Gezurra ari du: iruzurtien istorioekin katigatuta
Bata zinema-aretoetan, «Marco» filma, bestea MAX plataforman, «Une Amie Dévouée» telesaila; patuaren eragina akaso, edo kasualitatea besterik ez, baina bi izenburu horiek aldi berean ikusgai egotea bitxia iruditu zait. Estreinaldi horien aitzakia baliatu dut iruzurti, gezurti edota usurpatzaileei buruzko telesail gomendioak partekatzeko. Hainbeste katigatzen gaituzten iruzurtien istorioen barnean murgilduko gara.
Gezurra eta egia-ostea
Egia-ostea 2016an sortutako neologismo bat da. Kultura politikoaz mintzatuz, egoera berezi bat da, gertakari objektiboen gainetik emozioak eta sinesmen pertsonalak lehenesten dituena iritzi publikoa moldatzeko garaian. Terminoaren “ospe” gorena azken urteotan gertatu da, Donald Trump Estatu Batuetako presidentearen arrakastaz, Brexitaren aldeko kanpainaz edota ultraeskuin europarraren gorakadaz geroztik, besteak beste; fenomeno hauen adierazgarri baita espektatiba arrazionalari alde emozionala gailendu izana.
Agustin Arrieta Urtizberea filosofo eta idazleak egia-ostea gezurra baino arriskutsuagoa dela aipatzen du. «Hainbat fenomeno daude egia-ostearen inguruan. Gezurra, ezjakintasuna, hitzontzikeria, desinformazioa, fake news-ak, populismoa, sare sozialak, propaganda, negazionismoa... Engainu masiboaren ideia sortzen duten fenomeno heterogeneoak dira. Baina egia-ostearen ezaugarri nagusia da ez duela begirunerik egiarekin, eta gutxietsi egiten duela. Hala ere, ezaugarri hori ez da gezurrarekin lotu behar. Gezurra eta egiarekiko mespretxua engainu mota desberdinak dira. Gezurtiak badaki zein den egia; egiaren partida jokatzen du, baina nahita ezkutatzen du. Hala ere, egia-ostea harago doa. Alde batera uzten da egiaren jokoa, ez ulertuarena egiten da: egia ez da kontuan hartzen, egiak ez du axolarik», aipatzen du Arrietak.
Moriartitarren “Marco” filma, esaterako, egia-osteari buruz mintzatzen da. Egun sare sozialetan aurki dezakegun guztia, birala bihurtzen den desinformazio hori guztia, Marcok berak bere elkarrizketetan praktikan jartzen zuen zerbait izan zen. Zerbait gustatzen ez zitzaionean, kazetaria nahasten zuen eta errealitatea makillatzen zuen datu faltsuekin, iritziekin.
Azken urteotan kontzeptu horretaz baliatu dira fikziozko narrazio ugari elikatzeko, baina jarraian aipatuko ditudan adibideek erakusten duten moduan, gehienak benetako kasuak dituzte oinarrian; fikzioaren eta ez-fikzioaren arteko mugaren auzia agerian geratzen da kasu askotan.
Une Amie Dévouée
(Max)
“Marco” eta “Une Amie Dévouée” telesaila aldi berean ikusgai egotea bitxia iruditu zaidala aipatu dut sarreran, antzeko ezaugarriak partekatzen dituzten proposamenak direlako: benetako kasu bat dute oinarri eta ezbehar jakin bateko biktimez aprobetxatzen den gezurti edo iruzurgile bat dute protagonista moduan.
Filmean, Enric Marcoren, imajinatzen zaila zen gezur bati eusteko gai izan zen gizonaren, istorioa ikusiko dugu: nazien kontzentrazio-esparru batean preso hartu zutela zioen.
