23 NOV. 2024 Faxismoa eta haren oinarri psikologikoak Garrantzitsua da klase kontzientzia iraultzailea sustatzea. (PIXABAY) Eñaut ZEBERIO BERAKOETXEA Psikologian graduatua Faxismoa ez da soilik erregimen politiko bat; krisian zegoenean eta sozialismoaren gorakadaren mehatxuari aurre egiteko kapitalismoak sortutako erantzun autoritarioa baizik. Kontrol soziala bermatzeko, errepresioa eta manipulazio ideologikoa erabili zituen, langile klasearen kontzientzia eta elkartasuna deseginez. Erregimen faxistek autoritatearen eta obedientziaren psikologia erabili zuten boterea sendotzeko, eta Stanley Milgram-en esperimentu ospetsuek erakutsi zuten nola gehienek autoritatearen aginduak jarraitzen dituzten, nahiz eta moralki edo psikologikoki deseroso sentitu. Autoritateak kaosaren eta ziurgabetasunaren aurrean segurtasun ilusioa eskaintzen zuen, eta jendeak lider autoritario bat bilatzen zuen, nahiz eta haren ekintzak beren balioak kontraesanean jarri. Solomon Asch-en adostasunari buruzko ikerketek, bestalde, agerian utzi zuten nola gizarte-presioak norbanakoak iritzia aldatzera bultzatzen zituen. Faxismoak nazioaren batasun “ilusorioa” sortu zuen, non kritika egitea gizarte-bazterketa ekarriz zigortua zegoen. Batasun nazionaleko mezuen bidez, autozentsura areagotzen zuen, eta zalantzan jarri gabe, taldearen irizpideak jarraitzen ziren. Manipulazio honen ondorioz, kolektibotasunaren babesean, norbanakoek beren konbikzioak alde batera uzten zituzten, identitate nazionalari lehentasuna emateko. Faxismoak langile klasearen arreta euren zapalkuntzatik desbideratzeko estrategia argia zuen. Marxismoaren ikuspegitik, langileek kontzientzia iraultzailea garatu behar dute kapitalismoaren aurka egiteko. Hala ere, faxismoak etsaien irudi faltsuak sortu zituen (juduak, komunistak edo bestelako talde "arriskutsuak"), eta horrela, jendearen frustrazioa eta haserrea desbideratu zituen. Jendeari benetako etsai ekonomikoak identifikatu ordez, beste talde zapaldu batzuk demonizatzera bultzatu zuen jendea, kapitalismoaren egitura ustiatzaileak indarrean mantenduz. Beldurra faxismoaren arma garrantzitsu bat izan zen. Etsai errealak edo asmatutakoak erabiliz, beldurrak gizartea polarizatu eta lider autoritario batengan babesa bilatzera bultzatzen zuen. Beldur eta mesfidantza giro batean, elkartasuna ahuldu egiten zen, eta gizartea zatitu eta erraz kontrola zitekeen. Faxismoak, mehatxuak etengabe gogoraraziz, populazioa alerta egoeran mantentzen zuen. Gaur egungo testuinguruan, agerikoa da krisi kapitalistaren testuingurupean hartzen diren neurri eta tendentzia autoritarioak eta faxismoak erabilitako kontrol eta manipulazio tresnak oraindik ere erabiltzen direla. Egungo botere-egiturek beldurra, propaganda eta kontrol kulturalak erabiltzen dituzte. Joseph Goebbels-ek esan zuen moduan, «gezur bat nahikoa alditan errepikatzen baduzu, egia bihurtzen da». Faxismo modernoak desinformazioa eta emozioen manipulazioa ustiatzen ditu, jendea kontrol ekonomiko eta politikoetara alienatuz. Faxismoaren azterketa, iraganetik ikasteko ez ezik, baliagarria da egungo arriskuei aurre egiteko ere. Botere-egiturek obedientzia eta adostasun dinamikak ustiatzen jarraitzen dute, eta garrantzitsua da klase kontzientzia iraultzailea sustatzea, basakeria kapitalistaren forma ezberdinei aurre egiteko eta gizarte bidezkoago bat sortzeko. •