«Zarauzko Ikastolak ez dizkio ateak inoiz inori itxi, eta horrela izaten jarraitzea nahi dugu»
140.000 euroko isuna beren seme-alabak Zarauzko Ikastolan matrikulatu nahi zituzten familiei ateak zabaltzeagatik. Lerroburua beldurgarria da. Egun batzuk igarota, bertako ordezkaritza batekin bildu gara gertatutakoa patxadaz aztertzeko.

Zarauzko Salbatore Mitxelena Ikastolak 140.000 euroko isuna jaso du 2023-24 ikasturtean, Hezkuntza Sailak matrikulazio-kopurua jaistearen ondorioz bertan matrikulatu ezinik utzi nahi zituzten zortzi familiak onartzeagatik. Albisteak amorru handia sortu du ikastolako komunitatean, baina zorionez familia horiek ikastolan jarraitzeko aukera izango dute, itunetik kanpo izan arren. Olatz Zubimendi zuzendaria, Inhar Agirrezabal batzordeko kidea eta Ibai Redondo familia horietako bateko gurasoa elkartu ditugu egoeraz lasaiago hitz egiteko.
Astea bete da isunaren berri publikoki eman zenutenetik [elkarrizketa asteartean egina da]. Zer erantzun jaso duzue jendearen aldetik?
Olatz Zubimendi: Jendeak lehenik eta behin aipatu didana da kopuruarena, 140.000 euro. Izugarria dela. Eta gero, babesa sentitu dugu, babes handia. Beste ikastolena, herrian bertan ere bai. Asteburuan kalera atera nintzen eta jende asko hurbildu zitzaidan babesa erakustera, eta ez ikastolakoak bakarrik, beste ikastetxe batzuetako gurasoak ere bai. Nik hala bizi izan dut.
Inhar Agirrezabal: Nik ere sentsazio antzekoa izan dut, baina kanpoko erreakzioak ez zaizkit horrenbeste iritsi. Horrenbestekoa izan da zigorraren dimentsioa eta horren lekuz kanpokoa, ezen agian jendea apur bat isiltzea ere ekarri duen. Erreakzio horiek jasotzeko zain bezala nago. Zigor honen atzean eztabaidatu beharreko gai asko daude, eta nik hori botatzen dut faltan.
Baina elkartasuna ere bai, noski. Guretzat egun bereziena astelehena izan zen, etxe barruan azaldu genuelako egoera. Asteartean egin genuen publiko prentsaurrekoan, hor gaiak beste dimentsio bat hartu zuen. Eta ostiralean, Euskal Herri osoko ikastoletan egindako elkarretaratzeak ikusi eta babes mezuak jasota, ba mugimendu handi baten parte garela sentitu genuen.
Ibai Redondo: Gure kasuan, guraso bezala, bi urte hauek gogorrak izan dira. Zuzendaritzarentzat ere bai, eta gure haurren irakasleentzat zer esanik ez. Oso gaizki tratatu gaitu Hezkuntza Sailak. Gure haurrentzat onena nahi izateagatik gaizkile moduan tratatu gaituzte. Aldiz, guk bere garaian aurrera egitea erabaki genuen, eta bi urteren ondoren ikustea ikastolen konpromisoa eta babes hori sentitzea oso garrantzitsua da. Asko hitz egiten da zaintzaz, eta gu ikastolan oso ongi zainduak sentitu gara, oso egoera bortitz batean gainera.
Guk albistea jaso genuenean, bi sentsazio kontrajarri izan genituen. Alde batetik, poza, gure haurrek ikastolan jarraitu ahal izango dutelako, eta beste aldetik haserre handia, bi arrazoirengatik. Lehenik eta behin, 140.000 euro horiek Ipar Euskal Herriko edo Nafarroa hegoaldeko ikastoletara bideratu beharrean honetara bideratu beharko direlako. Eta bestetik, oso injustua iruditzen zaigulako, ez diogulako azalpenik aurkitzen. Arazorik ez zegoen lekuan arazo bat sortu delako.