Telesailak, aldiz, Christelle Chris Blandin-en istorioa azaltzen du: 2015eko azaroko Parisko erasoetan -zehazki Bataclan aretoan gertatu zirenak- bere ustezko bikotea, Vincent, zauritu larrien artean zegoela zioen emakumea. Aurrerago, gainera, kontakizunean bera ere eraso horietatik bizirik atera zela gehituko zuen; guztia gezurra zen, asmaturiko istorio bat. Gezur sare horren eraikuntzan, Vincent-en sare sozialak ere sortu zituen, harreman birtualak landu eta biktimen elkarteko kide garrantzitsua izaten amaitu zuen. “Zergatik?” ,“zertarako?” guztiok buruan bueltaka dauzkagun galderak dira. Fikzioaren bidez iristen zaigunaren arabera, erantzuna argia da: protagonistak ez du soilik besteen errukia bilatzen, bere bizitzari zentzua emango dion egitura bat aurkitu nahi du. Komunitate baten kide izatearen nahiaz eta oinazearen erdian pertsonek balioetsiak izateko beharraz hausnartzen du.
Protagonistaren rola Laure Calamy aktore frantziarrak jokatzen du. Chris rockaren eta punkaren zale amorratua den paristarra da, eta, itxuraz, lotura emozionalak aurkitzeko arazoak ditu. Protagonista ez da iruzurgile tipiko horietako bat; ez doa (soilik) etekin ekonomikoaren atzetik, gogobetetze intimoago baten atzetik baizik, lorpen emozional batekin zerikusia duena, talde batean integratuta sentitzearekin eta bere lanagatik aitortua izatearekin lotura zuzenagoa duena. Calamy-k pertsonaia konplexu horrek behar dituen ñabardura guztiak eransten ditu.
The Thief, His Wife and the Canoe
(Filmin)
“The Thief, His Wife and the Canoe” (Lapurra, emaztea eta kanoa, euskaraz) lau zatitan banatzen den drama bat da, eta John Darwin eta bere emaztearen benetako istorioa azaltzen du; bizitza-aseguru bat erreklamatzeko helburuz, Darwin-ek bere heriotza simulatzen du. Emaztearen konplizitatearekin egiten duen zerbait da, baina bi seme-alabek ez dute horren berririk. Bizi-aseguru garrantzitsu bat kobratzeko eta familian dituzten finantza-arazoak konpontzeko, kanoa-istripu batean hil zela sinetsarazteko plan bat asmatu zuten.
Dramaren eta komediaren arteko oreka mantentzea lortzen du telesailak, eta egoeraren zentzugabekeria eta pertsonaien konplexutasun emozionala agerian geratzen dira. Eddie Marsanek bikain jokatzen du John Darwin manipulatzaile eta etikarik gabeko gizonezkoaren rola; bere izaera manipulatzaile eta egozentrikoaren testigu bilakatzen gaitu. Bere arazoetatik ihes egiteko edozertarako prest dagoen pertsona baten erretratua sinesgarria eta sarritan aztoragarria da. Monica Dolan-ek ere lan aparta egiten du Anneren rolean; senarrarenganako leialtasunaren eta eutsi behar dioten gezurraren pisuaren arteko barne borroka etengabean arituko da.
D'argent et de sang
(Filmin)
Xavier Giannolik zuzendutako telesail frantziarra da, Fabrice Arfi-ren izen bereko liburuan oinarritua. Drama, thrillerra eta krimena nahasten ditu, eta Frantzian inoiz egon den iruzur fiskalik handienetako bati buruzkoa da: 2008 eta 2009 bitartean bertako hainbat enpresek karbonoarekin lotutako BEZaren bidez milioika euroko zerga iruzurra egin zuten. Klima aldaketaren aurkako politikak haien onurarako baliatuta antolatu zuten iruzurra. Hitz gutxitan azalduta: ordaintzen zuenak kutsatzeko eskubidea zuen. Frantziako hedabideek "Mendeko iruzurra" izena jarri zioten auziari.
Simon Weynachter (Vincent Lindon) da pertsonaia nagusietako bat. CO2-aren isurtze-eskubideen merkatuan hutsune legal bat aurkitu duen finantzaria da; hura ustiatzea eta gezurrezko enpresa sare bat sortzea du helburu. Horri esker, zergak saihestu eta dirutza irabazteko aukera izan du hilabete gutxitan. Bere gorakada meteorikoaren eraginez, Parisko elitearekin harremana izaten hasi da; baina erabaki horrek ustelkeria, engainu eta traizioz beteriko mundu ilun batera bultzatu du.
