Pulpitua eta talaia
Haserre nago. Elisa Mouliaak salaketa jarri du Iñigo Errejonen kontra. Joan da epaitegira Mouliaa ahalik tenteen, burua gora, gertatu zena kontatzera. Eta epaileak, Carretero izeneko batek, berriz egin dio eraso, bortitz, bere pribilegiodun pulpitutik. Irudiak ikusita, sentitu dut emakumeak begirada eta burua jaitsi arte ez duela bakerik hartu epaileak. Bularrak zenbat denboran zurrupatu ote zizkion, kuleroak kendu ote zizkion, zakila zertarako atera ote zuen, ea seguru ez ote zuen ezer nahi Errejonekin... baina, zertan ari da epailea? Errejonek berak jakingo du zakila zertarako atera zuen, ezta? Zakila berea da eta berak agintzen du haren gainean. Bai, gizonezkoa da eta berak du bere gorputzaren gaineko agintea.
Elisa Mouliaa, aldiz, emakumea da eta bere gorputzaren gainean jende askok agintzen du; bai eraso egin zion gizon hark, baita egunotan bere hitz eta keinu guztiak epaitu dituzten guztiek ere. Eta, tartean, noski, datozen aste eta hilabeteetan egingo duena lupaz begiratuko duten guztiek. Eta baita Carretero epaileak ere, galdeketa bortitz horretan ez diolako baimendu duintasuna gorputz zauritu horri.
Haserre nago, lotsagarria bezain ezaguna egin zaidalako epailearen pulpitu hori. «Seguru ez zenuela ezer nahi?». «Gona motz horrekin hoztu egingo zara». «Ibili egin behar da ordu horietan bakarrik». «Zer egiten zenuen tipo harekin?». «Ez izan esajeratua, neska, ez da hainbesterako». «Gaizki ulertuko zenuen». «Gaur egun ezin da ezer esan»...
Ezaguna egin zait Carretero epailearen pulpitua. Hortik epaitzen gaituzte emakumeak, goitegi horretatik eta ahots tonu horrekin. Eta ez da gaurko kontua, mende askotakoa baizik.
Arazoa da pulpitua talaia bihurtzen ari dela, Carretero eta enparauen izurako. Datorren jendartea ikusten da talaia horretatik, eta feminista izango dela begitantzen da. Bertan kabitzen ez direnak jaistera gonbidatu beharko dira. Eta, bestela, bultzadatxo bat eman. Pulpitua eta talaia oso toki diferenteak direlako. •