14 DIC. 2024 GABONETAKO OPARIAK Olentzero eta Mari Domingiri gutuna idazteko kontuan hartu beharrekoak Etxe gehienetan, batez ere haurrak tartean direnean, urteroko ohitura izaten da Olentzero eta Mari Domingiri gutuna idaztea. Ekintza xumea dela pentsa liteke, azaleko eginbeharra, baina zerrenda hori ongi prestatzeak eta etor litezkeen oparien aukeraketak dirudiena baina garrantzi handiagoa dute. Hona hemen gako batzuk. Este navegador no soporta el elemento video. Asier Aiestaran Abestiak dioen moduan, “bertan ditugu Gabonak”. Olentzero eta Mari Domingi jada prest izango dira menditik jaitsi eta etxez etxe opariak banatzeko. Urte sasoi berezia da, batez ere haurrek urduritasun eta ezinegon handiz bizitzen dutena. Baina haurrek bakarrik ez, gurasoek ere estres handiarekin bizi dituzte sarritan egun seinalatuok. Horregatik, Hezten aisialdi hezitzaile euskaltzalean lan egiten duen elkarteari gomendio batzuk eskatu dizkiogu egun hauetako bizipenak hobeto kudeatu eta oparien aukeraketan laguntzeko. Maite Asensiok, Hezten elkarteko koordinatzaile orokorrak, hartu gaitu Donostian duten egoitzan. Eta lehen aholkua horixe izan da, hartu lasai egun hauek, ez pilatu dagokiona baino urduritasun handiagoa zakuan, gero ondorioak ez direlako nahi ditugunak izaten. «Gabonetako ospakizunen inguruan gero eta lehenago hasten gara hitz egiten. Eta horrek haurrei sekulako espektatibak sorrarazten dizkie, gero betetzeko oso zailak direnak. Ikastetxeek ere badute horretan erantzukizuna, baina gure esku dagoenean, etxean, alegia, egin daitekeena da prestaketa horiek ahalik eta gehien atzeratzen saiatzea. Apaingarriak goizegi ez jartzea eta Gabonei garrantzia kentzen saiatzea, batez ere, horri garrantzia emateak sortzen duen urduritasuna eta ezinegona gero Olentzeroren egunean lehertzen delako etxe askotan». Behin arnasa hartuta, sar gaitezen ba Olentzero eta Mari Domingiren paperean. Zer oparitu daiteke? Zer ez? Ba al daude jostailu egokiak eta desegokiak? Kokatu ahal izateko, opari aukeraketaren kontuan izan beharreko irizpide nagusiak, edo nagusietako batzuk, aipatu dizkigu Maitek. «Garrantzitsua da egiten duten zerrenda edo gutun horretan haurrek benetan zer nahi duten pentsatzea, askotan inguruak bultzatuta eskatzen dituztelako gauzak, beren behar edo gaitasunekin benetako loturarik ez dutenak. ‘Zer nahi dut?’ galderari erantzutea», aipatu du lehenik. «‘Zer behar dut?’ galderari ere erantzun behar lioke zerrenda horrek. Konturatu behar dutelako behar horiek asetzeko garai ona izan daitekeela», jarraitu du Asensiok. «Eta aurrez aipatutako ‘nahi dut’ horretan lehentasunak jartzea. Gaur egun ohituta gaude haurrek izugarrizko zerrendak egitera, baina zerrenda horretan aukeraketa bat egin beharko lukete». Eta kontuan hartu beharreko beste bi faktore ere aipatu dizkigu: «Oparitzen dugun horrek guk beraiekin landu nahi dugun heziketari erantzun beharko lioke: hezkidetza, indarkeria, pantailak... Kezkatzen gaituzten gauza horiek kontuan hartu eta hausnarketa bat eginda. Eta uste dut garrantzitsua dela haurraren gaitasunak kontuan hartzea eta ez ekartzea zerbait frustratuko duena. Sei urteko haur bati hamar urteko batentzat pentsatuta dagoen puzzle bat oparitzea, adibidez. Gomendatutako adina orientazio modura erabili ohi da, baina guk haurraren gaitasuna izan behar dugu kontuan, eta ez hainbeste kaxan jartzen duen adina». Mahai jolasak aukera ona dira familian jolastu ahal izateko, baina hizkuntza edo adin jakin baterako egokia izatea kontuan hartzeko faktorea da. (Gari GARAIALDE / FOKU) Jolas edo jostailu