Amagoia MUJIKA TELLERIA - Iñaki SANZ-AZKUE
Entrevista
JOSE JAVIER ETXEBERRIA
GOIZUETAKO MEDIKUA

«Askotan esan izan didate nirekin hizketan aritzean gaitzen erdiak joaten zaizkiela»

Duela hiru urte jubilatu zen Jose Javier Etxeberria (Goizueta, 1956). Kasik 30 urte eman ditu Goizuetan mediku. Inor ez omen da profeta bere herrian. Etxeberria gustura asko aritu da, herritarrak zaindu ditu eta bera ere zaindua sentitu dela aitortzen du, eman adina jaso duela.

0 seconds of 0 secondsVolume 90%
Press shift question mark to access a list of keyboard shortcuts
00:00
00:00
00:00
 

Goizuetako medikuak duela hiru urte erretiroa hartu zuenean, omenaldi sentitua egin zioten herritarrek, horrek erakusten du harremanaren nolakotasuna. Ruandan bost urte (1988-1993) eta Leitzan eta Goizuetan ia 30 urte. Bere mediku ibilbidea, gutxi edo gehiago, bi kolpe horietan laburbildu daiteke. Ruandan ikasitakoak eraman ditu aldean beti, eta memorian ere sakon ditu jasoak.

Mediku aritu den hamarkadetan, goizuetarrak egoera anitzetan ezagutu ditu; osasunaren ertz guztiak ditu ikusiak. Hamaika etxetako ateak ireki dizkiote “herriko medikuari”, eta berak aukera baliatu du bere pasiorako: Goizuetako kontuak, istorioak, hitzak, bazterrak, kondairak, irudiak... jasotzeko. «Herri txiki honetan, ‘ez dago deus’ esatetik ‘hemen denetik dago’ esatera pasatzen zara aberastasun hori guztia jasotzen duzunean». Etxean gela bat paratu dio hainbeste maite duen herriari; han eta hemen jasotakoak, egunkari eta aldizkarietan topatutakoak, berak bildutakoak... Goizuetari buruzko dena dauka jasoa. «Jubilazioko ametsa izango litzateke denbora izatea jaso dudan informazio hori guztia antolatu eta ordenatu ahal izateko».

Umetatik izan al duzu medikuntzarako bokazioa?

Ez. Umetan esaten nuen handitzean albaitaria izango nintzela. Batxilergoan izan nituen nire istorioak, biriketako tuberkulosia izan nuen. Eskolara joan, eztulka hasi nintzen, eta odola bota nuen. Sei hilabete eman nituen ospitaleratuta, Donostiako “sanatorioan” Horrela esaten genion. Ni, hamabost urteko mutikoa, adinekoen artean, mimatua. Ikasturtea galdu egin nuen.

Ikasketak bukatu, selektibitatea egin eta lagun batzuk apuntatu ginen Iruñean medikuntza ikasteko. Jende asko sartu ginen orduan medikuntzan, eta amaitutakoan arazoak izan genituen lana topatzeko.

Ikasketak bukatu eta non hasi zinen lanean?

Izena eman nuen han eta hemen. Nire lehen lana Hondarribiko Kofradian egin nuen, hango kontsultan. Hemen ez zegoen erraza lana topatzeko, eta hor barrena ibiltzeko gogoa sortu zitzaidan. Iruñeko Medicus Mundira joan nintzen galdetzera. Hor bazen Ruandan Nemba izeneko erietxe ezagun bat, Nafarroako Gobernuarekin eta Medicus Mundirekin harreman handia zuena. Elkarrizketa bat egin zidaten eta Ruandara lanera joateko prestatu behar nuela esan zidaten. Bartzelonara joan nintzen medikuntza tropikala ikastera, lau bat hilabete izan ziren. Hortik Tuterako erietxe berrira joan nintzen. Oso momentu berezia zen, ospitale berri-berria, jende gaztea zegoen bertan lanean, ilusio handia sumatzen zen, giro berezia. Ni Tuterara iritsi nintzen eta esan nien “Afrikara joan nahi dut eta denerako prest nago, denetarik egin nahi dut denetarik ikasteko”. Nik banekien Ruandan denetarik egin beharko nuela; kirurgia asko, erditzeak, zesareak... Eta jarrera horrekin joan nintzen Tuterara; “Nik ez dut ordutegirik, behar duzuenerako deitu”, esan nien. Urte eta erdian kasik erabat ospitalean egon nintzen, atera gabe. Izugarri ikasi nuen.

