HAZIAK ELKARTEA

Tutoretzapean dauden edo egon ziren gazteei laguntzen die egoera hori bizitako pertsonek sortutako elkarteak

«Lehen pertsonan hitz egiten dugu, arrisku-egoeretan egotea zer den eta tutoretzapean egotera zerk eraman gintuen jakinda». Halaxe aurkezten dute beren burua Haziak elkarteko sortzaileek, Irati Vidan presidentea buru. Egiten duten lana eta tutoretzapeko pertsonen errealitatea hobeto ezagutu nahi izan ditugu.

Haziak elkarteak Iruñean duen egoitzaren argazkia. Laguntza behar duten gazteek atea irekita izaten dute bertan.
Haziak elkarteak Iruñean duen egoitzaren argazkia. Laguntza behar duten gazteek atea irekita izaten dute bertan. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Nafarroako Haziak elkartea tutoretzapean dauden pertsonei edo egon zirenei laguntzeko sortu zen 2021eko azaroaren 17an. Eta bere ezaugarri nagusia da elkartea sortu zuten pertsonak bere garaian tutoretzapean egondakoak direla. Errealitate hori lehen pertsonan ezagutu izanak aukera ematen die sistemak dituen gabeziak detektatu eta konpontzen saiatzeko, baita laguntza eske etortzen zaizkien gazteei aholkularitza egokia emateko ere.

Irati Vidan da elkarteko presidente eta bultzatzaile nagusia, eta elkartearen webgunean azaltzen denez, «lehen pertsonan hitz egiten dugu, arrisku-egoeretan egotea zer den eta tutoretzapean egotera zerk eraman gintuen jakinda; horregatik, gure ahotsa altxatzen dugu geure burua ezagutarazteko eta gure existentziaren berri emateko. Bizipen hau izan dugunon betaurrekoak erabiltzera gonbidatu nahi zaituztegu».

«Gune seguru bat eskaini nahi diegu tutoretzapean dauden edo egon ziren pertsonei, ulertuak senti daitezen, zubiak, hariak eta kordelak sor ditzagun eta, horrela, gure zirkulua gero eta gehiago handitu dezagun. Espazio horretan, denon artean erabakiko dugu lehen aldiz zer behar dugun, zer nahi dugun eta zer gustatuko litzaigukeen», gaineratzen dute aurkezpen moduan.

Estatua tutore

Elkarrizketa euskaraz egite aldera, Maddi Larrañeta gizarte langileak erantzun ditu GAUR8ren galderak. Elkartearen eguneroko lanaren nondik norakoak deskribatu dizkigu, dituzten kezka eta arazo nagusiak zerrendatuz. Baina abiapuntu bezala, tutoretzapeko pertsona izateak zehazki zer esan nahi duen azaltzeko eskatu diogu, askotan egoera desberdinak nahasten dituelako jendeak.

«Tutoretza hitzak esanahi desberdinak ditu. Tutoretzapeko pertsonak izan daitezke haurtzaro eta nerabezaroan daudenak, baina baita ezgaitasunen bat dutenak ere, edo osasun mentaleko arazoak dituzten pertsonak. Gure kasuan konkretuki adingabeen arloan aritzen gara», ekin dio azalpenari Larrañetak.

«Kontuan izan behar dugu adin txikiko pertsona guztien tutoretza beste norbaiten esku dagoela. Kasu gehienetan, aitak edo amak izaten du tutoretza hori, baina kasu hauetan hori da aldatzen dena. Zenbait kasutan Estatua da, eta hartzen diren neurrien arabera Estatuak jarraitzen du tutoretza hori izaten. Eta beste kasu batzuetan izan daiteke tutoretza familiako beste norbaitek hartzea, edo norberarena ez den beste familia batek hartzea», gehitu du.

