INFRAGANTI

Mamadou Sarr; euskara eta arrauna giltzarri

Mamadou Sarr Diame senegaldarra 2018an iritsi zen Euskal Herrira. Bere anaia nagusiaren laguntzarekin, bizitza proiektu bat martxan jartzeko aukera izan zuen Ondarroan. Bertan deskubritu zituen euskara eta arrauna, bi giltzarri bere integrazio prozesuan.

Mamadou Sarr, Oiartzunen egindako elkarrizketa hasi aurretik.
Mamadou Sarr, Oiartzunen egindako elkarrizketa hasi aurretik. (Jon URBE | FOKU)

Behin eta berriro mahaigainean jartzen diren kezka eta galderak dira: zer egin dezakegu euskaldunok Euskal Herria migranteentzat harrera-herria izan dadin? Euskara, oztopo moduan ikusi beharrean, kultura desberdinen arteko zubi bilakatzeko? Erantzun egokiak aurkitzeko interesgarria izan daiteke integrazio prozesu hori bizi izan dutenen esperientziak ezagutzea.

Mamadou Sarr Diame senegaldarra 2018an iritsi zen Euskal Herrira, gaur egun Oiartzunen bizi da, eta arraunlari bezala nahiko ezaguna egin zen: San Pedrorekin TKE Ligara igoera lortu zuen 2023an, eta traineruen liga nagusian arraun egin duen lehen subsahararra bilakatu zen iazko udan. Hasi eta buka euskaraz egindako elkarrizketan kontatu dizkigu bere bizipenak.

«2012an nire anaia etorri zen. Lehenik Marokotik pasa zen, bi hilabete egon zen han, eta handik iritsi zen Euskal Herrira. Nik ikusi nuenean bera Europara iritsi zela, erabaki nuen nik ere nahi nuela hona etorri. Baina anaiak esaten zidan ez egiteko bere bide berdina, ez igarotzeko Marokotik. Oso bide zaila zela, ez zela batere erraza hona iristea. Hobe zela pazientzia pixka bat izatea, eta bere egoera apur bat hobetzen zenean, lagunduko zidala bidaia normalago bat egiten, hegazkinez etortzeko», ekin dio bere azalpenari.

Bere anaia nagusiak momentu zailak igaro zituen Ondarroara heldu zenean, baina behar zuen laguntza aurkitu zuen. «Gure herriko lagun bat zeukan Ondarroan, baina gero lagun hori Frantziara joan zen bizitzera eta anaia bakarrik geratu zen. Halere, Ondarroako familia batek etxeko semetzat hartu zuen eta laguntza horrekin aurrera atera zen», eskertu du bere familak hasieratik jasotako eskuzabaltasuna.

«2018an, anaiak lagunduta eta beste pertsona batzuen laguntzarekin, posible izan zen hona etortzea. Anaiak taberna batean egiten zuen lana eta tabernako jabeak lagundu zion». Hegazkinez bidaiatu zuen, lehenik Marsellara, eta bertatik heldu zen Ondarroara.

Izugarri maite du Mamadouk Ondarroa, baina ez du ezkutatzen iritsi zenean egoera ez zuela oso argi ikusten. «Lehen egunak ez ziren errazak izan. Guk, Afrikan gaudenean, pentsatzen dugu hemen egoera oso ona dela, lana erraz aurkitzen dela, baina iritsi nintzenean eta hemengo errealitatea ikusi nuenean, kezkatu egin nintzen. Anaiarekin plazara joan nintzenean senegaldar pila bat ikusi nituen han eserita, lanik bilatu ezinda zebiltzanak. Eta hor pentsatu nuen: ‘Baina ni nora etorri naiz?’ ‘Pertsona hauek denek nik baino denbora gehiago daramate hemen eta ez daukate lanik...’», gogoratu du.

«Nire kasuan, anaiak taberna batean egiten zuen lan sukaldari moduan, eta berekin joan nintzen platerak garbitzera», jarraitu du. Mamadouk ere horrenbeste migrantek bizi duten egoera bizi behar izan zuen: paperik gabe lan kontraturik ezin lortu, eta lan kontraturik gabe ezin bere egoera legeztatu. Senegalen arotza zen, baina Euskal Herrian ezin izan zuen hasieran bere arloan lan egin. «Ez neukan paperik eta lanean hastea ez zen erraza. Ni paperik gabe hasi nintzen lanean. Tabernan egoten nintzen platerak garbitzen. Gero kontratua egin zidaten, eta kontratu horrekin paperak egin ahal izan nituen».

