Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
BUSANGO GAILURRA

Ia 70 herrialdek babestu dute plastiko kutsadura murrizteko munduko ituna

Plastikoa gutxitzeko Nazio Batuetako gailurra egiten ari dira asteon. Hego Korean, Busanen daude bilduta astelehenetik 175 herrialdetako ordezkariak eta 600 erakunde behatzaile, legean eragina izanen duen itun baten bila. Talde horretako 67 herrialdek babestu dute hitzarmena, 2040rako kutsadura honekin bukatzeko.

Busango gailurreko irudia, plastikoen kutsadura murrizteko akordio global bat babesten duen Inger Andersen Nazio Batuen Ingurugiro Programako zuzendari exekutiboak partekatua.
Busango gailurreko irudia, plastikoen kutsadura murrizteko akordio global bat babesten duen Inger Andersen Nazio Batuen Ingurugiro Programako zuzendari exekutiboak partekatua. (@andersen_inger)

Aste honetan Busanen, Hego Korean, egiten ari diren gailurra gobernu arteko batzordearen bosgarren eta azken saioa da. Batzorde hori 2022an eratu zuten Nazio Batuek, legean eragina izanen zuen nazioarteko tresna bat garatzeko mandatuarekin eta 2040. urterako plastikoen kutsadura gelditzeko konpromisoa hartuta.

Astelehenean hasi zen eta bihar amaituko da gailurra. 175 herrialdetako ordezkariak eta 600 bat erakunde behatzaile daude elkartuta bertan, nazioarteko hitzarmen bat adostu nahian, helburu handikoa, polimero sintetikoen produkzioari buruzko eztabaidetan fokua jarrita.

Ingurumenean eta, beraz, gure osasunean kutsadura honek duen inpaktua murriztea da asmoa. Herrialde batzuek sektorea gehiago arautzea nahi dute; bertzeek, ordea, industria petrokimikoari egiten diote men.

Aukera bat

«Benetako aukera bat dugu zerbait egiteko, eta espero dugu hau abiapuntu anbiziotsu bat izatea plastikoen arazoa mundu mailan arautzeko», erran zuen Nazio Batuen Ingurugiro Programako zuzendari exekutiboak, Inger Andersenek, bilkura abiatu zenean.

Hiru puntu zehaztu zituen, Busanen askatu beharreko hiru korapilo: plastikoetan dauden konposatu kimiko batzuk identifikatzea, gizakion osasunerako kaltegarri izan daitezkeenak; plastikoen ekoizpen eta kontsumo jasangarri bat lortzea; eta finantza mekanismo bat sortzea plastikoen hondakinen arazoa kontrolatzeko, epe luzerako nazioarteko ahaleginak babesteko.

Kazetariek bigarren puntua betetzeko dauden zailtasunez galdetu ziotenean, plastiko batzuen nazioarteko ekoizpena kontrolatzeko erronkaz, alegia, kontu konplexua zela onartu zuen Andersenek, eta negoziazioen ahalegina lehen puntuan zentratzea proposatu zuen, dagoeneko badagoen adostasunean aitzinera egiten saiatzeko.

Kosmetikoetan, fardeletan...

«Badakigu gure edertasun produktuetan nahi ez ditugun osagaiak daudela, jan behar ditugun elikagaietatik hurbil, haurtxoen fardeletan... Has gaitezen hortik eta ezar dezagun prozesu bat identifikatzeko, zerrenda batean sartzeko eta horrela hobeki kontrolatzeko», planteatu zuen Nazio Batuen Ingurugiro Programako zuzendari exekutiboak.

«Ez dut uste negoziazioak errazak izanen direnik, baina argi dago herritarrek arazo hau konpondu nahi dutela, eta baita politikariek ere», baieztatu zuen. Bere ustez, konplexutasunak ez du exijentzia maila jaistea eta baliorik edo erranahirik gabeko akordio bat adostea ekarri behar.

Batzordeko presidentea ere, Luis Vayas ekuadortarra, baikor mintzatu zen, planeta eta gure osasuna zaintzeko eta etorkizun jasangarriago bat bermatzeko «benetako aldaketa» bat ekarriko duen akordio bat lortzeko itxaropentsu.

