Euskal Herriko XX. mendeko gatazken hurbilpena arteen bidez hezkuntzan
Hezkuntza formalean XX. mendeko Euskal Herriko gatazkak ia lantzen ez zirela ikusita, EHUko MHLI ikertaldeak unitate didaktiko bat osatu du, gatazkak arteen bidez lantzeko. Errenteriako Herri Arte Eskolan egin dute pilotatzea, eta nahiz eta informazioa modu kaotikoan izan, uste baino gehiago dakitela ondorioztatu dute.

Gatazka hitzak bere horretan arantzatsua dirudi, pisutsua, xuxurlatzeko hitza, ozen esatekoa baino gehiago. Memoria hitzak ere ahoa bete ohi du esaterakoan, eztabaida forma du, hanka puntetan ibiltzeko zorua dirudi. Haurrentzat tapiz egokiegia ez dela pentsatu lezake edonork, baina artearen bidetik esperimentaziorako eta gorputz emozioetarako bide egokia izan daitekeela ondorioztatu du “Memoriaren Artea eta Artearen Memoria Hezkuntzan” proiektuak.
MHLI Euskal Herriko Unibertsitateko Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan ikertaldeak unibertsitateko ikerketak hezkuntzara begira jarri nahi izan ditu, kezka nagusi batetik abiatuta: Lehen Hezkuntzan gatazken gaia ez dela lantzen ikusi zuten, eta helburu bat jarri zioten beren taldeari; XX. mendean eta Euskal Herrian gertatutako gatazkei begira jartzea artearen bidetik.
Unitate didaktiko bat sortzea izan da beraien xedea, datorren ikasturtera begira Erein argitaletxearekin batera eramango dute paperera. Proiektu pilotua Errenteriako Herri Arte Eskolan egin zuten, eta esperientziak utzitakoekin erakusketa bat ere sortu dute, une honetan UPV/EHUren Gasteizko Auditoriumean dago.
HAURREN BEGIETATIK
Zer dakite haurrek euskal gatazkaren inguruan? Eta 1936an gertatutakoaz? Gernika zeren erreferentzia da beraientzat? Galdera horietatik jarri dute martxan proposamen didaktikoa MHLIko ikerlariek, eta Errenteriako Herri Arte Eskolan metodo horretan oinarritutako bi unitate zehatz sortu dituzte; zortzi astetan lantzeko gauzatzea prestatu zuten, eta oso balorazio positiboa egiten dute egindako bideaz.
Errenterian egon zen erakusketa hilabetez, eta bertan egin genuen bisita; aretora sartu, eta ariketa ezberdinen azalpenen ondoan, haurrek egindako artelanak daude. «Umeak hil egiten dira/ hori da egia/ Gernika erori da/ hori da egia/ Sua nonahi dago/ hori da egia/ bizitza asko aldatu dira/ hori da egia / eta sufrimendua/ ez da denbora», dio poesia batek. Kartulina hori batean, «kezka odola behar duen eltxoa bezalakoa da» dago idatzita. Urdinez margotutako orrialde batean, hitz bat asmatu du beste ume batek, bonbardaketa gertatu aurreko gizakiak deskribatzeko: «Hizkeganak: ‘Hizkeganak de chill zeuden hegazkinean’» dio.
Horiek 8-13 urteko haurrek ariketa batzuk jarraituz sorturiko artelanak dira, eta zeintzuk ziren ariketak? Garaiko prentsa aztertu zuten batzuek, eta errelato kontrajarrien arteko loturez eta isiluneez hausnartu. Gatazka bizi izan zutenen testigantzak entzun eta beraiek nola sentituko liratekeen pentsatu zuten beste batzuek. Bazen beste ariketa bat: garai hartako abesti eta poemak irakurri, eta ondoren, hitz horietatik beste poesia bat sortu behar zuten ikasleek. Testuingurura hurbilpen bat egin ostean, orduko herritarrak eta protagonistak marraztu eta deskribatu zituzten helduagoek. Pilotatzea gauzatzeko, Herri Arte Eskola «leku ideala» dela azaldu digute sortzaileek.
Erakusketan ikusitakoa, ordea, «emaitza» litzateke, bidea luzeagoa izan da. Prozesuan inplikatu nahi zituzten eragileekin formakuntza mintegiak antolatu zituzten, artistak eta artearen munduko jendea zein hezkuntzan edota memoriaren lanketan dabiltzan lagunak bildu zituzten bertan. Azken hamar urteetan, zortzi bat argitaletxek euskaraz argitaratutako ikas materialak aztertu zituzten, batez ere Euskara eta Literatura arlokoak, baina baita Gizartekoak ere. Ondorio bat atera zuten ikas material horiek aztertzerakoan: Lehen Hezkuntzan ez dela gatazken gaia ia lantzen, nahiz eta aurrekariren bat edo proiektu isolaturen bat egon. Horregatik, LH-ko bigarren eta hirugarren zikloetarako proposamen didaktikoak osatzea izan da MHLIko hezkuntza lan taldeko kideen egitekoa.
IRAKASLEEK ZER
«Irakasleek formazio eta baliabide falta aipatzen ziguten, askotan irakaslea bera izaten da baliabide edo materialak sortzen dituena. Ikusi genuen bazegoela ekarpen bat egiteko eremu bat, eta gu hor agente bat gehiago ginateke, elkarlanean zerbait egin nahi dugunak», azaltzen du Arroitiak. Transmisioaren kezkak belaunaldi asko zeharkatzen dituela adierazi du, eta eremu ezberdinetatik egin beharreko lana dela: «Gu literaturatik gatoz, historiografiatik beste ekarpen batzuk egin daitezke, eta egin beharko dira, baina hori ez da gure eremua, elkarlanean jardun dezakegu, baina gure eremua arteetatik ekarpen bat egitea da, eta ikustea literaturak eta arteek zein paper jokatzen duten».

