«Ikusten dugu aukerak daudela, baina ez dagoela adostutako ibilbide orririk»
Urteak daramatza Patxi Gaztelumendi larrabetzuarrak euskal selekzioen aldeko mugimenduan. Euskal kirolaren egoerari errepaso bat eman diogu berarekin.
Nafar Pirinioan bizi da gaur egun Patxi, eta Otsagabian egin dugu zita, abenduko egun labur baina goxoa baliatuz.
Irailaren bukaeran jaialdi eder bat egin zenuten Leitzan. Zer ondorio atera zenuten han?
Leitzan hiru herri ekimen elkartu ginen: Gure Esku, Euskal Herrian Euskaraz eta Gu ere bai!. Kirol, lurraldetasun eta hizkuntzaren elkartze bat egin genuen. Kokalekuarekin Leitza herri kirolari bezala omendu nahi izan genuen, eta bertatik hiru gai horiek erabakitzeko eskubidea, hizkuntza eskubideak eta kirolarien eskubideak, batera defendatu. Hiru mugimendu oso desberdin, baina aldarrikapen batzuetan bat egiteko modukoak. Ikusten da gai desberdinetan bat egiteko aukera dagoenean txikiak elkartuta handiago egiten garela. Leitzakoaren ondorioa, oro har, hori izan zen.
Nazioartean ofizialki onartuak izateko eskaeren bidea ireki zuten federazioek. Zer eman du bide horrek?
2020an Eurokopa San Mamesen jokatu behar zen, eta guk, martxoan, Gu ere bai! manifestua, ekimena eta ehunka kirolariren atxikimendua aurkeztu genituen. Besteak beste, euskal selekzioen ofizialtasuna aldarrikatu eta ‘Euskal Herritik mundura’ leloa aurkeztu genuen. Gerora kirol legeak sinatu dira, akordioak egin dira Madrilen, Kirol Legea onartu da Gasteizen eta kirol proba asko eta inportanteak egin dira Euskal Herrian: Munduko Sokatira Txapelketa, eskubaloian nazioarteko partida Euskal Selekzioa ofiziala izanik, Tourra pasatu da Euskal Herritik... Impasse une horretan gaude. Gu izenak berak eraman gaitu baikor izatera. Gu ere bai! diogunean, ‘gu’ zabal batez ari gara, baietz, posible dela esanez, eta horren inguruan jendea biltzeko. Uste dugu orain dela momentua hainbat arlotan ekiteko. Arlo instituzionalean baina nazioarteko parametroetan, nazioarteko federazioetan hori lehiatzeko; arlo instituzionalean baina barne mailan, izan Jaurlaritza edo beste instituzio batzuk, kirolaren alde, kirolarien eskubideen alde jarduteko; eta arlo sozialean, bai kirol mundua bai euskal kirolaren alde dagoen masa kritiko hori guztia, izan talde, kirolari edo kirolzale, aktibatzeko. Ikusten dugu aukerak daudela, baina ez dagoela adostutako ibilbide orririk, arlo horiek aintzat hartuko dituenik.
Pilotan ofizialtasuna lortzeko aukera handia zegoela zirudien, baina prozesua ez da erraza izaten ari.
Bi data inportante datoz: 2026an Argentinan egingo den Munduko Txapelketa eta 2030ean, Euskal Herrian egingo dena. Urratsak egin behar dira 2026an Euskal Selekzioa ofiziala izan dadin, eta ez utzi dena 2030erako. Hori posible dela dioten adierazle asko daude, nahiz eta orain arteko bileretan ez den hori nabaritu. Baina oso urrats inportanteak egin dira hainbat estamentutan. Indarra egin behar da, herriz herri eta klubez klub, geratzen den urte eta erdian hori lortzeko. 2030ean, Munduko Txapelketa Euskal Herrian egiten denean, horren eklosioa izan dadin. Behin nazioartean onartua, antolatzaile moduan goi-mailako txapelketa izan dadin.
Martxoan futboleko gizonezkoen selekzioak ere jokatu zuen San Mamesen.
Urteak ziren gizonezkoen partida jokatu gabe. Alde horretatik erronka handia zen: jokalariei exijituko ote zitzaien etortzea, kluben jarrera, momentu hartan hautatzailerik ere ez zegoen... Urtetako utzikeriaren eta ezintasunaren ispilu. Azkenean klubek, gehiegi arriskatu gabe, jarri zituzten jokalari batzuk, eta jokalari horiek dena eman zuten, ahalegin izugarria egin zuten. Gu ere bai! hasieratik partidaren alde agertu zen. Zale batzuk aurka agertu ziren, baina guk, beti bezala, mahai gainean, aldarrikapen batzuk jarri genituen. Federazioarekin pankartarena adostu genuen, jokalariekin ere bai, mobilizazio bat egin genuen Uruguaiko zaleekin batera, eta kutsu kulturala ere eman genion. Itxura eta ‘Euskal Herritik mundura’ irudi hori ematea lortu zen. Jagoba Arrasate jarri zuten entrenatzaile, Bielsa beste aldean, eta oso partida intentsua eta ona izan zen. Leiho horiek aurkitu behar dira, FIFA leihoak edo egutegian egon daitezkeen aukerak, beste txapelketa batzuetarako entrenatzera etor daitezkeen taldeak, baina argi dago Euskal Selekzioari maiztasuna eman behar zaiola. Federazioari behin eta berriro esan diogu ibilbide orri bat egin behar dela, futbolean bezala beste kiroletan, baina badakigu futbolak traktore lana egin dezakeela. Federazioan hauteskundeak datoz eta inportantea izango da selekzioaren eta ofizialtasunaren aldeko urratsak mahai gainean jarriko dituen euskal federazio bat izatea.
