GAUR8 - mila leiho zabalik

Eskuz


Hasierako urte luzeetan eskuz idazten nituen zutabeak; etxean, autobusean edo, tokirik maiteenean, kafetegian. Eguneroko garraio publikoko joan-etorriak inspirazio iturri amaiezina ziren. Hamarkada hartan ezagutu nuen mikrokosmosean, nik ere nire lekua nuen: bigarren lerroa, eskuina.

Koaderno ugari bete eta bota nituen. Bete ahala bota. Eta letra ttiki eta txukuna handitzen eta zabartzen joan zen, kode sekretu bihurtu arte. Koaderno haietako bakarren bat salbatu da, eta kasualitatez nire eskuetara itzuli. Irribarrea atera zait hiztegi bat ikusi dudanean, intentzio guziarekin idatzia, garaian gustatu edo atentzioa eman zidaten hitzekin. Esaldi politak ere ageri dira apuntatuta. Ohartu naiz funtsean ez naizela aldatu, berdina egiten segitzen baitut; hitzak eta obsesioak aldatu dira... Pixka bat.

27 letra ditu gure alfabetoak, eta hor sartzen da dena, edo ia dena. Umetan lehenengo bokalak eta kontsonanteak marrazten hasten garenean mundu miresgarri bat zabaltzen zaigu, beti harrituko eta lagunduko gaituena. Idaztea eta irakurtzea banaezinak direnez, kalean kartelek ziotena deskubritu genueneko ilusio hura biziko dugu berriro testu onek bihotza ukitzen digutenero. Begiak minduta izan arren, leitzeari utzi ezin diogun aldiro. Batzuetan eskumuturra mindu eta baba aterako zaigu hatz erakuslean, ezingo dutelako idatzi nahi ditugun ideia guztien erritmoa segitu. Bertzeetan, berriz, noraezean geldituko dira behatzak, boligrafoarekin jostetan.

Eskuz idazten hasi eta teklatuz bukatu dudan zutabe hau eskertza bat da; eskertza arteari, hitzak ematen dizkidalako, eta horrekin mundua eta nire burua ulertzeko aukera, batzuetan hitzak soberan daudela erakusten didalako ere bai, hitzik egokiena bilatzera bultzatzen nauelako, galtzen ari diren hitzak gordetzera eta berriak asmatzera.

Orain, tarteka autobusa hartzen dudalarik, nire lekua bilatzen dut: bigarren lerroa, eskuina. Nahiz eta denbora igaro eta gauzak gertatu, hitz batzuk betiko direlako, eskuz idatziak, hain justu. •