«Badira familia batzuk ezin direnak haien seme-alaben kargu egin, baliabiderik ez dutelako, izan baliabide ekonomikoak, afektiboak, edo beste edozein motatako baliabideak. Gizarte-zerbitzuek aztertzen dituzte kasu horiek, eskolak, osasun zentroak edo beste erakunderen batek jakinarazi duelako kasu hori. Horrelako egoerak suertatzen direnean, gehienetan haur eta nerabe horiek familiatik kanpo atera behar izaten dira eta babes sisteman sartzen dira. Babes sistema hori autonomiek edo Aldundiek sustatzen duten erakunde bat da eta hor ibilbide desberdinak jarraitu ditzakete haur eta nerabeek», sakondu du prozesu horretaz.

«Nafarroari dagokionez, COA izeneko zentro batzuetan sartzen dira [Behaketa eta Harrera Gunea, Centro de Observación y Acogida gaztelaniaz], eta normalean sei hilabetez egoten dira bertan. Aztertzen da ea zer gertatzen den familian, zehazten da zer zaurgarritasun maila duten pertsona horiek, zer arazo dituzten ingurunean... eta behin azterketa hori eginda, egoeraren sailkapen bat egiten da: babesgabetasun arina, moderatua, larria edo babesgabezia den erabakiz. Sailkapenaren arabera hiru erantzun eman daitezke: beren familietara itzultzea, familia-harrera deituriko beste babes neurri bat jasotzea -«zabala» izan daiteke, gurasoak ez diren senideekin joatea; edo «besterena», lotura edo ezagutza jakinik gabeko beste familia batera joatea-, edo sistemaren barruan geratzen dira, ‘egoitza harrera’ delakoan», gaineratu du Maddik, kasuistika desberdinak daudela nabarmenduz.

Ikastaro desberdinak antolatzen dituzte, sukaldaritzakoak adibidez. Eguneroko bizitzarako oso erabilgarria egiten zaie gazteei, eta lan munduan ere ateak irekitzen dizkie. (HAZIAK ELKARTEA)

«Azken kasu horretan, badaude tutoretzapeko pisuak non elkarbizitza egiten duten haur eta nerabe desberdinek. Hezitzaileekin pasatzen dute eguna eta Nafarroako Gobernuak du haien tutoretza. Hor 18 urte bete arte egon daitezke, zeren 18 urte betetzean adin nagusikoak dira eta ulertzen da Estatuak egin duela bere babes funtzioa. Eta hor ere, kasuaren arabera, ‘autonomia’ izeneko pisu batzuetara pasatu daitezke. Erakundearen arabera, 19, 20 edo 21 urte bete arte egon daitezke hor, eta beste batzuei 18rekin errenta tramitatzen zaie eta euren kabuz egin behar dute bizitza», amaitu du gaia kokatzeko lehen azalpena.

«Emantzipazio goiztiarra»

Elkartearen helburu nagusia gazte horiei helduaroan aurrera jarraitu ahal izateko tresnak eskura jartzea da. Aholkularitza psikologikoa eskaintzen dute, eta baita lan- eta prestakuntza-orientazioa ere, baina horrez gain, aisialdiari eta pertsona gehiago ezagutzeko eta harremanak izateari ere garrantzi handia ematen diote.

Iratiren esperientziak eta entzuteko gaitasunak ere badu bere garrantzia, Maddik aipatzen digunez: «Irati sistemaren barruan egon zen eta gaur egun sisteman dauden eta bere garaian sistematik irten ziren pertsona asko ezagutzen ditu. Esperientzia horretatik, ikusten du askotan gauzak ez daudela ondo eta askotan sistema barruan dauden adingabeen eskubideak ez direla ongi babesten. Iratik egiten duena da adin txikiko pertsona hauek entzun, eta bitartekaritza moduko bat egin administrazioarekin. Izan daiteke pertsona hauek ez daudelako ongi haien pisuetan, edo arazo bat dutelako, ez direlako gai izan hezitzaileei kontatzeko eta Iratirekin horretaz errazago hitz egiteko harreman-mota bat dutelako. Pertsona horien eskubideen urraketa bat ematen bada, Iratik salaketa egiten du dagokion maila administratiboan».

