23 NOV. 2024 Uholdeak gure burmuinetan Miren AZKARATE BADIOLA Urriaren 29an valentziar herrialdean gertaturiko hondamendiak gaur arteko oihartzuna izan du medioetan. Eta are gehiago esango nuke, leku guztietan: kaleko elkarrizketetan, lanekoetan, sare sozialetan, familia kideekin izandako telefono deietan… “Dana” okupatu du gure bizitzetan. Hasieran, tragedia komentatzeko, eta ondoren, self service; gobernua kritikatzeko, aldaketa klimatologikoaz hitz egiteko, uholdeek ekarri zuten herriaren elkartasun uholdeaz hitz egiteko… Telebista piztuz gero ez dugu besterik izan, eta berriz ere izutzen nau mass media-k duen botereak horrelakoetan. Nahi izanez gero ez duzu besterik ikusten, ez entzuten, eta zure iritzia ere marioneten moduan moldatzen da. Ikusleriak nortasun eta kriterio handirik ez badu, uraren indarraren irudi horietan joango da bere ikuspegia ere. Ez da hondamendi bakarra izan zoritxarrez, eta izugarri gustatuko litzaidake elkartasun uholde hori hara ere iritsiko balitz. Kuban jazotakoaz ari naiz zehazki. Urriaren 29tik gaur arteko tarte txikian, bi urakan eta bi lurrikara pairatu dituzte irlan. Asko ziur ez garela enteratu, eta ez dut inor errudun egin nahi. Baina bai, han ere oso egoera larrian daude, laguntza handia behar dute. Gobernuaren hitzetan ez dago hildakorik, baina bai kalte material handiak. Honi gehitu azken urteetako inflazio eta blokeo itogarria, janari falta, ur falta eta energia falta. Eta kezkagarriena, ilusio falta. Baina hau dena ez dugu medioetan ikusiko, ez dute nahi. Soilik Kuba guztiz “anikilatuko” duten egunean bonbardatuko gaituzte 24 orduz, lehen munduak komunismoaren diktadurarekin amaitu dugula ospatzeko. Lehen mundu hori, non 200 hildakotik gora izan diren gaizki kudeatutako eurite batzuekin. Kuban, aldiz, bat ere ez, gauza materialen gainetik; tontakeria politikotik haratago, jendea jartzen baitute beti beste guztiaren gainetik. Eta bai, badakit, horrela jarrita, tamalez egunero munduko txoko askotan dute elkartasunaren beharra, etxetik hasita urrutira joan gabe. Baina esan beharra nuen. •