Eta Tuteratik, Ruandara.

1988ko urtarrilaren 5ean abiatu nintzen. Errege egunean goizean iritsi behar genuen, baina hegazkina atzeratu eta arratsean ailegatu ginen. Bilboko beste bi medikurekin joan nintzen. Haiek aurretik Ruandako beste ospitale batean egonak ziren, baina Nemba ospitalera hirurak iritsi ginen, lantalde berria. Gogoan daukat Afrikako lehen inpresioa: haize epela eta aurretik ezagutzen ez nuen usaina.

Hurrengo egunean, ospitalera. Gure esperoan zeuden, berandu ailegatu ginela eta lantaldeak alde egin behar zuela esan ziguten, ez zeukatela denborarik erietxeko kontuak azaltzeko. Hegazkina hartu behar zuten. Eta han geratu ginen, 70 langilerekin, apenas erietxeko martxa ezagutu gabe.

Lehen urtean Tuteran bezala jarraitu nuen, denetarik egiten. Lehen urtea latza izan zen, edozein ordutan deitzen ziguten. Guardiak elkarrekin egiten genituen eta edozein ordutan iristen zen larrialdiren bat. Han ez genuen telefonorik, erietxetik gertu zegoen etxe batean bizi ginen eta atea jotzera etortzen ziren. Bazekiten mediku bakoitzak zein logelatan lo egiten genuen eta kax-kax jotzen ziguten atea. Soinu hori betiko geratu zait gogoan.

Gerraren aurreko urteak.

Bai, gu Ruandara iritsi ginenean, 1988an, Afrikako Suitzara ailegatu ginela esaten ziguten; ‘Hemen gauzek funtzionatu egiten dute, honek ez du Afrika ematen, herrialde ona da, zortea izan duzue. 1990eko urrian hasi zen gerra eta dena aldatu egin zen. Ordura arte geratu gabe ibili ginen, lana eta lana, kasu izugarriak iristen zitzaizkigun erietxera. Gerrarekin dena aldatu egin zen.

Bizitzarekiko eta heriotzarekiko hartzen dugun tokia desberdina al da Ruandan eta Euskal Herrian?

Oso desberdina. Ruandan, jaiotzetik bertatik heriotza oso presente dago. Oso gazte direnean ere, badakite edozer gauza gerta daitekeela eta heriotza etor daitekeela. Gaitza eta heriotza normaltasun handiarekin bizi dituzte, eta heriotza lasaitasunarekin. Noski, heriotza sufritzen zuten, negar egiten zuten eta pena handia hartzen zuten, baina lasaitasunarekin bizi zuten, bizitzaren beste ziklo bat balitz bezala.

Euskal Herrian beste modu batera bizi dugu, beti zerbait egingo ote den esperantzarekin, erremediorik ba ote duen... Nahiz eta jakin askotan gauza larria dela eta zaila dela aurrera egitea, beti dugu esperantza hori. Bizi itxaropena ere asko luzatu da eta... baina hemen ez da hain samur onartzen eta gorde egiten da. Ruandan naturalago bizi dute, nik hori ekarri dut handik. Baina egia da niretzat Ruanda oso presente dagoela. Galdetzen badidazu zer egin nuen orain bost urte Goizuetan ez naiz oroitzen, baina Ruandako urteak oso presente ditut, momentu guztiak.

