Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
PRENTSA ASKATASUNA

Gero eta gehiago erabiltzen dira finantza akusazioak kazetariak isiltzeko helburuz

Mundu mailako gobernuek gero eta gehiago erabiltzen dituzte legeek zabaltzen dituzten tranpak kazetariak eta komunikabideak isilarazteko, ustezko delitu finantzario eta fiskalengatik edota lege antiterroristengatik akusazioak eginez. Hala ezagutarazi du zeharkako zentsuraz ohartarazten duen Unescoren txosten berriak.

Kazetari talde bat prentsa askatasunaren eta adierazpen askatasunaren aldeko manifestazio batean, Tunisian. Hasan MRAD | EUROPA PRESS
Kazetari talde bat prentsa askatasunaren eta adierazpen askatasunaren aldeko manifestazio batean, Tunisian. Hasan MRAD | EUROPA PRESS

Zeharkako zentsura gisa aurkez daiteke, kazetarien lana oztopatzeko ezkutuko estrategia modura. Sotilegia da inor asaldatzeko, baina eraginkorra. Unescoren txosten berri batek aurkeztu du komunikabide eta kazetariak isiltzeko, legeak zabaltzen dituen aukerak era tranpatian baliatuz, erabiltzen diren metodoen erradiografia. Sagar ustelak nola, hainbat datu erauzten dira dokumentuari astinaldi bat eman ostean, adibidez: 2005-2024 aldian, nazioarteko gobernu desberdinek 120 bider erabili zituzten legeak ematen dituen tresnak berriemaileei presio egiteko edo zuzenean haiek kikildu eta isilarazteko.

Unescok pasa den astean aurkeztu zuen “The misuse of financial laws to pressure, silence and intimidate journalists and media outlets” (“Finantza-legeen erabilera okerra, kazetariak eta komunikabideak presionatzeko, isilarazteko eta beldurtzeko”) lanaren arabera, gobernuak gero eta taktika ezberdin gehiago erabiltzen ari dira kazetarien lan independente eta kritikoak isilarazteko. «Horien artean daude kazetaritza-lanarekin lotutako sistema judizialen erabilera okerra, kazetaritzarekin loturarik ez duten legeak (finantza- eta zerga-legeak barne) eta terrorismoaren aurkako legeak», Edward Pittman eta Elisa Juegak sinatzen duten lanaren arabera.

Beste estrategien gainetik, gobernuek finantzekin lotutako delituengatik akusatzen dituzte kazetariak, besteak beste, zerga-ihesa, dirua zuritzea edo dirua lortzeko estortsioa erabiltzea egotzita. Metodo hauen erabilera, gainera, nabarmen hazi da azken urteetan: Unescoren taldeak aztertu dituen 120 kasuen artean, %60 baino gehiago 2019tik 2023rako epean gertatu dira. 2022an atzeman ziren kasu gehien: 25. Hala ere, txostenak ohartarazten duenez, litekeena da benetako kasuen kopurua aipatutakoa baino handiagoa izatea.

Aztertutako kasuen artean, gutxienez 56k estortsio karguak dituzte; horietako gehienak Eurasian antzeman dira. Zerga ihesa eta dirua zuritzea dira kazetarien eta hedabideen aurka gehien erabiltzen diren bigarren eta hirugarren kasuak, gutxienez 18 eta 14 kasu topatu direlarik, hurrenez hurren. Dirua zuritzearen akusazioa Latinoamerikan eta Asian erabiltzen da batez ere.

Salaketa hauek helburu politikoak lortzeko bitartekoak besterik ez dira sarritan, Unescok ohartarazten duenez. «Kargu horien ustezko erabilera okerra egungo fenomenoa da, 2020tik 2024ra bitartean inputatzen baitituzte kasu horietako 41. Hala ere, finantza kargak sistematikoki aplikatu dira 2011tik», jasotzen du dokumentuak.

Salatutako kazetarien ia erdiek (58) kartzela zigorrak jaso zituzten, edo behin-behineko espetxealdian atxilotu zituzten, denbora luzez. 22 kasutan 7 urte edo gehiagoko zigorrak jaso zituzten, altuena 14 urtekoa izan zelarik.

Gero eta gehiagotan, kazetari taldeak batera akusatzen dituzte, eta akusatuek sarritan kargu bat baino gehiago izaten dituzte aldi berean.

