GAUR8 - mila leiho zabalik
[DATORRENA]

«Los Caídos» bota edo «Martu» zutik mantendu?


Sarri, dilema politiko baten aurrean, deseraiki behar dugun lehen gauza gure aurreiritziak dira. Gure jarrerek gure historiarekin eta gure egoarekin lotura zuzena dute maiz. Joera horiek mugatzeko eta pentsamendu askeagoa eta eraikitzaileagoa izateko ariketa erraza da: alor batean eredugarritzat jotzen dugun pertsona bat aukeratzen dugu, eta auzi horrekiko dugun posizioa bere ideia eta jarrerekin kontrastean jartzen dugu. Helburua ez da jarrerak inposatuko digun autoritatea onartzea, perspektiba pixka bat eskuratzea baizik. Gainera, ez dugu zertan jarreraz aldatu; nahikoa da argudioak modulatzea gure maila etiko eta politikora egokitzeko.

Eta norberaren mailaren kontzientzia izatea garrantzitsua da beti. Sarri, gure obsesioak eta desio partikularrak kategoria politikora igotzen ditugu. Jakina, bakoitzari berea axola zaio, baina horregatik ez gara besteena ulertzeko ez-gai. Ez genuke izan beharko. Enpatia iraultzailea baita. Baita umiltasuna ere. Gure historian sakrifizioa iraultzailea izan bada, hain zuzen ere harrokeriari muga jarri diolako izan da, nire ustez ez beti modu apalean, onartzen dut.

Behingoz, herriaren eskala gure alde dago. Baita euskal jendarteak erakutsi dituen borroka tradizioak eta pultsu sortzailea ere. Munduan sei jauzi behar badira Lula Da Silva edo Taylor Swiftenganaino iristeko, hemen bi ostikadatan Arnaldo Otegirekin edo Leire Martinezekin topo egin duzu. Borrokalari anonimoa edo izar ezkutua ez bazara behintzat, ez da erraza EH Bilduko buruzagia baino militante hobea izatea, ezta Oreretako artistak baino askoz hobeto abestea ere.

Erorien Monumentuaren inguruan ariketa horixe egin dut. Memoria Joseba Asironi baino gehiago axola zait niri? Berari lezioak emateko gai naiz? Ni, ez. Erabakirik onena zein izango litzatekeen ere ez daukat argi. Tripek TNT eskatzen didate. Buruak, ordea, ondo eginez gero adostu duten proiektua garaipen estrategikoa izan daitekeela esaten dit.

Alor honetan, txikitzea beti ez dela aukerarik onena argi daukat. Adibidez, «Los Caídos» eraistea baino nahiago nuke Iruñeko espetxea eraitsi izan ez balute. Hori bai izan zela galera. Iraganera itzuli ezin denez, orain Iruñeko Askatasun Plazan egiten dena baino gehiago inporta zait Martuteneko espetxea eraistea.

Donostiako kartzelan Dublingo Kilmainham Gaol-eko edo Bartzelonako La Modeloko ereduak txukun egokitu daitezkeela iruditzen zait. Etxebizitzak egingo dituzte bertan, baina zerbitzu komunetan gutxienez kartzelako eraikinaren bi hegal, patioa, hesia eta frontoia mantentzea bideragarria iruditzen zait. Adituek hitz egin beharko lukete; eta herritarrek; eta Udalak.

Jakina, han preso dagoen edo egon den norbaitek esango balit, errepresioa salatzeko museo bat egiteko bada ere, zutik mantentzea biktimen oroimenaren aurkako erasoa dela, serio hartuko nuke haren iritzia eta errespetu handiz tratatuko nuke. Hala ere, ideia bera mantendu ahal izango nuke. Dakigunez, biktima izateak ez duelako edozertarako eskubidea ematen. Eta errespetua beti bi norabidekoa da, ala ez da.

Oroimena beti izango da iraultzailea. Sarri, adinean gora goazen neurrian, memoria eta borroka kolektiboa nostalgiarekin nahasten ditugun arren. •