Entrevista
Iratxe Sorzabal
ETA-ko mintzakidea Oslon
Iratxe Sorzabal.
Iratxe Sorzabal.

«Gure esku zegoen guztia egin genuen konponbidearen alde»

Duela hamar urte ETAk bere ekinbide armatuaren amaiera iragarri zuen bideoz grabatutako adierazpen baten bidez. Diotenez, Iratxe Sorzabal izan zen euskaraz irakurri zuena. Osloko ordezkaritzako kide izan zen. Bera da orain arte elkarrizketarik eskaini ez duen bakarra.

Iratxe Sorzabal (Irun, 1971) Oslon izan zen, David Pla eta Josu Urrutikoetxearekin batera, gatazkaren ondorioak elkarrizketa bidez konpontzeko. Orain kartzelan da Frantzian, Reauko presondegian, eta Espainian ere auziak ditu. Torturatu egin zuten 2001ean. Horren marken argazkiak ere badaude. Dena den, duela hamar urte egindakoaren balioa nabarmentzen du.

Zer sentipen eragiten dizu egun haiek gogoratzeak?

Harrigarria bada ere, lehen irudi bat etorri zait burura: Gaddafirena. 2011ko urriaren 20 hartan hil zuten, ETAren adierazpena argitaratu baino ordu batzuk lehenago, eta albistegi guztiak ireki zituen berriak. Tentsio handiarekin bizi izan genuen dena. ETAren erabakiarekin gertaera eta aukera historiko bat sortzen ari ginen, baina azkar konturatu ginen testuingurua baldintzatzen zuten aldagai asko eta asko ez zeudela gure esku.  Nolanahi ere, lehen urrats horiek –Aieteko Konferentzia, ETAren Adierazpena eta Norvegiara joatea– aurreikusi bezala gertatu ziren. Garai zirraragarri eta bizi samarra izan zen; guretzat ardura handikoa ere bai. Gure esku zegoen guztia jarri genuen konponbide prozesua arrakastatsua izan zedin.  

Hori dena nazioarteko bitartekariek hitzartutako bide-orri baten ondorio izan zen. Nolakoa izan zen aurreko prozesu hori?

Zaila eta egunez egun gainditzen saiatzen ginen oztopoz betea. Pentsa 2011ko ekainean David Pla eta biok atxilotuak izateko zorian egon ginela, adibidez, ordurako ETAko mintzakideak ginenean eta nazioarteko bitartekariekin harreman zuzena genuenean. Espainia eta Frantziako estatuek horrela ulertzen zuten gauzatzen ari zen prozesua, gerra egiteko beste eremu bat balitz bezala. Ez zitzaien axola sortzen ari ginen aukera hankaz gora jartzea. ETA garaitzea bilatzen zuten, horretan tematzeak gatazka luzatzea ekarriko zuela jakin arren, horrela ezkerreko independentismoarekin bukatuko zutela uste zutelako. Baina ETAren borondatea oso argia zen. Konfrontazio armatuaren zikloa ixteko erabakia hartua genuen eta baldintza egokienetan egin nahi genuen, guztiontzat. Posizio sendo horretatik ETAren eta nazioarteko bitartekarien artean konfiantza eta harremana estutzen joan zen, beraiek proposatuta bide-orri bat adosteko aukera sortu zen arte, konponbiderako indar handia zuen bide-orria. Denborarekin, askotan pentsatu dut Espainiako Gobernuak ez zuela gure borondatean sinisten eta bide-orria ontzat eman zuela gure posizioa higatzeko, guk onartuko ez genuelakoan.

Bide-orria ez zen gehiago garatu. Rajoy Gobernura iritsi zen eta ez atzera ez aurrera egon zineten urtebete baino gehiago Norvergian.