Euskara eta arrauna

Eta lehen hilabete horietan euskara ere ezagutu zuen Mamadouk. «Hasieran txineraz ariko balira bezala zen (barreak). Nik gaztelania ulertzen nuen eta pixka bat hitz egiten nuen, azkenean frantsesaren antzekoa delako. Baina anaiarekin egoten nintzen, eta euskara entzutean kuriositatea sartu zitzaidan. Konturatu nintzen hizkuntza hori ez zela gaztelania, eta anaiari galdetu nion: ‘Hauek zer hizkuntzatan ari dira?’. Eta berak aipatu zidan euskara zela, Euskal Herrian jendeak euskaraz hitz egiten zuela. ‘Eta zuk zergatik ez duzu euskaraz hitz egiten beraiekin?’, galdetu nion. ‘Oso zaila delako, ezinezkoa da ikastea’, erantzun zidan. Eta nolabait erronka bat izan zen niretzat. ‘Zaila izango da, baina nik hizkuntza hori ikasi behar dut’, pentsatu nuen. Egun horretan bertan etxera joan nintzenean, mobilean aplikazio bat jaitsi nuen eta pixkanaka hasi nintzen frantsesetik euskarara hitzak eta esaldiak itzultzen. Lanera joaten nintzenean, ‘kaixo’ esanez, ‘egun on’, ‘arratsalde on’... pixkanaka. Eta ikusten nuen zerbait euskaraz esaten banuen jendeari sekulako ilusioa egiten ziola. Eta horrek are gogo handiagoa ematen zidan euskaraz ikasten segitzeko», azaldu du.

Arrauna ere Ondarroan deskubritu zuen Mamadouk, nahiz eta gero beste talde batzuetan ere aritu izan den. «Iritsi nintzenean nik ez neukan lagunik herrian, etxetik lanera eta lanetik etxera ibiltzen nintzen. Eta sukaldeko nagusiak esaten zidan zerbait egin behar nuela herrian lagunak egiteko. Ni beti izan naiz kirolaria. Hasieran futbolean probatzea pentsatu nuen. Baina orduan ez neukan paperik, eta asegururik gabe lesioren bat izanez gero arazo handia sor zitekeen. Lagun batek harremana zeukan Ondarroako Arraun Elkartearekin, nire anaia hartu zuen familiakoak ziren, eta galdetzera etorri ziren, ea nahi nuen arrauna probatu. Baietz erantzun nuen».

Mamadou Sarr, San Pedrorekin arraunean Lekeitioko estropadan. (Jon URBE / FOKU)

Arraunean egindako lehen urrats haiek gogoratzeko eskatu diogunean, Iñaki Errasti entrenatzailearekin oso eskertuta agertu da. «Nik ez nuen arrauna inoiz probatu, uretako kirolik ez orokorrean. Hasieran zaila egin zitzaidan, normala den bezala, baina Iñaki Errastik asko lagundu zidan. Gogoratzen naiz aurkeztu ginenean galderak egiten hasi zitzaidala: ‘¿Te gusta el remo?’ ‘¿Te gusta sufrir?’ (barreak) Zortea eduki nuen, Iñakik sekulako pazientzia daukalako eta urte hartan nire adineko beste hasiberri batzuk ere bazeudelako. Beraiekin aritzen nintzen fosoan, eta Iñaki batzuetan gurekin etortzen zen fosora guri erakustera. Ikusten zen gustatzen zitzaiola hasiberriei erakustea. Noizean behin hasiberriok traineruan sartzen gintuen eta bera gurekin etortzen zen, edo trainerillan ere gurekin sartzen zen, guri erakusteko».

