Indarkeria desberdinak eta biktima desberdinagoak
Astelehenean, Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren hilketen urteurrena baino egun bi lehenago, ETAren eta segurtasun indarren bortizkeriaren biktimak gogoan izateko eskultura multzo bat inauguratu zuen Bilboko Udalak, Atalase izenekoa. Plaka batean, Bilboko biktima horietako askoren izenak agertzen dira, nahastu gabe, heriotza horien eragilearen arabera sailkatuta. Segurtasun indarrek egindako hilketen izenak jaso dituen atalean, baina, ez da ageri Iñigo Cabacasena. Atal horretatik kanpo bai, ordea, «behar beste argitu ez diren» heriotzen artean. Cabacasen heriotza argi samar dagoela dirudi, besterik da behar beste edo behar bezala ikertu ez eta harengatik inor ez zigortu izana.
Plaka horrek akats eta hutsune gehiago ditu, Egiari Zor fundazioak eta Etxebarrieta memoria elkarteak salatu duten bezala. Esate baterako, Mikel Martinez de Murgiaren izena ez da inon ageri, ez dakigu behar besteko argipen falta edo inorentzat iraingarri izateko arriskua dela eta. Edonola ere, Guardia Zibilaren biktima da eta horrela dago modu ofizialean aitortuta.
Astelehenean bertan, Gasteizko Gobernuko Justizia Sailak jakinarazi zuen kartzeletan kultur emanaldiak egiteko baldintzak zorroztuko dituela, joan den larunbatean Martuteneko kartzelan “Sarri, Sarri” abesti supermegaezaguna entzun zutela jakin ondoren. Hala izan zen, egileak berak kantatu zuen, abestiak kontatzen duen ihesaldia gertatu zen presondegi berean. Justizia Saileko bozeramaileak esan zuenez, aurrerantzean Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako espetxeetako edozein kultur ekintza egiteko artistei edo jardungo duten taldeei «errespetu eta balioekiko konpromiso bat» eskatuko diete, eta ezingo dituzte biktimak iraindu.
Zer balioz ari dira? Sailburuaren balioez? Haren alderdiarenez? PSEko buruzagi eta EAEko lehendakari ohiak dantzatzen zuen abestia ezingo dute presoek dantzatu? Justizia sailburuak orain aspaldi ez dela esan zuen nekatu gabe eskatuko diela ETAko presoei «egindako krimenak beren gain hartu eta egindako min bidegabea onartzeko», hala nola «justiziarekin kolaboratu dezatela». Zigorraz gainera, bere kontakizuna onartzeko, alegia.
Biktimak iraintzerik ez onartzea zentzuzkoa da, nola ez, ba, orain eta beti. Hala ere, biktima batzuk preso bat kartzelatik irteteak mindu ditzake, eta hori ez dago iraintzat hartzerik. Zenbait biktima, halaber, bestelako biktimak euren aldamenean (mailan) agertzeak ere mindu ditzake. Eta hori ondo kontuan hartzen dute erakundeek, beste biktima asko etengabe baztertu eta mespretxatuz.
Bilboko plakaren goiburukoa bera esanguratsua da: “Bilbon izan diren terrorismoaren eta indarkeriaren biktima guztien oroimenez”. Terrorismoa indarkeria da, baina indarkeria ez da baitezpada terrorismoa; horregatik egin dute, nonbait, indarkeria bien arteko bereizketa. Indarkeria motak erabakitzen du biktimaren maila; edo, hobeto esanda, egiletzak. Hala ere, gustura jakingo nuke (egia esateko, badakit) zer indarkeria motak eragiten zuen (duen) ikara handiagoa, terrorista omen zenak edo terrorista ez omen denak. •