2024ko telesail laburrik onenak
Olentzero eta Mari Domingi, turroiak eta polboroiak, zuhaitzak eta argiak, koinatua eta txiste jasanezinak, jan-edankeriak eta osteko indigestioak… urte amaierako bikote tipiko eta klasiko horien artean bat gehitzea falta zait: ni eta nire zerrendak. Zinez espero dut, mimoz, kariñoz eta ilusioz osatzen ditudan urte amaierako telesail onenen zerrenda hauek aipatu ditudan elementu horietako batzuk baino gehiago maitatzea.
Ehunka, milaka telesail estreinatu dira aurten; guztiak ikustea ezinezkoa dela aspaldi onartu nuen, baina pantaila txikiak eskaintzen dituen jakien artetik ahalik eta gehien dastatzea gustuko dut. Aurtengoan maila bereziki altua egon dela sumatu dut, zinematografikoki oso aberatsak eta berritzaileak diren edukiak izan dira. Aitortuko dizuet ahalegin ikaragarria izan dela soilik hauek aukeratzea, horregatik iragazki bat jartzea erabaki dut: aurten estreinatu diren mini-serie edo telesail laburren aukeraketa da, eta denboraldi bat baino gehiago dituztenak kanpo utzi ditut.
Ripley
NETFLIX
Istorioa 1960ko hamarkadan gertatzen da. Ameriketako Estatu Batuetako gizon aberats batek Tom Ripley kontratatu du semea Italiatik etxera itzul dadin konbentzitzeko. Hortik aurrera gezur-sare bat ehuntzen hasiko da.
Hitchcocken oihartzunak dituen lan zoragarri horren argazki zuzendaritza aparta da, fotograma bakoitza artelana iruditu zait. Zinema klasiko beltzaren esentzia arnasten da une oro, eta eszena bakoitzean argiaren eta itzalaren lan ia espresionista bikaina da, hamarrekoa. Ez dut kolorearen falta behin ere sumatu telesail osoan, eta zuri-beltzak tarte zabala uzten dio irudimenari. Istorioa modu berezian ulertzeko aukera ere ematen du, distrakzio bisualik gabe, eta suspensea eta misterioa ere areagotu egiten dira; silueta gogorrak nabarmentzen dira, gorputzen ertzak, argi-ilunak, argi-kontrakoak… Zuri-beltzaren erabilerak ere distantzia moral moduko bat ezartzen du protagonistaren ekintzen eta ikuslearen begiradaren artean. Protagonista aipatuz, Andrew Scotten lana ere aparta iruditu zait, eta pertsonaiaren garapena zein arku dramatikoa itzela. Bere begiradek, isiluneek… pantailari iltzatuta mantendu naute. Kokalekua ere zeinen ongi landua dagoen, Italia; narrazioa babesten eta elikatzen duen beste pertsonaia bat balitz bezala ageri da.
Kriminal baten bizitzaren azterketa zehatza lantzea zuten helburu, eta horretarako, Zaillianek protagonistaren urrats, portaera eta errutina bakoitza behatzen du, ekintza bakar bat alboratu gabe; xehetasun planoz josia dago telesaila. Zentzu horretan, kontakizunak eskatzen duen erritmo geldoa du, bereziki lehen ataletan, baina zuri-beltzaren amaraunak zeharo katigatuko zaitu hirugarren ataletik aurrera.
Sambre
MOVISTAR+
Frantziaren historian emakume gehien bortxatu duen gizonezkoaren benetako kasua du hizpide; 80ko hamarkadan hasi eta 2018ra arte luzatu zen ikerketa. 30 urte baino gehiagoan garatzen den istorio honetan, gizartearen, erakundeen eta, jakina, biktimen bilakaera ikusiko duzue. Poliziaren eta sistemaren beraren etengabeko akatsak, zabarkeriak eta mespretxuak agerian geratuko dira. Kronika oso zehatza osatu du Lestradek; sotila bezain gordina da, biribila bezain aseptikoa, morbotik zein sentsazionalismotik ihes egiten duena, eta biktimak narrazioaren erdigunean kokatu ditu.
