20 JUN. 2015 Entrevista Belen Uranga Soziolinguistika klusterra «Munduko hizkuntzen etorkizuna ez da hizkuntza txikien arazoa soilik, munduko biztanle guztiena baizik» Ekologiak defendatzen duen eta proposatzen duen jendarte eredu berrian, «ezinbestekoa» da hizkuntzen eta kulturen aniztasuna integratzea. Horrela uste du hizkuntza-ekologiaren bidean konfiantza handia duen Belen Urangak, Soziolinguistika Klusterreko kideak. gara-2015-06-18-Entrevista amagoia.mujika@gaur8.info Zergatik hartu da ekologiaren eredua?Egia da ekologiak XX. mendean egin duen bilakaera oso deigarria dela. Natura babesteko kontzeptutik hasten da eta gizarte mailako aldaketa bat proposatzera iristen da. Eta hori gertatzen da bai zientziak bere lana egin duelako, baina baita gizarteak erantzun egin diolako eta hori babesteko sekulako lana egin duelako ere. Ja kontua ez da natura babestu beharra dagoela bakarrik; gizarte eredu berri bat proposatzen da, mundua dagoelako arriskuan. Hor kokatzen da hizkuntza ekologia. Eta esaten du ez dela posible naturarekin hain arduratsua eta sentsibilizatuta dagoen gizartea –eta hori oso ona da– hain ezjakina izatea hizkuntzen eta kulturen galeren aurrean. Eta galera garrantzitsua da hori.Berez, portzentaietan larriagoa da galtzeko arriskuan dauden hizkuntzen eta kulturen egoera une honetan. Eta ez dago behar bezalako kontzientziaziorik. Ekologiaren baloreak aprobetxatu dira eta ekologiak berak daukan garapen eredua, proposatzen dituen hiru zutabeak, oinarri hartzen dira: ekonomia ekitatea, naturaren zaintza eta gizarte garapena. Hartara, hizkuntza ekologiak defendatzen du gizartearen garapen horretan ezinbestekoa dela hizkuntzen eta kulturen iraunkortasuna ziurtatzea, bestela herren geldituko dela. Ekologiak duen eredu horretan, hizkuntzen eta kulturen iraunkortasuna txertatu behar da. Hizkuntza eta kultur aniztasuna, bai munduan bai norberaren komunitatearen baitan. Joan-etorriko gauza da. Hizkuntza ekologiak ekologiatik ekarri ditu ideiak, aztertzeko moduak eta proposamenak, baina nolabait eskatzen da, erakutsi nahi da, ekologiaren gizarte eredu berri horrek derrigor integratu behar dituela hizkuntzen eta kulturen aniztasuna eta iraunkortasuna. Gure komunitatean entzuten diren diskurtsoak eta ikusten diren jarrerak balio horietatik urrun samar daude, ezta?Bai, konfrontaziotik gertuago gaude. Oso normala iruditzen zait, honainoko bidea oso gogorra izan delako, eta ez gure herrian bakarrik. Gaur egungo hizkuntzen egoera ez da berez etorri den zerbait, hizkuntza handietako komunitateek egindako ibilbide historiko baten ondorioa da, zapalkuntzaren ondorioa. Hori ukaezina da eta zaila da hori sufritu duen indigena batek, esaterako, bere hizkuntza konfrontazio horretatik aparte ikustea. Eta Euskal Herrian berdina gertatzen da. Hori ahaztu gabe, akaso etorkizunari aurre egiteko paradigma berri batzuetan pentsatzen hasi beharra dago. Egindako mina aitortu behar da, aztertu behar da, baina etorkizuna elkarrekin egin beharra dago. Gaur egun, inoiz baino gehiago, hizkuntza aniztasuna errealitate bat da eta hori kudeatzen asmatu beharra dago. Hiztunak eleanitzak izan daitezke, baita gizarteak ere. Baina gakoa da nola lortu hori bertako hizkuntzaren iraunkortasuna bermatuz. Horretarako bi gauza hartu behar dira kontuan: hizkuntza ahulagoa hitz egiten dugunok –gure kasuan, euskara– oso kontziente izan behar dugu zein paper jokatzen dugun, aktibatu beharra daukagu, geure hizkuntza ondorengoei pasatu behar diegu... Baina, horrez gain, gure hizkuntza hitz egiten ez dutenen konplizitatea ezinbestekoa da. Eta konplizitateak esan