Ikastolak konpromisoa hartu zuen zaurgarritasun tasak orekatzeko ikasleen elkartrukea betetzeko. Gure haurraren gelan hiru plaza zeuden, bi bete ziren, baina gerora guraso gehiago etorri dira haurra ikastolan matrikulatu nahi zutenak, zaurgarriak barne, eta ezin izan dute. Zeren guretzat bi urte gogor izan badira, zaurgarri horiek zer esango dute? Ikusita zein zen panorama, hasieran gurekin zeuden familia batzuk beste ikastetxe batzuetara joan dira. Beraz, zaurgarritasunari aurre egin ez, zaurgarritasuna areagotu egin du erabakiak.
Gaia atera denez, hemen argitu behar da, dekretuak zeresan handia eman duen arren, arazoa ez dela inoiz zaurgarri kopurua izan. Ikastolaren jarrera beti izan da ikasle guztiak eskuzabalik hartzearena.
O.Z: Hiru, zortzi edo hamar ikasle zaurgarri. Guk ez dugu inoiz mugarik jarri alde horretatik. Irekita gaude etorri nahi duena jasotzeko.
I.A: Garrantzitsua da argi uztea legean jasota zeuden ikasle zaurgarrien inguruko eskakizunak bete egin dituela Zarauzko Ikastolak. Gero analisian sartu gaitezke: ea neurri horiek egokiak diren, ea beste zerbaitekin osatu behar diren, ea kiroldegia edo musika eskola ere segregatzaileak diren edo ez... Gai asko daude hor atzean komunitate bezala herriarekin lotzen gaituztenak eta guk ere zerbait eskaini behar diogu herriari. Herri kohesionatu bat nahi dugu, euskaratik. Ikastolek hala nahi dute eta Salbatore Mitxelenak konpromiso hori dauka. Egin dezagun ariketa hori, baina ez dezagun mugatu eztabaida horretara. Esan bezala, ez daukalako zerikusirik. Alde batetik, gela kopuruaren muga dago, eta bestetik, ikasle zaurgarrientzat proposatzen diren soluzioak; eta horiek ikastolak bete egin ditu. Ikasle zaurgarri gehiago hartzeko ere prest gaude, barne beka sistema bat abiatu dugu orain dela urte gutxi, harrera plan bat ontzen ari gara ikastola barruan... Bada interesatzen zaigun gai bat eta heldu behar dioguna komunitate bezala.
I.R: Egia da Zarautz ez dela oraindik herri horren anitza. Badaude inguruan aniztasun gehiagoko herriak. Baina aniztasun hori iristen ari da eta ikastolak horretarako prestatu behar du. Anitzagoa izateko, sektore sozial berrietara hobeto iristeko, eta gure konpromisoa zentzu horretan erabatekoa da. Badakigu ikasle gehiago iritsiko zaizkigula, orain dela gutxi iritsi da gure alabaren gelara Hego Amerikatik beste ikasle bat. Kontua da bi lerro edukita ez daukagula lekurik, ratioetatik kanpo gaudela. Horregatik diot segregazioaren aurkako neurria baino segregazioa areagotzen duen neurria izan dela. Hiru gela izanez gero, jarraitu ahalko genuke ikasle berri gehiago hartzen.
O.Z: Hiru gela izango bagenitu, hiru ikasleko kupo hori izan beharrean askoz gehiago jasotzeko aukera izango genuke. Eta horrekin batera, argi utzi nahi dugu familia hauek itunetarako ez zenbatzea ez dela ikastolari jartzen zaion zigor bat, zigortzen direnak zuzenean haurrak direla. Hori oso garrantzitsua da: haur guztiek jaso dute zigorra.

Denboran atzera eginez. Nola gogoratzen dituzue 2023ko egun eta aste haiek? Hasieran konpondu zitekeen akats bat zirudien, baina nahiko azkar konturatu zineten Hezkuntza Sailak ez zeukala atzera egiteko asmorik.
O.Z: Guk akats bat zela pentsatu genuen eta sartu genuen sartu beharreko alegazioa, baina oso argi zuten ez zirela mugituko. Eta hortik dator arazo hau dena. Orduan borondatea egon balitz hau konpontzeko, hortxe geratuko zen dena, baina ez zen hala izan.
