GAUR8 - mila leiho zabalik
Entrevista
Peyman Viyan
PJAK-Kurdistango Bizitza Askearen Aldeko Alderdiko kopresidentea

«Kurdistan eta Balutxistan dira klerikoen zapalkuntzaren helburu nagusiak»

Hogei urte igaro dira ekialdeko kurduen askatasun mugimendua sortu zenetik. Urteurrenarekin batera, lidergo berria aukeratu dute: Emir Kerimi eta Peyman Viyan bilakatu dira PJAKen buru bikoitza, mugimenduaren genero politikak hala eskatuta. Mundu osoa Ekialde Hurbilari begira dagoen honetan, GAUR8k Viyanekin hitz egin du.

Peyman Viyan, iragan martxoan, PJAKeko kolider izendatu berritan ((PJAK))

Kurdistango baseetako segurtasun neurriak direla eta, galdetegi bidez burutu behar izan dugu honako elkarrizketa hau. Ziurrenik, segurtasun neurri hutsa da Viyanek bere buruari buruzko informazio gehiago ez zabaltzea ere. Teheranen mendeko Maku hirian jaio zen (ez du argitu noiz), Turkia, Armenia eta Iranen mugek talka egiten duten lur eremuan, Kurdistango bihotzean, hain justu. Bere gaztaroa borrokari eskaini ostean, Kurdistan Ekialdeko Emakume Askeen Komunitateko liderra izan zen Viyan. Aurtengo martxoan, PJAK alderdiko buru izendatu zuten. 2004an sorturiko taldeak hogei urte bete ditu aurten, Ekialde Hurbila hondorik gabeko leizetik beherantz doala. Iran, Gaza, Turkia, etorkizuna eta, batez ere, Kurdistan izan ditugu hizpide. Anabasari eta errepresioari aurre egin ahal izateko, «askatasuna helburu duten beste mugimenduekin elkartzea» eskatu du Viyanek. Internazionalismorako dei hutsa.

PJAK alderdiak hogei urte bete ditu aurten. Zein izan da zuen mugimenduaren ekarpen nagusia?

Abdullah Öcalan filosofoaren oinarrietan sortu zen Kurdistango Bizitza Askearen Aldeko Alderdia. Gure buruzagiaren indarra mantentzea eta ahalegin politiko eta sozialetan jarraitzea lortu dugu, eta herria defendatzen dugu arlo guztietan, batez ere kulturalki, politikoki eta sozialki. Ez da borroka armatu hutsa, kultur, politika eta gizarte iraultza bat baizik. Emakumeek eta gazteek gidatutako herriaren batasuna da iraultza honetako indarrik handiena, eta Iranen sistema pluralista bat eraikitzeko ahalmena duelakoan nago. Bertan, patriarkatuak, klerikalismoak edo gerontokraziak ez dute lekurik. Herri askeen baloreak Iranen defendatzeko prest gaude, behar den guztietan eta behar den moduan. Bidean, PJAKek sakrifizio handiak egin ditu, herriaren aldeko borrokan bizitza eman duten milaka martiri izan dituelarik. Ondare horri indarberrituta eusten diogu.

Operazio armatuak direla eta, ba al du PJAKek hauek birbideratzeko asmorik epe laburrean?

PJAKek ez dio borrokatzeari utzi, ez eta herriaren askatasunaren aldeko defentsari ere. Edonola, borroka armatua beharrezkoa denean bakarrik abiatzen da; ez da aurretik prestatzen den prozesua. Aipatu bezala, PJAK ez da alderdi militante bat bakarrik, bere lanik garrantzitsuenak arlo politiko eta sozialean bideratzen baititu. Beharrezkoa denean autodefentsa egiteko konpromisoa mantentzen dugu, eta konpromiso hori aurrera eramaten jarraituko dugu. Gure erresistentzia historia ezaguna da, eta gure erantzuna beti izan da aurrekoa baino indartsuagoa. Esaterako, gure azken operazio armatua 2023an izan zen, Kosalan eskualdean (Rojhilat). Une honetan ez gaude fase horretan, baina prest gaude, behar izanez gero. 2011ko su-etenaren ostean, PJAKek sakrifizio handiak egin ditu, martiri eta torturatu asko izan direlarik. Nolanahi, indar iraultzaile orok bere borrokan jarraitu behar du etengabe, eta PJAKek erresistentzia erradikalari eutsiko dio.

Zein harreman du PJAKek beste Rojhilateko alderdi batzuekin, hala nola Komala edota PAKekin?

