Ainara Lertxundi
GARAren edizio taldeko kidea / Miembro del equipo de edición de GARA
GENOZIDIOA ISILARAZI

AEBek 300 bat ikasleri bisa kendu die Palestinaren alde mobilizatzeagatik

Mahmoud Khalil, Rumeysa Ozturk, Rasha Alawieh, Yunseo Chung, Badar Jan Suri, Ranjani Srinivasan. Guztiak Trumpen Administrazioaren jo puntuan daude, Gazako genozidioa salatzeko unibertsitateetan egindako mobilizazioetan parte hartzeagatik. Gobernuak berak jakitera eman duenez, atzerriko 300 ikasleri bisa kendu diete.

Mahmoud Khalilen atxiloketa salatzeko martxoaren 28an New Jerseyn egindako manifestazioa.
Mahmoud Khalilen atxiloketa salatzeko martxoaren 28an New Jerseyn egindako manifestazioa. (DPA | EUROPA PRESS)

Rumeysa Ozturk, jaiotzez turkiarra, Tufts-eko unibertsitatean doktoretza-ikastaroa ikasten ari zen, Massachusettsen. Aurretik Columbiako Unibertsitatean ikasi zuen, New Yorken.

Martxoaren 25ean atxilotu zuten Somervillen, Bostonen, Ramadanaren etenaren ostean lagunekin afaltzera zihoanean. Barne Segurtasun Departamentuko sei poliziak, kalez jantzita eta aurpegia estalita, atzeman zuten. «Bahiketa bat ematen zuen», helarazi zuen Michael Mathisek, 32 urteko Softwareko ingeniariak. Bere segurtasuna kamerak atxiloketa grabatu zuen. «Berarengana hurbildu, heldu, eta identifikaziorik gabeko auto batean sartu zuten», azaldu zion AP agentziari.

Tufts-eko unibertsitateak aditzera eman zuenez, ikasle bisa atzera bota diote. Barne Segurtasun Departamentuko bozeramaile Tricia McLaughlinek X sarean plazaratu zuenez, agintarien ustetan, «amerikarrak hiltzen dituen Hamas nazioarteko talde terroristaren aldeko ekintzetan sartuta dago Ozturk. Bisa pribilegio bat da, ez eskubide bat».

McLaughlinek ez zuen zehaztu zer ekintza leporatzen zaizkion. Iazko martxoan, beste hiru ikaslerekin batera, unibertsitateak Gazaren kontrako genozidioa errekonozitzeko, bere inbertsioak argitara emateko eta Israelekin lotura zuzena edo zeharkakoa duten enpresetan desinbertitzeko eskatzen zuen iritzi artikulu bat sinatu zuen Ozturkek unibertsitateko aldizkarian.

Argitalpenaren ostean, bere izena, argazkia eta lan-ibilbidea Canary Mission webgunean agertu ziren. «Unibertsitateko campusetan Estatu Batuekiko, Israelekiko eta juduekiko gorrotoa sustatzen duten pertsonak» dokumentatzen ditu aipaturiko webguneak. Atxiloketa legez kanpokoa izan zela plazaratu zuen bere abokatuak, Mahsa Khanbabaik. «Adierazpen askatasun eskubidea egikaritzeagatik atxilotu dute, herrialde osoan errepikatzen ari diren prozedurak ikusita», adierazi zuen.

Massachusettseko Elizabeth Warren senatari demokrataren hitzetan, Ozturken atxiloketa «askatasun zibilen errepresioaren azken adibidea da». Turkiako enbaxada Washingtongo bere familiarekin eta agintari estatubatuarrekin harremanetan jarri da. Sostengu legala eta aholkularitza emateko «ahalegin handia» egingo duela adierazi du.

Rubioren mehatxua

Donald Trump presidenteak eta bereziki Marco Rubio Estatu idazkariak Palestinaren aldeko manifestazioetan esku hartu zuten atzerriko ikasleak atxilotuko eta deportatuko dituztela esan zuten.

Rubioren hitzetan, Hamasen alde egotea eta barne segurtasunerako «mehatxu» bat izatea «nahikoa motibo» dira edonor «edozein momentutan» deportatzeko, nahiz eta bisa edo bizileku baimena iraunkorra izan.

Ikasle turkiarrari bisa kentzearen zergatiari buruz galdetu ziotenean, honela erantzun zuen: «Hau da arrazoia. Beste leku batzuetan esan dut, baina berriro errepikatuko dut. Estatu Batuetan ikasteko bisa eskatu eta ikasteaz gain, unibertsitateak astintzen badituzte, ikasleak jazartzen badituzte, eraikinak okupatzen badituzte eta kaosa eragiten badute, ez diegu bisarik emango».

AEBetako Estatu idazkaria den Marco Rubiok. Freddie EVERETT | EUROPA PRESS

Rubiok aditzera eman zuenez, honezkero 300 ikasle baino gehiagori kendu diete bisa Palestinaren alde mobilizatu edo sinatu izanagatik.