I.A: Nik puntu horretan bereziki goraipatu nahiko nuke zuzendaritzaren lana. Arazoa eman aurretik jada identifikatu zuten gerta zitekeena. “Aizue, hemen arazo bat etor daiteke”, horixe izan zen lehen komunikazioa Zarauzko Ikastolaren eta Hezkuntza Sailaren artean. “Gehienez 50 ikasleko muga jarri diguzue, lau zenbaki sinple egin ditugu, eta aurreikusten dugu 55 eskaera jasoko ditugula”. Hor egon da zuzendaritzaren lana arazoa aurreikusten eta hasieratik borondate osoa erakusten, etor zitekeen arazo horri konponbide bat emateko. Eskaintza bat ematen egon daitekeen eskaera horri. Hain zuzen ere, arauan bertan jasota dagoen bezala: ”Egokitu eta doituko dugu kopurua eskaeraren arabera”. Eta komunikazio horiek matrikulazio epea hasi baino lehen egin dira.
O.Z: Bai, bai, hasi aurretik. Guk berehala ikusi genuen historikoki herriko haurren %30 inguru jasotzen genuela eta jarritako muga horrekin ezingo geniola eskaerari erantzun.
I.R: Guk buelta asko eman dizkiogu kontuari. Egia da orokorrean jaiotze-tasa jaisten ari dela EAEn eta agian gela gutxiago beharko direla, baina herri konkretu bat handitzen ari bada? Astigarraga, adibidez. Handitu egin bada, ba institutu berri bat behar dute, normala den bezala. Eta Zarautz oraindik handitzen ari den herri bat da. Etxe berri pila bat egin dira, tartean babes ofizialeko batzuk ere bai, eta horietara etortzen ari dira guraso gazteak, umeak izateko garaian edo ume txikiekin. Pentsatzekoa da arauak dioen "doitu eta egokitu" hori horrelako kasu berezietarako izango dela. Ikusi da ez dela arazo handirik sortu beste herrietan.
I.A: Eta badirudi muga beti ikastolari jartzen zaiola, tantaka-tantaka. Eta hurrengoan 30 matrikulazio izango bagenitu, ba agian beste koska bat jateko baliatuko litzatekeela. Pixkanaka, hazteko edo bizirik jarraitzeko gure espazioa jaten ari dira. Eta guk horri egin genion planto, ikastolak itotzera zetorrela sentitu genuen neurri bati.
Egoera horren aurrean erabaki zailak hartu behar ziren. Bai familien aldetik eta baita ikastolaren aldetik ere.
I.A: Esan behar da ikasturte hasiera iritsi zela eta jarrita zeuden azken errekurtsoek oraindik erantzunik ez zeukatela.
O.Z: Iraila ongi sartuta jaso zuten batzuek erantzuna. Noski, gurasoek pentsatzen zuten errekurtso horiek onartuko zirela. Beraz, pentsa zer egoeratan zeuden guraso horiek, ikasturtea hasita eta beren seme-alabak nora eraman behar zituzten jakin gabe. Egoera hori ere ez zen normala izan. Eta prozesua orokorrean izan da zaila eta gogorra guztiontzat. Elkar babestuz aurrera egin dugu, baina...
I.R: Hasiera oso zaila izan zen gure etxean, eta besteetan ere bai. Gure kasuan, haurra ikastolara ekartzeko erabakia arrazoi pedagogiko-ideologiko eta sentimentalengatik hartu genuen. Pedagogiko-ideologikoki, ikastola delako hezkuntza proiektu nazional bakarra eta ikusten dugulako euskara arriskuan dagoela Ipar Euskal Herrian eta Nafarroa hegoaldean. Hezkuntza publikoaren proiektua ere oso aintzat hartzen dugu, uste dut kristoren lana egiten ari dela eta beharrezkoa dela indartsu egotea. Baina guk ikastola aukeratu genuen, eskola iristen ez den eremu geografiko horretara iristen delako. Eta EAEko ikastoletatik Ipar Euskal Herriko eta Nafarroa hegoaldeko ikastolak mantentzen direlako. Proiektu pedagogikoarekin ere bat egiten genuelako. Eta sentimentala, bereziki bikotearen kasuan, ikastolarekin lotura handia zeukalako. Orduan, ezezkoa jaso genuenean, gure etxeko paretak gainera erori zitzaizkigun, nolabait. Ez beste proiektuak ez zaizkigulako gustatzen, baizik eta guk ikastolaren aldeko hautua egin genuelako.