Behin baino gehiagotan aipatu izan dugu Espainiako Estatuaren borondate falta. Ez du kultura demokratikorik gatazkei arrazoizko konponbidea emateko. Ikusi besterik ez dago urteetan nola hitz egin duten Kuba eta Filipinen galeraz.  Horrez gain, ezaguna zen Rajoyk eta PPk aurreko prozesuan izan zuten jarrera erasokorra. Agian, PSOEk Gobernuan jarraitu izan balu berdina gertatuko zen, ez dakigu, baina argi zegoen PPrekin are zailagoa izanen zela. Bide-orria garatu gabe utzi eta prozesuan aurrera egiteko aukerak zangotrabatzera jo zuen, ETAk hartutako erabakia ibilbiderik gabe uzteko.

Nolanahi ere, agerikoa da une hartan ez ginela gai izan Espainiako Gobernua mugiarazteko, ez gu, ez nazioartea, ez nazioarteko gobernuak, ezta Euskal Herriko eragileak eta jendartea ere.

Gobernu frantsesa ere deitua izan zen bertan hitz egiteko. Nola baloratzen duzu bere jokabidea?

Frantziako Gobernuaren jarrera gatazka politikoarekiko atzetik dator. Inplikazio zehatza eta zuzena duen arren, Espainiaren arazotzat jotzen du publikoki, bere mugen barruan ere dagoen gatazka politikoa azalera ez dadin. Horregatik ez zuen jarrera aktiborik izan, Espainiarekin lerrokatzeko ez bazen. Egia da gero eta zailtasun gehiago izan zuela posizio horri eusteko, beranduago armagabetzearen auzian ikusi genuenez.

NAIZek eskuratu berri dituen argazki hauek Reau-ko kartzelan atera dituzte duela egun gutxi.

Bide-orria garatzerik izan ez zenez, Aieteko Adierazpen eta ETAren adierazpenaren urratsek porrot egin zutela esan al daiteke?

Ez, prozesua bere osotasunean kontuan hartzen badugu. Beste modu batean esanda, inork bueltatu nahiko luke Aieteren aurreko egoerara? Ez. Aieteko adierazpena eta ETAren erabakiak onuragarriak izan ziren Euskal Herriarentzat eta baita ezkerreko independentismoarentzat ere.

Jakina, bide-orria eta Aieteko adierazpena bera garatu gabe utzi izanak ondorio zehatzak izan ditu. ETAren bukaera atzeratu zuen, egun gatazka politikoak bere horretan dirau eta preso, iheslari eta deportatu politikoen egoera, esaterako, konpondu gabe dago. Horregatik, erreferentzia bat izaten jarraitzen dute oraindik.

Nola kokatzen da ezker abertzaleak abiarazitako estrategia aldaketa testuinguru horretan? 

Estrategia aldaketa horren guztiaren oinarrian dago. Ziklo berri bat irekitzea erabaki genuen, konfrontazioaren alderik gordinena gainditu eta gatazka bide demokratikoetatik bideratzen ahalegintzeko. Gure esku zegoen guztia egin genuen hala izan zedin eta horren ondorio izan ziren Aieteko konferentzia eta ETAren erabakia.

«Gobernuen erantzunaren zain bageunden ere, ez ginen itxaroten egon. Prozesuarekin lotuta zeuden beste zeregin batzuk burutu genituen»

Norvegian 15 hilabetez. Denbora asko da soilik itxaroten egoteko.

Gobernuen erantzunaren zain bageunden ere, ez ginen itxaroten egon. Prozesuarekin lotuta zeuden beste zeregin batzuk burutu genituen: prozesua Euskal Herritik elikatzeko proposamenak egin genituen, Nazioarteko Egiaztatze Batzordearekin harreman iraunkorra izan genuen, harreman diplomatikoak garatu genituen, barne gogoetak prestatu genituen... Gero gauzatu ziren hainbat ekimenen haziak Norvegiako hotzean erein ziren.

Zer diozu nazioarteko eragileen jokabideaz?