PJAKek beti eman dio garrantzia batasun nazionalari, Rojhilat-eko eta Kurdistango alderdi kurduen batasunerantz lan eginez. Herriaren alde borrokatu duten alderdi eta pertsonei errespetua diegu, eta harreman koherenteak mantendu ditugu haiekin. Erakunde batzuekin lankidetzan aritu gara zenbait auzi nazionaletan, eta gure ahaleginak bide horretan jarraituko du. Era berean, HDK-I (Irango Alderdi Demokratikoa) eta beste talde batzuekin harreman mugatua mantentzen dugu behar denean. Hala ere, zenbait taldek, hala nola PAKek (Kurdistango Askatasun Alderdia), jendearen interesen aurkako jarrerak erakutsi dituzte, eta horrek lankidetza zailtzen du. Orokorrean, kurduen eta Irango indar guztien batasunerako deia egiten dugu. Egoera arriskutsu bati aurre egiten diogu, eta elkartu ahala indartsuagoak gara. Batasunean datza arrakastarako bidea.

Udazken honetan bi urte bete dira Jina Amini emakume kurduaren hilketak protesta handia piztu zuenetik Iranen. Egun, baina, Mendebaldeko Balutxistanen baino ez dago bizirik, ostiralero errepikatzen diren manifestazioetan. Zeintzuk dira porrotaren atzeko arrazoiak? Lorpenik izan al da?

Altxamenduaren hasieran gertaturiko sarraskia, «Ostiral Odoltsua» izenez ezagutzen dena, tragedia ahaztezin bat da herri balutxearen historian. Ehunka protestari hil ziren egun bakar batean, eta oraindik ere exekuzioak pairatzen dituzte. Zigorra zigor, jendeak ez du etsi, erregimena Balutxistan isilarazten gogor saiatu arren. Balutxistanen ez ezik, esango nuke mugimendua bizirik dagoela Iran osoan zehar. 2022ko protestek hasiera berri bat markatu zuten Iranen mendeko biztanleen historian. Emakumeen eta gazteen gidaritzapean, gizartearen, kulturaren eta politikaren ikuspegiak aldatu egin dira. Iraultzaren izpiritua Kurdistanen jaio zen, aspaldidanik zapalketari aurre egiten dion lurraldean; handik, errepresio lazgarria pairatu duten eskualdeetara ere zabaldu zen, egun bakarrean. «Emakumeak, Bizitza, Askatasuna» lelopean, herri balutxearen identitatea eta existentzia ere azaldu ziren, eta herri horrek dena eskaini dio iraultzari. Giza duintasunik gabeko toki orotan askatasuna bilatzen dute, galtzeko ezer ez dutelako. Balutxeek kurduokin batera altxatu zuten ahotsa. Bi urte igaro ondoren, Kurdistan eta Balutxistan dira klerikoen zapalkuntzaren helburu nagusiak.

PJAKeko bi kide Kandil mendietan, Newroz ospakizunetan. (Karlos ZURUTUZA)

Protestaren antolakuntza eza gabezia nagusitzat hartu ohi da.

Oposizioko indarrek ez dute fronte sendo eta bateraturik eratu, horregatik ez da oposizio koherente bat osatu. Egun, jendearen eta estatuaren arteko arrakalak sakonagoak dira, eta horrek aukera handia sortu du konponbiderako erakunde politiko eta sozial sendoak ezartzeko. «Emakumeak, Bizitza, Askatasuna» altxamenduak aro baten amaiera markatu du, batetik, eta patriarkatuan oinarritutako estatu totalitario, oligarkiko eta teokratikoaren gainbehera, bestetik. Altxamenduak lorpen iraunkorrak sortu ditu, Irango pertsona eta gizarte guztiei eraginez. Erabateko ikusmolde aldaketak sortu ditu jendearengan. Erabilitako lelo bakoitza modu zientifiko eta estrategikoan pentsatu zen, iraganarekin haustura bat sortuz. Emakumeak eta identitateak suntsitzeko joera izan dela eta, bizitza berri bat aukeratu da. Horren ondorioz, azken ehun urteotako emakume eta gizarte kontzientzia sendoena eraiki ahal izan da.

Teheran, baina, bere tresnez baliatu da botereari tinko eusteko.

“Banatu eta menderatu” izan da Irango gobernuaren politikaren ardatza herria zatitzeko. Orain, hala ere, Irango historian une bat iritsi dela ikusten dugu, non herriak elkartu egin diren ezohiko batasun batean. Honela, protesta bizirik ote den galdetzeak ez du zentzurik; jendearen jarrerak argi utzi du ez dela soilik protesta bat, iraultza bat baizik, non gizonek emakumeen askatasunean beraien askapena aurkitzen duten. 2022an, emakumeek askatasuna aldarrikatzen zuten bakoitzean, gizarte osoari zuzendutako deia egiten zuten. Iraultza hau benetan ulertzeko, emakumeak eta bizitza, emakumeak eta gizartea, eta emakumeak eta natura ulertu behar dira. Emakumeak ulertzeak bizitza ulertzea dakar.