Alice Geraud-Arfi idazle frantziarraren izen bereko liburua izan dute oinarri; Lestradek, Marc Herpoux-ek eta Geraud-Arfi-k berak osatu duten gidoia biribila iruditu zait, kasuaren erpin garrantzitsuenak ezin hobeto pantailaratu dituzte. Atal bakoitza ikerketaren garapenean funtsezkoa izan zen pertsonaia batean zentratzen da, eta gidoiaren egituran «nor izango ote da kriminala?» galdera hasieratik saihesten da; erasotzailea hasieratik ezagutzen dugu. Gainera, bortxatzailearen ekintza kriminalak ez ditu inongo momentutan erakusten, eta haren ondorio latzak baino ez ditugu ikusten. Nola izan zen posible, hain eremu txikian, 30 urtez gizon batek 50 emakume baino gehiago bortxatzea? Galdera horri erantzuna ematen saiatzen den mini-serie biribila osatu du Lestradek, eta bortxaketaren kultura gure sisteman hain errotuta zergatik dagoen erakusten du.
Ikuspegi berritzailea eta narrazio zirraragarria eskaintzen dituen ezinbesteko obra iruditu zait. Eredugarria da; benetako kasuak jorratzerako orduan fikzioak eman dezakeen (eta eman beharko lukeen) guztiaren adibide aparta da.
Querer
MOVISTAR+
Zehaztasun ia kirurgikoz onespenaren eta tratu txarren inguruko erradiografia hiperrealista aparta osatu du Alauda Ruiz de Azuak. Hunkitzea eta batez ere gogoeta eragitea lortzen du ekoizpenak. Mirenen (Nagore Aranburu) bidaia judizial eta familiarra azaltzen du; emakumeak Iñigo Gorosmendi (Pedro Casablanc) senarra salatzen du, 30 urtez ezkonduta egon ostean egindako bortxaketa jarraituengatik.
Onespenari buruzko elkarrizketak aktualitatearen erdigunean daude, eta duela sei bat urte pentsaezinak ziren gaiak birplanteatzen dira. “Querer” telesailak zorroztasun handiz, eta morboa saihestuz, eztabaida boteretsuak sortzeko gaitasuna du. Telesailak agerian uzten du askok ez dakitela biktima batek nola jokatzen duen, eta gehienetan norberaren ongizatetik epaituak izaten direla. «Zergatik ez zenuen ezer egin?»; «Zergatik ez zenuen garrasirik egin?»; «Zergatik ez zenuen lehenago salatu?»... Eta halako galderak sarritan entzuten dira.
Lan heldua, sotila eta oso ausarta osatu du Ruiz de Azuak. Erantzunak eman baino gehiago, ezkutuan dauden galderak agerian uzten dituen harribitxia da. «Maitasuna ikusezina delako, baina baita beldurra ere».
Baby Reindeer
NETFLIX
Probokatzailea eta gordina da. Iluna eta deserosoa, baina “Baby Reindeer” telesailaren 30-45 minutuko zazpi atalak etenik gabe irentsiko dituzu. Jazarpenari eta traumari buruzko erretratu nahiko konplexu eta gordina da.
Donny-ren helburua komikoa izatea den arren, zerbitzari lanak egiten ditu pub batean. Tartean, ahal duenean, stand-up ikuskizunetan parte hartzen du. Tabernan lanean ari den egun horietako batean, Martha izeneko emakume bat esertzen da barran; triste eta goibel ikusten du. Donny-k sekulako pena sentitzen du emakumeak laguntza behar duela ohartutakoan, eta te bat hartzera gonbidatzen du. Martha, bere adeitasunarengatik guztiz liluratuta, zerbitzariarekin obsesionatzen hasten da. Hortik aurrera gertatuko den guztiak asaldatu egingo zaitu.
One day
NETFLIX
Leo Woodall eta Ambika Mod aktoreen lana eta pertsonaien arteko kimika eta magnetismoa dira telesailaren euskarririk sendoenak. Erlazio erromantikoaren eta adiskidetasun anbiguoaren arteko istorio gazi-gozo ederra eta dramatikoa osatu dute.
