Koldo SAGASTI

Maccabi eta genozidioaren zurikeria

470 eguneko sarraskiaren ondoren, pasa den asteburuan indarrean sartu zen itxurazko su-etena Palestinan. Itxurazkoa; izan ere, hiru egun geroago, lerrook idazteko momentuan, 160 baino gehiagokoa da Israelgo armadak Gazan zein Zisjordanian eragindako hildako palestinarren kopurua. Ezin genuen gutxiago espero, ez baitago joko araurik, ez nazioarteko kontsentsurik, azken mendean erregimen sionistak urratu ez duenik. Agertoki berriak aurrekaririk gabeko panorama lazgarria utzi du, bereziki Gazako zerrendan, eta ez bakarrik eraildakoen kopuruagatik. Hamarkadak beharko dira, besteak beste, azpiegitura zibilen suntsipenari, goseteari, eritasun kutsakorren hedapenari eta lurren kutsadurari buelta emateko.

Duela hilabete, Yasmeen El Hasanek, Palestinako Nekazarien Komiteen Batasuneko ekintzaileak, Euskal Herrian zehar egindako hitzaldi-bira batean esaten zuenez, «Israelek ez dio palestinarrak garbitzeari utziko, harik eta jarraitzea gelditzea baino garestiagoa ateratzen zaion arte». Eta horixe da gakoa, gaur-gaurkoz oso merke ateratzen zaiola.

Datorren otsailaren 7an, Tel Aviveko Maccabi saskibaloi taldea Gasteizera etortzekoa da, Baskoniaren kontra Euroligako partida jokatzera. Maccabi Israelgo erregimenaren kirol-enbaxadore nagusia da, eta azken hamarkadatan nabarmendu da sostengu publikoa emateagatik armada sionistari, bereziki genozidio-ekintzen testuinguruan, beharrezkoena zenean administrazio terroristaren irudia zuritzea.

Azken 470 egunetan ezer gertatu ez balitz bezala, partida hau jokatzea naturaltasunez onartzen badugu, genozidioaren normalizazioa onartuko dugu. Asko dira esku artean erantzukizun historiko bat daukatenak; Baskoniako zuzendaritzatik hasita, haien esku baitago partida jokatzea edo ez jokatzea; Arabako Foru Aldundira, pabilioiaren jabea izanik, bertan antolatzen diren ekintzen gainean eskumena duelako. Haiek daukate partida hau gelditzeko ardura historikoa, behingoagatik genozidioarekin kolaboratzea garesti ateratzen has dadin. •