Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad
«GOGOA PAUSO, PAUSOA BIDE»

Bortzirietan 1970etik 1990era euskara pizteko egindako lanaren testigantza

«Gogoa pauso, pausoa bide» ikus-entzunezkoak 1970 eta 1990 bitartean Bortzirietan euskara biziberritzeko egindako lanak biltzen ditu 20 lagunen lekukotasunen bidez. Herrigintzak zenbaterainoko indarra izan duen erakusten du, eraldaketa bat sortzeko adinakoa. «Dugun guzia herriari esker» lortu dela azpimarratzen du, noiz eta «dena erakundeen esku» uzten ari garen garai honetan.

Igantziko ikastolako lehen belaunaldiaren argazkia, 1977koa.
Igantziko ikastolako lehen belaunaldiaren argazkia, 1977koa. (Patri ARBURUA)

Bortzirietako Euskara Mankomunitatea da proiektu honen sustatzailea, eta Katubi ikus-entzunezkoen enpresak ondu du. 1970ean hasi eta 1990era arte bortz herrietan euskara suspertzeko egin zen lan guzia jaso dute dokumental batean. Material grafiko ugariz hornituta, 20 ekintzaileren ahotik kontatuta daude gertakizunak. Lanaren estreinaldiaren bezperatan, gazte errebelde horietako bi -Itxaro Aranibar beratarra eta Kontxi Erro lesakarra- elkarrizketatu ditu GAUR8k, Patri Arburua Mankomunitateko teknikariarekin batera.

“Gogoa pauso, pausoa bide” izenburua du ikus-entzunezkoak. Izan ere, ekintzaileek gogo handia zuten, gogo horrek eraman zituen pauso bat ematera eta pausoka-pausoka bide hau egin zuten.

Filmean bi hamarkada ikusiko ditugu. Zati hori aukeratu dute, 1970ean hasi zelako Bortzirietan euskararen aldeko mugimendua eta 1990etik aitzinera gehiena dokumentatua eta nahiko instituzionalizatua dagoelako. «15 ordu ditugu grabatuta, eta hori dena 45 minutura ekarri dugu. Laburpen bat da. Guretzat momentu honetan urduritasun handiena da asebeteko ote duen hura bizi izan zuen jendea, ongi samar kontatu ote dugun gertatu zena, zeren gehiena kanpoan gelditu da», aitortu du Arburuak.

Material grafikoa

Zailtasunik handiena pasarteen aukeraketa hori izan da, eta bertze erronka handi bat material grafikoa biltzea izan da. «Garai hartako irudiak, bileretakoak, txosnetakoak... ez dira existitzen. Harrapatu ditugu argitaratu gabeko gauza batzuk, eta uste dut jendea harrituko dela, baina ez guk nahi adina», adierazi du.

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak bere plan estrategikoak parte-hartze prozesuen bidez egiten ditu. Pandemia betean egin zuten parte-hartze prozesu bat, hagitz baldintza txarretan, eta saio batean herritar batek komentatu zuen pena dela gaur egungo belaunaldiek ez dugula garai batean izan zen biziberritze prozesuaren berri. «Teknikarion lana da ideia hartu eta plan horretan forma ematea. Hala, elkarrizketak egitea, horiek kodifikatzea eta ikus-entzunezkoa prestatzea erabaki genuen», kontatu du.

Emanaldiak

Orain indar guziak dokumentalaren emanaldietan jarriak dituzte. Urtarrilaren 31n Lesakakoa izanen da, berezia, solasaldiarekin. Partaideek ere orduan ikusiko dute lehenbiziko aldiz. Otsailaren 1ean Beran erakutsiko dute eta 7an Etxalar, Igantzi eta Arantzan. Otsailaren 10eko astean Mankomunitatearen webgunean jarriko dituzte filma eta 20 elkarrizketak. Arburuak nabarmendu duenez, mamia elkarrizketetan dago, zoragarriak dira eta merezi du osorik ikustea.

Kontxi Erro: «Nola aukeratu zenituzten elkarrizketatuak?».

Arburua: «Ni 1972an sortua naiz, eta ez zait urruna egiten garai hura. Izen batzuk garbi nituen, zuenak adibidez, eta horiekin aurre-elkarrizketak egin genituen. Aurrelan horren bidez osatu genuen zerrenda. Aurrekontuaren muga genuen. Genero ikuspegia zaindu nahi genuen, baita bortz herrietako jendea eta arlo guztietan aritutakoa egotea ere. Batek erran zigun ezetz, osasun arazoengatik, baina gainerakoan inork ez digu ezezkorik eman. Ilusioz hartu du jendeak».

