«Eredu polizialaren gaia mahai gainean jarri behar da, hau onartezina da»
Tolosako inauterietan Ertzaintzak jaurtitako foam bala batek eskuin begian ikusmena galarazi dio Xuhar Pazos Villabonako gazteari. Gurasoekin izan gara zer moduz dauden jakiteko eta hilabete hauetan gertatutakoak gogoratzeko.
Epaileak kasua artxibatu eta bi astera egin dugu hitzordua. Amorratuta daude erabakiarekin, baina borrokatzeko prest.
Zer moduz dago Xuhar? Eskuin begian ikusmena ia erabat galdu du, ezta?
[Jon PAZOS]: Bai. Lauso ikusten du, ez du ezer ikusten. Zu bere aurrean jarrita bera ez da gai jakiteko aurrean zein daukan. Eta psikologikoki egunak daude. Egun batzuetan pozik ikusten duzu, eta beste batzuetan, sekulako beheraldiaz. Serioago. Bere buruaren barruan sartzea zaila da. Badakigu sekulako amorrua duela, baina azaltzeko zaila da. Eta gu, guraso bezala, pila bat sufritzen. Bizi izandakoa ez da erraza izan. Gaur egun ere berdin jarraitzen dugu, atentzio psikologikoarekin, Xuharrek ere bai. Badauzkagu momentu oso onak, baina oso txarrak ere bai. Egunerokotasunean oreka mantentzea ez da erraza.
Mentalki ere gogorra izango zen prozesua...
[Ainhoa CENZANO]: Uste dut 16 urterekin oraindik ez dela benetan jabetzen begi batetik ikusmena galtzeak zer ondorio ekarriko dizkion. Gidabaimena ateratzeko zailtasunak izango ditu, gauza askotarako oztopoa izango da... Pixkanaka goaz aurrera.
[J.P.]: Etorkizuna mugatu egin diote. Bai ikasketa arloan, bai bizitza sozialean, baita lana bilatzeko orduan ere... Bartzelonara joateko asmoa dugu, bigarren iritzi bat jasotzeko eta ia zerbait egin daitekeen aztertzeko. Badakigu ikusmena guztiz ez duela berreskuratuko, lesioak oso larriak direlako. Begia lehertu egin zioten. Makula guztiz zanpatua dauka eta begi-niniaren erdian orbain bat geratu zaio. Horrek ekarri dio ikusmen frontala, fokuratzea, betiko galdu izana. Bigarren ebakuntza eginda pentsatzen genuen ikusmena zerbait mantenduko zuela, baina ez da horrela izan.
Epaitegietan azken albistea izan da kasua artxibatzea erabaki dutela ertzainen deklarazioak entzun ostean. Nola jaso duzue erabakia?
[A.C.]: Nahiko harrituta geratu ginen. Ez genuen uste hain azkar itxiko zutenik kasua. Nik esperantza handirik ez neukan, baina espero nuen, gutxienez, Xuhar deklaratzera joatea. Zerbait gehiago egingo zutela. Jakin genuenean kasua artxibatzen zutela kolpe handia hartu genuen, amorru handia sentitu genuen.
[J.P.]: Haserre handia. Espero genezakeen beste edozer gauza, baina Xuharren kasua artxibatzea dauzkagun frogak edukita... Irudiak, fotogramak, bideoak... Erkoreka jaunak esandakoa gogoratu besterik ez dago. Hasieran borroka bat zen, gero botilakada bat, gero foam kartutxo bat zela baina ez zuela zuzenean jo, botila bat jaurtitzera zihoan bat besoan jo zuela.. Zuek jaurti duzue foam bala hori, zuek lehertu diozue begia gure semeari. Artxibatu? Baina nola? Guk froga denak eskatu genituen. Nik bideo pila bat eskuratu ditut, telebistan agertu ez direnak. Telebistan hiru segundoko tarte txiki bat ikusten da, Ertzaintzaren karga bat kale batean, eta ikusten da inor ez dela ezer egiten ari. Eta ertzainak ageri dira Euskal Herria plaza aldera kargatzen. Hori izan zen Eiderri eman zioten momentua. Eta beste kalean berdin. Esan zuten beraien integritate fisikoa arriskuan zegoela. Gezur galanta! Irudiak daude, eta kontrakoa erakusten dute. Ez zen batere proportzionala izan. Eta orain artxibatu. Epaileak ez dio eman Xuharri gertatutakoa azaltzeko aukera. Xuharrek deklaratu nahi zuen eta epaileak ez dio kasurik egin biktimari. Azken txosten medikua aintzat hartu gabe, non Xuharri ebakuntza egin zion zirujauak dioen begiko lesioa polizia materialak eragin ziola. Hori idatzita dago. Badirudi erruduna bera dela. Barkamena eskatu behar duela. Ez zuela etxetik atera behar inauteriak ospatzera.
Nola geratuko da kasua orain? Errekurtsoa aurkeztuko duzue?
[A.C.]: Abokatuekin hitz egin genuen eta helegitea martxan dago. Eskatu dugu Xuharrek deklaratzea, onartu ez diren adituen beste froga batzuk onartzea. Horiek denak kontuan hartzea.
