16 NOV. 2024 { ANALISIA } Pepe Mujica, bizitza ereiten ari den militantea Pepe Mujicak «itzultzerik ez dagoen lekura erretirada abiatzear» dela jakinarazi du. Une aproposa bere mundu-ikuskerari errepaso bat emateko. Pepe Mujica eta Lucia Topolansky Bilbon, Euskal Herrian izan zirenean. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU) Mikel Urdangarin Heriotzarekin borrokan ari naiz, partidaren amaieran nago, erabat konbentzituta eta kontziente». Halaxe iragarri zuen Pepe Mujicak (Montevideo, 1935) berriki egindako ekitaldi politiko batean. «Itzultzerik ez dagoen lekura erretirada abiatzear» dela jakinagatik, «zoriontsu» agertu zen, «zuek zaudetelako. Izan ere, nire besoek alde egiten dutenean, milaka beso egongo dira borroka ordezkatzen». Kideen negar-malkoek eta mundu osoko mezuek adierazten zuten bezala, baina, ez da xamurra izango Mujica ordezkatzea, apartekoa izan baita. Hori kontuan izanik, GAUR8n honako galdera egin diogu gure buruari: zergatik mugitzen gaitu horrenbeste Mujicak? Zerk egiten ditu berezi bere hitzartzeak? Bere bizitzaren inguruko liburu eta dokumental bakoitzak zergatik uzten gaitu pentsakor eta gehiagorako gogoz? Lucia Topolanskyrekin batera, beraien “chacra” xumean kokatuta, matea eskuan eta irribarretxo ironikoa ezpainetan, autentikotasuna eta naturaltasuna transmititzen digu Mujicak. Jukutrien aurrean, zintzotasuna; hipokrisiaren tokian, koherentzia; axolagabekeriaren parean, konpromisoa. Espontaneotasun hori ez da ausazkoa, ordea. Horren atzean bizitza, gizakia eta iraultza ulertzeko modu oso bat biltzen da. Agur-mezu hunkigarrietan sumatu daitekeenez, baita heriotza lantzeko era aberasgarri bat ere. Hala izanik, han-hemenka egindako gogoetak bilduz, mundu-ikuskera horren inguruko zertzeladak emango ditugu jarraian. Mundua auzitan Pepe Mujica militante engaiatua izan da gazte-gaztetatik. Anarkismotik marxismo heterodoxora, 14 urte eskasekin hasi zen ekimen ezberdinetan parte hartzen. Gero, gerrillari tupamaroa izan zen. Atxilotu eta 13 urtez gatibu izan zuten, tortura gogorren pean. Behin ateratakoan, Uruguaiko legebiltzarkide, sailburu, presidente eta senatari izan da, besteak beste. Ibilbide oparo horretan zehar, argia izan da iparra: Uruguai eta mundu berri bat. Azken hamarkadan ohartarazi duenez, baina, egun mundua bidegurutzean dago. 2012an Nazio Batuek garapen jasangarriaren inguruan antolatutako goi bileran galdetzen zuen bezala, «zer gertatuko litzaioke planeta honi indiarrek alemaniarrek dituzten adina auto izango balituzte familiako? Zenbat oxigeno geratuko litzaiguke arnasa hartu ahal izateko? Argiago: gaur egun munduak ba al ditu 7.000 edo 8.000 milioi pertsonek mendebaldeko gizarte oparoenetan duten kontsumo eta xahutze maila bera izateko baldintza materialak?». Bistakoa da ezetz. Hala ere, sistemak eta berori sostengatzen dutenek aurrera ihes eroan jarraitzen dute. Adibidez, 100.000 ordu piztuta egon daitezkeen lanparak jada asmatuta badaude ere, 1.000 ordu baino iraun ez dezaten diseinatzen dira, ahalik eta gehien saltzeko. Hartu eta bota, produktuak ez ezik, bizitza bera iraungitzeko baldintzak sortzen ari dira: «Beste kultura edo zibilizazio mota bat lortzen ez bada, mundua bizigaitza bihur daiteke. Zibilizazio-proiektu honetan bizitza zalantzan jartzen hasi da. Bizitza letra larriz, ez bakarrik gizatiarra». Horren aurrean, bizitza posible eta bizigarri egingo bada, premiazkoa da bestelako zibilizazio eredu bat eraikitzea. Kultura berria erein Nola eraiki? Mujicaren ustez, bere belaunaldiak akats nabarmen bat egin zuen XX. mendean: «Uste izan zuen ekoizpen- eta banaketa-bitartekoak