nahi du besteak, hizkuntza indartsua hitz egiten duenak, bere jarrera aldatu behar duela. Bere erosotasun horretatik mugitu egin beharko duela. Baina ezinbestekoa izango da dauden hizkuntza guztien hiztunak mugitzea, jarrerak aldatzea. Pentsa, ingelesa erabat gainera etorri zaigu, ia-ia horren inguruan hausnartzeko denborarik izan gabe. Gurea bezalako herri eleanitzean ez da samurra hizkuntzen arteko elkarbizitza sanoa, ezta? Lan handia dago egiteko, alde guztietatik gainera. Ezagutza soziolinguistiko gutxieneko bat zabaldu beharko litzateke, denok jakitun izan gaitezen errealitate linguistikoa ez dela norberak egiten duen hori bakarrik. Ez du balio esatea ‘ni nire ezagutzarekin moldatzen naiz’, ez baita egia. Aukerak beti ez dira libreak izaten, beti daude oso baldintzatuak. Zer gertatzen den erakutsi behar da eta, horren aurrean, mekanismoak aktibatu behar dira: ‘Nik hizkuntza bat hitz egiten dut eta, zuk, bestea. Nola moldatu gaitezke? Nola konpondu dezakegu egoera?’.Errespetuzko jokaerak sustatu behar ditugu. Horrez gain, euskararen alde egin beharko da. Hizkuntza ofiziala baldin bada, beste hizkuntzen parekoa, garrantzi berekoa, euskara ikasi egin beharko da. Adostu egin beharko ditugu horretarako moduak, eta agian beste bide batzuk landu beharko ditugu euskara ez dakienak ikus dezan euskara ikastea onuragarria dela, bere mesedetan dela, eta hizkuntza berri bat ikasteak ez duela esan nahi beste bat baztertu behar dugunik. Batzea dela kontua, ez batak bestea zapaltzea. Baina ez da borondate kontua bakarrik, euskarak abantailak dakartzala ikusarazteko baldintzak sortu behar dira; abantaila sozialak, ekonomikoak, kulturalak... Ekologiak norbera ukitzen du, baina administrazioak mugitu egin behar du. Inplikazioa beharrezkoa da. Gure hizkuntzak, bere horretan utzita, ez du iraungo, kontrako baldintza oso gogorrak dituelako. Jendarte bezala, gure helburua izan behar du hurrengo belaunaldiei euskara egoera onean uztea, hizkuntza aniztasunaren testuinguru baten baitan. Ez dakienari euskara ikasteko beharra sortzea baldintza garrantzitsua da. Beharra baldintza garrantzitsua da eta hemen belaunaldi berri asko euskaldundu da beharraren ikuspuntu horretatik. Zilegi da euskara beharrezkoa den testuinguruak sortzea. Gakoa da nola transmititu hori jendeari, nola ulertarazi euskara ikastea proiektu handiago baten baitakoa dela, garrantzitsua dela eta beharrezkoa. Neurriak, denborak eta tarteak adostu beharko dira. Esan duzunez, euskarak aurrera egingo badu horren ardura denek hartu beharko dute; dakitenek eta ez dakitenek.Horrela da, baina hori minoria guztiei gertatzen zaie. Jendarteko beste esparru batzuetan ere bistakoa da hori; zerbait aldatzeko, denok mugitu behar dugu. Jendea bere horretan eroso dago eta lana egin behar da erosotasun horretatik atera eta mugiarazteko. Munduko hizkuntzen etorkizuna ez da hizkuntza txikien arazoa soilik, munduko biztanle guztiena baizik. Gure hizkuntzaren iraunkortasuna bermatzeko oso ondo azaldu behar da gakoa ez dagoela gugan bakarrik, hizkuntza txiki bat hitz egiten dugunongan. Proiektua ez da hizkuntza txikiei begirakoa bakarrik, orokorra da. Elebakarren ideologia, hizkuntza nagusiaren ideologia, aldatu beharra dago, eta ez hemen bakarrik, mundu mailako aldaketa bat behar du, ekologiarekin gertatzen den bezala –etengabeko paralelismoak egiten ari gara–. Elebakarraren ideologia aldatu beharra dago. Eleaniztasunaren ideologia munduko bazter guztietan zabaltzen baldin bada, errazagoa izango da tokian-tokian aldatzen joatea. Horrek konponduko luke Euskal Herrian une honetan euskarak bizi