Adibidez, gogoan daukat meatzeetan gertatzen ziren lan istripuen ondorioz nola iristen ziren askotan bizkarra txikituta, eta tetraplegiko edo paraplegiko geratzen ziren. Urrearen bila aritzen ziren eta tarteka meatzea hondoratu egiten zen. Istripu bat izan zuen gizonezko bat ekarri zuten, tetraplegiko geratu zen. Erietxean galdetu zigun, “nireak ba al du erremediorik?”, ezetz esan genion. “Bada, orduan, ni etxera” esan zuen. Normalean, igartzen bazuten beren egoerak ez zuela hobera egingo, onartu egiten zuten. Batzuetan, beren herriko medikuntza tradizionalarekin ere saiatzen ziren, asko sinisten zuten horretan. Gogoan dut bagenuela tetanos gaixotasuna zuen gizonezko bat erietxean ospitaleratuta. Oso gaizki pasatzen zuen, baina gure tratamenduarekin hobetzen ari zen, ondo zihoan. Gelara sartzen ginen bakoitzean esaten zigun bazekiela zein zen beretzako erremedioa eta etxera joan behar zuela ahuntz bat akabatzera.

(UTZITAKOA)

Guztira bost urte Ruandan, 1988-1993 bitartean.

Bai, bost urte oso beteak. Nire emazteak bizpahiru bidaia egin zituen, joan-etorrian ibili zen. Berak buruan zeukan han lan egin nahi zuela, emagin oso ona zen. 1991ko apirilean, Euskal Herrira bueltatu eta ezkondu egin ginen. Eta berriz buelta Ruandara, emaztearekin. Gerra hasia zen eta emaztearen familiari ez zitzaion asko gustatzen ideia, baina jabetu ziren alferrik ari zirela, Marianek garbi zeukala hara joan nahi zuela. Gerrak mugarri bat jarri zuen kaleko bizitzan eta erietxekoan, dena aldatu zen.

Eta gerrako zaurituak iristen hasiko ziren...

Bai, gogoratzen dut lehenengo bala zauritua. Emakume bat etorri zen, bala bat sartu zitzaion paparretik eta bizkarretik atera. Gerora granadaz zauritutakoak etorri ziren, pertsonen kontrako minetan zaurituak... denetarik. Gerrako fase desberdinak ezagutu genituen, pixkanaka gerra hurbiltzen hasi zen. Errefuxiatuak agertzen hasi ziren, haiek artatzen hasi ginen, gero zauritu gero eta larriagoak... gerra hurbiltzen sumatzen genuen.

Gerra erietxeraino bertaraino gerturatu zen eta alde egin behar izan zenuten.

Gogoan daukat erietxean artatu nuen gure azken pazientea. Bitxia izan zen. Gerra bertan-bertan genuen, erietxea ixten ari ginen handik alde egiteko. Arrisku bizian ginen. Eta emakume bat iritsi zen, erditzear zegoela. Zesarea egin behar izan genion eta bikiak ziren. Bitxia izan zen, erietxean oso biki gutxi jaiotzen zirelako. Pentsatu genuen, “nolako bukaera”. Kanpora atera eta lurrean zauritu bat, gizon gazte gihartsu bat. Zauri txiki bat zeukan sabelean, ez zirudien larria. Barrura sartu genuen eta konturatu nintzen metraila puska bat zuela barruan. Uste baino larriagoa zen. Ebakuntza egin genion eta heste barruan zeukan granada pusketa bat. Atera genion, eta ospa erietxetik. Duela gutxira arte etxean izan dut granada pusketa hori.

Erietxea hustea sekulako epopeia izan zen. Gurutze Gorrikoak etorri ziren hustu egin behar zela esanez, baina ez zituzten eraman hezurrak hautsita ohean trakzioarekin zeudenak. Erietxean geratu ziren tetraplegiko bat, moja batek lagunduta, eta hamar bat gaixo, hezurrak hautsita zituztenak. Ordurako, gerrako mugako ospitaletik ehun bat metrora geunden kokatuta, eta handik atera beharra geneukan. Jeep batean sartu genituen ahal bezala eta alde egin genuen erietxetik.

