Isiltasunetik ihesi
Gaur egungo gizaterian isiltasunari beldur itzela diogu: beldurra hizketaldietan hitzik ez dagoenean, izua harremanetan isiluneak luzatzen direnean, gauza bera autobus geltokian, metroan bidaiatzen dugunean edo edozein lekutan esperoan gaudela ezezagunak (edo agian ezagunak ere) alboan ditugunean, so egin behar ez izateko; eta hori baino gehiago, beldurra diogu geure buruarekin bakarrik egoteari, gure pentsamendu propioekin bakar-bakarrik gelditzeari. Horregatik, halako edozein momentu soinuz, zalapartaz, irudiz eta artifizioz betetzen eta kanpokotik babesten ibiltzen gara une oro, bakarrik egoteko, baina era berean geure buruaren, gurea, den soinua entzutea saihestuz. Ihes egiten diogu horri.
Topikoak topiko, bada testuinguru bat ingurukoekiko zorroztasunarekin eta batez ere isiltasun deserosoarekin luzaroan lotu izan duguna. Liburutegiez ari naiz. Eta gaztetxo sasoian, gure garaietan, liburutegiak informazio iturri bakarrenetarikoak ziren. Haietara jotzen genuen eskolako lanek behartuta, isiltasun, formalismo eta diziplina zorrotz horretara, neurri batean deseroso eta lekuz kanpo. Ez zitzaizkigun erakargarriak egiten, nahiz eta han bildutako liburu andanak mila altxor, jakintza eta abentura gordetzen zituzten eta dituzten, guk noiz zabaldu zain daudelarik. Izan ere, orduan (halako) jakintza ez zen guretzat lehentasuna, ezta intereseko zerbait ere. Are gehiago, orduan liburutegietan isiltasuna zen araua; eta gutako asko araua apurtzearen tentazioz kanporatuak izaten ginen guretzat jolasa zen urraketa horren barnean.
Pasa dira urteak, aldatu gara gu, aldatu da gizartea eta aldatu dira, baita ere, liburutegiak. Edozertarako informazio iturria Interneteko biltegi zaratatsua da orain, anabasa, eta, gainera, poltsikoan daukagu une oro eskuragarri. Baina informazioa baino askoz gehiago da entretenimendua; kritika eta ekintzarik piztu nahi ez duen denbora-pasa eta, baita ere, zaborra. Eta entretenimendu hutsal horrek itsututa, “deskulturatuta” gauden heinean, kultura eta informazioa gero eta gutxiago eskatu eta kontsumitzen dugu, eta are eta gutxiago gaude hura, testuinguruak aintzat hartzen dituen informazioa eta kultura, sostengatzearen alde ordaintzeko prest.
Abiadura bizian igarotzen ditugu egunak, hilabeteak… eta emaitza, gure kezkaren asebetea, berehala nahi dugu, utzi diogu itxaroteari, galdu dugu gaitasun hori, galaraztea baimendu diegu. Ez dugu ezer irudikatzeko “lanik” hartu nahi, belarrietatik eta begietatik artifizio askorekin heltzen zaiguna irensten dugu liluratuta eta ez dugu gehiago behar, edo nahi.
Horren guztiaren parean, zurrunbilo zaratatsu geldiezin honi kontra eginez, bada galbidean dagoela esango nukeen praktika bat: irakurketa, kanpoko zalaparta ezabatu eta barruko soinuari, soinuei, askatzeko bidea ematen dien praktika. Denbora eta patxada -galdu dugula uste duguna- eskatzen du, ezin da player-a azkartu, ezin erresoluzioa plataforman eskatu, ezta IAk erraztu ere. Izan ere, praktika honetan emaitza ez da garrantzitsuena, bidea egitea eta bideaz gozatzea baizik. Eta, horrez gain, irakurketa batzuontzat gozamena izateaz gain, patxadaz barrurantz begiratzeko ariketa ere bada. Zu eta zure irudimena, besterik ez. Zer gehiago behar dugu? •