Memoria ariketa

Errok berak «izugarrizko urduritasunarekin» bizitu du elkarrizketa. «Hasi behar izan nuen pentsatzen, bueltak ematen eta eskema batean gauzak denboran kokatzen, ez baduzu idazten memoriak engainatzen zaituelako. Batik bat eskolak eta ikastolak bat egiteko prozesu hori zuzen azaltzeak kezkatzen ninduen, hain izan zen mingarria. Aitzineko egunean lorik egin gabe joan nintzen. Gero, hasten zarelarik, ikusten duzu egiten ahal duzula. Dena hala izan ote zen ez dakit, niri hala atera zitzaidan une hartan», agertu du.

Aranibarrek gutxi idatzi du. «Gauzak aurkitzen joan naiz, orduko dokumentazio guzia etxean dudalako. Euskara zeron zegoen Beran. Doi-doi genekien nork zekien. Gure artean ere ez ginen ariko. Goiti joan behar zuen edo akabatu behar zen. Oroitzen naiz hagitz ongi nola biltzen ginen, Lesakako Otsogorrienean eta Beran, Josu Goiaren bordan», kontatu du.

Oteizaren Ikuzgailu Metafisikoa

Oteizaren Ikuzgailu Metafisikoa lortu zuten Lesakako ikastolarako. Oteizarengana joan zen pertsonetako bat Aranibar izan zen. «Altzuzara joan ginen, bere etxera, lehendabiziko kontaktua egitera. Nola sutzen zen. Bero-berotu egiten zen eta andreak baretzen zuen. Polita zen. Ikuzgailuaren erreplika bat eman zigun Lesakako ikastolarako».

Lesakako Agina mendian dagoen Oteizaren irudia da Ikuzgailu Metafisikoa. Ideiak garbitzeko balio du.

Erro: «Haren erreplika ikastolan egon zen 38 urtez. Guk bagenekien, baina guraso belaunaldi gazteek ez. Ni Irungo ikastolan ari nintzen lanean, baina Lesakakoaren sortzaileetako bat izan nintzen. Ikuzgailu famatu hori ekarri zutenean, pentsatu genuen ezin zela zozketatu etxe partikular batean gera zedin, eta ohiko garbigailu bat zozketatu genuen dirua ateratzeko. 1990ean ikastola berritu zen, hor paratuko genuela pentsatu genuen, baina beldurra ematen zigun lapurtua izateak eta Altzuzako museoan gelditu zen azkenean».

Lesakako ekintzaileak maiz aipatzen du German kidearen izena. «Donostian ari zen lanean eta han beste bizipen batzuk zituen. Bera izan zen gure lagunartean euskaltasunaren hazia erein zuena. Iparraldean Mixel Labegerie, Pantxoa eta Peio eta abarren disko ttikiak erosten zituen. Otsogorrienean euskal kantak ikasten hasi ginen. Hortik, Bortzirietako bertze herrietako jendearekin batera eman zen eklosio hori. Beran, Barojatarren inguruan, eta Lesakan Euskal Jakintzaren Astearen bueltan».

Ausardia eta beldurra

«Gazteak ginen eta ezinegona genuen. 68ko Maiatza, Vietnamgo gerra, hippyen mugimendua, Gaur taldea, Ez Dok Amairu...». Aranibarren hitzekin hasten da dokumentala, markoa jarriz.

Pio Barojaren omenaldian erakusketa bat muntatu zuten. Nestor Basterretxeak lagundu zuen eta Remigio Mendiburu ere etorri zen. «Guk ez genekien deus ere eta kideek aretoko leiho guztiak ireki zituzten. Basterretxeak sekulako errieta egin zien, argiak koloreak jaten dituelako, eta bero-bero leihoak itxi zituen. Nik hurrengo pausoa bizitu nuen. Eskulturak aulki batean paratu genituen, kartulina beltzarekin inguratuak. Etorri zen, dena kendu zuen, adreilu batzuekin bloke batzuk egin zituen eta, noski, bertze modu batera gelditu zen», kontatu du irriz.

Kontxi Erro, Patri Arburua eta Itxaro Aranibar, Beran, solasean. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Ausardia zuten, baita beldurra ere. Antton Erkiziak kontatzen du, adibidez, ortziral oro pentsatzen zuela: «Bertze aste bat pasatu dugu ikastolan ‘eltzetzuak’ etorri eta itxi gabe».

Erro oroitzen da 1972an, Iruñean Magisteritza ikasten ari zela, Iparraldean ikurrin ttikiak erosi zituztela. «Bularretakoan sartuta ekarri genituen. Horiek eta disko batzuk, denak debekatuak. Taldean joaten ginen akordeoiarekin euskal kantak kantari, hori zen gure euskal kultura. Ikurrin ttiki horiek etxean gordetzen genituen eta ikusteak barnea betetzen zigun. Errebeldia hori genuen», azaldu du piztuta.

Aranibar: «Euskal kultura zer zen solasean aritzen ginen bilkuretan, ordura arte ez baitzen existitzen. Denbora eman genuen hausnarketa horiek egiten».