Etxeratze agindua zegoen ezarria, gaueko hamarretatik aurrera ezin zen kalean ibili. Andrea eta urtebeteko semea babestutako toki batean zeuden ordurako. Gaixo horiek denak hartu eta pista txar batzuetatik iritsi nintzen Kigaliko ospitale handi batera, han hartuko zituztelakoan. Sekulako beroa egiten zuen, bidaia txarra izan zen. Kigaliko erietxean ez zegoela tokirik esan zidaten. Ni haserretu egin nintzen, eta Ruandan ezin zara haserretu, oso gaizki ikusia dago ahotsa altxatzea. Esaten nien ez zekitela nola zeuden gauzak, 60 kilometrora gerra zegoela eta egoera oso larria zela. Handik haserre bizian atera nintzen eta Nazioarteko Gurutze Gorrira joan nintzen, egoera azaltzeko. Nik etxekoengana joan nahi nuen. Gurutze Gorrikoek esan zidaten handik 80 kilometrora zegoen Elizako erietxe batera eramateko gaixo horiek, han hartuko zituztela. Eta hara joan ginen. Gaixoak bertan utzi eta justu iritsi nintzen etxera gaueko hamarretan. Etxean sartu eta lehertu egin nintzen; negarrez lehertu nintzen.

Beldurra sentitu zenuen?

Han nengoela ez. Agian gaurtik begiratuta, gehiago konturatzen naiz arriskuarekin. Han Ruandan harremana genuen apaiz zuri batekin, eta hark esaten zidan, “zergatik uste duzu gaudela hemen apaiz zuriak? Beraien artean ezin dira moldatu, baina gu umusunguak gara -europar zuriei horrela esaten ziguten-”. Umusunguak ginen, zuriak, ez ginen haien saltsetan sartzen. Maitatuak eta errespetatuak sentitu ginen.

Buruan al daukazu zure lehen jaiotza mediku modura?

Bai. Tuterako erietxean nengoela, azken hilabeteak erditzeetan eman nituen. Goizuetako ezagun batek aipatu zidan bere emaztearen lehengusua emagina zela Tuterako erietxean. Egun batean korridorean nenbilela gerturatu zitzaidan, Goizuetakoa ea ni ote nintzen galdezka. Gerora nire emaztea izan zen. Hiru hilabete eman nituen erditzeetan, eta izugarri ikasi nuen. Egun batean esan zidaten: “Gaur zuk egin behar duzu zesarea’. Nik atera nuen umea. Geroztik asko egin ditut, baina lehenengo hori ez da ahazten.

Eta lehen heriotza?

Lehena izan edo ez, heriotza batzuk ez dira ahazten. Baditut bi edo hiru heriotza iltzatuta, behar adina egin ote nuen zalantzan, beste modu batera egin nezakeela pentsatzen baitut. Horietatik ikasi egiten da, baina ez dira burutik joaten.

Galderarekin batera etorri zait Ruandan gertatutako heriotza bat, oso presente dudana. Han ardura handiagoa da, baliabide gutxiago daude eta mediku gutxiago. Ni Nembako erietxera iritsi nintzenerako oso fama ona zuen ospitaleak, oso ondo lan egiten zen.

Lanean ari nintzela, neskato bat ekarri zuten, hamar bat urtekoa, sabela handi-handi eginda. Ezin zuen deus jan eta oso ahul zegoen. Ez zeukan irtenbiderik. Ekografia egin genion eta ikusi nuen bost litro edo gehiagoko poltsa bat, gibelean itsatsia zeukan kiste izugarri bat. Ebakuntza egitera ausartu nintzen, kendu nion kistea, uste baino errazago, eta izugarri pozik atera nintzen gurasoekin hitz egitera. Oso ondo atera zela esan nien, eta haiekin hizketan ari nintzela, anestesista etorri zitzaidan atzetik, hil egin zela esanez. Sekulako kolpea. 1992. urtean gertatu zen, eta atzo balitz bezala gogoratzen naiz.

