14 DIC. 2024 { KOADERNOA } Paperik baduzu? Iker BARANDIARAN Kalean gu baino gazteagoak dira ia guztiak, lan esparruan ere gero eta gehiago, bestelako pentsaera daukate, harritzen gaituzte haien janzkerek eta ohiturek, ez ditugu ulertzen haien lehentasunak… Baina non ikasitakoak dira? Non irakurri dute hori guztia? Orain dela lauzpabost urte hemen, orriotan, idatzi nuen jada ez naizela gaztea. Nire aitortzak -hausnartutakoak, ez pentsa!- izan zituen erreakzio desberdinak: izan ziren adinean nigandik gertu badaude ere, asaldatuta, beraiek, ni ez bezala, gazteak direla irmo aldarrikatu zidaten lagun batzuk; eta baita “bazen ordua!” hasperen alpertua egin zidan bakanen bat ere. Baina bakana izan zen nirekin bat egin zuena, gure belaunaldiak bizitza modu eta estilo idiliko, aisialdiko eta agortu ezinekoa iltzatuta daukalako erabat. Gazte izaten jarraitu nahi dugu, aisialdiari bete-betean zukua atera nahi diogu, orain dela 20-30 urte egiten genituen plan berak egin nahian… eta ez, hori guztia ez da posible, edo ez behintzat lehen bezala eta tamaina berean. Bestelako ardurak ditugu, bestelako mugak, gorputza ez da berdina eta gu ere ez gara berberak. Gainera, guk beste erreferente batzuk ditugu eta gauza askotan gaurko joerekin alderatuta erabat desberdin pentsatzen dugu. Prozesu antzekoa bizi izan dut -eta badakit ez naizela bakarra- arropen, bereziki kamiseten, taillarekin. Ez da pozgarria izaten medium delakoetatik large-ra halabeharrez igaro behar izatea. Beste galera bat? Ez, ba, garaietara egokitzeko beharra eta gizarteak irakatsitako beti-lirain-gazte izate nahi horren desmitifikazio argia. Eta izan ginena galdu nahi ez izatearen premia edo urgentzia ere lotuta dago erabat, esaterako, antzinako musika taldeekin gertatzen denarekin. Etengabe dabiltza aspaldiko musika taldeak berpizten eta agertokietara itzultzen, ia taula gainak bereganatzen. Izan ere, ikusle ugari batzen dituzte, haien sasoikoak batez ere, jakina, eta itzulera horiek gure belaunaldikoei balio diete/digute ispilu faltsu gisa kaleak (edo agertokiak) berreskuratzeko. Nik gero eta gehiagotan esaten dut pertsona nagusia naizela, besteak beste, lan arloan edo beste esparru batzuetan jende askoz gazteagoarekin egoten naizenean, haien eta gure artean dagoen distantzia erraldoiaz jabetuta. Harriduraz begiratzen naute txantxetan ari naizelakoan, baina nik badakit horrela dela eta, zergatik ez!, izandakoaz, bizitakoaz eta orain naizenaz harro ere banago. Tarteka tabernatan egiten dut eguerdiko mokadua eta, inguruan hainbat aukera desberdin baditut ere, bazkaltzera bakarrik joanez gero “Diario Vasco” hegemonikoa ez den beste egunkaririk eskuragarri duten establezimenduen alde egiten dut. Gero eta gutxiago dira prentsa erosten duten ostalaritza establezimenduak eta are gutxiago horren aukera zabala dutenak, eta niretzat garrantzitsua da. Sakelakotik hedabideak irakurri ditzaket, baina ez da gauza bera, niretzat ez dauka parekorik. Lankideei azaldu izan diedanean harrituta gelditu dira papererako debozio horrekin, eta aurrekoan batzuek aipatu zidaten ez dutela bizitzan inoiz egunkaririk erosi. Kioskoan aspaldi aipatu zidaten, tamalez, hegemonikoa den egunkaria erosten duten pertsonak hil ahala utziko diotela papera saltzeari. Nik behintzat, ahal den bitartean, hegemonikoa ez den prentsa paperean irakurtzen jarraituko dut, argi izanda nolabait korrontearen kontra egiten dugula. • Eta izan ginena galdu nahi ez izatearen premia edo urgentzia ere lotuta dago erabat, esaterako, antzinako musika taldeekin gertatzen denarekin. Etengabe dabiltza berpiztu eta agertokira itzultzen