I.A: Une hartan, beraien ezinegon horretatik, familiak izan ziren erabaki bat hartzera bultzatu gintuztenak. Esaten ziguten, “iraila gerturatzen ari da, emaiguzue berme bat hurrengo ikasturtera begira”. Kontuan izan behar da maila osoko arazoa zela. Zenbakien zozketa hori gorabehera, berez edozein familia izan zitekeen kanpoan geratzen zena, eta polita izan zen HH2ko gurasoak elkartuta ikustea. Lehen bilerak ederrak izan ziren, alde horretatik. Gero, egia da, hortik 540 familiako komunitate batera igarotzeak eta guztien artean horrelako erabaki bat hartzeak baduela bere konplexutasuna. Nik zalantza asko nituen: isilean ibili behar dugu, hobe da publiko egitea...
O.Z: Nola bideratu horretan bazegoen kezka. Kezka familia horiengatik, kezka ikastolagatik... Dena hartu behar zen kontuan eta ez zen erraza izan.
I.R: Ariketa konplikatua izan da. Gure haurraren irakasle batek aipatzen zigun bere aita ikastolaren sortzaileetako bat izan zela, eta honekin gogora etorri zaiola bere aitak ikastola sortzerakoan bizi izan zuena. Zeren gogoratu behar da ikastolak, eta eskola publikoak ere bai, legezkotasunaren gainetik igaroz egin duela aurrera. Eta eskerrak! Ikastolak Jaurlaritza baino lehenago sortu ziren, 1936ko Jaurlaritza baino lehen. Eta beti egin dute legezkotasunaren gainetik aurrera, herri zapaldu batean, kultura zapaldu batean, hezkuntza zapaldu batean, legezkotasunaren barruan ezingo zutelako bidea egin. Ipar Euskal Herrian orain dela gutxi arte alegalak izan dira ikastolak. Noski, ez duzuna espero da 2025. urtean horrela ibili behar izatea. Baina egia da horrelako eraso baten aurrean komunitatea trinkotu egiten dela, eta guk sekulako babesa sentitu dugu. Eskertzekoa da, zeren guretzat gogorra izan da, baina beste gurasoentzat ere bai. Haurrak eraikinez aldatu behar izan dira, ume handiagoak dauden eraikinera ekarri... Beste gurasoen babesa sentitu dugu, eta beste ikastetxe batzuetakoena ere bai.

Eta aurrera begira zein da panorama? Egoera hau errepikatu liteke?
O.Z: Ba bai, zoritxarrez berriz gerta liteke.
I.A: Oker ez banago, sei urteko planifikazioan hiru lerroko ikastola izaten jarraitzen dugu, baina agindua berriz ere bi gelakoa dator, 50 ikasleko mugarekin.
I.R: Nik nabarmenduko nukeena da borroka bat irabazi dugula, gu zortzi familiok hemen egotea, eta oso garesti irten dela, baina bigarren borroka bat irabazi behar dela: ikastolen proiektua aitortzea. Hiru lerro behar baditu, hiru; bederatzi behar baditu, bederatzi. Aitortu behar da eskola publikoak egiten duen lana, chapeau, eta aitortu behar da ikastolek egiten duten lana, eta zein beharrezkoak diren. Eta borroka horretan ez dago bakarrik inplikatuta Zarauzko Ikastola, Ikastolen Mugimendu guztia dago. Inportantea delako, ikastolen proiektuarekiko errespetua dago jokoan. Eta kasu honetan, Jaurlaritza ez da ari errespetatzen ikastolen proiektua. Zeren beste ikastetxeetan ez dago arazo hau. Nahi duena joaten da eta nahi duena ez, eta gu pozten gara horrela delako. Hemen ikastolen proiektua zigortzen ari dira. Beraz, pozik gaude, baina haserre eta minduta ere bai.
