21 DIC. 2024 Hemen biktima guztiak ez dira berdinak izan Miren AZKARATE BADIOLA Alaia Martin Etxebestek emandako elkarrizketa batean zioen bezala, hartutako gai hori ez zen bururatu zitzaion lehenengoa izan. Eta nik ere tarte honetarako beste gai bati buruzko artikulua nuen prest; beraz, gaurkoa, Alaia, zuri esker da. Lehenik eta behin, zorionak, txapela irabazteagatik. Gainontzeko bertsolariei ere bai, bakoitzak egindako ekarpenagatik eta egindako lanagatik. Bejondeizuela! Bigarrenik, eskerrik asko, Alaia, torturaren gaia, aspaldiko partez, lau haizeetara zabaltzeagatik. Zuk ongi esan zenuen bezala, «nahiz dena ahaztu nahi dugun, pasatu ez balitz gisan». Torturari buruzko jardunaldi batzuetatik iritsi nintzen justu etxera zu gai-jartzaileak jarritako gaiari buruz pentsatzen ari zinela. Sofan eseri, eta bigarren bertsora arte ez nizun igarri zein zenuen aurrean elkarrizketatu bezala. Oilo ipurdia dut sabelean eta nonahi, bertsoak entzuten ditudan aldiro. Zer esan? Nola eskertu? Torturatuok bakardade handia sentitu dugu eta gatazkaren biktimarioan azken postutik gertu gabiltza. Mapamundian Euskal Herria koka dezagun eta Euskal Herriak kokatu dezala tortura agenda sozial eta politikoan. Gertatu baitzen, milaka gorputzetan, burutan, bizitzetan, guztiongan. Tortura ez baitzen izan atzo, gaur eta bihar ere bada. Bihotz ez hain apurtu honetatik mila esker, lagun, oso duin zabaldu dituzu hitzak. •