Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea / Redactor especializado en internacional
{ ANALISIA }

Siriaren txingarra itzali ala gasolinaz sutuko da?

11 egun iraun du 54 urte luzez agintean egon zen eta 2011ko matxinada Errusiaren eta Iranen laguntzarekin suntsitu zuen erregimenak. Demokrazia nahiaren mantak txingarra amatatuko al du? Edo islamo-jihadisten gasolinak sua berpiztuko du?

Bashar al-Assad presidentearen irudiari muzin egiten dio miliziano batek.
Bashar al-Assad presidentearen irudiari muzin egiten dio miliziano batek. (Europa Press)

Inork gutxik espero zuena gertatu da Sirian. 11 zenbakiak ugariaren esanahia du euskaraz, baina 11 egun baino ez dute behar izan jihadistek, salafistek eta islamistek Idleb iparraldeko eskualdeko matxinadaren gotorlekuan osatu zuten koalizioak Damasko hiriburura iristeko eta 54 urte luze iraun duen Al-Assad dinastia kriminalaren erregimena azukre koskor bat bezala urtzeko.

2011ko otsail-martxoan, Saharan eta Aljerian sortu zen «Udaberri Arabiarraren» olatuan, ikasle talde batek «Bashar al-Assad Kanpora» margotu zuen eskolaurrean, Siriako Deraa hegoaldeko hirian. Mujahrabat polizia politikoak atzeman, jipoitu eta torturatu egin zituen gazteak. Jendea kalera atera zen eta siriarren haserrea, batez ere gehiengo suniarena, baina ez hori bakarrik, Siria osora hedatu zen, Homsetik hasita Hamara, Kurdistandik eta drusoen eskualdetik Damaskoraino. Askatasuna eta demokrazia aldarrikatzen zuen jendeak. Jakina, hitz potoloak dira hauek eta bakoitzak bere irizpidea eman eta eska diezaieke. Baina hori zen, funtsean.

2000. urtean dinastiaren ondorengotza hartu zuen Bashar al-Assadek ez zuen inolaz ere horrelakorik espero; boterera iristean sasi prozesu demokratikoa agindu zuen, jendea tranpan eroria zela pentsatuta. Hori gutxi balitz, Israelen akuilutzat zuen bere burua erregimenak, nahiz eta errealitatean funtsik gabeko etsaia bilakatu.

Ezusteak eta larritasunak bultzatuta, militarrak eta poliziak atera zituen kalera matxinadarekin amaitzeko. Errebolta gerra zibilean urtu zen. Hala ere, 2012an, Armadan desertzioak jota, eta buruzagien aurkako eraso batzuen ondoren, gerra galtzear zegoen erregimena.

Bere laguntzan joan zen orduan Iran, bere Guardia Iraultzailearekin eta Libanon (Hezbollah), Afganistanen eta Iraken bere aginduetara ziren miliziak bidaliz.

2014ko abuztuan, Damaskotik gertu dagoen Ekialdeko Ghuta auzo matxinatuari bonba kimikoekin eraso egin eta gero, Obamaren AEBek amore eman eta agindutako zigorra bertan behera utzi zuten. Aukera ikusi eta profitatu egin zuen Putinen Errusiak, eta Mediterraneoaren kostaldean bi base militar eskuratu ordez , bere indar militar guztia erabili zuen matxinoen eta bere aldekoen aurka.

Izugarrizko sarraskiak egin ostean, erreboltariak Idleb hirian eta hegoaldeko bazter batean babestu ziren Turkiaren laguntzarekin.

Ordurako matxinadak gero eta kutsu islamistagoa, salafistagoa eta jihadistagoa zuen. Berez bazuen joera hori, oposizioko alderdi bakarra eta indartsuena Anai Musulmanen kofradia izanik, eta ordura arte boterean egon zen Al-Assadtarren dinastia alauia (xiia) delakoa, eta beti mespretxatu izan duelako gehiengo suni txiroa.

Erregimenak, hala ere, berea egin zuen matxinadaren barnean zorrozkeria islamiarra areagotzeko. Protestak 2011n hasi eta berehala aske utzi zituen Iraketik Siriara joan ziren ehunka jihadista eta salafista preso. Bere helburua matxinada terrorismoarekin nahastea zen, eta erabat lortu zuen. Nola ez, Saudi Arabiaren, Emirerrien eta Turkiaren laguntza izan zuen eskualdeko herrialde hauen interesa ez delako matxinada demokratiko eta akonfesionala elikatzea.

