Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea

Adinak

Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak 13 urtetik 8 urte eta 6 hilabetera jaitsi dio zigorra Burlatan 13 urteko neska bat bortxatu zuen gizonari. Arrazoia? Kondenatuak ez zuela uste neskatoak 16 urte baino gutxiago zituenik. Altua zela, mozkorra zegoela, preserbatiboak zeramatzala poltsikoan, 17 urteko lagun batekin zegoela... Total, 13 urte zituen arren, 20 urte zituela ematen omen zuen -lekuko batek esana-, eta zigorra arindu diote. Auzitegiak ebatzi du gertakariak ez direla 16 urtetik beherakoen aurkako sexu-eraso delitu gisa hartuko, sexu-eraso delitu gisa baizik. Hortik zigorra jaistea. Akusatuak 33 urte ditu. Nazka eta bihotzerrea sortzen digute horrelakoek. Eta egunero iristen zaigu dosia, zein jendartetan bizi garen ez dezagun ahaztu.

Kasuak zer pentsa ematen du. Gizonezko askoren begietara, zein ote da emakumeen adin-tarte perfektua? Erakargarriena? Erotikoena? “Gaztetasunaren” apologia gehiegizkoa sumatzen da azkenaldian. Neskato gazteak zaharxeago agertu nahian, zehatz eta zorrotz makillatuak. Emakume zaharxeagoak obsesiboki gazteago agertu nahian, bisturiaren esklabo. Haurrak nerabeen gisara jantziak, ezpainak gorri. Denak ispiluaren aurreko epaiketa krudelean. Buelta bat eman beharko genioke joera horri, pentsatu zer egiten dugun eta zergatik. Edertasunaren kanon estuak laxatu, edertasuna bera nahieran definitu eta bizi.

Baina, zalantzarik gabe, badugu horren aurreko lanik. Neskato zein emakumeak -gazteak, zaharrak, makillatuak, aurpegia garbi daramatenak, zoriontsuak zein triste daudenak- bortxatzen dituzten gizonezkoak ureztatzen dituen sistema abolitu behar da. •