O.Z: Ikastolen zazpigarren batzarrean halaxe erabaki zen: ikastolara etorri nahi duen ikasle eta familia ororen nahia bete eta errespetatzen saiatuko dela ikastola. Borroka horretan jarraitu behar dugu, hori da gure nahia. Zarauzko Ikastolak ez dizkio ateak inoiz inori itxi, eta horrela izaten jarraitzea nahi dugu.
I.R: Kontrakoa. Guk nahi dugu sektore berrietara iritsi, orain arte iristeko zailtasunak izan ditugulako. Sekulako ahalegina egiten ari gara beka sistema berri baterako dirua lortzeko. Gogorra da 140.000 euro isun baterako lortzen ibili behar izatea beka sistemarako erabili beharrean. Zeren horretan ari ginen, adibidez.
I.A: Aurtengoari dagokionez, EAEko ikastoletan eskaintza baino eskari handiagoa baldin badago, uste dut gai honek beste dimentsio bat hartuko duela. Hori da nire sentsazioa, edo hori nahiko nuke gutxienez.
O.Z: Pentsatu nahi dugu legean aipatzen den doikuntza hori aintzat hartuko dutela eta borondate hori egongo dela.
Dirua biltzeko kontu bat zabalik dago jada, eta ekintza desberdinak martxan jarriko direla aurreratu duzue. Horretan hasteko garaia da?
I.A: Atzoko bileran [astelehenean] jende asko bildu zen eta lantalde pila bat jarri dira martxan. Argi utzi nahi dugu isun honek ikastolako ohiko dinamika, ekarpen, egiturazko gastu eta abarretan ez duela eraginik izango. Ezohiko eta salbuespenezko egoera batean gaude, eta erantzuna ere modu horretakoa izango da.
I.R: Oraindik ekintza zehatzik ezin dugu aurreratu, baina bileran ikusi zena da, eta bileraren ostean herrian ere bai, hainbat elkarte eskura dituzten baliabideak eskaintzeko prest agertu direla. Eta elkartasun hori jasotzea polita da.
O.Z: Gertatu denari alde positiboa bilatzekotan, komunitatea elkartu eta batzeko aukera hori litzateke.
I.A: Badago sektore bat Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publiko barruan ikastolak etsai bezala ikusten dituena. Eta uste dut askotan helburu berak ditugun sektoreak izan gaitezkeela. Elkarrekin joan gintezkeela, eta datozen arazoei elkarrekin erantzun borobilago bat emateko aukera edukiko genukeela eskutik helduta joanez gero. Baina eraso horiekin iruditzen zait ikastolen familia apur bat makurtzen joan dela, konplexuz betetzen. Prozesu nahiko gogorra da, zentzu horretan. Ea baliatzen dugun hau apur bat indartzeko, sendotzeko.
I.R: Pentsatu behar da ikastolak, dena oso ondo eginda eta matrikulazioa oso ondo joanda ere, sistemaren %12-13 inguru izango garela. Asko jota %15. Eta beste %85a? Hau ezin da lehia terminoetan planteatu. Herri txikia gara, hizkuntzaren eta kulturaren arloan sekulako erronka daukagu, eta handiagoa dator. Ez migrazioagatik bakarrik. Teknologia berriak, globalizazioa... Sekulako erronka daukagu eta hau elkarren aurka ezin da egin. Elkarrekin egin beharko dugu, eta %100ean sinistuta diot. Zubiak eraiki behar dira proiektu desberdinen artean, elkarlanean egin behar da aurrera, eta herri ikuspegi batekin. Ikastolen arazoek beste komunitate guztien arazo izan behar dute, eta beste ikastetxeen arazoek ere komunitate guztien arazo izan behar dute. Bestela hau pikutara doa. Ni irakaslea naiz eta ikastetxeetan ikusten da, gero eta konplikatuagoa da egoerari aurre egitea, egoera oso konplexua da. Teknologia berriek duten pisua gazte eta haurrengan... Hau ez da txorakeriatan eta elkarrekin mokoka ibiltzeko garaia.

«Estatuaren aurkako kritika Estatuaren deuseztapen bihurtu da»

Emozioen adierazpena gorputzean
Ezkio eta Gasteiz Palestina eta Ukrainara begira

«Pobreak eta aberatsak zergatik dauden ulertzen saiatu izan naiz beti»
