Telesailen narratibak: sormenaren aro berria?
Telebistak bilakaera nabarmena izan du azken hamarkadatan; aldaketa esanguratsuetako bat telesailen generoetan eta hauen egitura narratiboan gertatu da. Teknologiak, globalizazioak eta ikusleen gustu aldakorrek istorio desberdinak egitea bultzatu dute. Aurrekaririk gabeko sormen garaian al gaude?
Telesailek entretenimenduaren munduan berezko tokia hartu dute, eta ikus-entzunezko edukien kontsumo ohiturak sakonki aldatu dituzte. Sorrera xumea izan bazuten ere, gaur egun kalitatezko ekoizpen erraldoiak bilakatu dira. Bilakaera itzela izan da, bereziki azken urteotan.
Asteroko atalen amaiera?
Streaming-ak ekarritako aldaketa nabarmenetako bat -Netflixen aldetik bereziki- denboraldi osoak aldi berean ikusteko aukera izan da. Horrek "binge-watching" edo telesailen maratoiaren fenomenoa ekarri du; horrek nahitaez hainbat sortzaileri gidoien egitura narratiboan aldaketak egitea bultzatu die.
Ikusleen gustuen eta hauen kontsumo motaren araberako edukiak sortzea kaltegarria izan liteke. Lehen kontzentrazio errituala zena -telebista aurrean esertzea, distrakziorik gabe, asteroko kapitulu batez gozatzeko- orain esperientzia zatikatu eta azaleko bihurtu da. Eduki sakonak edo esfortzu txiki bat eskatzen duten telesailak ikusteko ezgaitasuna gizartean nagusitzen ari den zerbait da.
Aditu, bestela, @DiscussingFilm kontu ezagunak zabaldu duen albistea: «Netflixeko exekutiboek zenbait gidoilariri esan diete euren telesaileko pertsonaiek egiten ari diren guztia ozen esan dezatela, telebistara begira ez dauden ikusle horiek trama erraz jarraitu ahal izan dezaten». Eduki mota horiek topatzeko, plataforman dauden ehunka mikrogeneroren artean, “Casual Viewing” (euskaraz “ustekabeko ikustaldiak”) deritzon bat gehitu dute; arreta handirik jartzen ez duzunean (ez) ikusteko aproposak diren film zein telesailak ageri dira bertan.
Absurdoa dirudien albiste horrek kezka sorrarazten du. Agerikoa da azken urteotako kontsumo eredua oso toxikoa eta zentzugabea dela, baina benetan sinetsi behar dugu gizartea puntu horretara iritsi dela? Ez dago atzera-bueltarik? Garuna hain suntsitua daukagu? “Hori da dagoena” eta kito? Zalantzarik gabe ikus-entzunezko sortzaile gehienak eredu horren aurka daude.
Telesail antologikoen gorakada eta atalen iraupena
Telesail antologikoak ezagunak izan ziren telebistaren hastapenetan, “Alfred Hitchcock Presents” eta “The Twilight Zone” klasikoekin besteak beste, baina ondorengo urteetan desagertu egin zen formatu hori: serie gehienek narratiba lineala edo episodikoa jarraitzen zuten denboraldi osoan zehar. Baina telesail antologikoek, non atal edo denboraldi bakoitza independentea den, ospea irabazi dute azken urteotan. Formatu honek gaiak eta generoak arakatzeko aukera ematen die sortzaileei, arku narratibo luze bati lotuta egon gabe, eta ikusleek ere solte ikus ditzakete atal zein denboraldiak. Hauen arrakastaren erantzule nagusiak “Black Mirror”, “Fargo”, “American Horror Story”, “True Detective” eta, bereziki, azken urteotako fenomeno bilakatu den “The White Lotus” dira.
Orain urte batzuk telebistaren ordutegiek mugatzen zuten atalen iraupena: 22 minutu komedietarako eta 44 drametarako; hau ere aldatu egin da, eta hauen luzera oso aldakorra izaten da.
Istorio ez-linealak eta egitura konplexuagoak
Istorioak kronologikoki garatzen ziren lehen, trama oso sinpleekin; hasiera, korapiloa eta amaiera, kito. Telesailak gutxietsiak zeuden garaian ausardia gutxi zegoen idazketa prozesuan. Gaur egun, ordea, istorio ez-linealak, denbora-jauziak eta askotariko perspektibak dituzten telesailak oso ohikoak dira. “Dark” alemaniarrak, esaterako, elkarri lotutako denbora-lerroak erabiltzen ditu, edota “Westworld”-ek errealitatearen pertzepzioarekin jolasten du. Egitura horiek ikus-entzuleei desafio egiten diete; esperientzia murgiltzaileagoak eta intelektualki bizigarriagoak dira.
Genero tradizionalen berrirudikapena
Genero klasikoak ikuspegi moderno batekin berrinterpretatzen ari dira. Sitcom edota komedia tradizionalek beste formatu eta ikuspegi berritzaileagoei bidea eman diete; hor daude, adibidez, “Ted Lasso”, “Hacks”, “Only Murders in the Building” edota, zaharragoa den arren, “The Office”.
Drama kriminalen eta benetako krimenak jorratzen dituzten istorioen gorakada ere itzela da: “Mindhunter” edota “The Jeffrey Dahmer Story” bezalako telesailek krimenaren psikologian eta gizakiaren alderdi ilunetan sakontzen dute; ikusle askorentzat oso erakargarria den zerbait da. “The Jinx”, “Making a murderer” eta estiloko doku-serieek fenomeno honen eztanda eragin zuten Teleformat behategiaren ikerketaren arabera, eta true crime formatuko 225 ekoizpen estreinatu zituzten iaz telebistetan eta plataformetan. Azpigenero hori dago lehen tokian.