Kezka badagoela eztabaidaezina da Arrastoa eta Arroitiaren ustez, baina «kezka horri nola erantzuten zaion» da gakoa beraientzat. Memoria, gatazka edo artea txirikordatuta landu izan direnetan, egindako azterketaren ondorioetara joz, euskarazko testuliburuetan topatutakoari buelta bat eman diote: «Memoria gatazkatsuak lantzen direnean, liburu batzuetan agertzen dira artelanak, Gernikako koadroa da adibideetako bat, baina testuingururik gabe eman ohi da. Obra edo artea aitzakia gisa erabili ohi da; eta guk, aldiz, nahi genuen esperientzia interes artistikoek prozesu guztia zeharkatzea zen».
Ikerketa taldeko kideen ustez, «obra artistikoa testuinguru baten lekukotza gisara» hartu behar da. Eta Herri Arte Eskolako esperientziak, artea aitzakia bezala erabili beharrean, erdigunea izatea ahalbidetu die. Baina nola gauzatu hori? «Gatazka batek dituen ertz diferenteekin eta gatazka batean sortzen diren ikuspegi ezberdinekin gatazkara hurbiltzea planteatzen dugu. Gero, Haur eta Gazte Literaturako obra baten irakurketa proposatzen dugu, baina irakurketa etena egiten dugu, esperientzia inter-artistiko ezberdinak landuz. Amaieran sormen lan kolektibo bat ere egiten da, gatazka batek txikitzen dituen gauza horietatik zerbait kolektiboa eraikitzeko; artearen bidez, afektuetatik hurbiltzen gara errealitate historiko politiko gatazkatsu horietara, enpatia historikotik, sormenetik eta esperimentaziotik».
HIRU URRATS
Arrastoak proposamen didaktikoa «zerbait orokorra» dela argitzen du, eta landu nahi den gatazka, garai eta egoerari egokitutako gauzatzeak egin daitezkeela, horretarako corpus zabal bat osatu dutelako. Hiru urratsetan oinarrituta dago unitatea: lehena beroketa da, gorputza eta ahotsa aktibatzeko ariketak. Bigarrena, “gatazkarekiko hurbilpena” deiturikoa da; testuinguru historikoarekiko hurbilpen bat egiten dute, testigantzetatik, garaiko prentsako artikuluak irakurriz, abesti zein poesiak landuz...
Hirugarren urratsean dago muina, irakurketa inter-artistikoa egiten dute: «Irakurketa kolektibo bat proposatzen da esperientzia inter-artistiko horretan, etenak egiten joan, eta eten horietako bakoitzean ariketa ezberdinak egiten dira». Proposamen didaktikoaren lehen bi gauzatzeetan Leire Bilbaoren eta Maite Mutuberriaren “Gerrak ez du izenik” liburu ilustratua landu zuten gazteenek, eta Castillo Suarezen eta Aitziber Alonsoren “Nemo kapitainaren azken bidaia” hirugarren ziklokoek.
Bilbaoren eta Mutuberriaren liburua Gernikako bonbardaketaren garaian lekutzen da, hala kontatzen du Errenteriako gazte batek: «Protagonistak hegazkinen zaratak entzuten ditu, amari laguntza eskatzen dio, eta nik ere berdina egingo nuke, ezingo nuke bakarrik egon».
Bigarren liburua, Suarez eta Alonsorena, “euskal gatazka” deiturikoaren ingurukoa da. Aita kartzelan duen Nadia nerabea da protagonista, baina bere gelakideei ez die kontatu nahi eta itsasoan dagoela esaten du. «Gatazkei buruz ikasteko modu ezohiko bat izan da, ikuspegia aldatzen du, interesgarria izan da», hausnartzen du beste ikasle batek.
Proposamenaren funtsa haurrak aktiboak izatea da, gatazketara hurbilpena «emoziotik, sormenetik eta enpatia historikotik» egitea, «zentzu horretan, txapa gutxi» zehazten dute. Eta azaldu, interesgarriagoa izan daitekeela lekuko batek egiten duen kontakizuna, historialari baten datu zerrenda baino; hala ere, «biak dira beharrezkoak eta osagarriak» ikerlarien ustez.
EGITEKE DAGOENA
Pilotatzea egin ostean, bi ondorio nagusi atera dituzte; baina aurrez baieztapen bat bota dute: «Haurrekin horrelako gaiak landu daitezke». Lehen ondorio gisa, aipatzen dute beraiek uste baino jakintza gehiago zutela ikasleek: «Espero genuena baino informazio gehiago zuten haurrek, baina ordenatu gabe; kaotiko xamarra zen informazio hori eta erreferentzien artean ez zuten loturarik, baina bazekiten zerbait».
Bigarren ondorio nagusia irakasleekin lotutakoa da, irakasleek izan ditzaketen beldur eta kezkekin konektatzeko balio izan die pilotatzeak. «Prozesuko beste hainbat momentutan, irakasleek partekatu izan dutenarekin egin dugu topo: errespetua edota beldurra sentitzen zuten askotan, adibidez galdetegi bat etxera bidaltzeak sortzen duen beldurra ea nola hartuko duten, nondik lantzen den...», zioten kezkatuta.