Otsailaren 11tik 12rako gauera egin nahi nuke atzera. Nola gogoratzen dituzue lehen ordu eta egun haiek?
[A.C.]: Puff. Nik ordu asko pasatu nituen ospitalean Xuharrekin. Lehen kezka zen Xuhar nola zegoen, noski, baina sekulako amorrua eta haserrea sentitu genuen gero, Villabonan plenoa egin zenean. PNVko zinegotziak aurpegia izan zuen, Xuhar aurrean zegoela, esateko beste gauza batzuk zeudela. Xuharrek sekulako amorrua sentitu zuen, uste dut lehen aldiz han atera zuela. Negarrez hasi zen, minduta sentitu zelako. Horrek min handia egin zion. Geroxeago hasi zen prentsan agertzen ia zer egiten zuen Xuharrek hor eta abar. Inauterietara joan zen, parrandan zebilen gazte bat, kuadrillakoekin...
[J.P.]: Nerabez jositako kale bat, Zaldunita eguna, nerabe pila bat biltzen duena... Eta berak eman behar ditu azalpenak? Ezer egin ez duenean? Erkoreka dena kamuflatzen saiatu zen, gortina bat jartzen eta irudia garbitzen. Bazirudien kale borrokako antolaketa bat zegoela, esanez Xuharrek bazekiela non zegoen. Testuinguru horretan jarri zuen. Benetan? Oraindik ere horrelako istorioekin etorri behar duzu? Gure semeak 16 urte ditu, kale borroka ez du ezagutu. Kale horretan kamera bat zegoen. Oraindik zain gaude ertzainek bideo guztiak emateko. Batzuk bidali zizkiguten, 05:30ekoak, eta ordu horretarako Xuhar ospitaleratuta zegoen. Errekurtsoa aurkeztu, eskatu bideoak, USBak pasatu... Kasurik ere ez.
[A.C.]: Erantzukizuna eskatzen ari gara, besterik ez. Adingabe batek sekulako lesioa izan du begian, lesio hori beraiek eragin dute, eta norbaitek erantzukizuna hartu beharko du.
Behin eta berriro eskatu duzue badela gauzak, eredu poliziala, aldatzeko garaia.
[J.P.]: Eredu polizialaren gaia mahai gainean jarri behar da, baina sistema judiziala ere bai. Sistema judizial honek eredu polizial hori babesten du, inpunitate osoz. Gaia serio jorratu behar da. Lanak egiterakoan, ardurak hartzerakoan, zer pauso egin behar diren, nola... Gure leloa hori da: ‘Bada garaia gauzak aldatzeko’. 2024. urtea da. Urteak daramatzagu gauzak entzuten, eta badirudi aldatu behar duten bakarrak herritarrak direla, kaleko jendea, langileak. Hemen denok aldatu behar dugu, sistema polizialak eta judizialak ere bai.
[A.C.]: Nik, hasierako une hartan, Xuharren deia jaso nuenean esanez «ama, pelotazo bat jaso dut begian», pentsatu nuen ‘ezinezkoa da’. Etxetik irten nintzen pentsatuz beste zerbait izango zela, Xuhar nahastu egingo zela. Eta bai, bada garaia gauzak aldatzeko. Ez zen pilotakada bat izan, baina foam kartutxo bat izan zen. Xuharri halako mina egin bazion horren urrunetik jaurtita, eta gainera diote errebotez jo zuela, bada ez dut pentsatu ere egin nahi zer izango zen zuzenean jota. Eta gero entzun behar duzu kartutxo horiek ez dutela errebotatzen... Pentsatzen duzu hil zezaketela. Nahiz eta bide judiziala itxi, guk borrokan jarraituko dugu.
[J.P.]: Xuhar ertzainek kargatu zuten lekutik 65 bat metrora zegoen. Imajinatu zer abiaduratan ateratzen den foam kartutxoa. Guk bide honetan jarraituko dugu, hau onartezina delako. Gaur guri tokatu zaigu, eta nahi genuke azkena izatea, baina ikusten dugu hartu duten bidearekin ez dutela aldatzeko asmo handirik.
Hori bai, herritar askoren babesa izan duzue; adibide onena, abenduaren 14an Villabonan egindako jaialdia.
[A.C.]: Esango nuke hori izan dela bide honetan gertatu zaigun onena, jaso dugun babesa. Auzolana, lagunen babesa, familiarena, herritarrena... Pasada bat izan da. Eta azken ekitaldi hori erronka handia zen guretzat. Eskerrak eman nahi dizkiegu Villabonako Udalari, musika taldeei, etorri zen jende guztiari eta antolakuntzan laguntzen eta lanean jardun zuten guztiei. Xuharri sekulako indarra eman dio.
[J.P.]: Musika taldeek hasieratik sekulako erantzuna eman zuten, antolakuntzan 160 boluntario baino gehiago, hiru hilabetez bilerak dena ongi antolatzeko... Bihotzez eskertzen dugu, txapela kentzekoa izan zen. Ikusten da herriak, elkartuta, gauza asko lor ditzakeela.