nazionalizatuz mundua aldatuko zuela». Azpiegitura ekonomikoa iraultzea zen erronka nagusia, horrek ondoren gainegitura (balioak, sistema politikoa, alor juridikoa) eraldatu eta “gizaki berria” ekarriko zuelakoan. Eskema horren ondorioz, «ez zuen jakin garaiz ulertzen borroka horren guztiaren erdigunean kultura desberdin baten eraikuntza egon behar dela». Azaltzen duen eran, gizakiak eraiki dituen botere-sistemak ez dira soilik jabetza erlazioak, ezta produkziorako eta birbanatzeko modu jakinak ere. Hori izateaz gain, «giza jokabidea arautzeko kultura subliminalen eraikitzaileak dira». Kapitalismoaren kasuan ere halaxe da. Sistema politiko eta ekonomiko bat izateaz harago, balioen antolaketa jakin bat da: “Gizakia naturaz berekoia da” aurresuposatzen da; “hazkundea” bere horretan albiste pozgarri gisa ospatzen da; “zerbait egitea” soldatapeko lanarekin berdintzen da... Thatcherrek ezin argiago laburbildu zuen: «Ekonomia da metodoa; helburua, arimak aldatzea». Mujicak ñabartzen duenez, kultura eta balio horiek ez dira musika kontzertuetan edo antzezlekuetako dantza saioetan soilik adierazten. Areago, «mundu osoan milioika pertsona anonimo erlazionatzeko modua determinatzen ari diren balio tazituen multzoa da». Gure egunerokoan txertatuta, “normal” jokatzen den aldiro birsortzen eta naturalizatzen dira balio hauek, horien aldarri espliziturik egin beharrik gabe. Ikusezintasun horrek egiten ditu, hain zuzen, indartsu. Pepe Mujica, Uruguain egin berri diren hauteskunde presidentzialetan bozkatzen. (XINHUA / EUROPA PRESS) Hori kontuan izanik, zibilizazio eredu alternatiboa eraikitzeko ez da aski enpresa estrategikoak nazionalizatu eta egitura ekonomikoak eraldatzea. Horrez gain, tupamaroarentzat «balioak borrokatzeko makinak eraiki behar dira». Fidel Castroren hitzak bere eginez, ideiak eta balioak «erein», kultura eta etika berri bat ernatu dadin. Bere nekazari senari bide emanez, aurreko lurra goldatzen eta haziak nonahi zabaltzen aritu da Mujica. Telebistan, mitinetan, legebiltzarrean edo aurrez aurre, neurri eraldatzaileak proposatu edo gauzatzeaz harago, bizitzaren eta gizakiaren bestelako ikuskera bat erein du. Bizitza, mirari ederra Hasteko, Mujicak bizitza eta natura ulertzeko beste modu bat plazaratu du. Berak azaltzen duenez, mendebaldeko tradizioan gizakiok unibertsoaren zilborra garela pentsatu dugu. Besteekiko berezi eta bereizi, «oso garrantzitsuak garela uste dugu, dena gizakiaren mende dago». Harrokeria horrek, baina, itsu egiten gaitu, bizitza ulertu, balioan jarri eta sostengatzeko ezgauza. Hori kontuan izanik, umiltasunerako deia egiten du: «Unibertsoaren handitasunean ez gara hondar gramo bat ere». Hain ñimiñoak izanik, erdigunean natura eta bizitza dago, ez gizakia: «Ni gazteagoa nintzenean humanista nintzen, giza bizitza erdigunean zegoela iruditzen zitzaidan. Baina orain, zahartuta nagoen honetan, ez naiz hain humanista; orain bizitza maite dut, larre bateko bizitza, inurri baten bizitza, labezomorro baten bizitza... bizitza! Bizigabetik bereizten gaituen diferentzia hori». Azpimarratzen duenez, «mirari» bat da eta, egintzat jo edo gutxietsi beharrean, balioetsi egin behar da. Mujicak, behintzat, hala egiten du. Bizitzaren dinamikek liluratuta, naturaren ulerkera kasik panteista du. Berak aldarrikatzen duenez, natura ez da espazio mekaniko eta mortua, mezu sentsiblez jositako amaraun bizia baizik: «Hizkuntza eta zeinu ugari daude, ezagutzen ditudanean mirespena pizten didatenak. Orduan, landareekin hitz egiten dudala diodanean, harreman horri buruz ari naiz, seinaleen eta mezuen mundu erraldoi horren interkomunikazioari