batzuk desegokiak direla nahiko argi izan dezakegu -«argi dago indarkeriarekin lotuta dauden jolas edo jostailuek ez dutela nire ustez inoiz balio egokirik ekarriko, pistolak eta antzekoak», iritzi dio Maite Asensiok-. Baina beste batzuen kasuan zalantza gehiago egon daitezke, genero ikuspegitik, adibidez. «Egia da panpinak eta halakoak askotan balio negatiboekin lotu izan ditugula, baina kasu horretan jostailua bera baino uste dut garrantzitsuagoa izaten dela haurrak jolasterakoan hartzen duen edo betetzen duen rola. Adibidez, haurra ari bada emakumezko panpina batekin beti etxeko lanak egiten, hor bai aztertu beharko genuke rol horiek nondik hartzen dituen. Berez, haurren irudimena oso zabala da eta jostailu berdinarekin jolas desberdin pila bat egin daitezke, batez ere jolas sinbolikoaz ari garenean. Guraso edo hezitzaile bezala begiratu beharko genukeena da, jostailua egokia edo desegokia den baino, haurrek jolasean zer rol betetzen dituzten eta rol horiek nondik datozen». Kalitatea, ez kantitatea Maitek mahai gainean beste gako garrantzitsu bat ere jarri digu: ongi pentsatu behar da zer oparitu, baina baita zenbat oparitu ere. Gure jendarte zahartu honetan ohikoa da haur bakoitzak heldu asko izatea inguruan opariak egin nahian, eta askotan ez da erraza izaten hori kudeatzea. «Nik gomendatuko nuke dena pertsona, guraso edo tutore batek kudeatzea. Haurrarekin gutun edo zerrenda hori osatzen dugunean, lehenik haiekin landu behar da. Bost jostailu nahi baditu, adibidez, benetan zein nahi duen aukeratzeko eskatuko genioke. Haurrak ulertu behar duelako dena ez duela jasoko, eskatzen den guztia ez dela iristen. Haurrak hautaketa bat egin beharko du eta gurasoak beste bat. Eta gero, kontuan izan behar da zer behar dugun. Hori ere garrantzitsua da, egunerokotasunean beharrak sortzen direla ulertzeko. Adibidez: udan haurrak udalekuetara joan nahi du lagunekin, eta horretarako lo-zaku bat behar du. Ez da jostailu bat, behar duen zerbait da, baina ilusiotik eskatu daiteke», jarri du lehen oinarria. «Behin zerrenda hori edukita, familian kudeatu behar dugu. Nork oparitzen dion zer haurrari, eta kontrolatu, opari bat izan dadila, ez pila bat. Bestela erabateko deskontrola izaten da, eta haurrak bosgarren oparia irekitzen duenerako ez daki zer jasotzen ari den ere. Gehiegikeria bat bilakatzen da eta haurrak jada ez du gozatzen. Eta inguruan opariak egin nahi dizkien jende asko daukagunean, beste aholku bat da opari batzuk gordetzea eta hurrengo asteetan ateratzen joatea. ‘Gogoratzen zara Olentzerok hau ere ekarri zizula?’, eta urtarrilaren erdian opari horietakoren bat atera, jolas edo jostailu horri behar duen tartea eskainiz», jarraitu du Maitek. «Askotan opari bat irekitzen dutenean ez dakite zer den, nola jolasten den... informazio asko izaten da egun bakarrean, eta horrek denbora bat eskatzen du. Adituek diote lau edo bost oparitik gora gehiegikeria dela eta haurrek ezin dutela hori dena barneratu. Baina ulertzen dut askotan diskurtsoa erraza dela eta gero errealitatean zaila dela opariei muga hori jartzea. Osaba-izebak, aitona-amonak... inguru bat daukagu hor eta askotan ez da erraza hori dena kudeatzea», onartzen du Hezten elkarteko koordinatzaileak. Maite Asensio, elkarrizketaren une batean. (Maialen ANDRES / FOKU)(Maialen ANDRES) Hori bai, argi izan behar dugu askotan kalitatea kantitatea baino garrantzitsuagoa izaten dela, eta haurrek sarritan gehiago baloratuko dutela nagusi horiek eurekin jolasteko tarte bat hartzea opari jakin bat edo beste egitea baino. «Familia jolasak, karta