Erakusketan aurrera joanda, parte hartutako haurren eta saioen gidari izan den Eider Perezen esperientzia jasotzen duen bideoa topa daiteke: «Gatazka lantzeko, eta batez ere euskal gatazkaz ari bagara, ez daude espazio asko, eta beharra badagoela ikusi dugu saio hauetan. Denek zekiten zerbait, Euskal Herrian non dauden gatazka puntu batzuk ikusten zuten, eta batzuentzat lehen aldia izan da gaiaren inguruan hitz egiten zutena, eta lortu dugu lasai hitz egitea».
Hala ere, arteetatik hurbiltzerakoan esperientzia positiboagoa dela nabarmentzen dute: «Hasteko, lanketa irekia delako, gu ez goaz diskurtso itxi edo zurrun batekin. Artearen bidez hurbilpen hori egiteak abantailak ditu, beste hurbilpen denak ukatu gabe, baina arteek bai ahalbidetzen dute beste leku batetik begiratzea».
Perezen ustez ere egokia izan da hurbilpena arteetatik egitea, «proposamen didaktikoa emozioetan oso zentratuta zegoen, ikasleak ikusi ditut oso konektatua ariketa bakoitzak eskaintzen zituen emozioen azalpenekin eta bizipenekin, oso dinamikoa izan da. Eta niretzat, arteak hori eskaintzen du, norbaiten ikuspuntura hurbiltzea edo behintzat ulertzen saiatzea».
Eta hurrengo urratsak? Ahalik eta leku gehienetan martxan jartzea. Euskal hezkuntzako ahalik eta eremu zabalenera aplikagarria izatea dute helburu; hezkuntzaren eremua «anitza eta heterogeneoa» dela onartuz, bakoitzak moldatu beharko duela bere errealitate eta baldintzetara ohartarazten dute. Zabalkunde horretan, gakoa izango da beraien ustez Erein argitaletxeak argitaratuko duen liburua. Gainera, beraiek prest daude edozein ikastetxe edota irakaslerekin bildu eta formakuntza saioak egiteko, beraien webgunearen edo e-mailaren bidez edonor jarri daiteke beraiekin harremanetan, esku zabalik hartuko dute gonbita. Badakite ez dela inongo hezkuntza departamendutik iritsiko programa hau lantzeko aukera, eta beraz, ikastetxez ikastetxe eta hezitzaileekin landu eta denen artean osatzeko gogoz daude.
Zomorroz betetako sare bat ikusten da erakusketatik ateratzeko bidean, arropa zintzilikatzeko pintzekin egindako zomorroak ziren. Baina zer dute zomorro horiek atzean? Ariketa azaltzen duen panelean dago azalpena: Gernika bonbardatu zuten hegazkinen irudiak koloreztatu, moztu eta beste forma bat ematea zen ariketaren helburua. Jendea hiltzea helburu zuten makinetatik bizitza eta bizidun berriak sortzea, alegia. Memoriak eta gatazkak beste adiera batzuk ere izan ditzaten etorkizunean.
Europa dominazio-proiektu bat da, ez besterik

Euskal Herriko XX. mendeko gatazken hurbilpena arteen bidez hezkuntzan

«Askotan esan izan didate nirekin hizketan aritzean gaitzen erdiak joaten zaizkiela»

Ekinokzioak, eklipseak eta camembert gazta