Prozesuaren une kritikoena pertsona horiek adinez nagusi egiten direnean heltzen da, oso gazterik egin behar izaten diotelako aurre bizitzari. «18, 19, 20 edo 21 urterekin tutoretzapeko pertsona guztiak administraziotik irteten dira eta gure gizartean oso zaila da emantzipazio eta autonomia prozesu hori modu onuragarri batean bizitzea. Badakigu zer krisialdi egoeratan gauden, zein zaila den gazteok lan finko eta ziur bat izatea gure bizi proiektua gauzatu ahal izateko... Hori familiaren babesa eduki dugunontzat apur bat errazagoa izan daiteke, bere zailtasun guztiekin, baina tutoretzapean egon diren pertsonek badute nik emantzipazio goiztiarra deitzen dudana».

Eta hor pilatzen zaie lana kasu gehienetan. «18 urterekin ez gara gai gauza asko egiteko. Gehienok ikasten ari gara, edo ez gara gai arlo zehatz askotan mugitzeko, osasun arloan edo lan munduan, adibidez, eta pertsona hauek adin horretan jada izan behar dute ezagutza osasun arloarena, gizarte zerbitzuena... Pertsona asko oso egoera zaurgarrian gelditzen dira eta guk egiten duguna da orientazio lan bat, adibidez, gizarte eta lan munduan. Edo beste kontu batzuetan: pertsona batek sendagilearengana joateko laguntza behar badu, jakin dezala norbait izango duela horretarako prest, adibidez. Autonomia lantzeko arlo horretan, afektibitatea lantzeko arlo horretan... edozein laguntza», zerrendatu du Larrañetak.

Gazteak lan munduan txertatu ahal izateko hainbat programa egin izan dituzte, inguruko harakinekin edo pintoreekin, esaterako. «Momentu hauetan sukaldaritza ikastaro bat egiten ari gara, adibidez. Pisuetan ez da behar beste lantzen autonomia eta pertsona batzuk kozinatzen jakin gabe ateratzen dira. Ikusten genuen ostalaritza munduak gure gizartean eskari handia duela eta bide batez ikasi ahal zituztela beraien bizitzarako beharrezkoak diren baliabide batzuk. Kozinatzen duten dena etxera eramaten dute, eta lortzen dugu ziurtatzea egun horretan behintzat jatekoa bazutela, eta behin kurtsoa amaituta praktikak egiten dituztenez, ostalaritza munduan badakigu kasuaren arabera lanean jarraitzeko aukerak izango dituztela».

Hori bai, kasu larriagoak ere tokatzen zaizkie. «Badira batzuk kale-egoeran gelditzen direnak. Nafarroan errenta 762 euro dira. Alokairuak dauden moduan egonda eta abar, nahiko zaila da kopuru horrekin bizi proiektu on bat izatea. 350-400 euro logela baterako, gehi elikadura, gehi gastuak... Ikasketaren bat egin nahi badute ez dute ia aukerarik. Ikusten dugu pertsona nahikotxo kale egoeran daudela, eta lokalera etor daitezke bai dutxatzera, bai egunean zehar lo egitera, zerbait jatera... Giza zerbitzuetara ere bideratzen ditugu, hala komeni bada».

Aisialdiaren garrantzia

Baina aipatutako lan praktiko horiez gain, Haziak elkarteak jendartean kontzientziazio lana egiteko borondatea ere badu; salatzen dutenez, tutoretzapean dauden pertsonek estigma handia jasan behar izaten dutelako. «Gizarte mailan ezezaguna den arazoa da eta ezezagutza horrek estigmak, diskriminazioak eta beldurrak sortzen ditu. Pentsatu ohi da bere familiatik kanpo zentro batean dagoen pertsona batek zerbait gaizki egin duela: arazoetan sartu dela, arazo legalak dituela, kontsumo arazoak dituela... Eta ez da horrela. Kontua da haien familia ez dela gai izan bizi-kalitate ona emateko. Horregatik atera dira etxetik. Maila emozionalean egoera oso zailak bizi izan dituzte, eta jendarteak ezartzen dien estigma horrek egoera larritu besterik ez du egiten», nabarmendu du Maddik.