jolasak... Konpartitzen ditugun momentu horiek beste modu batera gogoratuko ditugu. Denbora eskaintzea eta denbora hori oparitzea oso garrantzitsua da. Baina badago joera hori, haurrek bakarrik jolas dezaten nahi izatearena. Ulergarria da: denok oso okupatuta gaude, etxetik kanpo mila gauza egiten ditugu, oso nekatuta iristen gara etxera... Baina askotan ez da dedikazio handia behar. Etxean denok eduki behar genituzke oso azkarrak diren jolas mota horiek, bost edo hamar minutuan partida bat jokatzeko. Eta denboratxo hori eskaintze hutsak balio handia du», gogoratu du Maitek. Euskara eta pantailak Euskaraz bizi nahi dugunon kasuan, hizkuntza ere kontuan hartzeko irizpidea da. «Inguruaren arabera izaten da, baina askotan haur edo gaztetxoek jolasa edo dibertsioa ez dute euskaraz identifikatzen. Jolasean sartzen direnean hizkuntz aldaketa bat gertatzen da askotan. Kontuan izan behar da jolas gehienetan hizkuntza norberak hautatzen duela, eta zein hizkuntzatan jolastu oso aske geratzen denean ezin da ziur jakin euskara garatzen ari direnik. Horregatik, garrantzitsua da, idatzizko edukiak dituzten jolasen kasuan, horiek euskaraz izatea. Horrela ez bada, nahigabe ere jolasak beste hizkuntza horretan aritzera bultzatuko zaitu. Adibidez, haurrak asko jolasten dira karta bat kopetan jarri eta galderak eginez karta horretan ikusten dena asmatzera. Hori gaztelaniaz etortzen da, eta nahiz eta haur euskaldunek jolastu, nahi gabe ere gaztelaniaz jolastuko dute. Edo Iparraldean frantsesez. Askotan ez diogu garrantzirik ematen, baina saiatu beharko genuke gure ingurua euskalduna baldin bada jolasean ere euskaraz egiten», aurreratu du Maitek. Baina gehitu duenez, euskararekiko ardura oso zabalduta dagoen beste kezka batekin nahasten da sarritan, pantailen erabilerarekin, alegia. «Askotan gehiegi pentsatu gabe oparitzen dizkiegu gaztetxoei pantailadun gailuak, izan tabletak, izan mugikorrak, zorionez gero eta beranduago. Eta oso ohikoa da gailu horietan bideo motzak eta halakoak ikustea. Eduki hori ia dena gaztelaniaz edo frantsesez jasotzen dute. Bideo eta mezu horiek gazteen hizkuntza gaitasunean eragina dute. Ez euskaran bakarrik, baina euskara egoera zaurgarrian egonda are gehiago. Gai oso konplikatuak dira, eta ez zaio behar adina arreta jartzen, nire iritziz». Gaia atera duenez, eta familia askotan gatazka iturri bilakatu denez, pantailen inguruko gogoeta eskatu diogu Maiteri. «Pantailak gure errealitatearen parte dira eta ezin ditugu ekidin. Uste dut hortik abiatu behar dugula. Guraso bezala formazio bat, heziketa bat, lanketa bat behar dugu pantailen inguruan ere. Ikastetxeetan, aisialdian... hor ere heziketa bat ematea garrantzitsua iruditzen zaigu», aipatu du abiapuntu moduan. Eta zuri edo beltz dikotomia horretatik ihes egiteko, elkartean izandako esperientzia bat azaldu digu. Panpinek fama txarra izan ohi dute, baina Maite Asensiok aipatzen duenez jostailua bera baino garrantzitsuagoa da jolasean haurrek hartzen duten rola. (Juan Carlos RUIZ / FOKU) «Duela urte batzuk udaleku bat egin genuen pantailetan oinarrituz. Gaztetxoak euskal ‘influencer’ bilakatzea zen erronka, eta horretarako prozesu bat aurrera eramatea. Gure benetako helburua zen gaztetxo horiek hilabetez euskaraz hitz egiten jartzea, eta horretarako pantailek aukera handia ematen ziguten. Sorkuntza prozesu bat egin behar zuten: bideo bat sortzeko gidoi bat idatzi behar duzu, kasu honetan euskaraz, jendearekin hitz egin behar duzu grabaketa antolatzeko, jantziak adosteko, lekuak erabakitzeko... Beraien arteko harremanak