Erregimenaren eta jendearen arteko distantziaz gain, ikusten al duzu «erdigune persiarra» eta «gutxiengoen periferia»-ren arteko arrakalarik?

Estatuak nazionalismo persiarra erabili ohi du beste komunitateak isolatzeko. Kurduak, balutxeak, arabiarrak, turkiarrak, gilakiarrak… persiarra ez den edonor gutxiesten jarraitzen du, bigarren mailako hiritartzat hartuz. «Emakumeak, Bizitza, Askatasuna» altxamendua erdigunearen nagusitasun nazionalista eta chauvinista zapaltzailearen aurkakoa da. Nazionalismoak ideologia bat sustatzen du, non estatuak herria definitzen duen, baina alderantziz behar du. Iraultzak ez du lekurik nazionalismo, patriarkatu edota klerikalismoarentzat. Horren ondorioz, jendearen eta estatuaren arteko arrakala handitu egiten da.

Irango presidente berri Massoud Pezeshkian-ek ama kurdua du, eta horrez gain, «moderatu»-tzat hartzen dute analistek. Zer iritzi duzu?

Irango estatua bere une ahulenean dago, eta bere irudia garbitzeko taktika bat besterik ez da Pezeshkian-en izendapena. Irango 45 urteko erregimenaren jarraipen hutsa da, Buruzagi Gorenaren boterea ordezkatzen duena. Herriak erregimenaren benetako aurpegia ezagutzen du dagoeneko, eta ez dago maskara bat hori estaliko duenik. Aldi berean, jendeak hauteskundeekiko konfiantza guztia galdu du, erregimenaren hamaika promesa huts direla eta. Bere kabineteak erregimenaren benetako aurpegia erakutsi du, eta ez du inolako proiekturik herriaren arazo ekonomiko, sozial edo politikoak konpontzeko. Pezeshkian bera figura nazionalista, patriarkal eta chauvinista baino ez da. Esango nuke Irango punturik ahulenak bere muinean daudela. Kanpoko indarrek hori badakite, eta etekina atera nahi diote horri.

Kurduen kontrako errepresio bortitzak milaka hildako eragin ditu. (Karlos ZURUTUZA)

Kanpoko indarrak Gazako gerrari begira ere badaude. Libano eta Iranera hedatu da dagoeneko. Zer eragin du horrek kurduengan? Krisiak aldaketarako bidea ireki al lezake?

Ekialde Hurbileko gerrak, batetik, eta Ukraina eta Errusiaren arteko gatazkak, bestetik, Hirugarren Mundu Gerrari bidea emateko arrisku handia dago. Ekialde Hurbilean lurpeko baliabideengatik borrokatzen den gerra bat dago, bai eta burujabetasunagatik eta diseinu inperialagatik ere. Ekialde Hurbilean, bereziki energia baliabideetan aberatsak diren eskualdeek funtsezko eginkizun geoestrategikoa dute. Ondorioz, lur hauetan bizi diren herriak gerraren biktima nagusiak bilakatu dira, kurduak tartean. Kurduek aldaketa eta eraldaketa gidatzeko duten ahalmena funtsezko elementua bihurtu da gaur egungo egoera politikoan. Herri kurduak demokraziaren eta askatasunaren aldeko borrokaren abangoardian jarraitzen du.

Dirudienez, Turkia Gazako krisiaz baliatzen ari da Kurdistango hegoaldeko eta mendebaldeko eskualdeak erasotzeko. Bonbardaketa kanpainak etengabea dirudi.

Turkiak boterea gerra bidez baino ez du mantentzen eskualdean, gau eta egun, eta eskualdearen ahuleziak aprobetxatzen ditu bere okupazioa zabaltzeko. Bere helburua Kurdistango eskualdeetan duen kontrola hedatzea da, Kurdistango eta Irakeko lurraldeak helburu dituelarik bere amets neotomandarra gauzatzeko. Hego Kurdistanen esku-hartzeek Iran eta Iraken ere ondorioak dituzte. Turkiak Gazako gatazka bere okupazioa legitimatzeko erabiltzen du, baina Gazan gertatzen ari den genozidioaren ardura ere badu. 2011tik, Udaberri Arabiarretik, Turkiak talde jihadistak babestu ditu Ekialde Hurbilean zabaltzeko, eta haietako asko bere lidergopean sartu ditu.