(UTZITAKOA)

Medikuak negar egiten al du?

Pazientearen eta familiaren aurrean ez, baina gero, bakarrik dagoenean, bai. Oraindik ere negar egiten dut kasu batzuk gogoratzean.

Ruandan bost urte, eta buelta Euskal Herrira. Bueltatu zen Jose Javier desberdina al zen?

Bai, oso desberdina, eskarmentu askoz gehiago zuen. Ruandan askotan diagnostikatzen genuen eskuekin, sabela ukituz. Asko ikasi genuen horrela arituta. Gero, hemen, ekografoak genituen eta errazagoa zen. Jakinduria horrekin etorri nintzen Ruandatik, eta horrek segurtasun handia eman zidan.

Ruandatik Tuterara berriz.

Bai, emazteak hango erietxean zeukan plaza. Seme txikia genuen eta bigarrenaren esperoan ginen. Bitartean lanean ibili nintzen han eta hemen ordezkapenak egiten, ez zitzaidan lanik falta.

Goizuetan bi mediku zeuden garai hartan, bat titularra eta bestea larrialdietakoa. Biak emakumeak ziren eta biak bajan zeuden, batek abortatzeko arriskua zeukan eta bestea erditzear zegoen. Egun berean medikurik gabe geratu ziren Goizuetan. Etxera deitu zuten, Goizuetan berehala medikua behar zutela esanez. Ni pozik, niretzat amets bat zen Goizuetan lan egitea. Ruandan erietxean bazen niri laguntzen aritzen zen mutil gazte bat, Tarcise. Ikasi egin nahi zuen, sekulako grina zeukan, eta lagundu egin nion, han Ruandan, ikasketak egin zitzan. Eta justu Tuteran zegoen, gure etxean. Goizuetan medikua behar zutela esateko deitu zutenean, berak hartu zuen telefonoa, 23 bat urte zituen orduan. Frantsesez eta ahal zuen moduan hartu zuen enkargua. Taxia bidaliko zidatela Goizuetara joateko segituan, medikua behar zutela. Eta horrela izan zen. Tarcise Goizuetan bizi da orain, erabat goizuetarra da.

Ia 30 urte Goizuetan mediku. Nolakoa izan da bidea?

Ondo moldatu izan naiz orokorrean. Asko gustatu izan zait aitona-amonekin lan egitea. Denak batera ari gara zahartzen, batzuk gazte ezagutu ditut eta zahartzen ikusi ditut. Normalean oso gustura sentitu naiz adineko jendearekin lanean, asko eman didate. Haiek entzutea plazera da, askotan esan izan didate nirekin hizketan aritzean gaitzen erdiak joaten zaizkiela. Hori gauza handia da.

Baserriz baserri ere ibili zara lanean.

Bai, gustura egin dudan gauza bat izan da gainera. Historia asko gustatzen zait, bereziki herriko historia, eta aukera izan dut baserrietara mediku joan eta han istorioak biltzekoa. Hitzak deskubritu, argazkiak atera eta jaso, Goizuetako kontuak bildu... izugarri gustatzen zait hori egitea eta etxean logela bat daukat egunkari pusketez eta argazkiz beteta. Horrek poztasun handia eman dit eta oso ongi tratatua sentitu naiz Goizuetan. Uste dut emaztea ere azkar konturatu zela Goizueta zela nire habitat naturala, eta bera ere oso ondo moldatu zen, euskara ikasi zuen eta izugarri ondo moldatu zen Goizuetara. Orain konturatzen naiz horrekin.

Herriko medikuak prestigioa izan du herri txikietan historikoki. Baserrietako ibilera horietan, zenbat opari?