Julian Assange Wikileaks-eko sortzaile eta kazetariaren askatasuna eskatzeko aldarria. Gerardo VIEYRA | EUROPA PRESS

Errepresioaren eraginak

Jazarpen mota hau, Unescoren arabera, protesta eta hauteskunde kanpainen garaietan ugaritu ohi da, eta ahots kritikoak isilarazteko kanpaina zabalago baten parte da.

Errepresio sotil honek eragina du ez soilik salaketa jasan duen kazetari edo komunikabidearengan, baita herrialde baten osasun mediatikoan eta, noski, adierazpen eta prentsa askatasunean ere. Hasteko, kazetariak eta hedabideak isilarazteko finantza delituen alegazioak erabiltzeak «zentsura eta autozentsura dakartza mundu osoan», ohartarazten du txostenak. «Eskualde batzuetan -gaineratzen dute-, hedabide independenteen kontrako akusazioak beste medio batzuei mezu bat bidaltzera eta etorkizunean agintariei egindako kritika oro geldiaraztera zuzenduta daude. Asia Erdialdean, Hegoaldean eta Hego-ekialdean, eta Erdialdeko Amerikan, kazetariek sistematikoki jasotzen dituzte espetxe zigorrak, delitu hauek leporatzen dizkietenean. Horrek eragin beldurgarria du eta gero eta arrisku handiagoa dakar ustelkeriarekin lotzen diren kazetarientzat».

Ekialdeko Europan eta Erdialdeko Asian, kazetarien aurka finantza karguak erabiltzeko taktikak ibilbide luzeagoa du. Unescoren lanaren arabera, hasiera batean kazetari nabarmenei eta komunikabide independenteei zuzentzen zitzaizkien karguak; azken urteetan, berriz, halako tresnen eraginkortasuna frogatutzat eman da eta «ohikoa da kazetari ezezagunagoei eraso egitea».

Delitu finantzarioen akusazioen aurkako defentsa oso konplexua da kazetarientzat, difamazioagatik edo kalumniagatik auzitan daudenean baino zailagoa eta garestiagoa baita legezko zerbitzuak eskuratzea; hain justu, arrazoi horregatik baliatzen dituzte gobernuek akusazio hauek. Hala, askotan, salaketa jaso duten kazetariak haien lanetatik apartatzen dira. Gainera, finantza legediak kazetari baten edo hedabide baten aktiboak izozteko aukera ematen die agintariei, haien lana eta eguneroko operazioak oztopatuz.

«Ekintza horiek oso eraginkorrak dira hedabide txikiak zentsuratzeko, aldi baterako bada ere, eta hedabideak erabat ixtea ere eragin dezakete, funtsezko langileak atxilotuta daudenean edo aktibo izoztuak dituztenean», diote “The misuse of financial laws to pressure, silence and intimidate journalists and media outlets” azterlanean. Jarduteko modu hauek ezagun dira aspalditik gurean ere; Egunkaria, Egin edo GARAren kasuek erakutsi moduan.

Presioen ondorioz hedabideak ixten direnean, «prentsaren aniztasuna» arriskuan jartzen dela ohartarazten du Pittman eta Juegak ondutako lanak. Are, diotenez, herrialde batzuetan, atzerriko finantzaketa lortu ezin duten komunikabide independenteek eta kazetariek «ezin dute bizirik iraun». «Zenbait lekutan, hala nola Latinoamerikan eta Kariben, Ekialdeko Europan eta Erdialdeko Asian, ikusi da gobernuarekin lerrokatuta dauden jabeei saltzen zaizkiela komunikabideak», gaineratzen dute.

Auziak ez du konponbide erraza, baina bide batzuk proposatzen ditu Unescok. Besteak beste, aldarrikatzen du zuzenbide korporatiboan, penalean eta fiskalean adituak behar direla, baita kontulari adituak ere. Hau lagungarri litzateke, erakundearen arabera, «delitu ekonomikoen konplexutasun juridikoa» irudikatzeko eta, horrekin, inpunitatearekin amaitzeko behar diren neurriak adosteko.

Zentzu horretan mintzatu dira, berriki, Europako Batzordearen zuzentarau bat eta Brasilgo Auzitegi Gorenaren beste bat. Eta esperantzarako leihoa ireki dute, esanez lurralde batzuk finantza-legeen erabilera kaltegarriekin amaitzeko egiten ari diren lanak «bide onetik» doazela. Bada zerbait.