sortzen dituzu eta euskara arlo erakargarri batean txertatzen duzu. Hau Barakaldon zen eta beraiek ez zeuden udaleku horietan euskararengatik, gazte horietako askok euskara ez zuten dibertsioarekin lotuko. Baina lortu genuen haien arreta erakartzea eta behin hori lortuta euskara sartzen joatea. Kontuan izan behar da askotan ingurutik jasotzen duten mezuak ere ez duela laguntzen: beraien euskara ez dela zuzena, edo ez dela behar bezalakoa. Udaleku hauetan lortu genuen beraiek euskal sortzaile bezala ikustea beren burua», nabarmendu du. «Honekin esan nahi dudana da pantailek ere badituztela gauza onak, eta erabili ditzakegula helburu garrantzitsuetarako. Ekiditeak eta existituko ez balira bezala jokatzeak ez du zentzurik, azkenean denon eguneroko bizitzan hor daudelako. Eskolan ere ordenagailua gero eta lehenago sartzen zaie, gaztetxoek gurasoak etengabe pantailekin ikusten dituzte, kalean jendea berdin... Pantailak hemen daude, baina ‘hemen daude’ horretan hartu behar ditugu neurriak horren kaltegarriak ez izateko. Kaltegarriak izan daitezkeelako. Haur eta gaztetxoek pantaila horietan zer ikusten duten ez dakigun unetik kaltegarriak dira. Zer bideo mota ikusten dituzten eta zer mezu jasotzen dituzten. Gu etxean heziketa lan bat egiten ari gara haur eta nerabe horiekin, eta gero agian horren aurka doazen mezuak jasotzen ari dira beste bide batetik. Guk, adibidez, ez ditugu pistolak oparituko eta indarkeriaren inguruan diskurtso bat daukagu, eta gero agian ez dakigu zer bideo ikusten ari diren horren inguruan. Edo beste edozein arlotan». Eta hausnarketa orokorrarekin batera, erabilera mugak zehazten ausartzea ere eskertu diogu Maiteri: «Pantailak noiz? Ba haur txikiei ez, hori oso argi. Kezka handia sortzen dit, adibidez, jatetxe batera joaten naizenean eta ikusten ditudanean bi edo hiru urteko haurrak mugikorrari begira jaten, helduek lasai bazkaldu dezaten. Ez gara konturatzen horrek zer kalte eragin dezakeen, ohitura bat sortzen delako eta ohitura horrek gero behar bat sortuko duelako. Adin on bat? 16 urte aipatzen da, mugikorren kasuan, batez ere. Tabletak? Nik hor ere 16 urte gomendatuko nuke, baina lehenago sartzen bada etxean kontrol batekin izan dadila. Aplikazio pila bat daude kontrol horretarako. Adibidez, zerbait deskargatu nahi dugunean baimen bat eskatzea eta baimen hori gurasoek bakarrik edukitzea. Eta hori komunikaziorako baliatzea. Kontrol bat ezartzeak ez du esan nahi ahaztu gaitezkeenik. Baizik eta hitz egiteko erabili behar litzatekeela: ‘Zer nahi duzu ikusi?’, ‘Zergatik?’ Eta baiezkoa edo ezezkoa argudiatzen saiatu: ‘Jolas hau ez dizut utziko etxe honetan indarkeria ez dugulako nahi eta jolas horri indarkeria zantzuak ikusi dizkiodalako’. Edo ‘jolas hau bai zure adinarentzat egokia iruditzen zaidalako’. Haiek ulertzea ez dela sudur puntan jarri zaigun zerbait, zergati bat dagoela erabaki horien atzean. Eta denbora muga batekin. Izan daiteke astean zehar batere ez eta asteburuetan, denok lasaiago gaudenean, egun bakoitzean ordu erdi edo ordubete, gehiago ez. Adinaren arabera denbora hori luzatzen joan daiteke. Nik pertsonalki ezezagunekin online jolastea ez nuke baimenduko, hor beste arrisku batzuei atea irekitzen diegulako». «‘Zer behar dut?’ galderari ere erantzun behar lioke zerrenda horrek. Konturatu behar dutelako behar horiek asetzeko garai ona izan daitekeela», dio Maite Asensiok «Oparitzen dugun horrek guk beraiekin landu nahi dugun heziketari erantzun beharko lioke: hezkidetza, indarkeria, pantailak..», gehitu du, hausnarketarako tartea hartzeko gomendatuz