duen egoera? Akaso ez, baina lagunduko luke. Eta lagunduko du. Nazioarteko pentsaerak eragin handia dauka, ekologian bezala, hizkuntza aniztasunean. Zenbat eta zabalduagoa eta indartsuagoa izan aniztasunaren aldeko jarrera, orduan eta aktiboagoa eta baikorragoa izango da hizkuntza txikien aurreko jarrera. Hizkuntza ekologiak ez ditu arazo guztiak konpontzen, hausnarketarako tresnak eskaintzen ditu. Eta gure ikuspegitik, eragina du, hausnarketarako bidea ematen duen neurrian. Bide bat da. Parean ditugun elebakarrak espainolak eta frantsesak dira, eta jarrera gogorra dute. Hor dago Gaizka Garitanori Almerian gertaturikoa.Estatu espainoleko hizkuntza kultura oso tradizionala da eta egia da eleaniztasunaren aurreko jarrera ez dela eredugarria. Gaztelaniak maila gorena balu bezala jokatzen dute, eta beste hizkuntzek maila baxuagoa balute bezala. Oso jarrera harroa izaten dute normalean, gaztelania egokiena, politena, onena... balitz moduan. Estatu espainolean urte asko kostatzen ari da estatuaren baitan dagoen aniztasuna ikustea, onartzea, ezagutzea... Ezjakintasuna eta mespretxua oso handiak dira, beste hizkuntzak baztertzeko eta zapaltzeko joera hori. Eta horrek eragiten ditu halako jarrera bortitzak. Gaizka Garitanok sekulako elegantzia erakutsi zuen, hitzik esan gabe adierazi zien bere hizkuntza, euskara, haiena bezain baliagarria dela. Lan handia dago hizkuntza bakarraren aldeko ideologia duen estatuaren jarrera aldatzen, baina badago horretan ari den jendea. Eta minoria guztiek daukaten lanaren tamainakoa da. Badago dagoeneko kultura bakarra, hizkuntza bakarra, ez dagoela konturatzen hasi den jendea, eta hori baikorra da. Egia da mundu mailan duela 20 urte baino normalagoa dela hizkuntza aniztasunaz hitz egitea. Pixkanaka, gure ustez mantsoegi, baina ari gara. Zenbat aldiz erakutsi behar da zurea bezain garrantzitsua dela nire hizkuntza? Gaizka Garitanoren jarrera oso txalotua izan da. Baina, maiz, egunerokoan, errazegi errenditzen gara borroka txikiagoetan.Ez da erraza, ohiturak eta jarrerak oso erratuta daude eta horiek aldatzeko oso aktiboak izan behar dugu. Eta, gainera, aliatuak behar dira. Nik kafetegi batean bi ebaki eskatzen baditut eta beste aldekoak esaten badit ez didala ulertzen, horrek ez dauka batere zentzurik. Goazen horri buruz hitz egitera. Egia da norberak lan egin behar duela, baina beste maila batean ere lana egin behar da, komunikabideak, bestelako eragileak... sentsibilizazio lana hor dago. Beti alerta egoeran egon behar da. Hori horrela da eta asumitu beharra daukagu. Minoria guztiek asumitu beharra daukate parean daukaten egoera aldatzeko beharrezkoa dela etengabeko alerta egoeran egotea. Bestela, ez da ezer mugituko. Minoria guztiek daukagu problema berbera. Nekatu egingo gara? Tira, batzuk akaso bai, baina proiektua ez nekatzekoa da. Gauzak asko aldatu dira. Ez nahikoa, baina ideologiaren ikuspegitik aldatzen ari dira. Baina kontuz ibili behar da, euskaldunak eta euskaldun ez direnak proiektu berean jarri behar ditugulako. Eta euskaldunei dagokigu motorra izatea. «Gaur egungo hizkuntzen egoera ez da berez etorri den zerbait, hizkuntza handietako komunitateek egindako ibilbide historiko baten ondorioa da, zapalkuntza baten ondorioa» «Hizkuntza ahulagoa hitz egiten dugunok oso kontziente izan behar dugu zein paper jokatzen dugun, aktibatu beharra daukagu. Baina, gainera, gure hizkuntza hitz egiten ez dutenen konplizitatea ezinbestekoa da» «Minoria guztiek asumitu beharra daukate parean daukaten egoera aldatzeko beharrezkoa dela etengabeko alerta egoeran egotea. Bestela, ez da ezer mugituko»