Ezin da kontatu. Nire pazienteen estimua jaso dut, eta baita beren gauzak ere. Izugarria da. Gauza horiek asko aldatzen ari dira, baina ohitura handia izan da medikuari zerbait oparitzekoa. Baserrira joaten nintzenean, zerbait jan edo edan beharra neukan kasik obligazioz. Nik ja ez nuen planteatu ere egiten ezezkoa ematea. Joan, lapikoko kafe gozoa hartu, hizketan egon, istorioak aipatu. Eta gero etxera arkumearekin, oilaskoarekin, gaztarekin... segur aski merezi baino askoz gehiago. Hemen ohitura hori oso barneratua egon da, batez ere baserrietan. Baserrira presarik gabe joan behar du medikuak.

Hainbeste urtetan, jendartea aldatzen ere ikusiko zenuen.

Bai, bereziki kezkatzen nau bakardadeak, gero eta arazo larriagoa da. Baserrietan, bereziki, gero eta bakardade handiagoan bizi da jendea. Askotan egoera oso txarrak ikusi ditut. Itxuraz, kanpotik, ondo samar zegoen jendea, egunero ogia hartzen zuen. Hiruzpalau egunetan ogirik hartu ez zuela konturatu, etxean sartu, eta panorama txarrak topatu izan ditugu.

Hemen bazen bakarrik bizi zen emakume bat. Arratsean etxera sartu eta dena ostu zioten, ateak eta dena. Eta bera hantxe, geldirik eta beldurtuta. Horrelako egoerei erremedioa jartzen ahalegintzen gara, gizarte zerbitzuekin hitz egin eta egoeraren berri ematen. Harreman estua daukagu gizarte laguntzaileekin. Normalean zaila da norbera konturatzea bakarrik ez dela moldatzen. Ez dute erraz onartzen kanpoko laguntza eta bidaia mordo bat egin behar dira konbentzitzeko. Horretan lan handia egin behar izan dut.

(Andoni CANELLADA / FOKU)

Medikuak ikasten al du albiste txarrak ematen?

Ez dakit, bada, beti da tragoa albiste txar bat ematea, batez ere diagnostikoa txarra denean. Niri gustatu izan zait beti egia esatea, baina batzuetan familiak ez du uzten. Gaur egun eskubide bat da eta medikua zorrotzago jar daiteke, baina garai batean askotan gertatzen zen familiak eskatzea ez esateko pazienteari bere egoera txarra zela. Ni egia esatearen aldekoa naiz.

Zure kasuan, gainera, herrikideei eta lagunei eman behar albiste txarrak.

Bai, eta hori oso gogorra da. Batzuetan elkarrekin negar ere egin izan dugu, familiakoak bezala garelako. Baina saiatu izan naiz garbi hitz egiten. Diagnostikoa egiteko garaian, lagungarria da pazientea ondo ezagutzea, bere bizimodua ezagutzea, bere ohiturak... horrek laguntzen dio medikuari.

Zer eman dizu Goizuetak?

Goizuetak asko eman dit. Nire pasioa da Goizueta. Ikuslea izan naiz eta toki pribilegiatua izan dut mediku bezala. Gainera, gauza asko ikusi eta bizi izan ditut. Goizuetan lan egitea niretzat gogobetetze handia izan da, eta ni saiatu naiz bueltan ere ematen.

Ruandako lehen urteetan lana eta lana egin nuen. Ezkontzera etorri nintzenean, kamera bat eraman nuen bueltan, konturatu nintzelako lehen urteetan ez nuela argazkirik atera. Diapositibak ateratzen nituen. Eta Goizuetara etorri nintzenean ere ohitura horri eutsi nion, diapositibak atera izan dizkiot Goizuetan gauza askori. Eta hori guztia herriari eman diot bueltan, herritarrak konturatu daitezen zer daukaten eta estimatu dezaten. “Zokomira” izeneko emanaldi batzuk antolatu nituen herriarentzat.