Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
Entrevista
Jordi Catalan Balaguer eta Amagoia Artetxe Maritxalar
Neurogarapeneko medikua eta optometrista

«Lehen etapetatik oinarrietan lan egiten badugu, ikasteko zailtasun gehienak konponduko ditugu»

Haurren ikasteko arazoak izugarri hazten ari dira, eta horiei aitzin egiteko gakoa dira prebentzioa eta esku hartze azkarra. Hala diote aditu katalanak eta Errenteriako Unea zentroko optometristak.

Argazki honetan Jordi Catalan, hitzaldi bat ematen. Behekoetan hitzaldiaren beste une bat eta Amagoia Artetxeren irudia.
Argazki honetan Jordi Catalan, hitzaldi bat ematen. Behekoetan hitzaldiaren beste une bat eta Amagoia Artetxeren irudia. (Nahikari BELTRAN - Mendi URRUZUNO)

Amagoia Artetxek Unea diziplinarteko gunean, pertsona eta familiei zerbitzu oso bat eskaintzeko xedea duen Errenteriako zentroan, optometrista gisa lan egiten du. Jordi Catalan, berriz, neurogarapenean espezializatutako medikua da, Bartzelonako Haur Garapeneko Mediku Institutuko zuzendaria.

Irunen izan zen iaz katalana, gora doazen haurren ikasteko zailtasunen prebentzioaren eta tratamenduaren inguruko azken ekarpenak azaltzen. Ikastaroaren erantzuna «zoragarria» izan zen eta itzultzekotan da, partaideak gehiagorako gogoz gelditu baitziren. Haien artean zen Artetxe ere. Biak batu ditugu solasaldian.

Arazoaren muinera joan behar da; hala laburbildu daiteke zuen lan egiteko era.

Jordi Catalan: Demagun haur bati irakurtzea kostatzen zaiola. Normalki anitz leitzea gomendatzen zaio. Baina trebetasun bisualetan arazoak baditu, uko eginen dio horri eta onerako baino txarrerako izanen da. Horren ordez, irakurketa oztopatzen dion faktorerik baden ikusten saiatu behar dugu, gero, horiek zuzenduz, prozesua errazteko.

Hezitzaile eta gurasooi zalantza sortzen ahal zaigu umea espezialista batengana noiz eraman eta noiz itxaron bereizteko. Non dago marra?

J. C: Itxarotea arrisku bat da. Egia da badirela arazo batzuk denborarekin konpontzen direnak. Baina ez litzateke hobeki izanen prebentzio lan bat egitea haurrak erakusten dituen zailtasunen edo arreta ematen diguten gauzen aitzinean? Adibidez, letrak alderantziz idaztea edo hitz totelka hastea. Arazorik baden jakin dezakeena espezialista da. Irakasleak zail du, eboluzioaren une batean ikusten baitu umea. Haur Hezkuntzan ezagutzen du eta, tamalez, Lehen Hezkuntzan bere arrastoa galtzen du. LHko irakaslea da zailtasunak sumatzen dituena eta sarri ez du txikiaren historiaren berri. Pediatrarengana baino, espezialista batengana joan behar da. Medikuntzan ez gaituzte gai hauetan prestatzen. Ni interesatzen zitzaidalako formatu naiz.

Zein arrazoik eragiten dituzte ikasteko arazoak?

J. C: Urteetan zailtasunak dituzten haurrak artatuz ikusmenaren faktoreak daudela deskubritu dut. Kasu horietan optometristarengana joan behar da. Faktore pedagogikoak ere badaude, eta pedagogoarengana jo behar da. Entzumenak ere badu zerikusia. Errate baterako, arreta mantentzeko zailtasunak dituzten haur anitzek aitzinetik, garapenaren lehen hilabete eta urteetatik, entzumen arazoak izan dituzte: muki ugari, tinpanoen drainatzeak egin beharra... Ondorioz, entzuteko eta hautemateko gaitasuna urritua dago. Ikasgelan daudenean, ume batzuek ez dute irakasleak dioena ulertzen. Larria da hori. Horrek eragiten du ematen ari den informazioari arreta nahikoa ez jartzea eta distraitzea. Arreta defizitaren nahasmendua duen begiratzen da orduan, eta badu, baina aurretiko entzumen arazo batek sortua. Horregatik da hain garrantzitsua garapenaren oinarriei begiratzea.

