09 MAY. 2015 IKUSMIRA BIZKAR ZORROAN KABITZEN EZ DIREN IKASGAIAK Oihana Llorente Arretxea Bizkar zorroan ditut matematikako buruketak eta historiako apunteak, baita biharko etxeko lanak ere. Ez dut jolasteko astirik eta aspaldi lehortu da amonak oparitutako plastilina. Guraso eta irakasleak, gainera, urduri sentitzen ditut datorren astean Wert izen aldrebesa duen irakasle batek azterketa ipiniko digulako. Nahiko azkarra naizenez aise gaindituko dudala esanez animatzen naute, baina niri ez dit horrek kezkatzen, nire lagun min Agerrek baizik. Txikitatik dator nirekin gelara, eta, musika entzuteaz gainera, senti daitekeela erakutsi digu; korrika ere ez du agudo egiten, baina, iristea baino, bidean ondo pasatzea atsegin du. Ederra da Ager gelan edukitzea, beti oparitzen digu-eta bere irribarrea. Azterketa egin ostean banatuko gaituztela entzun dut, baina nik Agerrekin jarraitu nahi dut; liburuetan ageri ez diren lezio asko erakusten dizkigu, izan ere, bizitza bizkar zorroan kabitzen ez dela dio.