Ekarpen handia egin zuten, baita harrera egin zigun Norvegiako Gobernuak ere. Espero ez zuten egoera batekin aurkitu ziren. Osagai guztiak zeuden gatazka historikoari konponbidea emateko. ETAren borondatea argia zen eta egindako urratsek aukera errazten zuten, baina gobernuek ez zuten erantzun egokia eman. Horrela, bitartekari lanak egitetik bestelako konpromisoak hartzera igaro ziren nazioarteko eragileak, aukerak hori eskatzen zuelakoan. Hain zen bortitza eta zentzugabea estatuen jarrera pertsona hauetako batzuk deklaratzera deitu zituztela, komisaldegira Frantziako Estatuan eta auzitegira Espainiakoan. Arriskuak hartu zituzten eta erabakigarria izan zen aurrera egiteko.

Gatazka konpontzeko saioetan protagonista eta, hala ere, kartzelan. Zer hausnarketa eragin beharko luke horrek gaur egun? 

Egia da nazioarteko ereduei begiratuz gero ez dela oso ohikoa konponbidea bilatzeko elkarrizketetan parte hartu duten mintzakideak espetxeratzea. Are gutxiago, mintzakide horiek ordezkatzen zuten erakundeak bere konpromiso guztiak bete zituenean. Hala ere, nik ez nuke hausnarketa mintzakide izan garenon artera mugatuko. ETAko militante guztiak egon ziren horretara, bakoitza bere ardura eta bizipen militantetik. Uste dut hori izan dela gure prozesuaren indarguneetako bat, oztopo guztien gainetik ETAren baitan egon zen konpromiso, ardura eta leialtasun maila. Kontua, beraz, ez da gatazka konpontzeko saioetan parte hartu izana edo ez. Kontua da ETA erakundea desagertua den honetan, borroka armatua bukatu eta 10 urtera, oraindik 200 preso politikotik gora eta 40-50 iheslari eta deportatu inguru gaudela.

Azken boladan presoen auzia mugitzen ari dela dirudi. Itxaropena piztu da neurri batean?

Presoen auzia mugitzen ari da, ez dago zalantzarik. Ez da nahikoa, baina ezin da gutxietsi, duela gutxi arte ez genuelako argirik sumatzen. Sakabanaketa eta urruntzearen fasea ixteko urrats garrantzitsuak egiten ari dira, baita isolamenduarekin eta baldintzarik makurrenekin bukatzeko ere. Horren balioa aintzat hartu behar da, besteak beste, jende askok denboran zehar egin duen ahalegin izugarriari esker lortu dugulako. Gainera, ibilbide guztiak lehen urratsarekin hasten dira urratzen eta horrela izango da euskal preso, iheslari eta deportatu politiko guztiak etxera eramango gaituen bideari dagokionez ere.

Itxaropena? Nik aukera ireki dela eta erronka handia dugula esango nuke. Agian, zuzen ala oker, itxaropena itxarotearekin lotzen dudalako, zain, esperoan egotearekin. Eta orain alderantzizkoa behar da, konpromisoa bizkortu eta guztiok batera ekin, espetxean, kalean, instituzioetan... Oraindik oztopo ugari gainditu beharko ditugulako preso, iheslari eta deportatu politiko guztiak etxerako bidean jartzeko. Eta hori da dugun erronka: denak etxeratzeko ordua da.

Frantses Estatuan gizonezko presoak Euskal Herrira hurbildu eta elkarrekin jarri dituzte. Emakumeen kasua ezberdina da…

Frantziako Estatuan izan ziren lehen mugimendu haiek bidea irekitzeko garrantzi handikoak izan ziren. Baina, zuk diozun bezala, emakumeon kasuan ez da horrela gertatu. Jendarte eremu ia guztietan gertatzen dena, emakumearen bazterketa, kartzelan areagotu egiten dela ikusi dugu. Ez da borondate politikorik egon konponbide bat bilatzeko eta Frantziako Estatuan gauzkaten emakume presoak Euskal Herritik ehunka kilometrora gaude oraindik.

2001ean atxilotu zuen Guardia Zibilak Hernaniko bere etxean. Torturak salatu zituen Sorzabalek. Argazkian elektrodoen arrastoa.

Zure izena torturaren errealitateari lotua ere egon da. 2001ean Guardia Zibilak atxilotu zintuen. Torturatu zintuztela salatu zenuen. Argazkiak ere badaude. 