Prebentzioaz ari gara, baina ikusi dugu irakurtzea edo prozesu matematikoetan arrazoi logikoak ematea kostatzen zaion 8-9 urteko haur baten kasuan aitzineko oinarri guztiak baloratu behar direla, gaizki egituratutako zerbait dagoen begiratu, lantzeko eta ondotik trebetasun hori hobetzeko, sintoma tratatu ordez arazoaren sustraia bilatuz beti.

Faktore emozionalek ere pisua izanen dute.

J. C: Handia. Nahiz eta gurasoek eta hezitzaileek presiorik ez egin, haurra konturatzen da kideek erraz egiten dituzten gauzak berari kosta egiten zaizkiola.

Amagoia Artetxe: Haurraren historia ezagutzea ezinbestekoa da. Entzungor egiten diegu gauza batzuei, normalak direla pentsatuz; oinez berandu hastea, adibidez. Ikertuz gero, gauzak deskubritzen dira. Hori beharrezkoa da gurasoek ere prebentzio lan hau uler dezaten. Optometrista naiz eta, haurrak garbi ikusten duen aztertzeaz gain, begien koordinazioa ona den, ongi enfokatzen duen, 3D ikuspegia duen, mugimendu bisualak egokiak diren... ikertzen dut. Funtzio bisual ugari daude eta, horretaz aparte, garunak begiek ematen dioten informazioarekin zer egiten duen begiratu behar dugu, nola interpretatzen duen. Hor sartzen da memoria, diskriminazio bisuala... Hau ez da oso ezaguna, are gutxiago Jordik aipatu dituen entzumen arazoak. Bisuala gehiago mantentzen da denboran eta espazioan, baina entzumenaren kasuan, informazioa galtzeak deskonektatzera eramaten zaitu. Entzumen arazoek eragin handia dute zure nortasuna eraikitzeko moduan ere. Guk parte hori lantzen dugu, entzumen eta ikusmen tresnak, baina tresna motorrak ere sartuz. Horiek guztiak beharko ditugu, besteak beste, irakurketarako eta idazketarako. Horiek dira askotan ikasketarako bidea.

Askotan, dislexiaren atzean, ikusmen edota entzumen arazoak egoten dira, eta arazo horiek konpontzen direnean dislexia egoerak ere hobera egiten du. Diagnostikoen gerran sartu ordez, oinarriak nola dauden begiratu behar da. Haurrak aski tresna ditu ikasgelako bere egunerokoari aurre egiteko? Izan ere, zailtasunak dituzten haurrek normalki ongi doazenen adimen maila bera dute. Kontua da informazioa nola jasotzen eta prozesatzen duten, idazketaren abilezia motorra, motrizitate fina: ahoskatzea, begien mugimenduak, eskuen funtzioa... Diagnostiko horien guztien azpian zaindu beharreko zirrikitu asko dago, prebentziotik lan eginez.

Ficoban egin zenuten ikastarora irakasle ugari etorri zen.

A. A: Haur Hezkuntzakoak asko. Ikasgelan ikus ditzaketen arazoen aurrean begirada zorroztu zuten, eta baldintzak hobetzeko erremintak ere jaso zituzten. Oxala haurrak 9 edo 10 urterekin baino 5ekin ikusiko bagenitu, hori litzateke onena, dena askoz ere errazago moldatzen delako.

J. C: Bada irudi bat, garapenaren piramidea. Bertan ikusten da alderdi sentsorialek osatzen dituztela oinarriak: entzumena, ikusmena, ukimena, oreka... Hurrengo maila prozesu hauek martxan jartzea da. Gero konplexuagoak datoz: lateralitatea, informazioa barneratzeko gaitasuna... Prozesu bat da urtez urte garatzen doana. Argi ikusten da lehentasunez heldu beharrekoak oinarriak direla. Horiek ongi badaude, bigarren mailara igaroko gara, gero hirugarrenera... Hala eginen dugu prebentzioan zein tratamenduan.

Tamalez, espezialista gutxi gara oinarrien partea lantzen dugunak. Normalki hizkuntza gaitasunetara pasatzen dira zuzenean, edo espazioaren antolaketara, hirugarren mailan kokatuak biak. Espazioaren antolaketa ongi egiten ez denetan, haurra desorientatu egiten da, ez daki zein den eskuina eta ezkerra, matematika ariketetan ezkerretik hasten da eskuinetik beharrean, letrak buruz behera jartzen ditu... Horiek sintomak dira; sarri arazoa ikusmen edo entzumen ona ez izatea da. Ondorioz, informazio hori ez da ongi egituratzen. Baina sintomak tratatzen dira, fitxak betez, agian arazoa beherago dagoelarik, oinarrietan.