Nabarmendu zuenez, presa gehienez heldu beharreko ingurugiro krisi globaletako bat da plastikoena. Izan ere, ozeanoetako kutsadura osoaren %80ra iristen da, eta hondakin horien zortzi eta hamar milioi tona metriko artean isurtzen dira ozeanoetara urtero.

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundearen arabera, bi hamarkada hauetan izugarri gehitu dira plastiko hondakinak (2,3 aldiz biderkatu dira), 2019an 353 milioi tonatara iritsi arte. %9 baino ez ziren birziklatu. %69 erraustegietara edo araututako zabortegietara joan ziren, eta %22 inongo kontrolik gabe bota edo erre ziren.

Inger Andersenek partekatutako beste irudi bat. (@andersen_inger)

Kalkulatzen da plastikoen ekoizpenak berotegi efektuko gasen isurketen %5 dakarrela mundu mailan. 2050erako kopuru hori bikoiztu eginen dela uste dute. NBEren estimazioek diotenez, 19-23 milioi tona plastiko isurtzen dira urtero ur ekosistemetara.

Gainera, plastikoen ekoizpenak 2.500 milioi dolarreko finantza-zama dakar urtean munduko ekonomiarentzat, ekosistemetan eta gure osasunean duen inpaktuagatik. Vayasek azaldu zuen Busanen bilatzen den itunak ez duela soilik gure osasuna eta planetarena zaintzea xede izanen, baizik eta garapen ekonomiko jasangarria eta plastikoaren industriaren berrikuntza sustatzea ere bai.

GKE-en eskaera

GKE den plataforma batek mundu osoko hiru milioi pertsonak sinatutako eskaera bat bidali zien gailurreko partaideei, «legalki eragina izanen duen hitzarmen global bat eskatuz, plastikoen erabilera eta ekoizpena erabat murrizteko eta, hala, gure eta ingurumenaren osasuna babesteko». Greenpeace, Naturaren aldeko Munduko Funtsa (WWF) eta Break Free From Plastic gobernuz kanpoko erakundeak daude eskaera horren atzean, bertze antolakunde batzuen artean.

«Plastikoen mundu mailako krisiari buelta emateko» galdegin zieten gobernuei, baita «hitzarmenean neurri gakoak ez jasotzeko eta edukia urardotzeko edozein saiakera baztertzeko» ere.

67 herrialderen adierazpena

Hain zuzen ere, Busango gobernu arteko batzorde honetako 67 herrialdek 2040rako plastikoen kutsadurarekin bukatzea helburu duen itun global bat babestu dute. Europako Batasuneko estatu kideak, Ruanda, Erresuma Batua, Mexiko, Costa Rica, Panama, Kolonbia, Ekuador, Peru, Txile, Uruguai, Nigeria, Gabon, Japonia, Hego Korea eta Australia daude tartean, horietako anitz plastikoen ekoizle eta kontsumitzaile handiak.

Busanen aurkeztu duten adierazpenean, «ingurumenean eta gure osasunean plastikoen kutsadurak eragindako ondorio larrietatik babesteko partekatzen duten anbizioa berretsi», eta «legean eragina izanen duen nazioarteko tresna bat garatzea» galdetu dute.

Aurreko lau saioetako negoziazioetan ez dute akordiorik lortu arautzearen aldeko herrialde hauen eta bertzeen artean, plastikoen alde egiten duten herrialdeen arteko desadostasunak direla-eta. Bigarren talde honen sortzailea eta burua Saudi Arabia da. Errusia, Iran, Barein, Txina, Brasil, India eta Kuba ere hor kokatzen dira.

Lehenbiziko taldekoek oinarrizko polimeroen ekoizpena mugatzea bilatzen dute. Erabilera bakarreko ia plastiko guztiak petrolioaren osagai horrekin fabrikatzen dira. Bigarren herrialde taldeak, ordea, nazio bakoitzak plastikoen hondakinen kudeaketa eta birziklapena egin dezala planteatzen du, eta aipatutako polimero horiek azken adierazpenetik kanpo utzi nahi ditu.

Bihar bukatuko da gailurra, eta orduan jakinen dugu ea plastikoen kutsadura gelditzeko aurreneko munduko ituna adosteko gai izan ote diren.