Arburuak nabarmendu du hau ez zela Bortzirietan bizi izan zen prozesu isolatu bat izan. Euskal Herri mailako erreferente ugari zituzten: Odriozola, Txillardegi, Mendiburu, Basterretxea, Euskaltzaindiko kideak... Olatu bat sumatu zuten eta ongi jakin zuten bertara igotzen, edo jende hori inplikatzen.

Herri ttikietako ikastolak

Euskara teknikariak bertze eskualdeetan ere ariketa hau egitera animatuko lituzke. «Izugarri ederra iruditzen zait. Egin gabe dagoen lan bat da. Gu honetan hasi ginenean jakin genuen Bergaran, Elgoibarren eta Lasarte-Orian ari zirela. Gero ikusten genuen Euskal Herriko biziberritze prozesu orokorra nolakoa izan den. Niretzat erreferentzia bat da Garabide elkartea, baina faltan botatzen nuen tokian tokiko hori, nork egin zuen leku bakoitzean eta nolakoa izan zen prozesua. Gure memoriaren zati garrantzitsu bat da. Dokumentalean aipatzen da egiazko eraldaketa bat bizi izan zela hemen eta bertze toki anitzetan».

Bera eta Lesakako ikastolak batera hasi ziren duela mende erdi, eta hurrengo urtean Etxalar, Igantzi eta Arantzan sortu ziren ikastolak. Arburua Igantziko ikastolako lehen belaunaldiko ikaslea da. «Gero sare publikoan sartu ziren eta hor gelditu dira ahanzturan, baina inportantea izan zen. Eraikin berean ginen eta bi pelikula arrunt diferente ziren ikastola eta eskola nazional erdalduna», gogoratu du.

Hori dena berreskuratu da dokumentalean. Gau eskolak berdin. «Gaur egun Bortzirietako Euskaltegia Lesakan dago, baina orduan herri guztietan izan zen gau eskola». Ikastolen aurreko urtean hasi ziren, arrakasta handiz hasi ere. Beran 70 lagunek eman zuten izena euskalduntzeko eta alfabetatzeko. Horrekin lotuta, Lesakako fabrikan greba handi bat egin zen 1977an, eta haren ondotik, lan hitzarmenean lanorduen barruan euskara klaseak sartzea lortu zuten.

Errok baieztatu duenez, Lesakan behinik behin ikastolak markatu zuen euskararekiko ildo bat: «Ikastolan ikasitako haurrak euskaraz aritzen ziren; ez, ordea, eskolan ikasitakoak. 1985ean Lesakako eskolan arlo batzuk euskaraz eman nahian hasi ziren eta bertako guraso batek salaketa paratu zuen Hezkuntza Sailean. Bera aurrezki kutxako zuzendaria zenez, larunbat batez joan, lerroan jarri, eta kontuak itxi genituen», kontatu du.

Bide handia gelditzen da

Beharrak sentitzen zituzten eta hornitzeko borrokatu eta sortu behar zuten. Hain zuzen ere, hori transmititzen saiatu dira pelikulan. Bertze ideia bat ere bai: «Bidearen zati handi bat gelditzen zaigu eta inork ez digu deus oparituko. Ahalegindu gara erakusten herrigintzak, herritarrek zenbaterainoko indarra izan duten, eraldaketa bat sortzeko adina. Gaur egun diren egiturak, Mankomunitatea bera, ez zuten udalek sortu, herriak baizik», baloratu du teknikariak.

Igande goizetan sistematikoki elkartzen ziren, gogoeta hori egiteko, gauzak antolatzeko. Lehenbiziko soldata eta sariketetan irabazitako dirua ikastolari ematea ere ohikoa zen.

Erro: «Euskal Herrian Euskaraz-en hasi ginenean asteburu guziak herrigintzari eskainiak genituen, eta batere problemarik ez. Bazegoen indarra eta sinesten genuen zerbait aldatu behar genuela. Nire kasuan, gainera, gurasoen iritziaren kontra. Haiek gerra bizitua zuten eta beldur ziren».

Aranibarren gurasoak ez dira behin ere sartu bere gauzetan eta beldurra ere ez die sumatu. «Beharbada horregatik ez dut sentitu nik ere. Hori bai, solastatzen ginen etxean ikastola bat sortu behar genuela, eta hala zioen aitak, garbi: ‘Hori Beran ez da eginen’».

Ikastolaren pedagogia erabat diferentea zela nabarmendu du lesakarrak. «Mahaiaren zurruntasun hori ez zegoen. Alfonbra baten gainean bilera bat egin eta eguna antolatzen genuen. Txokoak zeuden, jostailuak, pinturak, plastilina. Erabat pedagogia askatzailea zen, Freineten, Piageten, Freiren oinarritua. Arnasa berria».

