16 NOV. 2024 { KOADERNOA } Errelatu gehiago Iker BARANDIARAN Ez dut nik esango gaur egungo garaiak iraganekoak baino hobeak direnik -ikusi besterik ez dago Gazan, adibidez, hamarkadatan, eta are gehiago azken urtean, sufritzen ari diren guztia-. Gordinkeria, basakeria eta horren guztiaren aurrean herritar askoren axolagabekeria gorantz doaz, baita manipulazioa eta ezjakintasuna ere. Eta ezjakintasunarekin erabat lotuta, hemen bertan, gurean, bizi izan dugun gatazka politikoaren eta basakeriaren errelatua, orain hainbatek aldebakarrekoa bihurtu eta hala betikotu nahi dutena. Dagoeneko ilea urdintzen edo galtzen daukagunok ikusi eta bizi izan ditugu hainbat egoera muturreko edo behintzat gordin, gazteagoak parean izan ez dituztenak eta, gainera, kontakizun ofizialek nahita kaxoi barruan ezkutatzen dituztenak. Horietako batzuk nire ahotik jasota gelditu ziren Judit Uriach eta Nando Alonsok duela urte gutxi idatzitako “RIP, Larga vida” liburuan; musikaz eta egoera sozialaz batera, gatazka politikoaren ondorioz mutikotan bizi izandako pasarteetako batzuk. Gerora, gainera, Asturiasko historialari batek harrituta eta gehiago jakiteko interesarekin idatzi zidan. Nire garaiko edozeinek kontatu ahal izango lituzke antzeko bizipenak, garaian ohikoak ziren-eta. Umeak ginenean ohikoa zen jendea kalera protestan irtetea -orain baino askoz gehiago-, eta lehen urte haietan Guardia Zibila irteten zen bortizkeriaz agerraldi haiek zanpatzera. Halako batean, bospasei urte nituela, txapelokerrak jendea egurtzen ikusi nituen, hain sututa eta itsututa, ezen San Frantzisko elizatik, mezetatik, irteten zirenak ere egurtu baitzituzten, eta Seber Altube plazako banku hutsen aurka ere kulata kolpeka aritu baitziren, kuarteletan landu eta elikatzen zuten gorrotoak eta drogak bultzatuta. Horren harira, gerora eman zuen jakitera Arrasateko udaltzainburua zenak herrian heroina banatzen aritutako bi pertsona jarraituta Salve-ko eta Intxaurrondoko kuarteleraino joan zirela. Laguna eta biok haren atartean ezkutatu ginen; eta ordutik, protesta edo manifestaziorik egotekotan etxera ziztu batean etortzeko agindua eman zidan amak. Halakoetan etxe azpiko errepidean autoak gurutzatzen zituzten; denbora gutxira guardia zibilen tiro hotsak entzuten ziren, eta jarraian askotan atarteak -zein gure etxeak- ihesean zetozten herritarrez betetzen ziren. Iltzatuta daukadan beste oroitzapen bat da gauez eztanda bortitz batek iratzartu izana. Gurasoek urduri ohera bidali ninduten berriro. Hurrengo goizean eskolara bidean ikusi nituen banku batean lehergailu bat ipintzera zihoazenen autoa erabat txikituta eta haien gorpuzkinak hormetan itsatsita. Garai bertsuan, eguerdi batean, eskolatik bueltan Udaletxera jo genuen GALek Iparraldean eraildako Xabier Perez de Arenazaren hilkutxa ikustera. Soldadutza ez egitearren Iparraldera hanka egin zuen arrasatearra erail zuen talde parapolizialak, eta balek egindako zuloak zituen buruan. Egun berean, iluntzean, gorpua hilerrira bidean zeramatela, etxe azpian poliziak familia eta lagunak egurtu zituen bortizki. Epe laburrean, Perez de Arenazaren senitarteko zen Txomin Iturbe ETAko buruzagia izandakoa istripuan hil zen, eta hileta izan zen jaioterrian. Ez dut inoiz herrian hainbeste jende ikusi. Milaka eta milaka pertsona “Gora ETA” oihukatzen. Ez dut inoiz ahaztuko. Horiek eta beste batzuk garai goiztiar hartako oroitzapenak. • Umeak ginenean ohikoa zen jendea kalera protestan irtetea -orain baino askoz gehiago-, eta Guardia Zibila irteten zen bortizkeriaz agerraldi haiek zanpatzera