Arraunak bete zuen jendea ezagutzeko helburua, eta harreman horietan hizkuntzak duen garrantzia ere erakutsi zion. «Ongi etorri zitzaidan lagunak egiteko, harremanak egiteko. Eta konturatu nintzen ez badakizu euskaraz jendea apur bat itxi egiten dela, gaztelaniaz hitz egitea kostatzen zaiolako. Gogoratzen naiz Errastik ere fosoan beti esaten zidala: ‘Aurreko ispilua’. Eta nik ez nekien zertaz ari zen. Badakizu, fosoan ispilu bat izaten dugu teknika lantzeko, eta beti esaten zidan: ‘Momo, aurreko ispilua’. Asko gogoratzen naiz esaldi horrekin», dio irribarre goxo batekin.

Beste familia bat Gipuzkoan

Arotz bezala lan egiten hasteko aukera izan zuenean, Gipuzkoara lekualdatu zen Mamadou, Donostiara. Eta arraunean ere beste elkarte batzuk ezagutzeko aukera izan zuen: Orio 2022an, San Pedro 2023 eta 2024an. Bide horretan, gaur egun bere bikotea den Garazi Lasarte ere ezagutu zuen, goi-mailako arraunlaria izandako oiartzuarra.

«Donostian bizi nintzen, eta Garazirekin urte bat edo neramanean batera bizitzen jartzeko erabakia hartu genuen eta Oiartzunera etorri ginen, bera oiartzuarra delako. Bere familiak esku zabalik hartu gaitu, kuadrillako lagunek eta herriko jendeak ere bai, eta niretzat laguntza handia izan da», dio. Gehitzen duenez, euskaldunok itxi samarrak izan gaitezke hasieran, baina «konfiantza hartutakoan irekitzen da jendea eta oso pertsona onak ezagutu ditut, esperientzia onak izan ditut euskaldunekin».

Garazi ere alboan daukagunez, bere ikuspegia ezagutu nahi izan dugu, eta beste behin hizkuntzaren garrantzia agerian gelditu da. «Familian aipatu nuenean mutil laguna kanpotarra zela, egin zidaten aurreneko galdera izan zen ea euskaraz hitz egiten zuen. Amonak ez daki gaztelaniaz eta euskaraz ez hitz egitea arazo bat izango zela. Gainontzean berdin zitzaiela nongoa zen. Ikasten ari zen eta pixkanaka joan gara. Beso zabalik hartu zuten, bat gehiago bezala», nabarmendu du.

Eta Garazik amona aipatu duenez, Mamadouk ezagutu zuen eguneko anekdota kontatu digu. «Amona ezagutzera joan behar nuen, eta joango ginela abisatzerakoan Garaziren aitak amonari esan zion pertsona zuri-zuri bat zela. Amonak ‘gringo’ bat esperoko zuen. Sukaldean zegoen zain, eta sartu nintzenean, a zer susto aurpegia jarri zuen. ‘Puf, hemen zerbait ez doa ongi’, pentsatu nuen», oroitu du barrezka.

«Umorearekin errazago egiten dira harremanak. Eta amonak esaten zuen kolorearena gutxienekoa dela, garrantzitsuena bihotza dela. Guri bi musu ematen dizkigu eta berari lau. 95 urte egin ditu gaur (hilaren 15ean egin zen elkarrizketa), eta nik baino memoria hobea dauka», erantsi du Garazik.

Migrazioari buruzko gogoeta

Apur bat serioago jarriz, eta bere familian izan duten esperientziatik, migrazioari buruzko gogoeta bat eskatu diogu Mamadouri. «Gure gobernuek erru handia dute. Bai Senegalen eta bai Afrikan baditugu errekurtso naturalak. Senegalen badugu gasa, petroleoa, urrea, arraina, zinka... Baina kanpotik etortzen direnean errekurtso horien bila, gure agintariek ate denak irekitzen dizkiete. Frantsesek, adibidez, errekurtso horiek guztiak hartzen dituzte eta beren herrialdera eramaten dituzte. Arazoa hortik dator. Kanpotik etortzen dira, gure aberastasun guztiak hartzen dituzte eta beren herrialdera eramaten dituzte. Eta horrela ezinezkoa da herrialde bat garatzea. Hori gure gazteen etorkizuna hipotekatzea da. Ezin dute lan on bat eduki», salatu du.