Guraso haien adorea eta sinesmena txalotu ditu. «Aldatu eta euskaraz hazi nahi zituzten seme-alabak, eta bide bat hartzen utzi zuten ingurutik ezagutu gabe, auzolanean inplikatuz, gainera».

Ikasgaiak

Gaurko borroka «hagitz zaila» ikusten du beratarrak. «Ez dakit zer modu asmatu behar diren jendea euskarari gogoz atxikitzeko, lehenagoko moduek ez dutelako balio», adierazi du. Igantziarraren iritziz, «sobera utzia da erakundeen esku». Erroren ustez, «herrigintzak bere lana egin behar du eta erakundeen akuilu izan behar du». Erranen luke, halaber, globalizazioari aurre egin ahal izateko modu bakarra «guk geuk geurea erabili eta defendatzea» dela.

«Ez da hori transmititu. Transmititu da hizkuntza, ez hizkuntza horrek zer ematen dizun. Antton Erkiziarekin anitz ibiliak gara, EHEn historia luzea dugu eta bere autoan zinta bat ibiltzen zuen, Gontzal Mendibil eta Xeberri, eta zintak zioen: ‘Gu ez gaitu inork inoiz askatuko, askatzaile geu gera», nabarmendu du.

Lesakako manifestazio bat. (Kontxi ERRO)

«Edozein tokitan sartzen zarela, gutxienez lehenengo hitza euskaraz egin. Hori militatzea da. Begira ze gauza xumea den. Hizkuntza gurea da eta guk zaindu behar dugu, guk maitatu, jakinda nekeza dela. Ez badugu hori egiten, kanpotik heldu direnei zer eskatu behar diegu, ez badiegu erakusten balio duena». Erantsi du hagitz haserre dagoela euskararen judizializazio honekin. «Latza da». Eta Arburuak ohartarazi du Nafarroan aspalditik datorrela judizializazio hori. Oraindik Bera eta Lesakako liburuzainak ez du euskaraz jakin beharrik. Osasunean ere hobea omen da mediku euskalduna baino mediku ona.

Aranibar gehien haserretzen duena euskaldunen artean erdaraz barra-barra aritzea da.

Erro: «Zer da euskara norberarentzat? Zer ematen dizu? Zaren hori, izaera, sustraia. Hori transmititu behar da maitasunaren bidez. Niretzat, maitasunaren transmisioa familian egiten da, euskalduna izan edo ez, zuk hori transmititzen baduzu, zainduko duzu. Balio guztiak maitasunaren bidez transmititzen dira».

Intuizioz

Antton Erkiziak azpimarratzen du ez kontatzeko hau lorpen epiko bat bezala, eta saiatu dira horretan. Intuizioz egin zutela dio, planifikatu gabe. Agian horregatik, bete-betean asmatu zuten: helduak, haurrak, kultura, komunikabideak... Orain dena hagitz antolatua dago eta, Arburuak baieztatu duenez, beren plangintzek atal horiek izaten jarraitzen dute.

Erro: «Hazia hasi zen euskalduntze-alfabetatze arloarekin, hortik pasatu zen irakaskuntzara, gero hedabideetara... Horrela joan zen bidea egiten, pausoz pauso etapak betetzen bezalaxe. Koxkonta eta Segapoto irratia sortu ziren, ‘Astaputza’ fanzinea ere bai. Lehen antzerkia egin zen euskaraz».

Ez dugu aipatu bertsolaritza eta Manolo Arozena da elkarrizketatuetako bat.

Erro: «Nafarroako Txapelketa galdua zen eta Pablo Iantzi Sariketa hasi genuen. Lesakako Udalbatza aretoan egiten zen. Arantzako Madariagatarrak, Lesakako Makuko, Mendiburu, Alkat, Xalbador, Argiñarenatarrak, Dionisio Mujika antolatzaile eta gai-jartzaile...».

Arburua: «Pentsa orain Bortzirietako Bertso Eskola ze indartsua den, genero aldetik ere bai. Baina dokumentaleko irudietan Iantzitar bat, Martinika, agertzen da sari bat emanez, bertze batean Kontxi, baina gainerako guziak gizonak dira, soilak eta zapelarekin. Horretan aitzindu dugu, badugu mugimendu indartsu bat, galtzear egon den kultura batena».

Eskertza

Eskertuz amaitu du teknikariak. «Oier Fuentes da proiektuaren zuzendari eta errealizatzailea, eta Ainhoa Larretxeak egin ditu elkarrizketak. Nahi genuen norbaitek lana sailkatzea, bilaketak egiteko, eta Badihardugu Elkarteak irizpideak utzi dizkigu. Lan hori Monika Agirrek egin du».

Iban Garro eta Leire Errandoneak pasarteak aukeratzerakoan eman dieten laguntza ere bereziki estimatu du.