buruz». Zenbait adibide txundigarri ematen ditu: landare medizinal batek, bere koloreagatik, nitrogenorik ba ote duen eta nola pasatzen ari den adierazten du; hainbat zuhaitzek, jirafak eta bestelako animalia altuk puntak jaten dituztenean, eraso horren berri helarazten dute eta inguruko zuhaitzak pozoitsu bihurtzen dira supituan, autodefentsa gisa... Mujicarentzat, giza bizitza ehundura horren barneko harizpia da; ez da izaki bakarra, ezta nagusia ere. Gizaki kooperatiboa Eta nolakoa da izaki hori? Mujicak kontatu izan duenez, bere kartzelaldiko zazpi urte bakartuta pasatu zituen, ezer irakurri gabe. Halabeharrezko bakarrizketan, galdera horixe egin zion bere buruari: «Gizartea aldatu nahi dugu eta gizakiekin ari gara lanean; baina, zer gara? Zein da gure animaliaren disko gogorra?». Momentuan ez omen zen galdera hori erantzuteko gauza, ordura arte klasikoak bakarrik irakurri baitzituen. Behin espetxetik ateratakoan, antropologiara jo zuen erantzun bila. Irakurketa horietan oinarrituta, gizakiaren dimentsio komunitarioa nabarmentzen du. Bere hitzetan, gizakia jatorrian ez zen Robinson Crusoe, lazeriei bakarka aurre egiten zien nabigatzaile heroikoa. Kontrara, «alde guztietan komunitatean bizi zen zomorro bat zen. Harekiko mendekoa zena, komunitatearentzat eta komunitatearen alde funtzionatzen zuena». Horren erakusle, 300.000-400.000 urtetan zehar 30 edo 40 pertsonako ahaidetasun taldeetan bizi izan da; taldean ehizatzen eta biltzen zuen, eta jasotakoa taldean banatzen zuen, ez zen norberarena... Taldea hil ala bizikoa izanik, heriotza zigorraren ostean, komunitatetik botatzea zen zigorrik gogorrena. Gizakia animaliatxo ahula denez, espezie bezala kooperazio horri esker biziraun du. Neandertalak, esaterako, «askoz indartsuagoak ziren, baina ez zeukaten sapiensek zuten lankidetzarako gaitasunik». Gainera, horri esker lorpen harrigarriak eskuratu ditu. Adibidez, Afrikatik atera eta milaka kilometrora zeuden lurretara heltzea lortu zuen: «Neure buruari galdetu nion nola iritsi ziren Zeelanda Berrira, ozeanoaren erdian. Ez zuten telefonorik, ez zuten Googlerik, ez zuten horrelako ezer, eta iritsi egin ziren. Miresgarria da. Badakizu nola mugitzen ziren? Taldean, barrak erabiliz». Lekutan daude Robinson Crusoeren balentriak! Mujicaren iritziz, gerora jabetza eta elkar-trukea ezarri zen eta “nireak” eta “zureak” garrantzi handiagoa hartu zuen. Edozein kasutan, milaka urtetako esperientzia hori dela medio, kooperaziorako gaitasuna da gizakiaren ezaugarririk behinena. Zertarako bizi? Mujicarentzat, gizakiaren kasuan bada beste ezaugarri nabarmen bat: «Tximino arraro honi kontzientzia jarri zioten». Horrek heriotzarekiko angustia ekarri dio, bai eta bizi zentzuarekiko galdera ere: denbora mugatua izango dela jakinik, zer eta zertarako egin bizitzaren abentura labur honetan? Behin galdera mahai gainean jarrita, ezin du ez erantzun. Zientzia, korrika, arrantza, marrazkigintza, lurra lantzea, militantzia politikoa edo dena delakoa izan, «bizitzeko kausa bat behar dugu, gure bizitzari zentzu bat eman». Hortik abiatuta, «agure erreumatikoaren» talaiatik, honako galdera pausatzen du: gure bizitza «hileroko ordainketen segida bat» izan dadin nahi dugu edo guk geuk norabideratuko dugu? Bizitza etengabeko xahutzean xahutuko dugu edo era jasangarriagoan eraikiko dugu? Berak argi du: «Planetara zoriontsu izatera etortzen gara. Bizitza laburra delako eta joan egiten zaigulako. Ezerk ez du balio bizitzak bezala, hori da oinarrizkoena. Baina bizitzak ‘plus’ bat kontsumitzeko lan eta lan ihes egiten badigu, ezingo dugu supermerkatuan erosi». Pepe Mujica, berak