[DATORRENA]

2024: dena ez da amesgaiztoa

2024a amaitzear da, eta datozen egunetan urtearen errepasoak egingo dira: Palestina, Trump, indarkeria matxista, eskalada militarra, DANA… ez da urte xamurra izan. Luciana Cadahiak urrian Iruñean aldarrikatzen zuenez, baina, ez dugu zertan «amesgaiztoko mundu bat totalizatu eta horretaz bakarrik hitz egin». Hori funtsezkoa izanagatik, «beste gizarte-lotura batzuk sortzen ari diren bizitzen esperientzia ‘afirmatibo’ horiek guztiak berreraikitzeko ahalegin intelektuala ere» egin behar dugu.

Cadahiak Kolonbiako adibideak jartzen bazituen ere, Nafarroa Garaian eta Iruñean bertan ere badaude zenbait bizipen. Adibidez, hitzaldi hartatik hilabetera eta kilometro bat pasatxora, “eroritako” frankistak goratzetik Maravillas Lamberto eta beste guztiak gogoratzera pasatzeko akordioa egin da. Erregimenaren «eraiste ideologiko eta politikoan» aurrerapauso nabarmena. Bien bitartean, UPNk botere-erregimenean jarraitzen du, geroz eta zatikatuago eta ernegatuago.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ere Urkulluk ezarritako izotzaldia zertxobait urtzen hasi da. “Euskal oasia” delakoa arrakalatu egin da eta EAJren ustezko garaitezintasuna auzitan dago. Horren lekuko, hondar hauteskundeetan ezker independentistak berdindu egin zuen eserlekuetan. Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoan, berriz, lehen aldiz historian, hautetsi ezkertiar eta abertzalea hautatu zuten Frantziako Asanbladarako, Fronte Herritar Berriaren barnean: «Gaurkoa euskaldun guzien garaipena da», aldarrikatu zuen Peio Dufauk. Ez da gutxiagorako.

Dena ez da garaipena, ordea. Gazteek euskaraz ez dutelako hitz egiten kezka agertu da… 1949an Baionan egindako biltzarrean. 75 urte ondoren, gazte haiek zahartu egin dira eta kezkatuta daude gaurko gazteek ez dutelako euskaraz hitz egiten. Normala, noski, baina Ander Perezek “Berria”-n esaten zuen bezala, ez fatala: «Iruñean populazioaren %24,6 bakarrik euskalduna dela esaten dizutenean, erantzun ezazu 50.000 lagun direla hori. Pentsa orain zenbat gauza egin daitezkeen 50.000 lagunentzat. Edo 50.000 lagunekin». Euskal hiriburuetako festen aurtengo hasierak indarraldirako hasiera polita izan litezke.

Gazteak aipatuta, inoiz baino matxistagotzat jotzen dira, baina matxinada feministaren lehen lerroan ikusi ditut ugari (kontra ere bai, noski). Gazteak dira “ziklo aldaketa” nagusiki hauspotzen ari direnak, bai eta Joxerramon Bengoetxearen hautagaitzari babes erabakigarria eman diotenak ere. Aldaketa horien oinarrian “balio aldaketa” bat baldin badago, hori bultzatu dutenak ez dut uste “balio-gabeak” direnik.

Haur, gazte eta heldu, «herri bat gose» agertu ginen udaberrian, «iraun baino, haginka», antolatzaileen arabera «inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuenean». Udazkenean, berriz, Emakume Abertzaleen X. Topaketa Feministetan 500 lagunetik gora elkartu dira, utopiak zirriborratu eta trantsizio feministarako bideak marrazteko. Pentsa, kapitalismoaren amaiera bera irudikatzera ere ausartu dira!

Jakina, kapitalismoa ez da amaitu... baina partida ere ez. Zentzu horretan, badago kontraesan adierazgarri bat: ezkerraren ustez erabateko porrota jasan badu ere, eskuinaren iritziz “diktadura progrea” da nagusi. Eta, bai, badakigu honakoa ez dela “progretargoaren diktadura”, baina asaldura hori zenbait aurrerapausoren zantzua izan liteke, apika. Nekez emango ditugu gehiago, baldin eta emandakoak aztertzen, aitortzen eta ospatzen ez baditugu. •