Rasha Alawieh doktore libanoar eta Brown Unibertsitateko irakasle laguntzaileari Estatu Batuetan sartzea ukatu zioten otsailean, eta Libanora deportatu zuten. Bere mugikorrean Hezbollahren aldeko argazkiak edukitzea argudiatu zuen Administrazioak kanporaketa justifikatzeko. Akusazioa ukatu zuen Alawiehek. Onartu zuen erlijio arrazoiengatik mugimendu xiitaren buruzagi batenganako mirespena sentitzen zuela.

New Yorkeko epaile batek Columbiako unibertsitateko ikaslea den Yunseo Chung hegokorearraren kanporaketa blokeatu zuen. «Komunitatearentzat arrisku bat izan zitekeelako zantzurik ez» zegoela ebatzi zuen. Zazpi urterekin iritsi zen AEBetara.

Chungek berak Gobernua salatu zuen migrazio poliziak atxilotu nahi zuela jakin zuenean. ICE-ko agenteek Columbiako unibertsitateko bizilekuan eta gurasoen etxean bilatu zuten, bere migrazio egoera aldatu egin zela esanez.

Martxoaren 21ean, Patricia Tolliver Giles epaileak Indiako Badar Jan Suri irakaslearen deportazioa bertan behera utzi zuen behin-behinean. Haren abokatuek habeas corpus helegite bat tartekatu zuten eta atxiloketa inpugnatzeko salaketa bat aurkeztu zuten Virjinia Ekialdeko barrutiko epaitegi batean. Etxera itzultzean, aurpegia estalita zuten polizia-agenteek inguratu eta atzeman zuten. Beharrezko prozesurako eskubidea urratzeaz gain, «atxiloketa bidegabea» izan zela argudiatu dute abokatuek. Israeli eta Gazari buruz dituzten iritziengatik ikasle atzerritarrak kanporatzea erabaki «arbitrarioa eta diskriminatzailea» dela nabarmendu zuten.

CBS kateari eginiko adierazpenetan, Segurtasun Nazionaleko Departamentuko bozeramaile batek esan zuen Surik «sare sozialetan Hamasen aldeko propaganda eta mezu antisemitistak botatzen zituela eta Hamasen aholkularia den terrorista susmagarri ezagun batekin lotura zuela».

Ikasle bisa atzera bota ziotela zioen emaila irakurri zuenean, Columbiako Unibertsitateko ikaslea den Ranjani Srinivasanek pentsatu zuen lehenengo gauza «spam» bat izango zela izan zen. Ezin zuen sinetsi bisarik gabe zegoenik. Martxoaren 6an iritsi zitzaion mezua, Estatu Batuek Chennai hirian (Indiako hegoaldean) duten enbaxadak sinatuta. Beldurrak jota, martxoaren 11n New Yorketik Kanadara joatea erabaki zuen, bertan lagunak eta senideak baititu. Lau egun beranduago, Segurtasun Nazionaleko idazkaria den Kristi Noemek «terrorismoaren aldekoa» izatea leporatu zion X sarean, inolako zehaztasunik eman gabe. Horrelakorik ukatu egin zuen. Bere hitzetan, bisa bertan behera uztearen arrazoia interneten genozidioa bukatzearen aldeko mezuak zabaldu izana da.

Martxoaren 8an Mahmoud Khalil, Columbiako ikaslea hau ere, atxilotu zutenean, «ohartu nintzen ez nuela ezer egiterik. Txartel berdea eduki arren atxilotu bazuten, denbora kontua izango zen ni ere atxilotzea», adierazi zuen.

Khalilen atxiloketatik ia hilabete pasa den arren, oraindik ez dute beren kontra kargurik aurkeztu.

Martxoaren hasieran, Trumpek Columbiako unibertsitateari dirulaguntza 400 milioi dolarretara murriztu zion, Palestinaren alde egon ziren mobilizazio jendetsuengatik.

Finantzaketa mantentzeko, Unibertsitateak Gobernuak ezarritako baldintzak onartu ditu, horien artean, ikasleak atxilotzeko eskumena izango duten berrogei bat segurtasun-agente campusean egotea, protestetan parte hartzen duten ikasleak identifikatzera behartzea, Ekialde Hurbilarekin zerikusia duten hezkuntza programen berrikuspena edo maskara kirurgikoen erabilera debekatzea.

Harvardeko unibertsitateak Ekialde Hurbileko ikasketa zentroan irakasle gisa lan egiten zuten Cemal Kafadar eta Rosie Bsheer beraien lanpostuak uztera behartu zituen.

Ameriketako Askatasun Zibilen Batasunak (ACLU) ikasleen atxiloketak eta deportazio prozedurak salatu ditu. Unibertsitateei zuzendutako gutun batean nabarmendu zuenez, «gobernu federalak ezin du ikasleen kanporaketa agindu, ezta dirulaguntzak murriztearekin mehatxatu ere, Konstituzioarengatik babestuta dagoen adierazpen askatasuna ezabatzeko».