Zalantzak zeuden, baina jendeak ongi erantzun zuen. Masa kritiko batek hor jarraitzen duela ikusten da.
Azken adibide hori izanda, uste dut Euskadiko Federazioak anbizioa eduki behar duela eta partida horiek antolatuz lortu behar duela euskal jokalariek selekzioarekin jokatzeko grina izatea, eta harro egotea horretaz, beraiek ere klubetan esan dezaten «joan nahi dut eta bilatu aukerak hori posible egiteko». Euskal Selekzioaren inguruan inkesta bat egin zen 2021ean zazpi herrialdeetan, eta Naziometroa egiten duen Parte Hartuz institutu horrek beldurra zuen galdera nola planteatu Nafarroan edo Iparraldean. Eta zur eta lur geratu ziren ikusi zutenean Euskal Selekzioaren gaiak atxikimendu handiagoa lortzen duela, adibidez, erabakitzeko eskubideak baino. Nafarroan edo Ipar Euskal Herrian zer naturaltasunarekin ikusten den bertako jokalariek Euskal Selekzioan jokatzea. Historia luzea dago atzetik, Realean edo Athleticen jokatzen duten jokalariak... euskaltasuna ikusteko modu hori askoz errazago barneratzen da kiroletik maila politikoan baino. Lehiatzeko, parte hartzeko eta geure koloreak defendatzeko aukerak behar ditugu. Eta uste dut hori gertatzen denean areagotuko dela federazioetatik euskal selekzioen aldeko dinamika, eta berdin maila instituzional eta sozialean.
Gizonezkoen Eurokopan edo Olinpiar Jokoetan euskal kirolari asko ikusi ditugu emaitza onak lortzen, baina nazio aldarrikapenik apenas. Aldiz, pilotari batzuek Espainiari eta Frantziari uko egin zieten Iruñeko Munduko Txapelketan. Eska dakieke kirolariei halako urratsak egitea?
Gure ustez, oso arriskutsua da ardura guztia kirolarien gain uztea. Eliteko kirolariak ahalik eta lorpen handienak egiteko daude, askotan beraien bekak eta kirol etorkizuna emaitza horiei lotuta daudelako. Asier Martinez datorkit burura. Lortu dituen marka onenak Espainiako koloreak defendatuz lortu ditu, hala defendarazi dizkiotelako, baina nik beti txalotuko ditut bere markak. Edo Oyarzabalen lorpenak. Euskal Selekzioarekin lortzea nahi dugula? Bada, jar gaitezen horretara. Ez dezagun utzi ardura guztia kirolarien esku. Niretzat lotsagarriagoa da instituzioetatik urratsik ez egitea. Zer lortzen dugu Oyarzabalek liskar bat izan eta Eurokopara ez joatearekin? Bai, sekulako oihartzuna izango luke, baina gero gu prest gaude maila horretako erantzun bat antolatzeko? Bere erabakiarekin kaltetu bakarra bera ez izateko? Kontuz zer exijitzen diegun kirolariei. Kirolariek kirol markak lortu nahi dituzte, eta guk aukera eman behar diegu marka horiek lortzeko. Hori gure koloreekin egingo balute, askoz hobe. Ikusten bada horren aldeko giroa, herri giro bat, ziur kirolariek ere maila emango dutela, lehen ere eman izan dutelako.
Kirolaren garrantzia nabarmena da gure egunerokoan, baina politikara jauzi eginda ez da txikikeriatzat hartzen?
Nik galdetuko banu zein arduratzen den kirolaz EAJren Euzkadi Buru Batzarrean edo Sorturen Nazio Kontseiluan... Ez dago kirol arduradunik, ez batean ez bestean. Herri guztietan dago kirol zinegotzia, baina maila nazionalean ez dago kirol arduradunik. Hezkuntzakoa badago, edo ingurumen arlokoa, edo etxebizitza arloan jantzia den pertsona. Esanguratsua da. Baina, era berean, prentsan, telebistan, irratian... kirolak pisua dauka. Kirolak badu presentzia bat gure egunerokoan. Euskal Herrian kirola bizi dugu, eta kiroltasunez gainera. Kiroltasuna ezaugarri bat da, euskaltasunarekin lotura handia duena. Baina hori gero ez dago ordezkatuta maila politikoan. Galdera hor dago, eta erantzuna gizartean eta gizartearen ordezkaritzan dago. Nik uste dut denbora aurrera doala eta urratsak egitea falta dela.