Ekoizpenak genero zehatzetara egokitzen ziren lehen: komedia, drama, zientzia fikzioa edo poliziakoa, adibidez. Egungo istorio askok genero ezberdinak uztartzen dituzte, esperientzia narratibo aberatsagoak sortuz. “Fleabag”-ek komedia erromantikoa eta introspekziozko drama nahasten ditu, esaterako, edota “Stranger Things”-ek zientzia fikzioa, beldurra eta 80ko hamarkadako nostalgia. Hibridazio horiek aukera ematen dute askotariko ikusleengana iristeko eta gaiak ikuspegi askotatik aztertzeko.
Aniztasuna eta inklusioa
Azken hamarkadatan, telebistaren industriak eraldaketa nabarmena izan du dibertsitateari eta inklusioari dagokienez. Gaur egungo telesailetan, LGTBI+ kolektiboaren eta emakumeen presentzia handitu ez ezik, irudikapen ñabartuagoak, konplexuagoak eta errealistagoak ere topatu daitezke.
Emakumeek bigarren mailako rolak bete ohi zituzten lehen, hala nola gizonezko protagonistaren interes erromantikoa pizteko edo laguntza emozional gisa ageri ziren soilik, baina zorionez hori ere aldatzen ari da. Tradizioz gizonezkoenak izan diren rolak betetzen ari dira: detektibeak (“Mare of Easttown”), politikariak (“Borgen”), edo fantasiazko munduetako liderrak (“House of the Dragon”). Abortua, amatasuna eta sexu-jazarpena ere sarritan aipatzen diren gaiak dira.
LGTBI+ pertsonaiei dagokienez, lehen estereotipatuak ziren askotan, rol komiko edo bigarren mailakoetara murriztuak. Gaur egungo telesailek queer pertsonaia konplexuak eta errealistak aurkezten dituzte. Zer esanik ez trans pertsonen irudikapenari dagokionez. Zinemaren historiako lehen mende osoa aztertu beharko bagenu, trans pertsonak filmetatik sistematikoki ezabatu direla erraz ondorioztatu daiteke. Europako Zinema Berria delakoa -R.W. Fassbinder zuzendaria, esaterako- edota zinema independentea iritsi zen arte, ia ezin zen ulertu patologizatzailea edo karikatureskoa ez zen transexualitatearen tratamendurik. Gaur egun, egoera oso bestelakoa da: pertsona transgeneroen errealitatea fikzioan islatu eta horiei buruzko istorioak diren bezala zintzoki lantzeaz gain, gai horiek jorratzeko benetako aktore transexualak erabiltzen ari dira, telesailaren erdiguneko gaia hori ez izan arren. “Euphoria”-n, adibidez, Hunter Schafer aktore transak Jules Vaughn pertsonaia gorpuzten duen arren, haren genero identitatea ez da telesailaren gatazka nagusia eta erabat normalizatua eta txertatua dago gidoiaren barruan. “Orange is the New Black” edota “Glee” ere horren adibide dira. “Veneno”, “Transparent” edota “Pose” ere ekoizpen garrantzitsuak dira.
Emakumeen eta LGTBI+ kolektiboaren presentzia areagotzeak inklusiorako eta aniztasunerako aldaketa kultural esanguratsua islatzen du. Hala ere, aurrerapen handiak lortu diren arren, oraindik lan asko dago egiteko benetako ordezkaritza anitza bermatzeko; entretenitzeko ez ezik, hezteko, ahalduntzeko eta enpatia sortzeko ahalmena ere badutelako serieek.
Genero post-apokaliptiko eta distopikoaren gorakada
Ziurgabetasun globalak, aurrerapen teknologikoek, COVID 19aren pandemiak edota aldaketa klimatikoak eragin nabarmena izan dute serie distopiko eta post-apokaliptikoen ugaltzean. Telesail mota hauek, entretenitzeaz gain, arazo sozial eta etikoei buruz hausnartzeko aukera ematen dute. “The Walking Dead” filmak zonbien apokalipsiaren ondoren gizateria nola berrasmatzen den aztertzen du, “The Handmaid’s Tale”-ek autoritarismoaz eta emakumearen zapalkuntzaz hausnartzen du, “Black Mirror”-ek teknologia berrien erabilera txarrak eragin ditzakeen ondorio larriez, eta abar.
Genero honek erakusten du fikzioak gizartearen kezka sakonak lantzeko gaitasun paregabea duela, baita hausnarketa eta entretenimendua elkarren ondoan joan daitezkeela ere.
Serie globalak: nazioarteko ekoizpenak protagonista
Lehen, AEBetako produkzioak nagusi ziren merkatuan, baina hori ere aldatu egin da. Plataformei esker, mundu osoko telesailak audientzia ikaragarriak bereganatzen ari dira, eta ekoizpen kopurua nabarmen handitu da: Txinak, esaterako, 364 telesail estreinatu zituen iaz, Errusiak 190 telesail berri, eta AEBek 182.
Arrakasta horren adibiderik esanguratsuenak “La Casa de Papel” (estatu espainiarra), “Dark” (Alemania) eta bereziki “Squid Game” (Hego Korea) dira. Azken honen lehen denboraldiak marka guztiak hautsi zituen, eta Netflixen ikusle gehien izan dituen telesaila bihurtu zen. Hiru urte geroago, bigarren denboraldia estreinatu dute, eta arrakastaren bidetik jarraitzen du: lehen 11 egunetan, 126,2 milioi ikustaldi izan ditu mundu osoan. Telesail batek inoiz ez du halakorik lortu hain epe laburrean.