Bide batez, erregimenaren errepresioak matxinada militarizatu egin zuen protesta herrikoiak ezabatuz.

Iraketik iritsi zen Estatu Islamikoaren eta bere kalifa-herriaren hasierako arrakastak arrazoi gehiago eman zion erregimenari munduko kantzilerretan matxinatuenganako beldurra uztartzeko.

Kurduek eta Irakeko milizia xiiek kalifa-herriaren bi hiriburuak (Raqa eta Mosul) askatu ondoren, Damaskok garaipen osoa aldarrikatu zuen. Hala ere, egun hauetan begi-bistan geratu den moduan, Errusiaren eta Iranen laguntzarik gabe ez zuen egun bat ere iraungo.

Jendetza Damaskon erregimenaren erorketa ospatzen. (EUROPA PRESS)

2018tik joan zen astera arte fikzio batean bizi zen Siria. Ekonomikoki guztiz ahulduta zeuden, errusiarrak eta irandarrak ziren jaun eta jabe, baina erregimenaren osasun ona saltzen zuten han eta hemen. Ordurako tutoretzapean zegoen pazientea gaixorik zegoen zantzuak atzematen hasiak ziren. Turkiak ahuldade hori baliatu zuen Errusiaren oniritziarekin Siriako Kurduen Rojava eskualdea inbaditu (Afrin) eta erasotzeko.

Horretarako, matxinadaren hasieran, desertoreek eratu zuten Siriar Armada Askeak osatu zituen brigadak erabili ziren, eta erabiltzen ari da, kurduen aurka. Egun, Armada askearen ondorengoak, Siriako Armada Nazionala (SNA), Ankararen morroi bilakatu dira.

Idleben, ordea, ez ziren boteretsuenak. Al Qaedak Sirian sortu zituen bere sukurtsalak, Al-Nosra Fronte jihadistak, eta hainbat talde salafistekin HTS koalizioa osatu zuen (Sortaldea Askatzeko Erakundea, arabieraz). Erakunde jihadista-salafista hau egon da agintean iparraldeko eskualdean eta, Errusiaren eta erregimenaren ia eguneroko aire-erasoek bere gobernua osotasunean eratzeko aukera eman ez dioten arren, kezka sortzen duten zantzu batzuk atzeman izan dira.

HTS koalizioa eta SNAko brigadak, gehienak islamistak, irailaren 27an Idlebetik eta Alepoko eskualdean zuten gotorlekutik atera eta erregimenaren defentsak urruntzeko asmotan martxan hasi ziren bonbardaketak ekiditeko.

Aurrera jarraitu eta bi egunera, Alepo Siriako hiriburu ekonomikoa kontrolpean hartu zuten. Handik hiru egunetara Hama hirian sartu ziren defentsa ahula gaindituz. Haman 20.000 biztanle erail zituen 1981ean Al-Assad aitak, Anai Musulmanen matxinada politikoa eta armatua ezabatu ondoren. Beste hiru egunetan Homs hirian ziren, 2011ko “Iraultzaren hiriburuan”, ehunka manifestari erail zituzten hirian.

Erregimenarena eginda zegoen. Ekialdeko Deir Ezzorretik atera eta Damaskon babestu zen geratzen zen Siriako Armada.

Ordurako Errusiak eta Iranek hiltzen uzteko erabakia hartuta zuten. Moskuk nahikoa du Ukrainarekin. Iran estutzen ari da Israel eta Hezbolllahk geratzen zaizkion bere indar guztiak Libanon behar ditu.

Al-Assad semea Putinek babesean hartu du Errusian.

Sirian behin-behineko gobernua iragarri du HTSk.

Siriar asko pozik daude, baina bide batez siriar asko beldur dira. Erregimen kriminala atzean utzi dute. Aurrean dutena hobea edo are okerragoa izango ote den baikor-kezkati daude.

Siriak, kurduak barne, merezi du bakea, demokrazia eta elkarbizitza. Lortuko al du? Utziko al diote?