Beste ikastaro bateko argazkia, kasu honetan lehen sorospenen ingurukoa. (HAZIAK ELKARTEA)

Horregatik saiatzen dira, batez ere txikienekin, aisialdiari garrantzi berezia ematen, eguneroko gune arautuetatik apur bat aldentzen. «Beti esaten da adin txikikoek, eta baita adin nagusikoek ere, noski, aisialdi eskubidea daukagula. Gozatzeko, jolasteko... Eta sistemak gauza batzuk ongi egingo ditu, baina bere gabeziak ere baditu. Familian egonda jolasteko aukera baldin badugu, edo kanpamenduetara joateko, edo aste bat oporretara joateko, edo hondartzara joateko, babes sistema barruan dauden pertsonek zergatik ez dute eskubide hori izango? Eta Iratik hori ikusten zuen», gogoratu du Maddik ideiaren jatorria.

«Pertsona hauek beren errutinatik eta beren eguneroko bizipenetatik ateratzeko, askotan oso zaila izaten delako, urtean behin, birritan edo hirutan kanpamenduetara joan, ulertuko dituzten beste pertsona batzuekin espazio desberdinak konpartitu, eta hezitzaileengandik eta pisuko arauetatik apur bat urruntzea onuragarria da. Eskolan dabiltzanean, adibidez, askotan klaseko arraroak senti daitezke, ez direlako bere gurasoekin bizi, edo pisu batean bizi direlako pertsona desberdinekin. Kanpamendu hauetan, aldiz, beren antzeko bizipenak dituzten pertsonekin elkartzen dira», gaineratu du.

Eta Maddik dioenez, gehienek asko eskertzen dute laguntza hori. «Uste dut haien errealitatea ezagutzera emateak lagundu eğiten diela, eta badakigu gure elkartean egiten dugun lana ere eskertzen dutela. Badakite gure ateak irekita dituztela une oro, espazio irekia da. Askotan nahi duten bakarra hitz egitea da, zer gertatu zaien kontatu eta norbaitek entzutea. Edo besterik gabe denbora apur bat lasai egotea gela batean. Badakite hau beraien espazioa dela eta ahal dugun guztian lagunduko diegula -dio Iruñean duten egoitzari buruz-. Etortzen diren pertsonek normalean gurekin harremana izaten jarraitzen dute, harreman politak sortzen dira. Ez soilik gurekin, baita beraien artean ere».

Familia eta laguntza gehiago

Azkenik, eta aipatutakoez gain beste mezuren bat zabaldu nahiko lukeen galdetuta, Maddi Larrañetak bi aipamen gehitu nahi izan ditu. Batetik, harrera familien beharra. «Ikerketa guztiek esaten dute haur eta nerabe guztiak askoz hobeto daudela familia batean. Ez du zertan izan familia biologikoa, baina familia giroko ingurune bat izatea onuragarria da. Baina hemen, Nafarroako kasuan behintzat, ikusten dugu harrera familien kopurua oso txikia dela, askoz pertsona gehiago daude babes sistemako pisuetan familietan baino. Horregatik, deialdi bat egingo nuke harrera familia gehiago izan ditzagun».

Eta bestetik, laguntza sistema zabaldu eta egokitzeko beharra aldarrikatu du. «Pentsatu beharko genuke 18, 19, 20 eta 21 urterekin gutako bakoitza non ginen, zer laguntza genituen gure bizitza aurrera eramateko, tutoretzapeko pertsona hauekiko enpatia apur bat gehiago izan dezagun. Gure esku dagoena egin dezagula laguntza eskaintzeko, bai maila pertsonalean eta, noski, erakunde mailan ere bai. Ikasteko edo unibertsitatera joateko, adibidez, ez dute laguntza berezirik. Errendimendu altuko kirolariek, desgaitasun fisiko edo mentalen bat dutenek, genero indarkeriaren biktima izan direnek... badituzte horrelako laguntzak, ikusten delako behar dituztela. Nik uste dut pertsona hauen kasuan ere jarri beharko liratekeela, 18 urterekin kasu gehienetan babesik gabe gelditzen direlako».

Idatzita geratuko da dagokionarentzat.