Lehen atalean Dexter eta Emma ezagutuko ditugu, unibertsitateko graduazioaren unean. Elkarrekin joan dira festatik, gaua eta hurrengo eguna elkarrekin igaroko dituzte, baina horren ostean agurtu egingo dira -Dexter-ek Frantziara bidaiatzeko asmoa du-. Ustekabeko elkartze iragankorra dirudien une hori, 20 urtez maitasun- eta adiskidetasun- istorio bihurtuko da.
19-38 minutu bitarteko 14 atal ditu guztira telesailak, eta horietako bakoitzean egun bat azaltzen da; lehen hamabietan 1988ko lehen egun hori eta 1999 bitarteko egunak. Azken bietan, aldiz, 2000-2007 urte bitartekoak. Ikusle gisa, protagonistei beti egun berean egingo diegu bisita, uztailaren 15ean. Egitura berezi horrek hutsuneak apurka betetzen laguntzen du.
Soinu banda ederra du, espazioa eta denbora zentzuz erabiltzen dira telesailean, eta meheki garatzen da istorioa. Komedia erromantikoen osagarriekin hasten den arren, amaitzean ohartuko zara gehiago duela drama erromantikotik.
D’argent et de sang
FILMIN
Xavier Giannolik zuzendutako telesail frantziarra da, Fabrice Arfi-ren izen bereko liburuan oinarritua. Drama, thrillerra eta krimena nahasten ditu, eta Frantzian inoiz egon den iruzur fiskalik handienetako bati buruzkoa da: 2008 eta 2009 bitartean bertako hainbat enpresek karbonoarekin lotutako BEZaren bidez milioika euroko zerga iruzurra egin zuten. Klima aldaketaren aurkako politikak haien onurarako baliatuta antolatu zuten iruzurra. Hitz gutxitan azalduta: ordaintzen zuenak kutsatzeko eskubidea zuen. Frantziako hedabideek "Mendeko iruzurra" izena jarri zioten auziari.
Simon Weynachter (Vincent Lindon) da pertsonaia nagusietako bat. CO2-aren isurtze-eskubideen merkatuan hutsune legal bat aurkitu duen finantzaria da; hura ustiatzea eta gezurrezko enpresa sare bat sortzea du helburu. Horri esker, zergak saihestu eta dirutza irabazteko aukera izan du hilabete gutxitan. Bere gorakada meteorikoaren eraginez, Parisko elitearekin harremana izaten hasi da; baina erabaki horrek ustelkeria, engainua eta traizioz beteriko mundu ilun batera bultzatu du.
Serieak aberastasuna lortzeko behar den guztia egiteko prest dauden pertsonen anbizio neurrigabea eta ardura falta agerian uzten ditu. Narrazio zehatza, antzezpen lan bikainak eta tentsioa, suspensea eta kritika soziala trebetasunez orekatzen dituen gidoia dira telesailaren bertute nagusiak.
Los años nuevos
MOVISTAR+
Hamar urte bikote baten bizitzan, hamar gabon zahar gau eta 10 kapitulu; atal bakoitzean egun horietan gertatzen dena soilik ikusiko dugu. Premisa sinple eta zehatz horrekin, Rodrigo Sorogoyen-ek, Paula Fabra-k eta Sara Cano-k sekulako harribitxia sortu dute. Ikusle gisa kapitulu bakoitzaren hasieran hasiko dugu bidaia eta, behatxulo batetik begira egongo bagina bezala, denbora-tarte horretan gertatzen denaren testigu izango gara.
Gidoia biribila da; soila, zehatza, organikoa, samurra, detaile txikiz josia eta oso aberatsa. Oso ondo idatzitako narratibari esker lehen ataletik azkeneraino harrapatuko zaitu eta emozioen zurrunbilo batean barneratuko zara. Gainera, istorioarekiko sentitzen dugun atxikimendua ez da etorriko gidoi biraketa harrigarrietatik; hemen, epikotasuna intimitatetik jaioko da, gauza txikietatik, bi pertsonen arteko erlaziotik; elkarrizketak, ekintzak, isiluneak, erabakiak… horiek guztiek ematen diote telesailari emozioa, mamia eta kolorea. Iria del Rio eta Francesco Carril aktoreen lana itzela da.
