Zu eta ni, galtzerdi bi

Jaio nintzenekoa/nahi nuke kontatu/begietan malkoak/ezin aguantatu/Zatoz hona, andrea/eseri, arnas hartu/barruan duzun haurrak/Down sindromea du/(e)ta gaixotasun hori/ezin da sendatu.
Gauza asko esan daitezke Mikeli buruz. Lehena, ziurrenik, bertsolaria dela, Andoni Egañaren jarraitzaile sutsua. Mikel alaia da, eskuzabala, azkarra, langilea, adeitsua eta jatorra, batzuetan, burugogorra. Bihurria eta bihotz onekoa, saltseroa, kantuzalea eta maitagarria. Eta zu, ez al zara Mikelen antzekoa? Badituzu bere ezaugarri batzuk, eta beste batzuk ez. Horrelakoak baikara, bakarrak eta errepikaezinak. Ordea, Mikelek badu DNAren 21. kromosoma bikotean errepikapen bat, hirukotea, hortaz. Horregatik du Down sindromea, eta jaio zenean, haurdun dauden emakumeei egiten zaien froga batean, halaxe esan zioten bere amari: semea gaixo dago eta bere gaixotasuna ezin da sendatu. Emakumea negarrez hasi zen orduan, eta bai, lehenengo urteak ez ziren errazenak izan. Mikelek gainerako umeek baino astiroago ikasi baitzuen hizketan eta oinez. Asko ikasi du mutikoak ordutik, eta amak, zeresanik ez. Esaterako, presaka ez goazela inora eta bakoitza bere erritmora doala, oinekin lurra joz egiten dela bidea, astiro baina aurrera, erori eta altxatu. Bestalde, berehala ohartu ziren biak ere Mikel ez zegoela gaixo, askotan gaixotu izan baita eta katarroa, sukarra eta tripako mina izan ditu. Mikelek Down sindromea du eta horrekin da bera, bere begirada bihurria bezala, bere izatearen parte da.
Batzuetan korrika/bestetan erori/egunero ikasten/dugu hori ongi./Ikasten ikastea/bai erronka, hori!/Zurea eta nirea/dira erritmo bi/azkarragoa askotan/zu (e)ta sarritan ni.
Eta hazi zen Mikel, beldurrak beldur eta kezkak kezka, itxaropenak beti direlako itxaropen. Desberdintasunak ikaratzen gaitu, ezezaguna delako, ez delako ohikoa, edo agian, gizartearen moldera egokitu nahi ez duelako. Aniztasunak ez du mugarik ulertzen; horregatik, horiekin topo egiten duenean, askoren arreta pizten du. Nola, 2 urte dituela eta ez dakiela oinez? 5 urte dituela eta ez dakiela bere izena idazten? Mikelek munduari irakatsi behar izan dio gai dela, egin dezakeela. Baina ez da irakaslea, eta askotan, haserretu egiten da bere gaitasunak erakutsi behar dituenean. Eta zu, ez al zinateke amorratuko jatetxe batera joan eta zerbitzariak haur txikia bazina bezala hitz egingo balizu, ulertuko ez duzulakoan? Ziurrenik bai, jakin bai baitakizu menua irakurtzen, eta ez badakizu, zerorrek eskatuko duzu laguntza. Eta laguntza hori, ahal dela, apaltasunetik eta atsegin eman, begietara begira. Gogora ekar ezazu orain zenbat ahalegindu zinen forma geometrikoen azalera kalkulatzeko formulak gogoratzen, edo zenbat kosta zitzaizun Simone de Beauvoiri buruzko testu iruzkin hura idaztea. Mikelek sekulako bertsoak egiten ditu, gaia entzun, hausnartu, errimak pentsatu, ordenatu eta entzulea zirikatuz. Patinetan ibiltzen, ordea, ipurdiko galantak hartzen ditu eta ez du batere atsegin. Denok ditugu gaitasunak eta gabeziak, trebetasunak eta zailtasunak. Zailago egiten zaigun horretan motibazioa aurkitzen dugu batzuetan, ez beti. Trebeak garen horretan are gehiago trebatzea ere gustatzen zaigu. Baina dena zailtzat hartzen badugu, ez ote da dena zailegi bihurtuko? Pertsona guztiek merezi dugu aukera berdintasuna eta konfiantza.
Bertsoak amaitzeko/dator esker ona/bakoitzari berea/(e)ta dagokiona./Eskerrik asko ama,/maisua, amona/Down Fundazioaren/bizipoz sakona/gurea da ahalegin/denen zoriona.
Down Sindromea eta bestelako adimen urritasunak Fundazioak 1990etik dihardu adimen urritasuna edo garapen desgaitasuna duten pertsonek eskubide osoko pertsona gisa gizartean parte har dezaten laguntzeko eta inklusioa lortzeko laguntza eskaintzen. Izan ere, nork ez du eskubide osoko pertsona izan nahi? Familiei harrera beroa eginez, haur, gazte, heldu eta familientzako formakuntza eskaintzen dute, aukera anitz, konfiantza gozoa. Denek dute zer ikasia eta zer partekatua, eta non hobe, gertuko giroan osatutako borobilean baino? Datorren martxoaren 21ean, gainera, Down sindromearen nazioarteko eguna ospatzen da. Martxoa 3. hilabetea delako eta 21. kromosoma bikoteko hirukotea delako. Azken urteotan, gainera, egun horretan galtzerdi ezberdinak janzteko ohitura hasi da. Hori bai moda ederra! Bikoteak eraldatu eta aniztasuna ospatzekoa, oinekin lurra joz egiten dugun bide hori ez delako beti zuzena eta jarraitua. Oinpean kilimak sentitzea bezain “normala” delako bakoitza den bezalakoa izatea. •

Zaldien lehen azokaren atarian, amets bat, zergatik ez euskal odolgarbi bat?

Olivenza, tarteka komunikabideetan oihartzuna hartzen duen muga korapilatsu bat

2025eko lehen hiruhilekoko ezinbesteko telesailak

Lurdes Iriondo, izar bat itzalean
