16 NOV. 2024 { DATORRENA } «toXikoa» Oier IMAZ ALIAS Ezaren gudaz, baietza sortuz, ukazioa legetzat hartuz, beti aurrera joatea» (Xabier Lete). “The Guardian” egunkariak adierazi berri du X sarea uzteko erabakia hartu duela. Asteazkenean bertan argitaratu duen ohar labur baten bidez azaldu du ez duela gehiago argitaratuko sare sozial horretan, ulertzen baitu onura baino kalte gehiago egiten duela. Bada, omen, denbora bat kezkatuak zirela, ikusirik nola nabarmentzen ziren sarean eskuin muturreko konspirazio teoriak eta jarrera arrazistak. AEBetako hauteskundeek susmoak zirenak indartu baino ez dituzte egin: X «plataforma mediatiko toxikoa»&csMarker; da eta baliatua izan da «diskurtso politikoari forma» emateko, hauteskundeetan zuzenean eraginez. Hitzak potoloak dira. Plataforma toxikoa. Eta hartutako erabakia tamainakoa: plataforma uztea. Interesgarria da, mundu mailako erreferentea den komunikabide baten eskutik baitator eta ondorio argi bat adierazten baitu: hainbat artefakturen kasuan, erabilera egokiaren promesa faltsua da. Bestela esanda, «teknologia ez da ona edo txarra, erabilera baizik» dioen dogma ez da unibertsala. Are gehiago, kasuak adierazten du, behinik behin, batzuetan, hobe izan daitekeela ate batzuk ez zeharkatzea. Ideia argi azaldu zuen duela ia bost hamarkada Langdon Winner pentsalari estatubatuarrak. “Do artifacts have politics?” (1980) izeneko artikuluan tesi ausarta aurreratzen zuen: gauzek gauzak egiten dituzte, haien kabuz. Artikuluan aztertzen zuen, adibidez, nola artefaktu batek (zentral nuklearra) ordena sozial zehatz bat lehenesten duen (hierarkikoa) eta beste batzuk baztertu (adibidez, batzarra). Lehen ideia ez da oso apurtzailea. Bigarrena, aldiz, bai: artefaktuaren agentzia erabiltzailearen borondatearekiko independentea dela baitio. Bestela esanda, ezin da batzar bidez kudeatu zentral nuklear bat, eta erabaki hori ez dago zentralaren erabiltzailearen esku. Iruditzen zait antzeko ondoriora iritsi direla “The Guardian”-en : ezin da eztabaida demokratikoa informatu eta kalitatezko kazetaritza egin X sarean. Sareak berak norabide bat ezartzen dio eztabaidari, eta hori aldatzea ez dago erabiltzailearen esku. Ni antzera nabil azkenaldian, mesfidati hainbat artefaktu teknologikoren eraginari begira hezkuntzan, politikan, harremanetan… Eta ez dut uste, kasu batzuetan behintzat, “erabileran dagoenik gakoa.” Iruditzen zait gehiagotan esan beharko genukeela ezetz. Ezetz esatea badelako baietz esateko beste modu bat. “The Guardian”-en, adibidez, balioan hartzen dute, argitaraturiko oharrean, egunkariaren negozio ereduak ematen dien aukera. Ez dira eduki biralen edo sare sozialetako algoritmoen mende. Irakurleek zuzenean finantzaturiko komunikabidea izateak ematen die komunitatearen aldeko hautua egin eta X bezalako sareei ezetz esateko askatasuna. Hori ere egin daiteke. • Iruditzen zait antzeko ondoriora iritsi direla «The Guardian»-en : ezin da eztabaida demokratikoa informatu eta kalitatezko kazetaritza egin X sarean. Sareak berak norabide bat ezartzen dio eztabaidari