14 DIC. 2024 2 BEGIRADA: Erretiroan Ilustrazioa: ULA IRURETAGOIENA BUSTURIA Ula Iruretagoiena Arkitektoa Arkitekto erretiratuen bazkari batean murgiltzea beste aro bateko atea gurutzatu izanaren parekoa da. Atea zeharkatu orduko zuri-beltzezko irudietan ikusten hastea da; agian beste profesional batzuekin egoera berdintsua errepikatzen da, ez dakit. Burusoil eta ile zuri buruak eta bizardunak dira nagusi, batzuk panazko frakekin, besteak beltzezko jakekin, ez dute aitona itxurarik. Janzkeraren estereotipoak agintzen zuenean legez arkitekturan, profesio eta tribu jakin bati lotua, egun beste profesioetan gehiago nabari dena, esan diseinatzaile edo artistaren kanpo-irudi pentsatua. Garai hartan homosexualitatea gizon nabarmenkeriarekin lotua zegoen eta lan munduan emakumezkoekin gutxi tratatzen zuen belaunaldiak. Golfa, ehiza eta nabigazioa hobby izan dute askok. 50-60ko hamarkadatako arkitekto esanguratsuek diseinaturiko altzariak dituzte etxean, eta marrazteko luma bat eskuan, edadeak galarazi ez duen eskuz marrazteko trebezia adierazteko. Arkitektura profesioaren bokazioaz dihardute, arkitektura maite dutela erraz ahoratzen dute. Erretiroan dauden gehienak beharturik dira lan bizitza uztera; lanean jarraitzeko aukerari eusten diote batzuek, inproduktibitatearen bizitza onartu gabe, arkitektura egin gabe zailtasunez bizitzen. Gehienentzat arkitektura beraien identitatea da, satisfazio handiko aktibitatea, beraien zeregina entzuna eta apreziatua izatera ohituak daude. Atzera begirakoa egitean, harro agertzen dira beraien jardunaz. 80-90eko euskal paisaia eraikiaren egileak dira. Etxebizitza eraikin asko eraikitako arkitekto belaunaldi bat, arkitektura unibertsitate publikoaren lehen irakasleak. Bulego profesionalen zuzendariak izandakoak, bulegoari izena eman diotenak bere izen-abizenekin. Arkitekto kolektiboa txikia zen garaian eraiki zuten, ia konpetentziarik gabe, lana denontzat zegoenean. Tokatu zitzaien garaian hiri lursail asko hutsik zeuden, eraikinak egiteko prestu. Diru asko egin zuten eraikitzen eta elite bat bilakatu da, erosotasun ekonomikoarekin erretiroan. Oraingo arkitekturaren ildoari mesfidantzaz edo gutxiespenarekin begiratzen diote. Ez dute ulertzen. Arkitektura soziologia, antropologia, filosofia eta politikarekin nahastea arkitekturaren materialtasun eta estetika lana gutxiestea dela irizten diote, foku sozialak arkitekturaren lana distraitzen duelakoan. Gaur egungoak agertzen duen gutxi eraikitzeko aukera dramatikotzat jotzen dute, arkitekturarako beste irtenbiderik ikusi gabe. Adimen artifizialaren iraultza arkitekturan biziko ez duten garaia izango dela jakitun, ez dute interesik agertzen. Samurtasuna dariote garai bateko harropuzkeriaren gorputz gutxiagotu horiek. Gustura eraikiko nuke etxe orratz bat, esaten du erretiraturiko batek. Erakusketa bat prestatzen ari dira nire lanekin, dio beste batek. Itzalitako gorputzak luze gogorarazteko azken oihuak. •