«Gazte pila bat daude ikasketak egin dituztenak, unibertsitatera joan direnak, eta hala ere, ezin lanik bilatu. Eta noski, pertsona batek gosea baldin badauka, janaria nondik atera bilatzen saiatuko da. Horregatik, guztiena ez, baina Afrikako gazte gehienen ametsa Europara etortzea da. Bizitza aurrera ateratzea errazagoa izango delako. Nik badakit zer den Senegalen bizitzea, badakit zer zailtasun dauden. Pobrezia handia dago, etxe askotan janaria mugatu behar izaten dute eta agian ez dute ezer jaten gosaritik afalordura arte. Zu horrelako etxe bateko semea bazara, edozein lekutara joango zara zure familia aurrera ateratzeko. Afrikatik datozen gazte guztiak beren familia aurrera ateratzeko etortzen dira», gaineratu du.

(Jon URBE / FOKU)

Gabonetan izan berri da Senegalen, eta azken gobernu aldaketarekin egoera hobetzen ari dela iritzi dio. «2021ean joan nintzen, 2023an ere bai, eta aurten berriz. Esango nuke azken aldi honetan gauzak aldatzen ari direla. Ustelkeria gutxiago dago. Gobernu berria dago Senegalen, panafrikanista, eta horixe nahi dute: errekurtso naturalak herrialdean gelditzea eta bertako gazteek lana izatea. Ustelkeria arazo larria da. Orain, adibidez, poliziari ezin zaio diruz ordaindu. Lehen ez zegoen beste irtenbiderik. Niri Senegalgo gidabaimena iraungi zitzaidan, adibidez. Berritzen ari nintzen, baina horrek bere isuna dauka. Bada, poliziari bi mila franko (Senegalgo moneta) ordaindu nizkion. Badakit ez dagoela ondo, baina hori zen irtenbide bakarra».

Horregatik, euskaldunei daukatena baloratzeko gomendatzen die. «Euskal Herrian gazteek bizitzarekin eskertuta egon beharko lukete. Pentsatzen baduzu Afrikan umeak nola bizi diren, hemengoa eskertzekoa da. Ez dut esan nahi dena ongi dagoela, baina egituratuta dago: gizarte-segurantza bat dago, langileek kotizatu egiten dute... Hori sekulako zortea da eta baloratzen ikasi beharko zenukete. Afrikan jende askok ez daukalako horrelakorik».

Etorkizunera begira

Une oso berezian egin dugu Mamadou eta Garazirekin elkarrizketa, ekainean guraso izango direlako lehen aldiz. “Momo” Zumaian hasi zen arraunean aurtengo denboraldian, baina oraingoz uztea erabaki du, aitatasun prozesua bete-betean bizitzeko.

Etorkizun horretara begira, argi du haurrak Senegal ezagutzea nahi duela. «Bi aldeetako kultura ezagutzea aberasgarria izango da», dio, Senegal ez duela ahazten argi utziz. «Sei urte igaro dira hona etorri nintzenetik, baina ez dut nahi ahaztu. Nire ama Senegalen dago, aita, anaia txikia, nire txikitako lagun asko... han daude».

Baina Mar Fafako-Ondarroa ibilbidea ez da eten, eta lau anaietan hirugarrena aurreko udan etorri zen. «Pozik dago, arraunean hasi da. Senegalen zegoenean nire argazkiak eta bideoak ikusten zituen. Etorri zenean esan zuen berak ere nahi zuela arraun egin. Bi anaiak Ondarroan bizi dira. Igandean izan ginen, hango familiarekin bazkaltzen».

Eta Ondarroak eman dien guztia eskertu nahi izan du berriz ere. «Barkatuko didate oiartzuarrek, baina Ondarroa niretzat Euskal Herriko herririk onena da. Joaten naizenean oroitzapen politak etortzen zaizkit. Oso herri eskuzabala da. Senegaldar pila bat daude eta bizitza asko errazten diete. Askotan esan ohi da ez dagoela lekua kanpotik datozenentzat, baina Ondarroak erakutsi du lekua ez dela kalean behar, lekua bihotzean behar dela. Bihotz handia izanez gero, lekua aurkituko da denentzat».