrazteko ariketa egin dute Antzuolan, eta bidean, egungo egoerari zuloak geratu zaizkio bistan. Nere Erkiaga tanatologoaren hitzetan, «ahuldade egoera itzela daukagu. Herritar bezala ez dakigu nola funtzionatzen duten hilerriek, nola hileta enpresek... Eta doluan gaudenean, buruak ez du funtzionatzen. Erakundeetan ere ezezagutza sumatu dut. Udaletxeetara deituta sumatu dut agian langile batek gauza bat dakiela, baina ez dakiela bestea».

Aldaketa handiak gertatu dira azken urteotan. Erlijioen aniztasuna areagotu egin da, gorpuen erdiak baino gehiago erraustu eta hilerritik kanpo botatzen dira, normalean parke, itsaso eta leku publikoetan. Hilerrietan mugimendu gutxi dago. Eta bisitariak ere, eskas. Hilerrien zaintza ez da ematen lehen bezala. «Herri askotan ez dago lurperatzeko aukerarik. Lekua dago, baina ezin lurperatu. Ez da eskaintzen zerbitzu hori udalerri askotan. Nitxoak daude, praktikoagoak direlako. Baina non geratzen dira zaintza, maitasuna, sinbologia, ekologia?».

Antzuolako erdigunearen argazkia. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Hileta zerbitzuen kontzentrazio handia gertatu da, eta gertatzen ari da. Estatu espainolean, hileta zerbitzuen bost enpresak kontrolatzen dute alorraren %50. «Donostian enpresa bakarra dago. Eta erosten eta erosten ari dira. Hurrengo hamar urteetan gehiago erosiko dute. Hileta zerbitzuak ematen dituzten enpresa txikiak desagertzen ari dira, eta zaila daukate etorkizuna», esan du Erkiagak.

Tanatologoaren ustez, ezinbestekoa da «publikotasuna eta zerbitzuen kalitatea bermatzea. EAE mailan konpetentzia hori zaindu egin behar da. Udal mailan, 1996. urtera arte hileta zerbitzuak udalarenak ziren. Garai horretan, kasu gehienetan gorpuaren prestaketa eta beila etxean egiten ziren. 1996. urtetik aurrera alorraren liberalizazioa gertatu zen, eta gaur egun heriotzaren inguruko zaintza gehienak enpresa pribatuen esku daude. Udalak hilerriekin bakarrik geratu ziren, baina eskumen handia daukate hileta zerbitzuak arautzeko, nahiz askotan ez den erabiltzen eskumen hori». Hartara, oso interesgarria ikusten du «errauste zerbitzu komunitarioak eta publikoak martxan jartzea. Mankomunitate mailan, adibidez». Bide berean, tanatorio eta beilatoki publikoen alde egiten du Erkiagak.«Herrian toki publiko bat prestatu beila egiteko eta enpresa desberdinei aukera eman hori erabiltzeko, herritarrek dituzten beharren arabera».

Gardentasuna ziurtatzea, toki bakarrean informazio osoa eta argia biltzea. Udalean erreferentziazko langile bat izatea,

«hileta zerbitzuen inguruko informazio osoa izango duena eta arreta emango diona heriotza bizitzen ari denari». Eta Udalean agurrak egiteko pertsona bat egotea, ezkontza zibilak egiteko dagoen bezala. Horiek, ikusi duenetik Nere Erkiagak mahai gainean jarritako zenbait proposamen.