GAUR8 - mila leiho zabalik
IKUSMIRA

Mundua, sei argazki esanguratsutan


(CONTACTO / EUROPA PREsS)

> Eskalada militarra mundu mailan

Polo bakarreko mundutik polo anitzekora, mundu mailako ordena geopolitikoa aldatzen ari da. Tartean, potentzien arteko lehia eta gatazkak azkartzen ari dira, sekulako eskalada diskurtsibo eta militarrarekin. Bi bilioi dolarretik gorakoa da jada mundu mailako gastu militarra (%40 AEBena). Hala, argazki hau munduko txoko ugaritakoa izan zitekeen.

 

(DPR / EUROPA PRESS)

> Sheinbaum, Mexikoko presidente

Mexikoko lehen emakume presidentea da, eta seiurteko honetan Laugarren Iraultzan sakondu nahi du: pentsioen, osasunaren eta hezkuntzaren unibertsalizazioa, soldaten igoera… Bide horretan, lehentasunen artean kokatu du emakumeen aurkako feminizidioari aurre egitea, baita herrialdean gertatzen diren bestelako hilketak saihestea ere.

 

(Ivan ROMANO / GETTY)

> Aita Mari, bizitzak erreskatatzen

«Itsasoz ihes egitera behartutakoen duintasuna eta segurtasuna defendatzea» ipar, aurten ere ehunka bizitza salbatu dituzte Aita Marikoek. Nazioarteko komunitateak «konponbideak eskaintzeko» ardura duela nabarmendu dute. Bien bitartean, «laguntza ematen eta Mediterraneoaren errealitatea ikusgai egiten» jarraituko dute.

 

(Pablo BLAZQUEZ / GETTY)

> Puntu eta segida edo aparte?

Begoña Gomez emaztearen aurkako ikerketa judiziala abiatzean, Pedro Sanchezek bost eguneko hausnarketa egin zuen apirilean, segitzeak «merezi ote zuen» erabakitzeko. Azkenean, jarraitu egin zuen: «Hau ez da puntu eta segida bat izango. Puntu eta aparte bat izango da». Momentuz, hurrengo paragrafoa idazteke jarraitzen du.

 

(Javier MOSTACERO / GETTY)

>Independentismoa Governetik kanpo

Urte askoren ostean, Kataluniako alderdi independentistek gehiengo osoa eta Governa galdu zituzten maiatzeko hauteskundeetan. Juntsek eutsi zion arren, ERCk eta CUPek sekulako beherakada izan zuten. Bilana egin eta estrategiak doitzeko asmoz, Junts, ERC eta CUPek kongresuak egin dituzte. ANC eta Omniumek, berriz, «oinarrizko independentismoa berraktibatzeko» deia egin zuten Diadan.

 

(Remon HAAZEN / GETTY)

> Fronte Herritar Berria, garaile

Estatu frantsesean hauteskunde legegileak egin ziren ekainean eta uztailean. Lehen itzulian ultraeskuinak sekulako emaitzak eskuratu zituela ikusita, bigarrengorako Fronte Herritar Berria eratu zuten La France Insoumisek, Alderdi Sozialistak, Alderdi Komunistak eta beste hainbatek, eta irabaztea lortu zuten. Alabaina, Macronek emaitzei entzungor egiten segitzen du.