Maiz salatu duzue AEBen inperialismoaren esku-hartzea Ekialde Hurbilean, baina Washington da Rojavako kurduen aliatu bakarra. Hango kurduek eutsi ahal izango al liokete Turkiaren, erregimenaren eta Estatu Islamikoaren presioari AEBetako laguntzarik gabe?

AEBetako inperialismoaren kritika etengabe egin dut Ekialde Hurbilean, bereziki Kurdistanen, beti interes propioan oinarrituta egon baita. Irtenbideak eman ordez, AEBen esku-hartzeak krisiak larriagotu ditu beti, Amerikako interesak herrien gainetik jarriz. Kurdistango auzia eskualdeko oinarrizko kontraesanetako bat da, eta AEBek isilik jarraitzen dute kurduen aurkako faxismo turkiarraren aurrean, bere presentzia estrategikoagatik mantenduz. Edozein aliantza izan arren, AEBek Rojava, Afrin, Serekaniye eta Gire Spi bezalako tragediak gerta zitezen utzi dute. Irtenbidea ez datza Mendebaldeko aliantzetan, baizik eta Siria iparraldeko eta ekialdeko kurduen batasun estrategikoan.

Epe laburrean, zein dira kurduen premiazko mehatxu eta erronka handienak?

Gure kultura mehatxupean dago, gure hizkuntza arriskuan, eta gure populazioa deserriratzen ari da. Gure gizartea baztertu egiten dute, gure independentzia arriskuan jarriz. Hala ere, azken 50 urteetan gure erro kulturalak berreraikitzen aritu gara gure mugimendua aurrera eramanez. Baina 50.000 «martiri» inguru izan ditugu borroka honetan. Kurdistan erresistentziaren erdigune bihurtu da, eskualdeko arazoak konpontzeko eredu demokratiko bat eskainiz. Hori dela eta, munduko botere handiek gudu-zelai bihurtu dute Kurdistan. Kurduek bost urte daramatzate beren liderra, Abdullah Öcalan, ikusi gabe. Marjinazio estrategikoren adibide garbia dugu honako hau. Ekialde Hurbil berriko botere hegemonikoek ez dute asmorik kurduei beren patuaren jabe izaten uzteko. Ondorioz, isilik geratzen dira Turkiaren erasoen aurrean, Israelek, AEBek eta NATOk Turkiaren agenda sustatzen duten bitartean. Kurduen aurkako giza eskubideen urraketen aurrean isilik egon dira, sistema zapaltzaile bat babestuz aldi berean. Kurduen aurkako genozidioa herri libre guztiak zapaltzeko saiakera bat da, eta eskualde osoan ari gara ikusten dialektika hori. Gure herriaren askapena ezin da sistema horretan oinarritu. Irtenbidea askatasuna helburu duten beste mugimenduekin elkartzean datza.

Emakumeen zentro bateko boluntarioak Kamishlin, Rojavako hiriburuan. (Karlos ZURUTUZA)

 

PJAK, PROIEKTU ASKATZAILE BATEKO KIDE

Kurdistango Herrien Konfederazioa (KCK) nazio erakundearen barruan dago PJAK alderdia. Bertan, besteak beste, taldekideak ditu Kurdistango Langileen Alderdia (PKK) edota Batasun Demokratikorako Alderdia (PYD). Gazteriaren Kontseiluak, Emakumeen Kontseiluak, Kurdistango lau nazio-estatuetako (Turkia, Irak, Iran eta Siria) kurdu populazioaren kontseiluak, eta Europako diasporakoak KCK dute aterpe, eta Herri Babeserako Indarrak (HPG) da haien beso armatua. Kurdistango Herri Kongresuak (Kongra Gel) KCKren parlamentu modura funtzionatzen du eta mugimenduko 300 pertsonak osatzen dute. Lau eskualdeetako kurduak ordezkatu nahi dituen KCK-k Abdullah Öcalanen «konfederalismo demokratikoa» izeneko egitasmoa du ardatz eta abiapuntu: ez da Ekialde Hurbileko mapa eraldatu nahi; bai, ordea, lau estatu horiek deszentralizatu eta demokratizatu. Ereduak 80ko hamarkadan sorturiko «demokrazia erradikala»-ren kontzeptua zuen oinarri, non komunitateak bere erabakiak hartu eta exekutatu egiten dituen. Abdullah Öcalanek sorturiko Kurdistango Langileen Alderdia (PKK) marxismo-leninismoan sustraitu arren bere hastapenetan, Öcalanek anarkismoranzko bidea jorratu du 1999an espetxeratu zutenetik. Esan ohi da Murray Bookchin amerikar pentsalari anarkistarekin izandako korrespondentziak eragin handia izan zuela buruzagi kurduaren pentsamoldean. KCK da, hain zuzen, honako ideologiari eusten diona Ekialde Hurbilean.