Bullyingetik genozidiora: pasibotasunari buruzko gogoeta psikologikoa
Kezka eta mina sortzen dituen giza erantzuna da bidegabekeriaren aurreko pasibotasuna. Jarrera horrek arrasto sakon eta ilunak uzten ditu hura gertatzen den testuinguruan. Maiz ikusten ditugu ikastetxeetan, besteak beste bertan gertatzen diren bullying kasuetan, horrelako jarrerak. Mundu mailan ere ohikoa da hiritarrek nahiz herrialdeek pairatzen dituzten bidegabekerien aurrean ezikusiarena egitea, eta hori da, hain zuzen ere, egun Israel palestinarren aurka egiten ari den genozidioaren aurrean estatu gehienak izaten ari diren jarrera.
Eskolan gertatu ohi den bullyingak, erasotzailea eta biktima ez ezik, lekukoak inplikatzen ditu. Izan ere, «ikusle» horiek funtsezko zeregina dute gehiegikeriaren zikloan. Ikerketa psikologikoek erakutsi dute behatzaileen pasibotasuna ez dela neutrala. Esku hartu gabe, modu inplizituan, gehiegikeria eta horrek sortutako sufrimendua baliozkotzeaz gainera, erasotzailearen jokabidea onargarria dela adierazten dute. Hurrengo biktima izateko beldurrak, enpatia ezak edo «erantzukizunaren difusioak» -hau da, ardurak banatuta ez dauden egoeretan, beste batek esku hartuko duela pentsatzeko joerak- eragin ohi dute jarrera pasibo hori.
Palestinarren genozidioaren testuinguruan, maila gorenean agertzen ari da pasibotasunaren logika hori. Izan ere, bullying kasuetan bezala, herritar, estatu eta agintari askok beste alde batera begiratzea erabaki dute, genozidioa etetearen ardura beste batena izango balitz bezala. Bitartean, Israelek palestinarren holokaustoarekin jarraitzen du.
Pasibotasunaz gainera, ordea, konplizitatea dago. Izan ere, estatu askok ez dituzte erabiltzen sarraskia gelditzeko dituzten baliabide eta gaitasunak, eta jarrera horrekin genozidioaren laguntzaile bihurtzen dira. Hala, bullyingaren behatzaileekin gertatzen den moduan, egin eza ez da neutrala, sufrimendua aktiboki iraunarazten du-eta.
Ikerketa psikologikoen arabera, zenbat eta despertsonalizatuagoa izan sufrimendua, orduan eta errazagoa da ezikusiarena egitea. Bullyingean, erasotzaileak -bai eta «ikusleek» ere-, hari buruz gaizki hitz egin edo iraintzen duenean, despertsonalizatu egiten du biktima eta objektu bat bailitzan tratatzen du. Palestinarren sarraskian, berriz, «baja-kopuruaz» edo «albo-kalteei» buruz hitz egiten da, bakoitzaren atzean izen-abizenak, familia eta bizi-proiektu bat zituen pertsona bat, egongo ez balitz bezala. Eta biktima guztiak Hamas erakundearen kide nahiz laguntzaileak direla esaten da, haiek deshumanizatuz.
Ildo beretik, sarraski horren inguruan sortu den narratibak ere -zeinaren arabera, Europako Batasuneko 27 buruzagiek, aita santuak eta bestek esan zuten moduan, «Israelek bere burua defendatzeko eskubidea» duen- Palestinako biktimen deshumanizazioa ekartzen du, eta horrek guztiak emozio-deskonexioa erraztu dezake eta pasibotasuna sustatu.
Horri guztiari beste aldagai bat gehitu behar diogu; behin eta berriz sufrimendu- edo indarkeria-irudiak jasotzen dituzten pertsonek -hala bullyingaren testuinguruan, nola palestinarren sarraskian- nolabaiteko emozio-sentiberatasunik eza gara dezakete, bereziki biktimei laguntzeko baliabide edo aukera argirik ikusten ez dutenean. Halakoetan, pertsonek nahiago izan dezakete deskonektatu eraginkortasunik gabeko sufrimendua pairatzea baino, hau da, pasibotasuna garatu dezakete larriminetik babesteko.
Psikologiak erakutsi digu ondorio suntsitzaileak dituen erabakia dela bullyingaren, genozidioen eta antzeko bidegabekerien aurreko pasibotasuna. Ikastetxeetan nahiz nazioarteko testuinguruan ezer ez egitea erabakitzen dugun bakoitzean, erasotzaileari boterea ematen ari gatzaizkio. Bullyingak eta genozidioak lekurik ez duten etorkizun bat nahi badugu, daukagun erantzukizun indibiduala nahiz kolektiboa gure gain hartu eta ekin egin behar dugu. Baditugu, gainera, horretarako tresnak: enpatia, hezkuntza eta giza eskubideen defentsa, kasu. Esaera zaharrak dioen moduan, «ezina ekinez egina». Gure esku dago.