Serieak aberastasuna lortzeko behar den guztia egiteko prest dauden pertsonen anbizio neurrigabea eta ardura falta agerian uzten ditu. Narrazio zehatza, antzezpen lan bikainak eta tentsioa, suspensea eta kritika soziala trebetasunez orekatzen dituen gidoia dira telesailaren bertute nagusiak.
Ripley
(Netflix)
Andrew Scott aktoreak jokatzen du Ripley protagonistaren rola, eta istorioa 1960ko hamarkadan gertatzen da. Estatu Batuetako gizon aberats batek Tom Ripley kontratatu du, semea Italiatik etxera itzul dadin konbentzitzeko. Hortik aurrera, gezur-sare bat ehuntzen hasten da.
Zinema klasiko beltzaren esentzia arnasten da une oro. Eszena bakoitzean dagoen argiaren eta itzalaren lan ia espresionista bikaina da, hamarrekoa. Andrew Scott-en lana ere aparta da, pertsonaiaren garapena eta arku dramatikoa, itzelak. Bere begiradek, isiluneek… pantailari iltzatuta mantendu naute. Kokalekuak duen indarra ere ezin hobeto zukutu dute; Italia narrazioa babesten eta elikatzen duen beste pertsonaia bat balitz bezala ageri da.
Kriminal baten bizitzaren azterketa zehatza landu nahi izan dute, eta horretarako, Zaillianek protagonistaren urrats, portaera eta errutina bakoitza behatzen du, ekintza bakar bat alboratu gabe. Xehetasun planoz josia dago telesaila: protagonistak behatzen duen guztia, gertatuko diren ekintzak aurreratzen dituzten objektuak, hirietako arkitekturaren planoak, eta abar. Zentzu horretan, telesailak erritmo geldoa du, bereziki lehen ataletan, baina zuri-beltzaren amaraunak zeharo katigatuko zaitu hirugarren ataletik aurrera. Beste garai bateko telesaila dirudi: zoragarria da.
The Dropout
(Disney + )
Elizabeth Holmes “Theranos” enpresaren fundatzaile eta zuzendari exekutiboa izan zen. “Theranos” osasun-teknologien eta laborategi klinikoaren arloko zerbitzuen enpresa da.
Holmesek medikuntzaren mundua irauliko zuela agindu zuen: orratzak erabili gabe eta odol-lagin txiki batetik abiatuta, laborategiko azterketak egiten zituen diagnostiko-plataforma garatu zuen. Theranos sortu eta urte gutxira, Holmes Silicon Valleyko izar nagusietako bat bihurtu zen, eta konpainiak milaka milioi dolarreko irabaziak izan zituen. 2015ean, ordea, “The Wall Street Journal”-eko kazetari batek, John Carreyrou-k, argitara eman zuen “Theranos”-en teknologiak ez zuela funtzionatzen. Ikerketak agerian utzi zuen konpainiak diagnostiko okerrak ematen zituela eta erabiltzen zuen teknologiak ez zuela agindutakoa betetzen. Holmesi "iruzur masiboa" leporatu zioten, bezeroak eta inbertitzaileak engainatzeagatik.
“The Dropout” kasu horri buruzkoa da. Zortzi atal ditu, eta bakoitzean Holmesen ibilbidearen alderdi desberdin bat aztertzen du, konpainiaren hastapenetatik eskandaluraino. Kasua aztertzeaz gain, Silicon Valley-ko “startup” kultura eta horren barruan sortzen diren iruzurrak nabarmentzen ditu, eta ikusleak errealitatea eta iruzurraren arteko muga zalantzan jartzera gonbidatzen ditu. Amanda Seyfried aktoreak jokatzen du Elizabeth Holmes-en rola, eta egiten duen lana goraipatzeko modukoa da; Emmy Saria irabazi zuen Emakumezko Aktore Onenaren kategorian 2022an.
Gehigarri modura, beste gomendio bat: 2019an “The Inventor: Out for Blood in Silicon Valley” dokumentala ere estreinatu zuten, enpresaren igoera eta jaitsiera erakusten dituena.