Zein eragin du honetan pantailak anitz erabiltzeak?

J. C: Pantailaren aitzinean jartzen garenean, erakarri egiten gaitu. Ez dugu ahaleginik egin behar arreta mantentzeko. Jarrera pasiboa dugu. Ez da ekintza boluntario-kontziente bat; irakurketa bai, adibidez, hor arreta jartzeko ahalegin bat egin behar dugu. Aspertzean pantaila jartzen zaie haurrei eta denbora gehiegi egoten dira horien aurrean. Bestetik, lengoaia eta komunikazio falta dago. Pantailen bidez informazio ugari jasotzen dute, baina ez dago interakziorik. Entzumena momentuko gauza da, gero galdu egiten da. Baina elkarrizketa bat izaten badut eta truke bat egiten badut, informazioa gordetzen ahal dut. Liburu bat irakurtzen ari naiz orain, aholkatzen dizuet, ”Sin relato”. Bertan, psikiatra batek azaltzen du pantailak nola ari diren eragiten pertsonen mezua sortzeko prozesuetan. Ez dugu barnera begiratzeko lanik egiten, pantaila berehalakoa delako.

A. A: Hizkuntzaren lanketan zailtasunak badaude, pantailengatik edo beste faktore batzuengatik, arazoak izango ditugu edozein pentsamendu eta logika garatzeko, lengoaiaren bitartekoa falta zaigulako. Ez dut pentsamendu hori altuan egiten, baina ezta nigan gogoetatzen ere. Oso ikusezina da, baina pazienteak etortzen zaizkigunean asko nabaritzen da.

J. C: Mugitzeko denbora ere falta dute. Naturalki mugitu behar dute, lasterka egin... Pantailan dauden denboran beste ekintzak egiteari uzten diote. Mahai-jokoetan jostatzeari, adibidez. Ikusmenaren eremua ere ixten da eta miopia areagotzen da. Estimuluak kanpotik datoz eta lantzea kostatzen zaigu.

Azukreak ere kalte egiten du...

J. C: Hiperaktibitatea sortzen du. Kendu beharreko lehen gauza azukreak dira, aktibatzaile handiak direlako. Elikagai bat jaten baduzu, glukosa mantso barneratzen duzu, baina gozo bat jatean, zuzenean joaten da odol fluxura, eta horrek ekartzen du sistema neuronalaren muturreko aktibatzea. Kontrol gaitasun txikia dago hor, eta haurra desegonkortzen da. Gainera, haurra estimulatzen ari gara lehen etapetan; autokontrola gutxiago lantzen dugu, ordea: oreka, inhibizioa... Badira ekintza batzuk, dantza, arte martzialak..., horretan laguntzen dutenak, baina ohiko bizitzan azeleratuta doaz. Batzuetan haurrek kontzentratzeko zailtasunak dituzte garuna azkarregi doalako eta ez delako irakaslearen azalpenarekin sinkronizatzen.

Batzuetan nahasmenduak diagnostikatzen dira ez dauden lekuan?

J. C: Haurrak zailtasunak dituenean, diagnostiko bat eman behar da: hiperaktibitatea, dislexia, arreta defizita... Hor kokatu behar da, baina ez ditugu oinarrizko eragileak kontuan hartzen. Nik argi ikusten dut gehiegi diagnostikatzen dela. Gaur egun ikasgeletako haurren herenari diagnostikatzen zaizkio nahasmendu hauek, batzuetan erdiari.

Noiz aholkatzen duzu medikazioa erabiltzea?

J. C: Beste zailtasunik egoteko aukera guztiak agortu ditugunean soilik. Egia da badirela haurrak arreta defizita dutenak, eta oinarriak aztertzen dituzu eta ez dago ezer desorekaturik. Baina %10-15 dira kasu horiek. Gehienek desorekaren bat azaltzen dute aurretik. Hortaz, ez dut gomendatzen medikazioa ematea oinarrizko beste zailtasun batzuei erreparatu gabe; nahiago dut sistema hori ordenatzen saiatu, eta gero, beste aukerarik ez badago, botika eman, DBHn edo Batxilergoan, ez goizago.

Oinarriak ongi egonik, nahasmendua duten haurrentzat zein bertze tratamendu daude botikez aparte?