Berezko distira duen proposamena da; bizitzari, denboraren joan-etorriari eta giza harremanei buruzko ikuspegi zehatz, sakon eta batez ere errealistagatik nabarmentzen da telesail hau. Bihotza hunkitzeko eta barrenak mugitzeko gai den harribitxia da.
Say nothing
DISNEY+
Irlandako gatazka armatuaren testuinguruan kokatzen den fikziozko thrillerra da, "Troubles" izenez ezaguna den testuinguru historikoan kokatua; Ipar Irlandako gatazka politiko eta militarrean, IRA eta Erresuma Batuko indarrak aurrez aurre zeuden garaian. IRAko zenbait kideren bizitzak azaltzen ditu; Price ahizpak dira istorioaren ardatza, Marian eta bereziki Dolours. Lehen unetik Belfasteko kaleetan murgilduko gaitu serieak; hiria bera narrazioaren beste protagonistetako bat da. 70eko eta 80ko hamarkadatako Belfasten birsorkuntza aparta da, eta girotze lana xehetasunez josia dago.
Zalantzarik ez dago, urteko telesail nabarmenetakoa da -alderdi artistikoa, antzezpen lanak eta gidoia itzelak dira-, baina era honetako kontakizunetan, zeinetan emozioek gainezka egiten duten, zaila da ikusle gisa distantzia objektiboa mantentzea: gatazka guztietan gertatzen den moduan, norberaren ikuspuntu politikoa edo pertsonala jokoan sartzen da. Zentzu honetan, telesailak zalantzak eragin ditzake; euskal gatazkari buruzko fikzio traketsenetan sarritan egin ohi den moduan, alde batekoak gaizkile, krudel, inozo edota gupidagabe moduan deskribatzen dira, beste aldekoak, aldiz, ez.
Ahizpa protagonistak dualtasun interesgarri baten barnean erakusten dira, baina gainerako pertsonaiekin zurira ala beltzera jotzeko joera dago, grisik existituko ez balitz bezala. Bi alderdiak erakusten diren arren, balantza apur bat desorekatua dago. Galde diezaiotela bestela Gerry Adamsi.
La Fievre
MOVISTAR+
UNFPren sari banaketan, «toubab zikina!» (toubab-ek woloferaz zuria esan nahi du eta konnotazio gutxiesgarria du) oihukatzen duen aldi berean, gizonezkoen futbol talde bateko izarrak (beltza) burukada bat ematen dio bere entrenatzaileari (zuria). Gertakari horren bideoa izugarri zabaltzen da eta sareak sutan jartzen ditu. Hortik aurrera, bi emakumek gidatutako gerra mediatikoa hasten da: alde batean, futbol taldeak premiaz errekrutatuko duen Sam Berge, komunikazio agentzia batean lan egiten duen kontseilari politikoa. Beste muturrean, aldiz, Maire Kinsky aurkezle eta umorista probokatzailea; ez du inolako eskrupulurik gertaera instrumentalizatzeko eta eskuin muturrak boterera iristeko puztutako arraza eta politika tentsioak ustiatzeko.
Telesailak erritmo geldiezina du, oso bizia eta entretenigarria da eta, gainera, pertsonaiak ez ditu inongo momentutan alboratzen. Sei ataleko serie honek, Estatu frantseseko gizonezkoen futboleko eskandalu baten aitzakiaz, eskuin muturreko hedabideek eta sare sozialek gorrotoa pizteko eta sortzeko polemikak nola zabaltzen dituzten erakusten du. Politikariek, masak mugiarazteko helburuz, narratiba nola manipulatzen duten eta horrek gizarte-kohesioari nola eragiten dion ere aztertzen du. Futbola, polarizazio politikoa, fanatismoa, albiste faltsuak...