emandako ehunka konferentzietako batean. Horiek funtsezkoak izan dira balio eta ideia berriak zabaltzeko. (Roberto SERRA / IGUANA PRESS) Horri lotuta, pare bat ohartarazpen egiten ditu. Batetik, norabidea guk definitu ezean merkatuak egingo du. Bestetik, krisi sozioekologiko betean, soiltasunean bizitzen ikasi behar dugu, aberastasuna eta pobrezia birdefinituz: «Aimarentzat, komunitaterik ez duena da pobrea; Senekarentzat, pobrea zen asko behar zuena». Pepe hori frogatzen saiatu da: bere kide, landare eta abereen konpainian, «ezer soberan ez izatea» da aberats izateko bere modua. Militantzia kolektiboa Bizimodu xume hori lortzea ez da koherentzia kontua soilik, ordea. Mujicak azpimarratzen duenez, arazoa egiturazkoa da: «Sinpletasunaren, soiltasunaren eta ziklo natural guztien aurkako zibilizazio bat daukagu. Are okerrago, giza harremanak bizitzeko denbora izateak dakarren askatasunaren aurkako zibilizazioa daukagu, transzendentea den bakarra hori delarik: maitasuna, adiskidetasuna, abenturak, elkartasuna, familia». Horren aurrean, funtsezkoak diren lotura horien joskintza kolektiboa planteatzen du. Horretarako, bere irudiko, denbora liberatzea da erronka nagusietakoa: «Afektuen lanketak denbora behar du. Eta astirik ez badago, afektuak sakrifikatu eta zentzugabekeriak egiten dira». Lan egin - erosi - ordaindu - lan egin… gurpil zoroan, merkatuak, hain zuzen, denbora hori ebasten digu: «Erosten dudanean, ez dut ‘platarekin’ erosten; ‘plata’ hori edukitzeko gastatu behar izan nuen bizitzako denborarekin erosten ari naiz». Bestela esanda, askatasunarekin ordaintzen dugu, logika itogarri horrek gure denbora txanpon bihurtzera behartzen baikaitu. Nola irabazi denborarekiko erabakimena? Mujicarentzat, kolektiboki antolatuta. Berak azaltzen duenez, kolektiboki eraldatu beharrean, indibidualki ihes egiten dugu maiz. «Eskapismo» horren aurrean, «borrokak izaki kolektiboak berrasmatzera behartzen gaituela uste dut, ez izaki indibidualak. ‘Ni’ gutxiago eta ‘gu’ gehiago behar dugu». Zentzu horretan, sindikatu, alderdi, kooperatiba edo lagun-talde bezala, elkartzeko eta mundu kolektiboak eraikitzeko deia egiten du behin eta berriz. Berak eta beste hamaika kidek halaxe egin dute. Izan ere, «hori da kontzientziak ematen digun eta zibilizazioa sortzea ahalbidetzen digun luxua: kausa batekin bizitzea. Eta bizitzaren zentzua besteekiko eta bizitzarekiko elkartasuna praktikatzea da, hori zoriontasun modu bat baita». Heriotzaren aurrean Bizitzan ez ezik, heriotzaren aurrean ere maisua izaten ari da Mujica. Esaterako, hiltzeko beldurrik duen galdetzean, irriño bat egin eta honela erantzuten du: «Ez zait gustatzen, baina momentuz dagoen gauza demokratiko bakarra da». Momentuz, “platarekin” bizitza urteak erosteko tentaldia sumatzen baitu. Ironikoki kontatzen duen bezala, ez da heriotzak «inguratzen» duen lehen aldia. Gaztetan, esaterako, poliziak sei bala iltzatu zizkion birika, beso eta hanketan, eta ozta-ozta atera zen bizirik. Aitzitik, honetan ba omen daki herio «sega prest» eta zorroztuta duela datorrela: ez izatera itzultzear dago. Hala ere, tupamaroak ez du etsitzen, «heriotzarekin borrokan» ari da. Nola? Bere hitzetan, «etorriko direnen kontzientzietan ereiten saiatuz». Esan eta egin, azken hitzartze orotan gazteei zuzendutako mezuak zabaltzen ari da. Hil eta gero, zer? «Isiltasun minerala izango gara». Bere kasuan, bere gorpuzkiak Manuela txakurraren ondoan lurperatuko dituzte. Mujicaren ekarpena ez da amatatuko, ordea: mundu eta bizitza berrietarako hazi bilakatu da. Bere eredua jarraituz, hori ureztatu, ongarritu eta loratzea izango da gure erronka.