GAUR8 - mila leiho zabalik

Paperezko etxeak

Ilustrazioa: GILEN TXINTXURRETA BEITIA

2015. urtean onartutako Etxebizitza Legeak etxebizitzarako eskubide subjektiboa onartu zuen, eta ordutik, eztabaida orotan azpimarratzen da eskubide honen garrantzia, subjektibotasun hori zer den oraindik guztiz argi ez dagoen arren.

Euskal Herrian ondo asko dakigu eskubide bat ez dela eskubide, berau gauzatzeko erremintak ez ditugun bitartean. Kasu honetan, etxebizitza eskubidea ez da eskubide, aurrekontu bat esleitzen ez zaion bitartean. Arazoa berbera da osasunean, zerbitzu sozialetan edo hezkuntzan, eta gobernu ororen betebehar nagusia da errekurtsoen banaketa orekatu bat egitea.

Orain arte etxebizitzaren arazoa bigarren mailan egon izan da, ez bere horretan existitzen ez zelako, azken urteotan izan duen protagonismoagatik baizik. Etxebizitzak beti izan dira garestiak, baina orain pribatiboak dira. Eraikuntzaren merkatuak pisu handia izan du espainiar ekonomian beti, eta espekulazioak hauspotutako eta hazkundera bideratutako hirigintza politikek diru publikoz hauspotutako merkatu pribatuaren esku utzi dute etxebizitzaren promozioa. Modu batean edo bestean ia edonork eskura zezakeen bizitoki bat (paisaiaren suntsipenaren lepotik askotan). Baina azken urteetan, faktore ezberdinek eraginda, egoera zeharo aldatu da. Krisi ostean eraikuntzaren sektorea suntsituta geratu izanak, hirigintza araudien konplexutasunak, etxe asko turismoari bideratuta edo hutsik egoteak, eta bereziki, familia unitatearen tamaina murrizteak, oso gutxi hazten den gizarte batean etxebizitza eskuragarrien eskasia handia egotea dakar.

Arazo konplexu honi aurre egiteko beharrezkoa den aurrekontua ez da makala, eta ez gaude zehazki loraldi eta hazkunde garai batean, inbertsio sozial oso handi baten beharrean dagoen gizarte zaharkitu batean baizik. Lehentasunak ezartzea, beraz, inoiz baino konplexuagoa da.

EAEko Etxebizitza eta Lurralde Antolakuntza sailak 487 milioi euroko aurrekontua du, Jaurlaritzaren aurrekontu osoaren %3 inguru. Zenbakiak berez ez dira makalak, kontua da aurrekontu horren erdia baino gehiago etxebizitzen zaharberritzera bideratzen dela eta beste zati oso handi bat “Gaztelagun” bezalako alokairu politiketara. Inbertsio hau guztia, beharrezkoa izanik ere, zaku publikotik irten eta esku pribatuetara doa zuzenean, dela maizterren errentetara dela auzokide komunitateetara, eta beraz, ez dago epe luzera ondare publikoaren hazkunderik. Neurri hauek guztiak “paliatiboak” dira nolabait, kantzerraren aurrean euste neurriak. Baina politika erasokorrak behar dira.

Etxebizitza parke publikoa edo babes oso potente bat edukitzea da gaitzari aurre egin diezaiokeen kimioterapia bakarra, eta gurean oraindik ez gara hau benetan serio hartzen hasi. Egia da euskal arautegia, Espainiako beste batzuekin konparatuz, izugarri aurreratuta dagoela, baina berriro ere, araudiaren helburuak garatzea ahalbidetzen duen aurrekonturik ezean, testu hutsak besterik ez dira. Paperezko etxeetan ezin da bizi.

Hau gutxi ez, eta hirigintza bera, hirien garapena antolatzen duen instrumentua, sagar pozoitu bat da. Hirigintza udal mailako konpetentzia da, eta urte luzez hauek finantzatzeko erabili da. Etxebizitza garapen gehienak etekin ekonomiko konkretu bat izateko planteatu ziren, eta etekin horren arabera ordaindu zen lurzoruaren prezioa. Kontua da legedi aldaketak edo eraikuntza kostuen igotzeak hasierako planteamenduaren premisak aldatzen dituztela eta operazioetako askok bideragarriak izateari utzi diotela. Errua, ez ahaztu, lurzoruaren prezioarena da. Honi batu behar zaio hirigintza arauak aldatzea infernu burokratiko bihurtu dela eta ezinezko egiten duela arazo larriei erantzuteko ezinbestekoa den malgutasun eta azkartasuna.

Faktore hauek guztiek eta beste askok izugarri zaila egiten dute gaur egungo baldintzetan etxebizitzaren arazo estrukturalari arrazoizko konponbidea ematea. Etxebizitza hutsaren mobilizazioa, alokairuen mugaketa eta antzerako neurriak ezinbestekoak dira, baina inork ezin du pentsatu nahikoa direnik epe luzera ezer konpontzeko.

Gazteleraz “bienes raices” deitzen zaie higiezinei. Egoera aldatzeko erroak astindu beste aukerarik ez dago, eta honek jabetza eskubideak aldatzea, merkatu libreko salmenta mugatzea eta lurzoruaren legea aldatzea suposatzen du seguruenik. Kaltetu nagusiak ez dira funts handi eta aberatsak izango, etxebizitza librea aseguru eta inbertsio gisa duen pertsona oro baizik; beraz, jabetza ereduaren inguruko gogoeta orokor bat ezinbestekoa izango da. Eztabaida horretan ikusiko da nor dagoen zer emateko prest. Saria? Etxebizitza eskubidea efektibo izatera hurbiltzea. Ez da gutxi. •