Tortura modu zabal eta sistematikoan erabili da militante independentisten aurka. Milaka lagun izan gara torturatuak. Batzuk ETAko militante ginelakoan eta beste asko ezker abertzaleko antolakunderen bateko kide izate hutsagatik. Nola izan da posible? Tortura ahalbidetzeko sistema oso bat eraiki zutelako, epaileen konplizitatetik hasita, komunikabide eta alderdi politikoen isiltasuneraino. Espainiako Estatuaren tresna izan da eta horregatik dago inpunitatea, Estatuak ez baitu bere burua zigortuko. Gainera, ez dago interes berezirik torturaren errealitatea azalarazteko, iraganean bakoitzak  izan zuen ardura agerian uzten duelako eta nagusitu nahi duten errelatoa kolokan jartzen duelako. Egia da azken urteotan urratsak egin direla torturaren aitortzan, baina esanguratsua da oso, ikerketa egin eta milaka torturatu egon direla ondorioztatu eta gero, inolako ondorio politikorik ez egotea. Munduko edozein tokitan halako datuek lurrikara politiko bat eragingo lukete.

Frantses Estatuan kondena bete ostean espainiar Estatuan epaitua izateko mehatxupean zaude. Prozesu horien funtsa torturapean lortutako akusazioak dira, hain zuzen ere. Nola bizi duzu egoera hau?

Euroaginduen prozedura horiek torturak eragin dizkidan zauriak ireki dizkidate berriz, beraien esku sentiarazi naute berriz, babesgabe. Amorrua eta ezinegon handia sentitzen dut. Mundu guztiak daki deklarazio horiek torturapean behartuta egin nituela eta, hala ere, Espainiaratu egingo naute, bertan epaitu eta kondenatzeko asmoz. Tortura ez da iraganeko auzia. Torturaren eragina ez da inkomunikatuta gauzkaten egun eta gau amaigabe horietako supliziora mugatzen; ondoren eta gaur egun ere erabiltzen jarraitzen dute espetxe-zigor berriak ezartzeko, bizi osorako zigorrak ezartzen jarraitzeko. Zenbat lagun daude espetxean torturapean egindako deklarazioengatik? Noiz helduko zaio errealitate horri?

Euskal Herriaren geroaz ere mintzatu da Sorzabal.

2021ean gaude. Ondoko galdera zabalegia da, bistan da, baina erantzun bat eskatu nahi dizugu, zertzelada batzuk besterik ez bada. Zer diozu euskal prozesu politikoaz, nola ikusten duzu Euskal Herriaren geroa?

Uf! Galdera zabalegia da, bai, hitz gutxitan erantzuteko. Ezkerreko independentismoa bidea egiten ari da, garaian esaten zizkigutenak aitzakiak zirela agerian gelditzen ari den arren. Batzuek esaten zuten biolentziarik gabe dena zela posible, eta Aieteko bide-orriarekin edo Kataluniako prozesuarekin zer gertatzen ari den ikusten ari gara. Beste batzuek esaten ziguten ETA zela abertzaleen arteko batasuna eta elkarlana oztopatzen zituena. Non daude orain?

Denarekin, estrategia aldaketak eta ETAren erabakiak ondorio sakonak izan dituzte. Euskal Herrian eta are Espainiako Estatuan azken urteotan gertatu diren aldaketak ziurrenik ez lirateke posible izanen agertoki berria sortu izan ez bagenu: Nafarroa Garaian izan diren aldaketak, Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako instituzionalizazioa, Kataluniako prozesua edota M15a bera.

Geroa? Euskal Herrian egingo den lan eta borrokaren araberakoa  izango da geroa. Borroka moldeak aldatu dira, baina gatazkak eta gure egitasmo askatzaileak bere horretan diraute eta gu guztion ekarpena ezinbestekoa da oraindik. Euskal Herri aske, justu, euskaldun eta feminista lortzeko bidean anbizioz, gogoz eta gure indarrean sinistuz egin behar dugu. Herriarentzat eta herriarekin; hori da gakoa.