J. C: Ahalik eta gehien ekidin behar dira pantailak, eta ekintzak eta jolasak egin entzumen, ikusmen zein gorputzaren arreta entrenatzeko. Erlaxazio metodoak eta meditazioa mesedegarriak izan daitezke ezinegon handia duen haurrak lasai eta bare egoten eta modu ordenatuan aktibatzen ikas dezan.

A. A: Erantsiko nuke garrantzitsua dela eskolarekin eskuz esku lan egitea eta aukerarik onenak bilatzea. Irakaslearen begirada aldatzen bada eta haurrak ikusten badu lagunduko diola, gauzak erraztuko dira. Egokitzapen eta trikimailu txikiak egin daitezke, ikasketarekin aurrera jarrai dezan. Arreta defizitaren kasuan, irakaslearen ondoan egoteak laguntzen die. Besteetan, adi egon behar da ea agendan egin beharrekoak apuntatu dituzten, edo gauza txikiak errepikatu behar zaizkie lanean has daitezen. Irakurtzeko arazoak badituzte, hitz gakoak azpimarratzen ahal dizkiegu. Dislexiaren kasuan, badira testua irakurtzen duten kasko batzuk. Adinaren arabera, batzuetan teklatura pasatzen dira. Maiz atsedenak behar dituzte. Estrategiak bilatzea da kontua, laguntza harreman bat sortzea ahalik eta denbora gehien egon daitezen informaziora entxufatuta.

J. C: Etxean ere lan egin daiteke. Errate baterako, mahai-jokoetan jolastuz arreta eta gaitasun ugari entrena daitezke. Txandaren zain egoten ikasten da, jokoa segitzen edota estrategia bat jarraitzen.

45 urtetik gora daramazu arlo honetan lanean, Jordi. Zein eboluzio ikusi duzu?

J. C: Gero eta interferentzia gehiago egoteak eta batez ere mugimendu eta koordinazio faltak izugarri eragiten du. Kalera atera eta korrika eta salto egiteko aukera duten haurrek oinarriak hobeki antolatu ditzakete. Zentzu honetan, okerrera egin dugu. Arreta gehiago ematen diegu, era berean.

Eta nola aldatu dira zailtasun hauen tratamenduak?

J. C: Oinarrien antolaketan arazoren bat badugu, eta lehen etapetatik horretan lan egiten badugu, kasuen %80an arrakasta lortuko dugu. Bertzetik, prebentzioa dago. Zaila da baloratzea, haur batek oinarriak lantzen baditu eta arazoak ekiditen baditu, zorionez, ez delako ikusten. Ikerketa bat egiten ari gara horri buruz, ikasgelan estimulazioa lantzen duten haurrak eta lantzen ez dutenak konparatuz. Egunean hamar minutuko programa bat da, prebentziorako. Azterketa honekin ari gara, ondorio zientifikoak ateratzeko. Baina 45 urteotako bidean lortutako emaitzez hagitz harro nago. Eboluzioa baikorra da zinez.

A. A: Arazo hauek goiz detektatzen badira, aldaketa ikaragarria da. Optometrista gisa, urteekin ohartzen ari naiz ikuspegi osoago bat behar dela, askotan arazo batek ez duelako soluzio bakarra. Esku-hartzea antolatu behar dugu, lehentasunezkoari helduz, baina ahalik eta modurik osoenean, oinarriak landuz eta estimulazio programa bat garatuz. Podologoak, logopedak, fisioterapeutak... gero eta gehiago egiten dute bat honekin. Sare profesionala izatea oso inportantea da, gero irakasleekin konpartitzeko.

Zein erronka gelditzen dira?

A. A: Jendarte bezala profesional gehiago egon behar gara saretuta, eta batez ere prebentzio eta baliabide gehiago behar dira eskolan.

Zein gomendio dituzue familia eta hezitzaileentzat?

J. C: Sintomak daudenean esku hartzea. Mugimendua da lehenbiziko gauza. Haurra bere inguruarekin erlazionatzen den modua ere bai. Inguruari sobera erreparatzen ez badio, lehen etapetan hori antzematea garrantzitsua da, badirelako inguruarekin konektatzeko terapiak. Marraztea gustatzen ez bazaio, agian zerbaitek oztopatzen du. Lehen sintoma edo susmo horien aurrean, kontsultatu, ez izan beldurrik. Prebentzioa gehiago landuko bagenu, anitzez errazagoa litzateke arazoak konpontzea.