Politika, errelatotik askatu eta errealitatera ekarri
Errealitatean bizitzetik errelatoetan bizitzera igaro gara. Gertatzen dena baino, kontatzen dena omen da egia. Adibide xume bat: duela hiru aste, Madrilgo Diputatuen Kongresuan, milioka herritarrentzat egunerokoan garrantzi handikoak ziren bozketak burutu ziren. Markagailuan garbi agertu zenez, PPk, Voxek eta Juntsek ezetz esan zieten pentsioak igotzeari, garraio publikoetako deskontuak luzatzeari eta erraldoi energetikoen gaineko zerga mantentzeari (azken honetan EAJrekin ere lerrotuta). Horraino errealitatea, emaitza, datua.
Eguna amaitu aurretik hasi zen, ordea, errelatoen dantza, hasieran sinestezina, baina gero eraginkorra. Honetan, eskuineko indarrek Pedro Sanchez buru duen Gobernuari herritarrak «gatibu» gisa hartzea leporatu zioten. Baietza eman zutenek ez omen zituzten neurri horiek nahi, arerioari kalte egitea baizik. Beraiei zegokienez, kontra bozkatu arren, neurri horien alde ziren, eta baliogabetutako guztia laster berreskuratuko zuten. Txiste txar bat zirudien, eta? Ba hedabide askok tesi hori bere egin zuten; alegia, bi bertsio kontrajarri zirela esan zuten, ezer argirik ez, nolabaiteko ekidistantziari eustearren, egia eta gezurra parekatuz, nahasmena areagotuz.
Errelato on bat asmatu eta kokatzea omen da politika egiteko gaurko bidea. Ikus dezagun, Euskal Herrira etorriz, Lakuako Gobernu berriaren ekimen garrantzitsuenetako batekin gertatzen ari dena. Bidean den eragile askoren arteko negoziazioari Osasun Ituna deitu diote, hasiera-hasieratik, prozesuaren amaieran itunik izango den ala ez oraindik inork ez dakien arren. Bilkura horien aurretik, gainera, hasi baino minutu batzuk lehenago esan nahi da, sailburuak adierazpenak egin ohi ditu, mezua bere aldera eramanez. Gauzak honela, nor izango litzateke porrot baten errudun azkenean Itunik ez balitz? Sailburua ez, jakina...
Baina Trumpengandik urruti gaude oraindik, zorionez. «Egitate alternatiboak» asmatu zituen mandatariak esan du: Washingtongo hegazkin istripuaren errua hegaldi kontrolatzaileen kontratazio arauena da, inklusioa barne hartzen omen dutelako. Bota du eta, larriagoa dena, askok sinistu egin dute.
Adimen artifiziala, bestalde, dena ari da hartzen jada: infiltratzen, okupatzen, kanibalizatzen… nahi den bezala. Politika eta politikaren komunikazioa ere «bahituko» ditu gu ohartu orduko. Dena azkarrago joango da, sinpleago ere bai. Errealitate konplexuei erantzuteko ez da erreminta eraginkorra izango, baina errelatoak sortu eta zabaltzeko bai, oparoa seguru. Hortik aurrera, aukerak libre, esango digute: hipermerkatuan bezala, nork bere gustuko bertsioa izango du, bere interesetara egokitutako errelatoa, bere barruko hooliganaren gosea amatatzeko jakia.
Errelatoak alboratu eta errealitatera itzuli ezean, bistan da nor izango den nahaste honetan galtzaile eta nor irabazle. Eta Adimen Artifiziala bakoitzaren irizpide kritikoaren eta sen onaren gainetik jarrita, gauza bera. Nork esango zuen gaur egungo ekintzarik iraultzaileena errealitateari erreparatzea izango zela; baina bai, hor gaude. Eta ez da borroka erraza izango. •