Yo, Adicto
DISNEY+
Javier Ginerren izen bereko liburu arrakastatsuaren egokitzapena da. Egilearen benetako gainditze istorioa azaltzen du; hainbat urte eman zituen alkoholarekiko, drogekiko eta sexuarekiko adikzioaren espiral autosuntsitzailean murgilduta. Errehabilitazio prozesua eta drogekiko mendekotasuna gainditzeko borroka ditu ardatz telesailak, baina, testigantza pertsonal arrunta izateaz harago, adikzioaren izaeraren azterketa sakona eta latza ere egiten du.
Egitura narratiboa eta gidoia, oro har, telesailaren alderdirik sendoenetakoak dira. Maisuki egituratuta dago guztia; protagonistaren une intimo zein emozionalak ezin hobeto orekatu dituzte droga mendekotasunaren ondorio sozial eta psikologikoei buruzko azterketa zabalagoekin. Baina ekoizpen honen sostengurik eta euskarririk handiena aktoreen lana da. Oriol Plak egiten duen lana ikaragarria da, ezin deskribatuzkoa.
Ikus-entzunezkoetan, sarritan, adikzioaren eta osasun mentalaren gaiak modu desinformatu eta friboloan jorratzen dira, baina “Yo, adicto”-n ez da halakorik; liburuarekin gertatu zen moduan, arazo hori duen jende askorentzat lagungarria izan daitekeen proposamen bat da; akaso haiei zuzendua dago lan hau.
Boiling Point
MOVISTAR+
2021ean “Boiling Point” filma estreinatu zen, 92 minutu irauten dituen sekuentzia plano bakar batean grabaturiko film itogarria. Denbora errealean Londresko modako jatetxe bateko gau bakar bat erakusten du. Jendez gainezka dagoen jatetxe horretan murgiltzen gaitu, eta kamerak Andy Jones (Stephen Graham) sukaldari buruari jarraitzen dio; guztia pikutara bidali dezakeen krisi pertsonal eta profesional baten erdian dago. Tentsioa eta urduritasuna areagotu egiten dira, eta apurka irakite puntura iristen da.
Bada, film horren amaieratik abiatuz, BBC kateak “Boiling Point” mini-seriea estreinatu du, eta jatorrizko aktoreak eta lantaldea mantendu dituzte; sei hilabete beranduago girotzen da eta Carly-ren pertsonaiari (Vinette Robinson) pisu handiagoa ematen diote. Bai edukian eta baita forman ere kontinuista da, baina sekuentzia plano bakar batean filmatzearen erabaki arriskutsu hori bazterrean utzi dute oraingoan. Barne gatazkaz josita dauden pertsonaien bitartez sukalde frenetiko batean murgiltzea liluragarria iruditzen zait, badu zerbait magnetikoa.
The Penguin
MAX
“The Dark Knight” saga entzutetsuarekin batera, saguzar famatuari buruz egin den filmik interesgarriena eta sendoena Matt Reevesek 2022an zuzendu zuen “The Batman” iruditzen zait. Protagonistaren rola Robert Pattinsonek jokatzen du. Tonua eta erritmoa deigarriak dira oso; izan ere, gertuago dago “Seven” eta “Zodiac” filmetatik, superheroien inguruko proposamenetatik baino.
“The Penguin” film horretako gertakarietatik astebetera girotua dago; Batmanen etsai mitikoari buruzkoa da: Oswald Cobblepot -“Pinguinoa” ezizenez-, Colin Farrellek maisuki antzeztua. Begiradak pertsonaia horretan jarriak dauden arren, ezustekorik handiena Cristin Milioti aktorearekin hartu dut; Sofia Falconeren rola jokatu du, eta lan paregabea egin; haren pertsonaia mamitsua eta oso interesgarria da.
Pertsonaien garapenean eta tramaren angelu guztietan behar bezala sakontzeko, erritmo nahiko geldoa erabiltzen da hasieran; ikusle batzuk uxatuko dituen arren, guztiz egokia eta logikoa da hautu hori, ezinbestekoa unibertso berezi honetan behar bezala murgiltzeko. Hau ez da superheroien inguruko istorio klasikoa, antiheroi batean zentratutako kontakizuna baizik: boterea, traizioa, mendekua, aliantza aldakorrak... Gehiago du tragedia klasikotik edo gangsterren eta mafiaren munduan girotutako istorioetatik.